Maider Gaztañaga: “Txiki-txikitatik bizi izan dut kirola; beti modu positiboan, inork behartu gabe”

Hementxe duzue Maider Gaztañaga triatloilari ordiziarrari eginiko elkarrizketa. Zergatik aukeratu ote dugun bera? Lehenik eta behin, bertakoa dugulako, ordiziarra; eta Euskal Herri mailan dagoen jende ospetsuari erreparatu baino lehen, inguratzen gaituztenak ezagutu eta miretsi behar ditugulako. Txiki-txikitatik sentitu du kirola, eta inoiz pentsatuko ez lukeen tokira heldu da.

IMG_4486

Maider Gaztañaga Sara eta Eiderrekin

Guk, Sara Cobos eta Eider Arruek, bere ibilaldia gertutik ezagutu nahi izan dugu. Horregatik, berriro ere eskerrak eman beharrean gaude. Ez elkarrizketarengatik bakarrik, baita oparitu zizkigun triatloietako kamisetengatik ere. Agian, ez gara garbi azaldu. Elkarrizketa egin genuen igande goiz hartan ez ginen bi elkarrizketatzaileak eta Maider bakarrik egon. Izan ere, konpainia ezin hobea izan genuen Mattinen eskutik. Hantxe ibili zitzaigun hemendik urte batzuetara Maiderren lekukoa hartuko duena zintzo-zintzo kamera zaintzen! Besterik gabe, hemen duzue gure lanaren emaitza. Ea gogoko duzuen!

Kaixo Maider, lehenik eta behin elkarrizketa egin izana eskertu nahi dizugu. Maider Gaztañaga triatloi munduan arrakasta handia izan duen emakumea dugu, podiumeko lehen postuetan ibili izan dena. Elkarrizketari hasiera emateko, galdera motz batzuk egingo ditugu. Uda ala negua? Nik uste dut berdinak direla, bakoitzak bere xarma du. Neguan, klima hotza delako elurra topatzen duzu eta bizikletan dena da igoera. Adibidez, txikitan neguan joaten ginen eskiatzera, baina ni eskiatzailea berez ez naiz. Alde horretatik, zailtasun horrek bere xarma ematen dio. Gero, udan, ni batez ere igeriketa mundutik natorrenez, niretzat hori errazagoa da.

Maider eskiatzen

Maider eski proba batean

Ba al duzu toki bereziren bat oraindik bisitatu ez duzuna? Egia esan, ni dezente mugitu izan naiz batetik bestera. Txiki-txikia nintzela hasi nintzen. Nazioarteko txapelketetara joan nintzen, eta ez daukat arantzarik kentzeko zentzu horretan.

Nola ikusten duzu zure burua: parrandazalea edo pertsona lasaia? Nik uste dut garai bakoitzak bere gauza duela. Nire parrandak egin nituen, bereziki Estatu Batuetan nengoenean. Nik uste dut hori ere egin behar dela eta orain, berriz, dudan bizitzarekin eta lanarekin jada lasaitu egiten zara. Orain, parrandak egitean, hurrengo egunean zer daukazun pentsatzen duzu, eta parranda gutxi egiten dituzu.

Zein musika-talde duzu gogokoen? Niri talde amerikarrak asko gustatzen zaizkit eta hemengoetan orain modan dauden artistak: Ken Zazpi eta horrelakoak. Era askotako musika entzuten dut, eta ez dut talde bakar bat gogoko. Orokorrean, pixka bat denetik. Bada, onena irratia jarri eta hor ateratzen dena entzutea.

Ba al duzu beste zaletasunik? Kirol mailan asko. Surfa ikasi nahi dut; asko gustatzen zait, baina ez dut egiten. Kirola orokorrean. Orain iloba gimnasia-erritmikoa egiten ikusten dut, eskubaloia… Badakit zuk eskubaloian jokatzen duzula (elkarrizketatzaileari zuzenduta). Azkenean, kirol guztiek dute bere gauza desberdina. Pixka bat denetik.

Maider garaile

Maider garaile

Parte hartu duzun konpetizioetatik zein da zure gustukoena? Igeriketa mailan ibiltzen hasi nintzenean, konpetizioak oso bereziak ziren. Berezienak maila altuko konpetizioak izaten dira. Orain triatloian esango nuke egin ditudanetatik Zarauzko jarraipena niretzako zerbait berezia izan zela eta Munduko Triatloi Txapelketan 38 urterekin parte hartzea ere bai. Beraz, triatloi munduan Zarauzkoa eta Gasteizkoa izango lirateke.

Zer duzu gustukoen: igeriketa, korri egitea edo txirrindularitza? Galdera zaila da. Entrenatzeko agian txirrindua, nahiz ta igeriketa errazagoa egiten zaidan, gutxien entrenatzen dudana da.  Izaten dudan denbora gutxiagatik, eta mundu horretatik natorrenez, ukitu hori irabazita dut zentzu batean. Niretzat desberdina txirrindua da, eta, gauza berriak probatzen hasi naizenez, esango nuke orain are gutxiago.

Galdera luzeekin hasiko gara. Hasteko, 13 urterekin Gasteizko Izarra Igeriketa Elkartean sartu zinen eta badakigu igeriketan hasi zinela pixkana-pixkana. Beste pertsona eta lagunekin konparatuz, zein ezberdintasun ikusten dituzu? Bada, 13 urte zuek ere beteko zenituzten. Lagunak tabernetan sartzen hasten dira eta zuk ere gogoa daukazu. Bidean gauza asko galdu egiten dituzu, baina gero beste gauza asko ere irabazi. 13 urterekin aukera hori atera zitzaidan. Izarra Gasteizkozentru bat da, espezializatuta dagoena, eta asko laguntzen ziena igerilariei. Beka bat emanez aukera eman zidaten eta, egia esan, 13 urterekin nire bizia hori zen, eta ez nuen bi aldiz pentsatu. Nik uste dut erabakia gogorragoa dela gurasoentzat, nerabe batentzat baino. Alde batera zer uzten duzun? Jada joaten zara horrelako eskola batera, astelehenetik ostiralera hor zaude eta asteburuetan bakarrik etortzen zara. Lur jota zatoz eta ez daukazu gogorik parranda botatzeko edo tabernetan sartzeko, zure bizia delako momentu horretan, eta horrek kezkatzen zaitu. Orduan, hori da zaila egiten duena. Gaztetan eskolatik aparte dauzkazun lagunak eta zaletasunak ez daude momentu horretako zure bizitzan. Orain begiratuta, horiek gerora ere zailak dira berreskuratzea; bai lagunak, tabernak…, baina ez naiz damutzen.

Horrez gain aldaketa handiagoa izan zen Estatu Batuetara joan zinenean 16 urterekin ikasketak burutzera. Zure familiaren laguntza jaso zenuen edo pena handia eman zien zuk alde egitea? 16 urterekin oraindik ume bat zara eta Izarrakoa Estatu Batuetakoa bezala atera zitzaidan, han igeriketarekin jarraitzeko aukera beka baten bidez, eta ez nion ezetzik esan. Ikusten dut guraso batentzat zaila dela. Egia esan, nik oso argi nuen eta banekien beste mundu bat zela, bakarrik egon behar nintzela… Izan ere, ez neukan ez etxerik, ez neukan ezer eta neukanarekin ez nekien nola moldatu behar nintzen. Niri beti lagundu izan didate eta nik uste dut gaur egun kirola egiten jarraitzen dudala beraiek ez nautelako behartu. Asteburuetan, konpetizioetan, Gasteizera joateko aukera eman zidaten. Gero, 16 urterekin, Estatu Batuetara joateko… Kirola txiki-txikitatik bizi izan dudan zerbait da, eta nire etxean bizi izan den zerbait. Beti positiboki, beti laguntzen eta inoiz ez didatelako gehiago eskatu.

Esan bezala, Estatu Batuetan egon zinen 16 urterekin. Iruditzen zaigu oso gaztetan izan zela eta zure aldetik aldaketa handia suposatuko zuela. Zailtasunik izan al zenuen hizkuntza zein ikasketa aldetik? Bai,16 urterekin joan nintzen eta, ikastolan jakingo duten bezala, ingelesen beti nota onak ateratzen nituen. Hara joaten zara, eta pentsatzen duzu ingelesa badakizula. Beste gauza bat da hori, beltz bat ikusten duzu bere azentuarekin eta ez diozu ezer ulertzen. Familia batera joan nintzen ni, abuztuan joan nintzen pixka bat ikasteko eta klaseak irailean hasten ziren.  Orduan, ezer ez nekiela konturatu nintzen. Oso oso maila baxua nuen eta, normalean, abenduro Eguberrietan beti etortzen banintzen ere, urte horretan amari deitu eta ez nintzela etxera joan behar esan nion. Baina ez nion esan, etorriz gero, ez nintzela berriro bueltatuko, gaizki pasatzen ari nintzelako. Beraz, igeriketan entrenatu behar nuela eta ezin nuela etorri esan nion. Hori egun batetik bestera gertatu zen. Esan nahi dudana da, konturatu nintzela hurrengo egunean azterketa nuela eta ez nintzela ezertaz jabetzen. Hurrengo egunean, azterketa banatzen hasi eta zurian utzi nuen ez nuelako ideiarik. Hasieran oso gaizki: arazoak nituen lehenengoan ulertzeko. Hiztegia hartu eta, lehenik eta behin, euskaratu, ulertu zer esan nahi zuen, eta gero buruz ikasten nuen. Azkenean, denbora bikoitza behar duzu hasieran, baina abenduko epe hori ematen banion nire buruari eta egun horietan ez banitzen etortzen, gero buelta emango niola banekien. Lehenengo bi-hiru hilabeteak oso oso gogorrak izan ziren: entrenatzera joaten zara eta entrenamentua igarotzen zen eta ez zeneukan ideiarik ere zer egin behar zen, baina jendea laguntzeko zegoen. Nire familiako amak erdera zekien, eta asko lagundu zidan. Pixkanaka-pixkanaka ikasketa horiek gainditzea lortu nuen.

Maider 12 urterekin, Zaragozan

Maider 12 urterekin, Zaragozan

Hor duzu gaztetako argazki bat. Espainiako txapelketa batekoa izan zen. Uste dut Zaragozan izan zela eta oraindik ume bat nintzen. Izarra taldean negoen eta gorputza ere aldatuz joaten da. 12 urterekin joaten zara, nik oraindik hilekorik ez nuen eta han jaitsi zitzaidan. Espainiako txapelketa batzuetan zen.

1992n izan ziren Bartzelonako Joko Olinpikoak, eta hara joateko prest zeundenean, lesio bat izan zenuen. Nola eraman zenuen hori momentu horretan? Zaila da. Une horretan asko entrenatu nuen, ilusioa handia zen posible nuelako Joko Olinpikoetan parte hartzea. Europar ‘absolutuetan’ hirugarren geratu nintzen, eta lehenengo biak hartzen zituzten. Marka bat egiten baduzu ere sartzen zara; bestela, lehenengo biak. Orduan, uda aldean, bizkarrean zerbait arraroa sumatzen hasi nintzen, burdin soinu batzuk balira bezala. Medikuarengana joan eta ez zekitenez zer zen, fisioterapeutarengana joan nintzen. Igeriketan, bueltak ematen nituenean ere jartzen zitzaidan eta ezin nuen arnasik hartu. Abuztuan medikuarenera joan eta begiratzean, konturatu ziren biriketako batean arnasa ez zela ondo hartzen. Berriz ere Zumarragara joan nintzen eta han esan zidaten Pneumotorax gaixotasuna nuela. Biriketan zuloa egiten zaizu eta globo bat bezala da, puztuta baldin badago… Entrenatzeari utzi nion, kirolik egin gabe geratu nintzen, ebaketa egin zidaten 1992n, eta Olinpiadak ahaztu izan behar nituen.

Badakigu lasterketa herrikoietan ere hartu zenuela parte, zuk uste zenuen zure betiko bizitzak aldaketa handia izango zuela kirolean? Bai, azkenean Olinpiada batzuetara joatea kirolari batentzat onena da, baina ezin dituzu ahaztu herriko lasterketak eta nondik etorri zaren; izan ere, hori beti izan behar duzu kontuan. Izan zaitezke oso ona, baina, nahiz eta ona izan, lehenengo pertsona bat zara. Eta denak ematen dizu indar hori, nahiz eta Olinpiadetan ateratzeko pentsatzen ari naizen. Baina gero ere, betiko jendeak ikustea herrian nola edo hala kirolari bat badagoela maila batera heldu dena… Zu maitatzen zaituztela ikusteak bere bizitasuna du.

Orduan, ikusten dugu joaten zaren tokian dena irabazten duzula. Zein esango zenuke dela zure sekretua horretarako? Distantzien arabera. Orain kontzentratuago nago distantzia luzeetan, baina distantzia luzeetarako berezko zerbait eduki behar da. Entrenatu ere asko egin behar da. Niretzat sekreturik, egia esan, ez dago. Karrera batera gogoekin joatea. Nire kasuan, txapela jarri edo bizikleta hartu eta gero esatea: Ze gogoa dudan konpetizio horretara joateko! Azkenean, gauza asko dira. Entrenamentua portzentaia bat besterik ez da, baina gero buruak ezetz esaten badizu, berdin du zein ondo korri egiten duzun, zein ondo zauden… Laguntzen dizu, baina niretzat burua fresko edukitzea eta gogoa izatea da sekretua.

Lasterketa zein den jakiteak ere bai, ezta? Baita, baita… Niri orain, adibidez, lasterketa motz batek ez dit asko esaten. Motibazioa asko aldatzen da. Zuek, gainera, biok kirolariak zarete eta egongo dira zailtasun batzuk gehiago motibatzen zaituztetenak eta beste batzuk gutxiago. Distantzia bateko karrera batzuek ez didate ezer esaten, eta beste batzuek bai. Horrek badu zerikusirik.

Maider, Sara eta Eider elkarrizketan zehar

Maider, Sara eta Eider elkarrizketan zehar

2012n izan zan Espainiako Txapelketa, negukoa. Badakigu hor zeozer gertatu zela, deskalifikatu egin zintuztela. Zure ikuspuntutik nola ikusten duzu? Beste anekdota bat da. Momentuan oso gaizki eraman nuen. 2012 zen, Jakako Espainiako Txapelketa, Triatloi Zurikoa. Lehendabizi zen korrika, Jakako herrian. Minibuelta asko ziren, sei bat edo. Gero bizikleta hartzen zenuen Somporten, eta gero eskiekin egiten ziren beste 10 kilometro mendiko pistetan. Korrika gindoazen, lehenengo neskak ta gero mutilak. Normalean, nesketan, lehenengo hiruekin jartzen zaituzte eta bizikleta batean daude karrera irekitzen. Neskak hasi ginen eta nola zirkuitoa oso motza zen eta buelta ugari ziren,  neskak eta mutilak denok nahastu egin ginen. Ni lehenengo postuan nindoan neska batzuekin, eta buelta erdi bat falta zenean, gutxi gorabehera 500 metro, neskak bizikleta hartzen ikusi nituen. Harritu egin ninduen horrek: banekien haiek atzetik zetozela, baina bizikleta hartzen ari ziren… Nik egin nuela gaizki pentsatu nuen. “¡Entra, entra!” esan zidaten, eta sartu egin nintzen. Bizikleta hartu eta Somportera igo nintzen, han eskiak jantzi eta antolatzaile batek esan zidan gazteleraz: “Tranquila que las chicas que han cogido la bici creo que están descalificadas, han hecho menos”. Karrera guztia egin nuen, iritsi nintzen helmugara eta elkarrizketak eta abar egin nituen. Normalean mendiko txapelketetan goran elkarrizketa bat egiten dizute, eta gero handik 2-3 ordutara ofiziala. Podiumera igo nintzen, txanpaina eman zidaten, zorionak ere eman zizkidaten. Joan nintzen laguntzaileak zeuden tokira, dutxatu nintzen eta, joan behar ginenean sari-banaketa ofizialetara, esan zidaten deskalifikatuta nengoela, eta ez nekien zergatik. Arrazoirik ez zidaten eman. Gero esan zidaten gutxiegi egin nuela korrika. GPSa neukan, esan nion emango niola, zerbait objektiboa zelako. Ez zidaten utzi eta, azkenean, emakumeon %33 deskalifikatuak izan ginen. Etxera joan nintzen erantzunik gabe. Gero etxean, GPSko datuak jaitsi nituenean, konturatu nintzen buelta bat gutxiago egin nuela. Orduan, idatzi bat bidali nien, interneten zintzilikatu zutena, esanez arrazoia zutela eta sentitzen nuela. Momentuan GPSa entregatzen ez uzteak sekulako amorrua eman zidan. Beste anekdota bat da, denetik ikasten da azkenean.

Badakigu Gasteizko Munduko Txapelketa zuretzat bereziki karrera berezia izan zela. Gainera, distantzia luzeak ez ziren zure espezialitatea, konpetitzen zenuen lehen aldia zen. Argazki honetan helmugako momentua, Virginiarekin. Zer ekartzen dizu gogora? Zer sentiarazten dizu orain momentu horrek? Niri lasterketa asko gustatu zitzaidan. Gainera, urte hori oso ona izan nuen, Zarauzko triatloia irabazi nuen. Nazioartekoa zen eta horra normalean jende ona eramaten dute. Espainiako Selekziotik deitu zidaten esanez ea joango nintzen Munduko Txapelketara, Gasteizen zena. Distantzia oraindik luzeagoa zen, eta pentsatu gabe baietz esan nuen. Eroa bezala entrenatzen hasi nintzen. Niri distantziek errespetu handia ematen zidatenez, gehiago hasi nintzen entrenatzen. Zarautzen oraindik ere nire hanka motz zegoen, ez nion deskantsurik eman eta lesionatu egin nintzen. Gorka Erasorekin ibili nintzen, berak tratatu ninduen eta lortu nuen azkenean Munduko Txapelketara iristea. Oso oroitzapen ona daukat, igeriketan lortu ez dudana 38 urtekin lortu nuelako Gasteizen, Munduko Txapelketa batean. Oroitzapen oso polita dut: Euskal Herrian izan zen, afizio aldetik jende ezagun ugari zegoen animatzen eta maila altuko txapelketa da.

Virginia Berasategirekin

Virginia Berasategirekin

Zer esan dezakezu Virginia Berasategiz? Nik ez nuen ezagutzen. Urte horretan ezagutu nuen pertsonalki, Bilboko triatloiandopineko testa elkarrekin egin zigutenean. Nik ez daukat ezer txarrik esateko. Azkenean, pena da lortu duen guztia lortu eta gero, agurra positibo batekin izatea. Pena ematen dit dopina egoteak kirolean eta beragatik ere bai. Ez zeukan ezer erakutsi beharrik, asko erakutsi du bere kirol urte guztietan. Bera bezalako oso gutxi egon dira Euskal Herrian eta pena da. Azkeneko urtea zen berarentzat. Orain, horrela agurtzean, jende askok jarriko du zalantzan ea noiztik den hori, lortu duen guztia berak bere kabuz lortu duen ala ez. Ezagutu dudanagatik ez daukat ezer gehiago berari buruz esateko.

Beno, eta

Aurtengo Neguko Txapelketan

Aurtengo Neguko Txapelketan

aurten 2014an izan da Neguko Txapelketa eta irabazi egin duzu. Zorionak! Asko poztu ginen konturatu ginenean zuk irabazi zenuela, 2012koa ikusita. Baina, orain, jakin-min handia sortzen digun galdera bat dugu: zure inguruan, kirolean, desberdintasun handiak sortzen dira sexu ezberdinen artean? Batzuk bai. Nik uste dut hori kirol guztietan gertatzen dela. Adibidez, karrera batzuetan, ekonomikoki dauden sariak desberdinak dira; halere, orokorrean, nik esango nuke ez dagoela ezberdintasun handiegirik. Neskek eta mutilek distantzia berdinetan parte hartzen dugu eta irteera desberdina izaten da. Nik uste dut hobea dela guretzat; izan ere, distantzia luze guztietan ezin duzu berez atzekoarengandik gertu joan. Eta neska gutxi garenez, irteera banatuta egite hori ondo dago. Esango nuke ezberdintasunik badago ere, gutxi daudela. Nik uste dut gaur egun ezberdintasun horiek gero eta gutxiago ikusten direla, lehen gehiago zeudela.

Zure bizitzari dagokionez, batetik bi seme-alaba, senarra, lanpostua… dauzkazu eta entrenamentuak ere eraman behar dituzu. Orduan, guk uste dugu gauza askori uko egin behar diezula. Zerbaiten hutsunea nabari duzu? Nola kideatzen duzu denbora gauza guztiak egin ahal izateko? Azkenean, distantzia luzeetan zaudenean gauza batzuk alde batera utzi beharra dauzkazu. Nik laguntza handia dut; bai senarraren aldetik, bai gurasoen aldetik. Momentuz oso zintzoak dira, eta horrek asko laguntzen du. Baina badaukat sentsazio bat, eta aurtengoa horregatik izango da azkeneko urtea gogor entrenatuko dudana. Urteak gora doaz. Lesio aldetik, Gasteizko txapelketa eta gero ebaketa izan nuen. Urteek ez dute barkatzen, eta nire amari askotan esaten diot inorekin konplitzen ez dudan sentsazioa dudala. Lagunak kafe bat hartzeko gelditzen dira eta nik ezin dut, txirrinduarekin atera behar dudalako. Edota asteburu pasa joan behar gara nonbaitera, eta nik ezin dut entrenatu beharra dudalako. Jadanik nahi nituen bi urte serio hartu, eta hau horietako bigarrena da: 2012koa, eta 2013n ez nuen ezer egin lesionatuta egon nintzelako. Nik uste dut garaia iritsi dela nire alabari lekukoa pasatzeko. Hurrengo urtean hasiko da eskola-kirolean eta, bueno, nik, egingo dut kirola, baina txip desberdinarekin.

Hau da guztia. Oso atsegina izan da zure ibilbidea ezagutzea eta eskerrik asko elkarrizketarengatik. Zorte guztia opa dizugu bizitzan egiten duzun guztiarekin. Berdin. Orain zuei tokatzen zaizue, ni zahartu naiz dagoeneko. Eskerrik asko.

Maider Gaztañaga euskaljakintzan from Maite Goñi on Vimeo.

, , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->