Anderrek Mateo Urresti, Manuel Urresti sukaldari famatuaren semea, laguntzaile izango du bilaketan zehar. Hainbat urtez eroetxean egona den arren, Aitorrek bere langile gisa onartu beharko du Mateo, langile bikaina izateaz gain, bere aita izan zelako sukaldean irakatsi ziona. Denboraren poderioz, biak lagun min egingo dira eta buru-belarri jardungo dute Anderren kasua konpontzeko. Mateoren neska laguna izango da jatetxeko beste langile bat, Itziar.
Anderri zegokionez, gizon isila eta alaia zen, hiru seme-alabaren aita eta aseguru-etxe baten jabe. Istorioak agerian uzten du Anderrek ez zuela zintzo jokatu bere emazte eta Aitorren arreba Laurarekin, ez baitzion aseguru-etxearen lokala lortzeko bideaz ezertxo ere aipatu. Amildegian behera botako dute eta horixe izango da istorioaren hari nagusia, hilketa horren arrazoiak argitzea, alegia. Beste maila bateko pertsonaiak ere agertzen dira: jatetxeko langileak, Irantzuren neska laguna, Aitorren gurasoak, Azua jauna, Anderren txikitako lagunak… Halako pertsonaia kopuruak ere eguneroko istoriotxoak interesgarri bilakatzen lagundu duela uste dut. Jatetxeko eguneroko lanean ugariak dira pasarteak eta istoriotxoak:
-Politago zaude gaur, zer egin duzu ilean?
Monikak zergatik ez diot ostiko on bat jotzen potroetan aurpegia jarri, baina azkenean aurrera jarraitu zuen.
-Hilabete da ile-apaindegira azkenekoz joan nintzela -ez zen hitz egiten hasi niri bizkarra erakutsi arte.
Idazteko estiloari buruz ez dago ezer asko esateko. Ikaragarri gustatu zait gauzak azaltzeko duen modua, lehen pertsonan gauza guztiak zehaztasunez deskribatze hori zoragarria iruditu zait. Aitor izango da gure leihoa liburuko mundua ezagutzeko, eta honek ikuspegi pribilegiatu bat ematen digu gertakariak ezagutzeko orduan. Bereziki azpimarratu nahi nuke egoera kritikoetan daudenean, edo gertakari handi bat jazo behar denean, Iñakik egiten dituen pertsonen deskribapenak. Euren aurpegiko keinuetatik abiatuz, barne-gogoeta guztiak azaltzen saiatzen da, eta benetan ederra iruditu zait hori, gure aurpegiak salatari izango balira lez tratatzen baititu. Horrez gain, Aitorren barneko irudipen eta usteei garrantzi handia ematen die, eta uste dut hori erakusgarri bikaina dela liburua idatzirik dagoen modua ulertzeko orduan:
Udaberriko eguzki epelez blai oroitzen dut Irantzuk etxetik alde egin zuen maiatz hura. Hego haizea indartsu zebilen kaletik gaueko hamabiak pasatxoan etxeratu eta etxea hutsik aurkitu nuenean. Irantzuk eszena bat egingo zidala uste nuen: irainak, orroka hasi, plater batzuk hautsi, atea brastako batez itxi. Horren ordez, etxea garbitu zuen.
Gertakariak zein ingurunetan gertatzen diren lehentxeago aipatu badut ere, garrantzitsua da, halaber, gertakari horiek zein ordenetan ematen diren. Izan ere, bata besteari zuzenean loturik agertzen dira, eskailera bat gora egingo balu bezala, hilketa argitzeko bidean. Denbora tarte ez oso luzean, hurrengo pausua emateko beharrezkoa dena ematen du, eta honela behin eta berriz.
Liburua benetan erakargarri egin bazait, hiru arrazoi nagusi ikusten ditut:
- Lehenik eta behin, ez duela egitura edo lexiko bereziki zailik erabiltzen. Aitzitik, liburu irakurterraza eta ulertzeko lanik ez duena da, eta hori beti da lagungarri irakurtzeko gogo biziz ez bazaude behintzat.
- Bigarrenik, aurrez aipatu dudan euskal izaera hori. Kontuan izan behar dugu euskal nobelagintzan ez direla ugariak sail honetan idatziriko liburuak, nahiz eta nik, behintzat, oso gustuko ditudan eta ia beti harrera bikaina izaten duten.
- Azkenik, nik biziki atsegin ditudan ekintzaz josiriko eszenaz beteta dago. Nire irudiko, nobela beltz bat ona izan dadin, ezinbesteko ezaugarritzat izan behar du nolabaiteko bizitasun bat, ez dadila behintzat loarazlea izan! Honako hau primeran betetzen du, ekintzak bata bestearen atzetik agertzen baitzaizkigu.
Zerbait faltan bota badut, ezusteko txikiren bat edo ustekabean agertzen den pertsonaiaren baten presentzia izan da. Orriak pasatzen joan ahala, zain nengoen sorpresa hori noiz iritsiko zen, eta halaxe iritsi zait 167. orria ere. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi titulu arraro samarra duela liburuak, edo niri, behinik behin, hala iruditu zait. Hala ere, bere kausa badu; izan ere, Anderrek, hil aurretik, Mendarora txokolatea jatera joango zirela agindu baitzion:
-Oraindik Mendarora txokolatetan joan beharra daukagu -esan zuen, eta zerbitzariak mozkor bati begiratzen zaion bezala begiratu zion. Gu, beste taberna baten bila abiatu ginen.
Esan bezala, liburu benetan atsegina iruditu zait, neguko arratsalde hotz hauetariko batean oso gustura irakur daitekeena eta, behin irakurtzen hasiz gero, askatzerik ez dagoen horietakoa. Ondorioz, eta nobela beltza gogoko baduzue behintzat, biziki animatzen zaituztet liburu hau irakurtzera. Adi egon Iñakirekin, hurrengo liburuak ere ziur bikainak izango direla eta!
Nahi izanez gero, hona hemen bere liburuaren argitalpenari buruz Argian egindako elkarrizketa eta albistea Berrian, Garan eta Diario Vascon.
Artikuluaren lehenengo zatia irakurri nahi baduzu, egin klik estekan.
No comments yet.