Riomundon darabilen hizkuntza eta estiloari erreparatuz, ahoz aho kontatu den istorio baten eitea hartzen zaio eleberriari. Ardura berezia eman nahi dien espazioen deskribapen sakonak egiten ditu: “(…) furgonetan sartu eta paseora eramango zuten, kanposantua inguratzen zuen hormaraino, hildakoen atarira. Bidean, olibondoak ikusiko zituen (…). Goiz hotz hartan dena bare zegoen. Txikik, ordea, ez zuen ez hotzik ez berorik (…). Bizitza atzean geratzen ari zen, hori senti zezakeen. (…). Gurutze moduko hartara lotu zutenean (…) anaiari eta abokatuari begiratu eta kantuan hasi zen (…). Eztanda batek isiltasuna lehertu zuen (…)†. Xehetasunez kontatzen diren hainbat pasadizoz apainduta dago, gogoeta ugariz hornitua, euskaraz nahiz gaztelaniaz naturaltasun osoz agertzen diren elkarrizketek jarraiki. Ezaugarri hauek guztiak dira eleberri autobiografiko honen kutsu pertsonala agerian uzten dutenak.
Liburu honetan bada bereziki nire atentzioa erakarri duen pasartea. Nobelaren amaieran agertzen den elkarrizketa da, Jon Maia bera ñako goitizenaren atzean agertzen dela.
– Tomas! Abur! –esan zion abuelok.
– Atsaldeon! Qué, familia, ¿de tertulia? –galdetu zigun barrez, eskuak bolantean jarrita.
– Hemen, deabrutxo honi jaten ematen, oiloei bezala –abuelok. Iloba bilatu zuen begiradarekin-. Ñako! Etorri, etorri hona. Begira, gizon honek zuk bezala egiten du, vascuencez –eta gero baserritarari-: Ez dakizu nola hitz egiten duen vascuencea umeak. Dena daki esaten –eta berriz txikiari-: Ñako, esaiozu zerbait gizonari vascuencez.
(…)
– Benga hasi –baserritarrak ere-. Posturagatik hau bertsolaria aterako zaizue.
– Bertsolaria? Zer da hori? –galdetu zuen abuelok.
(…)
– Ai ez, ez mesedez –esan zuen abuelak-, horiek hildakoa ere aspertu egiten dute eta!
Baserritarrak barre egin zuen:
– Hay que entender, sino no tiene gracia.
(…)
Eta umeak bi eskuak poltsikoetan, kokotsa gora altxatu eta…
Nork esan abuelari bilobak bertsolari profesional izaten bukatuko zuela? Argi dago, bai liburuan zehar eta baita pasarte honetan ere, familia honen helburua bizitza hobearen bila joan diren herri horretara, Euskal Herrira, egokitzea dela, bertako usantza eta hizkuntza maitatuz. Kanpotik etorri eta herri hau maitatzen jakin izan duten hauek dira Jon Maiak liburu honekin omendu nahi dituenetako batzuk, bere familia eta Txiki eta Otaegi gudariak barne, arrazoiak arrazoi, bakoitzari berea eskainiz.
Erbesteratu hauen jarrera txalogarria da benetan eta hori da, hain zuzen, liburu hau hain gustuko izanaren arrazoietako bat. Jon Maiak beti dioen bezala, bera bi mundutakoa da eta biak sentitzen ditu bereak. Hemen jaio eta euskal munduan bizi da, mundu abertzalean. Bi begirada hauek erabiltzeak posizio interesgarria eta aberatsa eman dio. Espainiar eta euskal mundu hau islatzeko erabili duen ikuspuntu honek zirrara handia sentiarazi dit, bi kultura ezberdin hauek bateratzeko moduak.
Hasiera batean zailtasun apur bat izan banuen ere, istorioan kokatzeko orduan, flashbackaren eraginez, apurka-apurka narrazioan barneratzen joan nintzen. Atsegina, ezin atseginagoa izan da liburu honen irakurketa. Egia esan behar badut irakurtzea ez da nire zaletasunetako bat, baina… gozatu egin dut, anitz gozatu dut eleberri honen irakurketan. Bestalde, aurrez aipatu bezala, Jon Maiaren hitzen zain geratu nintzen, eta halako batean… bere posta jaso nuen, lan ederra egin nuela esanez eta esandako gauza guztiekin ados zegoela baieztatuz (flashbackaren kontua barne). Berak zioenez, batek baino gehiagok aipatu izan omen dio kontu hori; berak, ordea, istorioa hain lineala eta sinplea ez izatea zuela jomuga argudiatu zidan. Hitz hauez guztiez gain, liburu honen inguruko beste zenbait daturen berri eman zidan:
Liburuaren 9.000 ale saldu dira, zazpigarren edizioan dago eta Txalaparta argitaletxearen euskarazko 2. liburu salduena da. Arrakasta horren gakoetako bat identifikazioan dago nere ustez. Jende askok bere familiaren historiaren ispilua aurkitu du Riomundon, ez baita ahaztu behar gaur egungo euskaldunen kopuru handi bat horrelako familietatik gatozela. Nere helburua etorritakoen ikuspegia euskaraz ematea izan da, euskaldun askok izan ditugun aurriritziak eta klitxe negatiboak puskatu asmoz. Beraz, nahiz etorritakoei eta integratu direnei bereziki omenaldia izan, euskaldunei zuzenduta dago.
Eman ditudan hitzaldi ugaritan, jende asko etorri zait liburuarekin hunkitu dela esanez, bere amaz gogoratu dela, aitonaz, amonaz… eta niretzat hori izugarria izan da. Nere asmoa ez da izan nobela bat idaztea literatura egiteagatik, historia jakin hori kontatzeagatik baizik. Hori izan da nere motibazioa, liburuak funtzio sozial hori egin zezala. Horregatik, ahalegin bat egin badut ere literatura egiteko, ez da hau literatura egiten hasita idatziko nukeen liburua. Liburu hau ia-ia kronika bat da, era irakurterrazean idatzita. Dena den, nik uste oso gai interesgarria dela garai hartan etorri ziren horien fenomenoa, eta errebisio historiko bat egin behar dela, gaia ondo aztertu, interpretatu eta ulertzeko. Orduko etorkinen fenomeno hori gaizki kudeatu izanak ekarri du, nere ustez, gaur egungo banaketa sozial, politiko eta kulturala. 60 urte daramatzagu portal berdinetan bizitzen eta kasu asko eta askotan oraindik ez dugu elkar ezaguzen!
Horrenbestez, zuek denok Riomundo irakurtzera animatzea besterik ez zait geratzen, ea niri adina gustatzen zaizuen. Bada amaitu aurretik aipatu nahi nukeen beste zerbait ere, berak bere idatzian jakinarazi zidana. Laster, Riomundoren gaztelaniazko itzulpena aterako da, oraindik ere lantzen ari direna; beraz, gaztelaniaz irakurtzea gogoko duzuenok edota euskaraz ez dakizuenok, laster izango duzue liburu honetaz gozatzeko aukera.
Bertolt Brechtek esana da: “Gogoaren kontra, egoerak behartuta, herriak, sendia, etxea utzi behar duena ez da inmigrantea, erbesteratua baizikâ€. Aipu honek ezin hobeto islatzen digu egoera hori jasan behar izan duten pertsonen bizipen eta sentimenduak. Horrekin uzten zaituztet hausnarketa egin dezazuen…
[…] Jon Maiaren Riomundoz autorearekin hitz egin ondoren… (II)Gutxitasun fisikoa duten pertsonei nola lagundu?Jon Maiaren Riomundoz autorearekin hitz egin ondoren…Jakintza Ikastolako ikasle ohi zara?Noraino hel daiteke zientzia?Arauak 25: Komunztadura aposizioetanDeklinabideaSommer jaunaren istorioa ikusgai Ordiziako Herri AntzokianPerpaus elkartuakPerpaus elkartu motak […]