Fidel Castro: Moncadatik Marcha a La Habanara (II)

Hona hemen Fidel Castroren biografiaren bigarren ataltxoa, ene ustez bere bizitzako unerik garrantzitsuenak eta hunkigarrienak kontatzen dituena.

FIDEL CASTRO: MONCADATIK MARCHA A LA HABANARA

Moncada kuarteleko erasoa

Moncadaren aurkako erasoan atxilotuakHarridura. Horixe sentitu ei zuen Fidelek Batistak 1952an emandako estatu kolpearen aurrean gainerako talde politikoek borroka oro alboratu zutela ikustean. Baziren bizpahiru urte Alderdi Ortodoxoan militatzen zuela, eta une hartantxe erabaki zuen alderditik irten eta militante kopuru esanguratsu bat biltzea, borrokari lotzeko. Berriz ere, harrituta geratu zen iraultzaile kubatarra jarraitzaileak biltzeko izan zuen zailtasun ezarekin. Hilabete gutxi batzuetan 1200 gizon bildu zituen Fidelek, eta Alderdi Ortodoxoko beste zenbait kiderekin batera, hauei klase kontzientzia ematen saiatu ziren. Izan ere, erreklutatu zituzten gazte gehienak, ortodoxoarrak izanik, antibatistarrak baziren ere, oraindik ez zuten klase kontzientzia oso garatua. Hala ere, Fidelen helburua ez zen taldetxo honekin iraultzari ekitea izan. Eraso puntualen bidez erregimenaren aurkarien arteko batasuna sustatu eta gobernua kolokan jarri nahi zuen. Mugimendu honen gidaritza hartzeaz arduratu ziren Fidel bera, Abel Santamaría eta Jesus Montané. Raul Castrok ere parte hartu zuen Moncadako erasoaren prestakuntzan, beste maila batean, ordea; izan ere, Gazteria Komunistetako kide zen eta beste ardura batzuk zituen. Horrez gain, Alderdi Komunistak ez zuen erasoan parte hartu nahi izan, Batistarekin negoziatzen baitzebilen.

Bogotazo“-n eta Dominikar Errepublikan lorturiko esperientziari jarraiki antolatu zuten Moncada kuartelaren asaltoa, eta, gaur egun, Fidelek onartzen du plana ia perfektua zela. Hau da, kuartelaren aurkako erasoa arrakastatsua izan balitz eta bertan gordeta zeuden milaka armak lortu izan balituzte, Batistaren gobernua berehalakoan jausiko zela. Iraultzaileek eman zituzten pausoak honakoak izan ziren:

  • Uztailaren 25eko goizaldean, Fidelen gizonek bi leku ezberdinetan egin behar zioten eraso armadari, Moncada kuartelean eta Gayacón kuartelean. Azken hau hartzearen helburua zubi bat leherrarazi eta kontraerasoa oztopatzea zen. Aipagarria da altxatutako guztiak sarjentuz mozorrotuta ibili zirela, 1933ko Sarjentuen estatu kolpea kopiatzeko.
  • Moncada kuartelaren aurkako erasoan 120 gizon inguruk hartu zuten parte, gehienak ehizarako 12 kalibreko eskopetekin. Arma falta ikaragarria zutelako baliatu behar izan zuten ehizako eskopeta hauez, zeinak eraikuntza barruko borrokarako oso egokiak ziren.
  • Moncada kuartela hartuko bazuten, ezin garrantzitsuagoa zen soldaduak lotan zeudela preso hartzea, erreakzionatzeko denborarik ez emateko. Bi taldetxok ospitalea eta auzitegia hartzeko ardura zuten, eta, bitartean, Fidelek eta Abelek soldaduak ohetik irtenarazi eta plazan elkartu behar zituzten, preso egiteko. Itxuraz, ez zen batere zaila. Hala ere, Santiago de Cuban Inauteriak zirela eta, ustekabeko patruila batekin topo egin zuten, eta autoetan zihoazen gazteak behar baino lehenago hasi ziren erasoa jotzen, oraindik kuartelaren barruan sartu gabe zeudenean. Horrexek eragin zuen iraultzaileen galera, soldaduak antolatzen hasi baitziren. Dena galdua zela ikusirik, auzitegiko taldea eta Fidelen taldean biziraun zutenak Granjitara, euren basera, abiatu ziren. Bertatik mendira ihes egin bazuten ere, egun batzuk beranduago kide guztiak atxilotuak izan ziren, eta haietatik ia 60 unean bertan exekutatuak izan ziren. Fidel preso egin zuten bere anaia Raulekin batera.

Che eta Fidel Pinar del Ríon“Historiak errugabetuko nau” eta Mexikoko erbestea

Atxilotua izan ondoren, Fidel Castro epaitua eta bizi-osoko kartzela zigorra betetzera zigortua izan zen. Epaiketa hartan zehar plazaratu zuen bere ideiak eta ekintzak biltzen zituen “Historiak errugabetuko nau” hitzaldia, gerora benetan famatu egingo zena eta iraultzaileen programaren oinarri izango zena. Hala ere, 22 hilabete baino ez zituen egin kartzelan, 1955ean askatu baitzuten, amnistia orokorraren ondorioz. Une hartan, erbesterako bidea hartu eta Mexikon errefuxiatu zen. Berarekin atzerriratu ziren Moncada kuarteleko erasotik bizirik irten ziren gehienak. Mexikon zeudela, Fidel gerrilla gerra bat aurrera eramateko ideiaren inguruan gogoeta egiten hasi zen, garbi baitzuen sendoki armaturiko ejertzitoaren aurka gerra konbentzionala alferrikakoa zela. Helburu horrekintxe alokatu zuten “rancho” bat eta bertan entrenatzen hasi ziren Kubara itzuli eta Sierra Maestran borrokari ekiteko. Garai honetan lotu ziren Fidelen 26-J mugimendura geroago Granma ontzian Kubarako bidaiari ekingo zioten Ernesto “Che” Guevara, Camilo Cienfuegos, eta abar.

Sierra Maestran

Sierra Maestrara iritsi berritan82 iraultzaile, dozenaka fusil, itsasontzi txiki bat. Horixe zen Granma ontzia Kubara bidean abiatu zenean. Hasierako helburua lehorreratzea 26-J herri mugimenduko zenbait kideren erasoekin koordinatzea bazen ere, era horretan Santiago hiria hartzeko, itsasontziaren gainkargaren eraginez berandutu egin ziren eta armadak 26-Jkoen altxamendua galarazi ahal izan zuen. Horrez gain, lehorreratzearen berri ere izan zuenez, 82 iraultzaileak lurrera heldu bezain laster, Pinar del Ríon erasotuak izan ziren. Hainbat egunez mendian galduta, elkarrekin hitz egin ezinik eta 4-5 pertsonako taldetan banatuta ibili ondoren, lortu zuten 12 pertsonako taldetxo bat biltzea eta borrokan jarraitzea. Garai hartan ejertzitoaren presioa izugarria zen lurreratu zirenak harrapatzeko, baina, hala ere, poliki-poliki bizirik irten ziren guztiak biltzen joan ziren baserritar “guajiroen” laguntzarekin. Hauek izan ziren arma gehiago lortzeaz arduratu zirenak ere eta babesa eman zietenak.

Berrantolaketari ekin eta 30 bat kidez osatutako taldeak erasoari ekin zion berriz ere Sierra Maestratik abiatuta. Lehen garaipena lortu ondoren, 1957ko urtarrilaren 17an, lehorreratu eta 46 egunera, mugimendua gero eta jarraitzaile gehiago lortzen joan zen, eta zabalkunde horretan berebiziko garrantzia izan zuen 26-J mugimendua hirietan ere antolatzeak. Garai honetan hasiko dira jadanik nabarmentzen geroago buruzagi nagusiak izango direnak: Che, Camilo Cienfuegos eta Castro anaiak. Era berean, hauek izan ziren urtebete inguru beranduago, artean iraultzaileak indartsuagoak zirenean, hainbat batailoitan banatu eta, Camagüeyko lautada igaro ondoren, hiriburura abiatu zirenak.

Habanara bidean ekitaldi bateanIraultzaileek kuartel nagusia Pinar del Ríon eta Santiagon ezarria bazuten ere, hasiberrientzako eskola eta guzti, Batistak ez zuen oraindik amore eman, eta 1958ko udan azken kontraerasoari ekin zion. Goitik behera armatuta zeuden 10000 gizon abiatu ziren 300 gerrillariei aurre egitera. Kanpaina mediatikoari ere gogor eutsi zioten, erasoaldi haren baitan zabaldu baitzen Fidelen heriotza, iraultzaileak desmoralizatzeko helburuarekin. Hala eta guztiz ere, Fidelen gizonek eutsi ahal izan zioten erasoaldiari eta udazkenean orotara 900 gizon jarri zituzten abian, uharte osoa okupatzeko helburuaz.

Santiago de Cuba hiria setiatuta zutenean, bertako jeneralak tratu bat proposatu zion Fideli: gobernua behin-behineko talde batek hartuko zuen eta Batista justiziaren eskuetan utziko zuten. Fidelek tratua onartu bazuen ere, Cantillo jeneralak hitza jan eta Batistari ihes egiten lagundu zion. Horrez gain, gobernuan Carlos Piedra izeneko epaile bat ezarri zuen, bere interes pertsonalak babesteko. Bitartean, uharte osoa, La Habana hiriburua izan ezik, gerrillarien eskuetan zegoen. Che Santa Clara hiria hartzen ari zen eta Camiloren batailoia, berriz, Camagüeyko lautada gurutzatzen ari zen. Gobernu aldaketaren berriak heltzean, Fidelek bi gizon hauei agindu zien Columbia eta La Cabaña hiriburuko kuartel nagusiak hartzera joatek; izan ere, uharte osoan nagusitu zen altxamendu orokorraren kontrolpetik at zeuden zonalde bakarrak baitziren.

Marcha a La Habana

Habanara iritsitakoan egindako ekitaldiaOrduan, El Caneyko kuarteleko indar bereziak iraultzaileen alde jarri ziren eta “Marcha a La Habana” delakoa hasi zuen Fidelek 3000 gizonekin, eta 8 egunen ondoren iritsi zen Habanara, zein ordurako Camilo Cienfuegos eta Che Guevararen agindupean zegoen. Bidean zehar topatu zituen herri guztietan iraultzaren aldeko mitinak eman zituen, askotan hitzaldi luzeen bidez, ohitura duen moduan. Besteak beste, nazionalizazioaren aldeko mezuak, Carlos Piedraren aurkakoak eta justizia sozialaren aldekoak nabarmendu ziren bere ibilbide horretan. Herriz herri bere hitzaldiak entzuteko biltzen zen jendetzak ezin argiago uzten zuen gerrillariek herria alde zutela, eta halaxe sartu zen Fidel Habanan, iragarri zuen bezala, errugabe eta herriaren babes osoa zuela. Etapa berri baten hasiera zen hura Kubarentzat, eta baita Fidelentzat ere, abiatu berria zen iraultzaren buruzagi izan (Camilo eta Cherekin batera) eta ildoak zehaztea baitzegokion orduan.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->