Euskara batua. Ezina ekinez egina.

Koldo Zuazo Lehengo larunbatean irakurri nuen Koldo Zuazoren azken lana kalean dela jada: Euskara batua. Ezina ekinez egina. Azken egun hauetan gure euskarako orduetan gaia lantzen ari garenez (euskara batua eta euskalkiak), interesgarria iruditu zait horren berri ematea.
Euskalkiak gaur, zuazoren sailkapena

Koldo Zuazo (Eibar, 1956) euskakien azken sailkapenaren egile bezala ezagutzen dugu, baina oraingo honetan batasunaren inguruan aritu da, batasuna egiteko izan ziren saioak eta egungo egoera aztertuz. Horretaz gain, etorkizunerako hainbat proposamen ere luzatzen du.

Orain arte euskara batu berbera erabili da edonon, edonorekin eta edonoiz, eta hori ez da zuzena eta zuhurra. Batez ere irakaskuntzan ekarri ditru ondoriorik gaiztoenak; Hego Euskal Herrian bereziki. Euskara batu berbera erabili da alderdi euskaldunetako eta erdaldunetako ikastetxeetan, euskara batu berbera Bizkaiko herri euskaldunetan edo Nafarroakoetan. (…) Azken batean, euskara batu orokorraren barruan, tokiko batuak bereizi behar lirateke, eta alderdi euskaldunetan, batez ere, horiek erabili .

Zuazoren iritziz, Euskal Herri osorako den euskal egunkariak eta eskualde baterako egiten denak, biek erabili behar dute euskara batua, baina batu desberdinak. Lagunarteko batuari buruz ere mintzo da:

Gaur egun asko dira, euskalkian gabe, euskara batuan jaio, hazi eta hezi diren euskaldunak, eta horiek ere ezinbestekoak dituzte egoera eta esparru bakoitzeko hizkera egokiak. Hankamotz daude, ordea. Orain arte eraiki den euskara batua esparru jasoetarako izan da. (…) Etorkizunari begira, beraz, lagunarteko batua hedatzea komeni da. ‘Hedatu’ diot, eta ez ‘sortu’, sortuta dagoelakos dagoeneko. badira hainbat hiztun, euskara ikasitakoak edo euskara ikasitakoen etxeetan jaioak direnak, eta hizkera hori badarabiltenak.

Batuaren azterketa diakronikoa dakar Zuazok liburu honetan, Leizarragak XVI. mendean euskara batzeko egin zuen lehen saiotik Arantzazuko biltzar arrakastatsura arte. Interesgarria gerta dakiguke irakurtzea, halaber, zeintzuk izan diren bere ustez batuak ekarritako onurak. Besteak beste, ondorengo biak:

Elkar ezagunago: «Gainditu egin dira euskaldunen arteko ezin ulertuak; euskara batua dakitenek ez dute batak bestearekin jarduteko erdarara nahitaez jo beharrik».

Esparru gehiago: «Euskara esparru guztietara zabaldu da. Ez da, dagoeneko, etxe edo herri barruko ahozko jarduneko mintzaira soila».

Artikulu osoa irakurri nahi izanez gero, joan zaitezte Diario Vasco-ko kultura sailera.

Amaitzeko, Asier Larrinaga ETBko Euskara Saileko burua, Kike Amonarriz soziolinguista eta Koldo Zuazoren hausnarketa eta proposamenak hizkera kolokialari buruz aurki ditzakezue hemen eta sustatun Koldori egindako elkarrizketa interesgarri bat.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->