Heriotza zigorra: irtenbide ote?

argia-zeldanHeriotza zigorra Estatuaren hiltzera zigortuaren exekuzioa da, aldez aurretik legerian agertzen den delitu bat egin izanagatik. Gaztigua aplikatzen zaien lege-hauste horiei krimen edo delitu kapital deritze. Exekuzio formalak ez dira atzo goizekoak, bai baitirudi idatzizko historiaren sorreratik erabili ohi zirela; sistema judizialak agertu zirenetik, hain zuzen ere. Historia osoan zehar itxura ezberdina hartuz joan dira exekuzioak eta gizartearen antolakuntzaren baitakoak izan direla esan daiteke; izan ere, hasiera batean tribuak epaitzen zituen justiziak, baina, geroago, klaseen mende egongo ziren epai eta zigorrak. Gizarte sistemaz haratago, gerrak ere, exekuzio masibotzat jo ditzakegu. XX. mendean, kasu, nazio-estatuen arteko gudek milioika pertsonen bizitzak ebatsi zituzten.

Egungo egoerari arreta paratuz gero, mundu osoan 18.000 eta 27.000 pertsona bitarte hiltzera kondenaturik daudela ikusten dugu. Urrutira joan gabe, 2007. urtean, 1.252 pertsona exekutatu ziren 24 lurraldetan, Amnistia Internacional erakundearen datuen arabera. Horrez gain, 3.347 pertsona kondenatu zituzten hiltzera 51 lurraldetan. Aipatu beharra dago desoreka handia dagoela munduko lurraldeen artean heriotza zigorraren erabilerari dagokionez. Are gehiago, 2007an aurrera eramandako exekuzioen %88 bost lurraldetan baino ez ziren burutu: Saudi Arabian, Txinan, Estatu Batuetan, Iranen eta Pakistanen, hurrenez hurren.

aulki-elektrikoaAurrez esan bezala, heriotza zigorrak itxura ezberdinak hartu izan ditu. Ez hori bakarrik, heriotza zigorra aplikatzen zaien delituak ere, aldakorrak dira lurralde batetik bestera. Edozertara, lurralde erretentzionista (heriotza zigorra mantentzen duena) askotan, hilketa, espioitza edo traizioa zigortzen dituzte. Batzuetan, delitu sexualak, adulterioa edo sodomia, esaterako, punitzen dituzte. Bestelako delituen artean, apostasia, narkotrafikoa, pertsonen trafikoa eta korrupzio politikoa ere sar daitezke “masen eskarmentu” gisa. Beste alde batetik, indar armatuetan, koldarkeria, desertzio, managaiztasun eta matxinada delituak zehatzeko ere erabiltzen da heriotza zigorra.

Gaztigu horrek hartzen duen itxuraren arabera, metodo konkretu batez ariko gara. Egun, zazpi prozedura erabiltzen dira, horien artean urka eta fusilamendua direla nagusi. Urkaren bidez, bizkar-muineko lesioek edo iratopenak eragiten du heriotza grabitatearen ondorioz, gorputzak egiten duen indarragatik. Fusilamenduetan, gatibua bizi-organoetako lesio, nerbio-sistema zentraleko traumatismo edo hemorragiengatik hiltzen da. Aitzitik, elektrokuzioak ematen diren kasuetan, atxilotua aulki batera lotu eta kobrezko elektrodo hezeak ipintzen dizkiote buru eta hanka batean, korronte elektrikozko deskarga bortitzak aplikatuz; ondorio gisa, bihotz-gelditze eta arnas-paralisia gertatzen dira. Injekzio hilgarriaren bitartez, barbituriko kantitate hilgarri bat beste produktu kimiko gerarazgarri batekin nahasten da; heriotza sortzeko, ordea, zain egoki batean txertatu beharra dago eta badaude kasuak, non ebakuntza txiki bat ere egin behar izaten den. Gas exekuzioetan, gas zianuroa askatzen da atxiloa dagoen gas ganberan, arnasa hartzen duenean pozoituz. Dekapitazioak ere, erabiltzen dira hiltzera kondenaturikoekin, sable bidezko kolpe batekin, burua enborretik aldentzen ahaleginduz. Lapidazioetan, gatibua lotu eta garuneko lesioek, asfixiak edo lesioen konbinazio batek hil dezakete. Metodo honek heriotza luzatzea ahalbidetzen du.

horkaHasieran aipatu dugunez, historian zehar “betidanik” izan da heriotza zigorra present. Haatik, XII. mende aldera, aurkako jarrera batzuk azaltzen joan ziren. Honela esan zuen mende horretan bertan Maimonides sefardiak: “Hobea eta pozgarriagoa da mila errudun askatzea, errugabe bakar bat hiltzera kondenatzea baino.” Egia esan, polemika handia sortzen duen gaia dugu heriotza zigorrarena; alta, bi jarrera dira nabarmenenak: aldekoa eta kontrakoa. Alde daudenek delituen murrizketa azpimarratzen dute batik bat; aurka daudenek, ostera, biziarteko kateak baino delituen murrizketa handiagoa lortzen ez duela diote eta giza eskubideen aurka doala. Gainera, errugabeen exekuzioak bultzatzen omen ditu.

Nire uste apalean, edozein zigor aplikatzerako, erruduntasunak akatsik gabe egon behar du frogatuta, ezin baitzaio inori egin ez duen zerbait leporatu. Txorakeria badirudi ere, sarritan ikusi dira errugabeak kartzelan eta errudunak kalean eta onartezina deritzot horri. Heriotza zigorrak berak suposatzen duenari dagokionez, errudunak heriotza merezi balu, berak eskatu eta bere burua akabatzea izango litzatekeela hobezina iruditzen zait. Modu horretan, egindako kaltea ordaindu ezin denez, gehiago ez sortzea bermatuko bailuke. Hala ere, ez dut uste irtenbidea hori denik. Haur bat negarrez ari denean, karamelu bat ematea ez da irtenbide egokiena, zergatik ari den negarrez ikertu behar baita. Antzeko zerbait gertatzen da heriotza zigorrarekin. Konponbidea ez da gaizkilea akabatzea; bai, ordea, egin duena zergatik egin duen ikertzea. Era horren bitartez, egungo gizartearen arazo larriez jabetuko ginateke eta, horrekin batera, irtenbide gisa balio lezaketen ideiak otuko litzaizkiguke.

, ,

Trackbacks/Pingbacks

  1. euskaljakintza» Blog Archive » Ongi etorri euskaljakintza 5era! - 2009(e)ko urriak 8

    […] ilusioa eta esfortzua bloga elikatuz joan dira egunez egun, dibulgazio testuetatik hasi eta iritzi testu konplexuenetaraino. Euskal kulturan ezagunak diren pertsonaiei (kirolari, sukaldari, musikari, idazle…) eginiko […]

Utzi erantzuna

-->