Emakume langileen eguna

emakume langileakGaur, martxoak 8, emakume langileen eguna ospatzen da mundu osoan zehar. Baina ba al dakigu egun honek non duen jatorria? Zergatik ospatzen da egun honetan? Noiztik dator berdintasunaren eskaria? Ez naiz feministen munduan murgilduko, ez horixe, baina artikulu hau idazteko informazio bila nenbilela, historia desberdin ugari irakurri ditut eta horiez mintzatuko naiz labur-labur.

Badirudi, antzinako Grezian, emakume batzuk berdintasunaren aldeko aldarrikapenak egin zituztela, baina denboran urrunegi geratzen da horren inguruan ezer ziurtatu ahal izateko. Bestalde, bada urte bat horren urrun geratzen ez dena guztiontzat oso ezaguna dena, non emakumeek sufragioan parte hartu ahal izatea eskatu zuten, Frantziako Iraultzan (1789), hain zuzen ere. Hala ere, benetako borroka eta emakumearen egunaren ideia, XIX. mendearen amaieran garatu zen eta XX. mendean zehar borroka asko egin beharrean aurkitu ziren, gaur egun dugun berdintasuna lortu ahal izateko. Aipatu behar da, munduko zenbait lekutan, zoritxarrez, oraindik emakumea tresna huts eta ezertarako balio ez duen gauza kontsideraturik dagoela. Gainera, erlijio katolikoak, esaterako, urteetan zehar gure irudia zapaldu eta giza txar bezala jartzeak kalte ugari eragin dituela emakumeengan ezin uka liteke. Baina gatozen harira. Zer dela eta erabaki zen emakume langileen eguna martxoaren zortzian ospatzea eta ez beste egun batean?

Historiako pasarte ezagunena eta, dirudienez, guztiz egia ez dena, 1908an kokatzen da. Diotenez, New Yorkeko fabrika handietan josten aritzen ziren emakume ugari greban jarri ziren, lan orduak hamarrera murrizteko, igandetan jai izateko eta haurren lanarekin amaitzeko asmoz. Azken finean, gizonezkoek zituzten eskubide berak aldarrikatzen zituzten. Antza denez, greba horiek amaiera tragiko bat izan zuten, 129 emakume Cotton Textile Factory fabrikan hil ondoren. Fabrikaren jabeak, lantokiko ateak itxi eta hauek barruan zeudela, su eman omen zion eraikinari. Hau martxoaren zortzian izan zela uste dute. Hurrengo urteetan, beste zenbait greba eta abarren eraginez, martxoaren zortzia emakume langileen nazioarteko egun bilakatu zutela diote historiako pasarte ezagunenek. Hemen klikatuz gero, gehiago irakurri ahal izango duzu. Jatorria hor ez izateak, dena den, ez du esan nahi gertakizun haiek izan ez zirenik.

ClaraEdonola ere, egun honen benetako sortzailea, Clara Zetkin dela esan liteke, Alemaniako emakume sozialisten liderra izan zena. Hala ere, ideia hau ez zen guztiz berea izan. AEBetako emakumeak 1908tik boto eskubidea aldarrikatuz zebiltzan eta aldarrikapenak egiten zituen taldearen izena Women’s Day zen. Beraz, ez dago inongo zalantzarik egun honen jatorria XIX. mende amaierako emakume sozialisten mugimenduan dagoela. Hauen helburua boto eskubidea lortzea zen. Lehen aldiz, 1911ko martxoaren 19an ospatu zuten emakumearen eguna, Suedia, Danimarka, Austria eta Alemanian, hain zuzen ere. Hurrengo urteetan, ospakizunaren eguna aldatuz joan zen estatuaren baitan.

1914. urtean, Alemaniako emakumeek ospakizuna martxoaren zortzian egitea proposatu zuten eta egun horretan ospatu zen, Alemania, Errusia eta Suedian, baina eguna hautatzeko ez zuten arrazoi zehatz bat izan. Urte batzuk geroago, 1917an (Errusian 1914tik martxoaren 8an ospatzen zen emakume langilearen eguna), gosearen eraginez, Errusiako emakumeek iraultza bat hasi zuten, urte bereko urrian amaiera izango zuena. Martxoaren zortziko gertakizunak eragin handia izango zuten, ez iraultzari hasiera emango ziotelako eta bertako partaideak emakumeak zirelako soilik, gertakizun horien eraginez, emakumearen nazioarteko eguna martxoaren zortzian ospatzera pasatuko zelako eta ordutik, 1917tik, gaur egun arte horrela ospatu delako baizik.

Horren ostean, urtez urte borrokan jarraitu dute emakume eta gizonezko askok berdintasuna lortu ahal izateko eta horri esker, borrokan aritu direnei eta bere garaian iraultzaren bat egin zutenei esker, munduko leku desberdinetan, nazioz nazio eskubideak lortzen joan gara gaur egun arte. Beraz, zorionak gaur lanean dauden emakume guztiei, etxean lanean daudenez ahaztu gabe, jakina, gutxi baloratzen dugun lan gogorra baita (egunero bazkaria prestatu…) etxekoa. Eta, nola ez, ikasten ari garenoi ere bai, gure lana ere ez baita makala!

Historia hobeto ezagutu nahi baduzue, klikatu hemen eta hemen.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->