HELDU KORRIKA!

Korrika 07 Urtebete gehiagoz, hemen dator korrika indarrez beterik eta dagoeneko egina da, ohitura den bezala, hasiera aurretik ospatzen den aurkezpen ekitaldia. Aurten, Euskaltzaindian ospatu dute. Urte honetako jarduna, gainera, emakumezkooi omenaldi berezi gisa plazaratu da eta bere hitz gakoa HELDU da.

Atzo, martxoak 22, eman zitzaion hasiera Karrantzan arratsaldeko 17:30ean eta amaiera apirilaren 1ean, eguerdiko 12:50ean, izango du. Euskarak egingo duen ibilaldi luze honetan, Ordizia ere parte hartzaile izango dugu eta bertatik bihar, martxoak 24, pasatuko da goizaldeko 07:37an. Gure herria larunbat goizabarrean zeharkatuko duen arren, dagoeneko antolatuak daude gaua girotzeko zenbait ekitaldi eta lagunartean gau ederra igaro ondoren, egoki datorkioke gutako askoren ama den hizkuntzari laguntza txiki bat ematea! Honetarako, Ordiziara Lazkaotik sartuko den ibilaldian parte hartzea, dudarik gabe, sari ederra izango litzateke!

Bestalde, antolatzaileen zama izaten den antolaketan diru laguntza eskaintzeaz gain, Korrikak urtebete gehiagoz bere ekitaldiari publizitatea egingo dion materiala ere kaleratu du. Arropa eta bestelako produktuak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako zenbait dendatan aurki ditzakegu. Soinean eraman ditzakegun gauzez aparte, Korrikaren inguruko beste zenbait artikulu ere aurki ditzakegu. Ikastolen Elkarteak sari moduan egin duen Unitate Didaktiko bat eta Pirritx eta Porrotxek haurren interesa sustatzeko egin duten kanta, besteak beste.

Jaialdi hau pertsonaia famatu eta erakunde ugarik babestu arren, 15.edizio honek hasierako oztopoen usaina duela diote antolatzaileek. 1985. eta 2003. urteetan Iruñean izan zuen Korrikak bukaera eta, ohiko trabak saihestuz, jai giro aparta lortu zuten. Hala ere, aurten zailtasunak ugaritu egin dira eta aurrekoetan baino ahalegin handiagoa egiten ari da AEK Korrikaren amaiera ahalik eta alaien eta baketsuen izan dadin. Beraz, eginahal hauei guztiei esker ona erakusteko ez legoke ibilaldian parte hartzea bezalakorik!

Guk gure aldetik, Jakintza ikastolako batxilergoko ikasleok, Ordiziako ibilaldiaren kilometro bat erosi dugu Euskal Herriaren komunikazio bide izan beharko lukeen euskarari bidea zabaltzeko ideiarekin! Hortaz, euskaljakintzatik, bisitari guztioi laguntza asmoa zabaldu nahi nizueke eta datorren korrikan parte hartzera gonbidatu!

Korrikaren giroan murgildu nahi baduzue, entzun gure irratian:

  • Heldu korrikari abestia (Niko Etxart eta Hapa-hapa)
  • Haurrentzako abestia (Pirritx eta Porrotx)

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->