Kolosala izango da – JOSEBA SARRIONANDIA

Joseba SarrionandiaJoseba Sarrionandia Uribelarrea Iurretan jaio zen 1958ko apirilaren 13an. Euskal Filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta fonetikako irakasle izan zen Bergarako UNEDen. Anaitasuna, Ibaizabal eta Zeruko Argia aldizkarietan argitaratu zituen bere lanak. Garai hartan, Pott bandaren kideetako bat izan zen. 1980an kartzelaratu egin zuten ETAko kidea izateagatik. Epaitu eta hogeita zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Urte berean hiru sari irabazi zituen, Maggie indazu kamamila eta Enperadore eroa ipuinekin eta Izuen gordelekuan barrena poema bildumarekin.

1985eko uztailaren 7an Martuteneko espetxetik ihes egitea lortu zuen, bertan izan zen kontzertua amaitu ondoren bafle batean sartuta. Ordudanik erbestean bizi da, baina literaturarekin itzultzen da gure artera. Bidaia horietan, Narrazioak (1983), Ni ez naiz hemengoa(1985), Marinel zaharrak (1987), Ainhoari gutunak (1990), Hezurrezko xirulak (1991), Gartzelako poema (1992), Hnuy illa nyha yahoo (1995), Hitzen ondoeza (1997), Lagun izoztua(2001) eta Kolosala izango da (2003) izan dira erabili dituen pasaporterik ezagunetakoak.

Nik irakurri dudan liburua azken hau izan da, Kolosala izango da eta laburpentxo bat egin aurretik gustatu zaidala esan beharra daukat. Bertan narratzen den istorioa 1936ko Espainiako gerra giroan kokatzen da eta Kalaportuko herrian bizi diren 11 urteko ume batzuen begietan islatzen du Espainiako Gerra Zibila.

Liburuko protagonista 11 urteko ume bat da eta bere lagun Joxe Marirekin bizitako momentuak adierazten dira gehienbat istorioan. 1936ko uztailaren 19an, aita “lanera” zihoala esan zuen Ferrolera edo Santanderrera eta ordudanik gauza asko aldatu ziren euren egunerokotasunean. Irratian gerra hasi zela esaten zuten baina bi gaztetxoek ez zuten ulertzen nongo gerra hasi zen, beraiek ez baitzuten ikusi inor hiltzen. Bazekiten, Espainian II. Errepublika zegoela eta azken hauteskundeak Frente Popularrak irabazi zituela, baina beraiek ez zekiten nortzuk ziren errebelatu zirenak.

Herria errepublikarekin zegoen, besteek alde egin baitzuten. Noizbehinka, Karl Marxen irudia zuen kamioi baten atzetik joanda, tiroak praktikatzen ikusten zituzten milizianoak eta, belardian ezkutatuz, beraien tresna xumeekin ere punteria praktikatzen zuten bi umeek.

Hasieran, gerra ez zela inoiz iritsiko pentsatzen zuten baina, egun batean, Nafarrak iritsi ziren oso ondo prestatuta eta herriko errepublikazaleak erresistentziarik gabe errenditu ziren. Orduan, aita iritsi zen eta dena ondo atera zela esanez, Bilbora zihoala adierazi zuen. Herrian gerra amaitu zenean, ohartu zen aita Alzamiento Nazionalekoa zela eta irakasle berriak Falangekoak. Eskoletan jende asko falta zen eta klaseak emateko moduak erabat aldatu ziren. Kaleetan Dios, Patria, Rey entzun zitekeen batzuen ahoetan eta besteenetan Franco, Franco, Franco.

Honela, herriko eta etxeko giroa asko aldatzen da eta, azkenean, kaleetan zeuden falangeetako guardiekin hitz egin ere egiten zuten gaztetxoek. Hauek umeei ea zertaz hitz egiten ari ziren galdetzean, bi umeek Alemaniako Cirque Krone zirkuaz hitz egiten ari zirela zioten eta alemanek, Frantzia okupatuta zutenez, lehenago iritsiko zirela pentsatzen zutela.

Laburpentxo honek grina sortu badizue, eskatu iezadazue liburua eta gustura utziko dizuet. Oso erraz irakurtzen da eta, besterik gabe, gomendatzen dizuet.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->