Joseba Sarrionandia euskal literaturari ekarpen oparoa eginiko idazlea dugu; izan ere, alor anitz landu ditu: haurrentzako literatura, narrazioak, eleberriak, olerkiak, saiakerak… Gaztea zela, aldizkarietan kolaboratzaile gisa jardun zuen. 1985ean kartzelatik ihes egin bazuen ere, ez ditu bere irakurleak esperoan utzi. Argitaratu duen azken liburuak, Gau ilunekoak izenburutzat duenak, harrera bikaina izan zuen iragandako Durangoko Azokan, besteak beste.
“Lagun izoztua” liburua Ikastolako liburutegian bertan kausitu nuen. Eskuetan hartu orduko, laino misteriotsu batek inguratu zuela nabaritu nuen neure artean. Irakurtzen hasterako, huts emango ez zidala sinesturik nengoen, eta hala jazo da. Zalantzarik gabe, irakurtzea merezi duen altxorra da eta horregatik utzi nahi dut zuen esku kutxa irekitzeko giltza, barruan zer aurki dezakezuen esan gabe. Horrela ez izanez gero, balio guztia galduko bailuke.
Hizkuntza ulerterraza darabil Sarrionandiak bere nobela honetan; halaber, hitzekin jolas moduko bat ageri da istorioa aurrera joan ahala. Horren aztarnak topa ditzakegu metafora eta konparazio jorietan. Modu berean, edonon aurki ditzakegu kokatzen laguntzen gaituzten deskribapen zehatzak. Hori guztia alde batera utziz, badira esaldi batzuk, non pertsonaien, idazlearen eta irakurlearen izatea ukitzen dituzten.
Horien artean bada bat, hasiera aldean agertzen dena, horrelako esaldiaz gehiagotan irakurriko ditugulako susmoa pizten diguna: “Denbora pasatzen da eta ez da ezer pasatzen”. Josuk, umea bailitzan, hormetan idazteko duen ohitura aurkezten digu idazleak esaldi horren bitartez. Pertsonaia sinplea dirudien arren, korapilatsua da Josurena. Idazmakinan orduak ematen ditu argitaratuko ez dituen eleberriak idazten, gogoko du buruari hainbat bira eman ostean burura etortzen zaizkion esaldi konplexuak botatzea; ez, ordea, besteek berari buru hausteak ipintzea. Dena dela, Josuren jokabidea gehien okertzen duen gertaera izarak aireratzen dituen indiarena da; idazleak, gertakari horretaz baliatuz, bigarren aurpegi moduko bat uzten baitio pertsonaiari agerian.
Bigarren mailako pertsonaien artea bada beste bat irakurlearen pentsamenduan pisu nabarmena utzi nahi duena: Edwin Walsh. Garbi dago hasieratik liburua amaitu baino lehen amatatuko dela bere bizitza, baina espero ez den heriotza du. Hala ere, zientzialari petoak badirudi ez diola bere gaixotasunari izu handirik. “Hil arte biziko naiz” “Gorputz partikular hau gorpu bihurtuko da, norbere kartzela norbere hilobi bihurtzen da. Denok hilko gara goiz edo berandu, denborarekin. Eta hala ere heriotza ustekabean bezala ailegatuko da, ailegatzen denean.” Hitz horiek esatean, badirudi espedizioan hilko den arren, bere gaixotasunari aurre eginaz hilko dela, hil arte biziko dela, alegia; bere ekintzak, ostera, bestelakoak dira eta hil hilko da, baina ez edonork espero lukeen moduan.
Zer pentsatu ematen duten pasarte asko eta asko aipa daitezke, baina ez dago norberak irakurri, eta bakoitzak bere ondorioak ateratzea bezalakorik. Gainera, Sarrionandiak aipatzen ari garen “esaldi klabeak” bere nahimenera erabiltzen dituela esan daiteke, liburua hiru zatitan banatuta egonik, gaztaroari dagokionean, ez baitira horrelako landutako esaerak antzematen.
Egitura horrek, hiztegi aldetik denaz gain, irakurrazkarrago bilakatzen du istorioa, eta ez da batere zaila hiru kontakizunen artean kokatzea. Behin irakurrita, ez kontatzeko moduko eleberria da; irakurri ostean beste norbaitek irakurriko balu, zuku ezberdina aterako liokeela dirudien laranjaren antza baitu. Horregatik, merezi du laranja erdibitu, zukua atera eta dastatzea.
No comments yet.