Perpausak elkartzeko bidea: MENPERAKUNTZA
Juntagailuen aldean hainbat ezaugarri berezi dituzte menderagailuek:
- Juntagailuak hitz solteak dira, eta menderagailuak, berriz, atzizkiak.
- Juntaduran, maila bereko perpausak elkartzen dira; menderakuntzan, berriz, perpaus nagusia eta menpekoa ditugu.
- Juntaduran ez dago ia mugikortasunik, baina menderakuntzan, mugikortasuna dago hurrenkeraren aldetik.
- Menderakuntza errekurtsiboa da, hau da, menpeko perpaus baten barruan beste bat txerta daiteke, nahi adina aldiz.
Menderakuntzaren barruan honako multzoak bereiz ditzakegu:
ISren ordezkoak:
- Perpaus Osagarriak: Amak esan du ez dela etorriko. Ez dut uste etorriko denik.
- Zehar-galderak: Jakin nahi dut ea lana egin duzun. Erori zarenentz jakin nahi du.
Izenlagunaren ordezkoak:
- Erlatibozkoak: Ikusi duzun gizona nire aita da. Atzo erositako etxean bildu ginen.
Adizlagunaren ordezkoak:
- Helburuzkoak: Krema ekarri dut zuri emateko. Zeu ikustearren etorri naiz lehenago.
- Kausazkoak: Ez da etorri gaixo dagoelako. Goazen etxera berandu da eta.
- Baldintzazkoak: Euria egiten badu, ez noa. Etxean aurkitu ezean, ez dugu beste inon aurkituko.
- Denborazkoak: Zu etorri zinenean, ohean sartu nintzen.
- Kontzesiboak: Lana gaizki egin arren, ordaindu egin didate. Zu ikusiagatik ere, ez du buelta egingo.
- Moduzkoak: Zuk esan bezala egin dugu. Ikusi duzun legez, ez dut trikimailurik erabili.
- Konparaziozkoak: Hau espero nuen baino hobeto atera zaigu. Ni zu bezain gaztea naiz.
- Ondoriozkoak: Hain zen altua, non sabairaino heltzen baitzen.
No comments yet.