Pasa den ostiralean, katalan nazionalistek cat domeinuaren onarpena ospatu zuten, Internet Corporation Assigned Names and Numbers (ICANN) erakundeak -bere sedea Kalifornian duenak- onartua: katalan kulturaren errekonozimendua eta komunitate hau sarean bertan entitate nazionaltzat hartua izatea suposatzen du euren ustez.
Aurreko hilabetean ICANNak, interneteko domeinuak erregulatzeko zeregina duenak, cat domeinu berriaren onarpena irailararte luzatuko zuelaren berri eman zuen. Cat domeinu berri hau, laburki esanda, hizkuntza eta kultura katalana uztartzeko web orrien adierazle da. Domeinua onartzeko erabakia abuztuan hartua izan bazen ere, ICANNeko bozeramaileak, Tanzanica S. King deiturikoak, albiste ofiziala atzeratuko zela jakitera eman zuen “adostasunaren terminoak garbi finkatzeko denbora gehiago izateko”.
Erakunde eta kolektibo nazionalistek, interneten hizkuntza katalanean zeuden webguneen erregulazioa eskatuz urte ugari zeramatzatenek, erabakia Kataluniaren garaipen politiko garbia izan dela kontsideratu omen dute. Era berean, Óminium Cultural izeneko plataforma nazionalistak ICANNen erabakia hizkuntza eta kultura katalanaren “errekonozimendu” gisa interpretatu zuen, “sarean bere normalizaziorako pauso garrantzitsu” kontsideratzeaz gain. Erakunde katalanak hiritarrei cat domeinua erabili eta katalana euren webguneetako hizkuntzatzat erabiltzeko eskaera egin zien, katalanak beste hizkuntza boteretsuagoen maila lor dezan.
Egia esan, inbidiagarria da Kataluniakoek lortu dutena, maila batean. Horixe pentsatzen du euskaldun askok eta askok. Beste batzuek, aldiz, ez diote gaiari garrantzia handiegirik ematen, beste zenbait domeinuk bezala, edukia soilik zehaztuko lukeela esanez, besterik ez. Nire uste apalean, euskarari bultzadatxo on bat emango lioke Euskal Herrian ere euskal domeinu berri baten sorrerak. Nire ustez, e-mugimendu bat, anitza, zabala, euskalduna eta mugitzen dena antolatu daiteke honen inguruan. Gero eta gehiago gara Interneten euskaraz, eta Euskal Herriko ikuspegiarekin ari garenak, gure lan guztia telematikoa izan daiteke, sarean eta sarearekin. ICANN erakundea bezala, hemengo eragileak (Interneten ari direnak) mugiarazi ditzakegu, katalanen pausoak jarraituz. Azkenik, euskaldunontzako domeinu berriaren eskakizun hau gizartera ere hedatzea komenigarria litzateke, irudia sortuz, kamisetak eginez… laburbilduz, sarean gabiltzan euskaldun guztiok (kopuru itzela, inondik inora!) gai honen inguruan indar pixka bat egingo bagenu, ziur nago domeinu berri baten ateak irekitzeko bidean egongo ginatekeela, ezer ez da ezinezkoa! Euskara eta euskal kultura sustatzeko pauso txikia izango litzateke, baina ziur nago euskal domeinu batek “euskaldun pasiboak” asko animatuko lituzkeela, geure nortasuna mundu osora zabaltzeaz gain.
Azkenik, euskaldunontzat proposaturiko domeinua .EUS izango litzatekeela aipatzea baino ez, honen zergatiari buruzko informazio gehiago Gorkaren ikasbitakoran aurkituko duzue.
No comments yet.