- Zenbait gomendio, euskarazko azterketako idazlana hobeto egiteko
- Gauza jakina da azterketa bat gainditzeko ez dagoela errezeta magikorik, eta are gutxiago, hizkuntzaren ezagupena egiaztatzeko azterketa baldin bada. Hala ere, EGA, hizkuntza eskakizunak eta horrelako probak egin behar diren bakoitzean, lagun pilo batek jotzen du irakasle, aztertzaile eta adituengana aholku bila: “Aizu, nola idatzi behar dut aprobatzeko?� Bada, oraingoan, gauza bera egin dugu geuk. Aztertzaile horiekin harremanetan jarri eta euren gomendioak jaso. Ea baten bat baliagarri gertatzen zaizun.
- 1. Azterketa behar bezala prestatzeko komenigarria izaten
da aldez aurretik kalitatezko testuak euskaraz irakurtzea. Ikusi
nola aritzen diren idazle onak, aztertu beraien idazkera, eta
buruan gorde gehien gustatzen zaizkizun egiturak, hitzak eta
esamoldeak.
- 2. Saia zaitez jarriko dizuten gaia asmatzen. Kontuan izan
aztertzaileak arazo bera izaten duela gaia aukeratzeko orduan,
eta, horrelakoetan, gaurkotasuneko gaietara jotzen duela gehienetan
(egunkarietako berriak, aldizkarietako artikuluak…).
- 3. Praktikatu behin eta berriro, eta, ahal izanez gero, azterketaren
baldintzak errespetatuz (denbora, luzera…). Gero, aberasgarria
izan daiteke dakien bati testua ematea eta zuzentzeko
eskatzea.
- 4. Honaino helduta, ohartxo bat: azterketara prestatuta eramaten
diren idazki-zatiei (sarrerak, amaierak) igarri egiten zaie
normalean. Batzuetan, tokiz kanpo daude; beste batzuetan, ez
dute zerikusi handirik idazlan osoaren maila eta tonuarekin.
Hitz batean: ez zaizue komeni horrelakoetara jotzea. Horrek ez
du esan nahi, jakina, den-dena inprobisatu behar dugunik. Zenbait
gauza landuta eraman daitezke, adibidez, esaldien arteko
lotura batzuk etab.
- 5. Prestatu ondo azterketara eraman behar duzun materiala:
karneta, boligrafoa, ezabagailuak…
- 6. Aztertzaileek gai edo egoera bat proposatuko dizute idazlanean,
eta zuk egoera hori benetakoa balitz bezala jokatu
behar duzu. Demagun zinegotzi bati idatzi behar diozula zerbaitetarako.
Idatziozu, ba, serio, eta egiazko gutuna bidaliko
bazenio bezala, aztertzaileak zinegotzia bailitzan begiratuko
baitio mezuaren funtsari.
- 7. Banatu denbora, hiru ekintza hauek kontuan izanik: eskema,
idazlana bera eta zuzenketa. Eskaini aldi bakoitzari merezi
dituen minutuak.
- 8. Eskema egiten emandako denbora ez da lan alferra; izan
ere, eskema on batek gaiaren garapen egokia ziurtatzen du, eta
inprobisazioa baztertzen. Bestela, ideiak agortu, eta agindutako lerroak idatzi nahian, noraezean ibiliko gara eta betelanean
hasiko.
- 9. Errespetatu ematen dizuten gaia eta proposatzen dizuten
idazki-mota. Ez tranparik egin.
- 10. Irakurri arretaz azterketako oharrak, baina ez kopiatu hitzez
hitz argibideetako esaldiak eta adibideak.
- 11. Idazten hasi baino lehen pentsatu ondo zein den idazkiaren
helburua (informazioa ematea, zerbait eskatzea, konbentzitzea…),
zein eragin sortu nahi duzun irakurleengan (harritzea,
zure aldeko bihurtzea…), nolako tonua erabiliko duzun (formala…),
eta abar.
- 12. Litekeena da euskara zure ama-hizkuntza ez izatea edota
erdara baino gutxiago menperatzea. Jakin ezazu euskaraz idazterakoan
zure mailak zeozer jaitsi behar duela ezinbestez; hau
da, erdaraz esaten dituzun gauza batzuk edo esaten dituzun
moduan nekez eman ahalko dituzula euskaraz. Hori onartzea
eta apaltasunez jokatzea abiaburu ona izaten da.
- 13. Eginahalak egin euskaraz pentsatzeko, eta ez gaztelaniaz.
Egizu kontu gaia ahoz azaldu behar duzula, hizketan. Horrek
izan behar du zure abiapuntua, eta hortik aurrera, nahi duzun
bezala apaindu idazlana, beti ere, euskal diskurtsoan oinarriturik.
- 14. Aztertzaileek gutxieneko abstrakzio maila eskatu ohi dute.
Istorioak, pasadizoak… ondo daude eta onargarriak dira, gaia
eta argudioak biribiltzeko. Baina, maiz, idazlana anekdotetan
oinarritzea adierazpen pobreziaren erakusgarri izan daiteke.
- 15. Komunikagarritasunak izan behar du gure helmuga.
Aztertzaileak behin bakarrik irakurri beharko luke esaldi
bakoitza; hortaz, ez luke zertan ibili saltoka esanahiari antzemateko.
Hori dela-eta, testua zuzentzerakoan kontuan izan
behar dugu guretzat argi eta garbi adierazita dagoena irakurlearentzat
ilunagoa izan daitekeela. Beraz, zalantzarik badago,
hobe berridaztea.
- 16. Ahalegindu zaitez letra onez idazten aztertzaileak ez
nekarazteko; eta, aukeran, letra txikiz; bestela, aztertzaileek
ezin dute neurtu nola erabiltzen dituzun letra larriak.
- 17. Izenburuak, azpi-izenburuak, oinoharrak eta horrelakoak
lagungarriak izan daitezke testua egituratzeko.
- 18. Erabili lerroaldeak azpigaiak garatzeko.
- 19. On da papera aurreztea, baina utzi arnasten testuari. Marjinak
eta zuriuneak eskertzekoak dira, gutxiago idazteko aitzakia
gisa hartzen ez badira, behintzat.
- 20. Idazlanen ehuneko handi batek “ohiko� hasiera izaten du,
adibidez: Gaur egun argaltzea da gure gizartea gehien kezkatzen
duen gaietariko bat. Ez ahaztu lehen lerroaldeak aztertzailearen
arreta erakartzeko balio duela, eta bide ugari dagoela
horretarako; horietako bat, originaltasuna.
- 21. Idazlanaren azken lerroaldearekin agur egiten diozu
aztertzaileari. Presaka ibili arren, testu bat ezin da edozein
modutan amaitu. Ahalegindu zaitez, beraz, zure idazlanari
nolabaiteko betetasuna ematen.
- 22. Idatzian aurrera egin ahala, kontzentrazioa galdu egiten
da askotan, eta, horren ondorioz, akatsak pilatu egiten dira
bukaeran. Eutsi kontzentrazioari, izan ere, hasiera onek ez dute
ezertarako balio, behin erdialdera helduta hanka-sartze guztiak
biltzen badira.
- 23. Idazten ari zarela, aukeratu hitz egokiak eta zehatzak,
azaldu nahi duzuna adierazteko.
- 24. Gehienez ere 20-25 hitzeko esaldiak idaztea komeni da
ideiak jorratzeko. Edozein modutan ere, monotonia hausteko,
esaldi luzexeagoak eta laburtxoagoak tartekatu, erritmoarekin
jokatuz.
- 25.Testuaren baitan perpausek elkarri uztarturik egon behar
dute; eta lerroaldeen artean ere halako lotura bat beharrezkoa
da, horrek bideak urratzen baitizkio ideien garapenari.
- 26. Arestian esan dugu idazten hasi aurretik garbi izan behar
dugula zein den gure helburua eta baita testuan barrena erabiliko
dugun tonua ere. Hori horrela, zenbait idazki formaletan
tokiz kanpo egon daitezke honelako esamoldeak: kristona,
demasa …
- 28. Egitura batzuk, nahigabe, errepikatzeko joera daukagu,
eta testuak -(e)larik, -z, bait eta horrelakoez betetzen dira.
Azterketa egin baino lehen, aztertu zein diren zure errepikapenak
eta saiatu kontrolatzen eta parekoak bilatzen.
- 29. Aztertzaileak ezin du jakin zuk esaldi bat izan duzula
buruan eta ez duzula asmatu behar bezala idazten. Ideia bat
emateko modu asko dago, eta bide batetik abiatuta irteerarik
aurkitzen ez baduzu, atzera bueltatu eta berridatzi beste era
batera. Azken batean, zeuk kontrolatu behar duzu arriskua eta,
beraz, idazkia; ez alderantziz.
- 30. Azterketa egin behar duen jende askok uste du gramatikako
zailtasunetan oinarritu behar duela bere idazlanaren garapena;
hau da, zenbat eta subjuntibo eta baldintza gehiago sartu,
orduan eta aukera handiagoa izango duela aztertzaileak liluratzeko,
eta ondorioz, azterketa hori gainditzeko. Kontuz horrekin.
Idazlan bat ezin da aurrera atera, euskaltegian ikasitako
guztia biltzeko aukera izango balitz bezala. Idazlan batean gai
bat jorratu nahi dugu ideia batzuen bitartez; horrenbestez,
hasierako eskeman jasotakoa garatzera jo behar dugu, ustez
nota ona eman behar diguten baina tokiz kanpo egon daitezkeen
kontuak bazter utzita.
- 31. Idazten ari zarela, gelditu noizean behin, irakurri idatzitakoa,
eta gustura ez bazaude, berridatzi. Berriro ere gogoratu
irizpide nagusia: irakurtzerakoan, zu zeu, trabatuta geratzen
bazara, seinale txarra.
- 32. Amaitzeko hamar edo hamabost minutu falta direnean
hasi zaitez zuzentzen, eta ahal dela, modu sistematikoan (ortografia,
joskera…).
- 33. Arreta handiz begiratu aztertzaileek ere arreta handiz
begiratuko dituzten gauzak (ergatibo markak, pluraltzaileak….),
edota etxean edo klasean egiten dituzun idazlanetan
gehien errepikatzen dituzun akatsak (ergatibo pluralak, erlatibozko
esaldiak eta konpletiboak nahastu…).
- 34. A!, ez ahaztu: aldaketa bat egiten duzun bakoitzean, begiratu
ea nahi gabe arazoren bat sortarazi duzun komunztaduran.
Aholkuak aholku, hona hemen azken gomendio bat, programatik
kanpokoa, baina, nire ustez, garrantzitsuena: gozatu
idazten eta idatzi gozatuz. Azterketa batek egoera larrian jartzen
bazaitu ere, ez ibili estu eta larri: saiatu aztertzaileei erakusten
zein ondo idazten dakizun.
HAEEko administrazioko hizkeraren arduraduna
- A D M I N I S T R A Z I O A E U S K A R A Z
No comments yet.