Tabakismoaren amaiera: “Impossible is nothing”

Aizu, zigarroaren kea beste aldera botatzea inporta al zaizu? Tankera honetako zenbat eta zenbat galdera entzun ote ditut, hala nola, tabernatan, jatetxetan, kirol instalazio ugaritan… Egia esan, erretzailea ez den pertsona batentzat ez dago bere ondoan dagoen erretzaile baten kea arnastea baino gauza nazkagarriagorik. Eta, noski, zigarrotxoa ea itzali edo ea kea beste nonbaitera bota al duen galdetzeak, normalean, ez du arazoa konpontzen; izan ere, erantzuna ia beti berdina da: hemen erre daiteke, gustatzen ez bazaizu, beste nonbaitera joan. Baina zer dela eta joan beharra daukat nik beste nonbaitera nire ondokoa erretzen ari bada? Joan dadila bera, nire osasuna ez baitut bere eskuetan utzi nahi ezta zigarroak kontsumitzen irauten duen bost minutu horietan ere. Zoritxarrez, ordea, denok dakigu gaur egun leku publiko askotan erretzea baimenduta dagoela eta gure gustukoa izan edo ez, errespetatu egin behar dugu. Komenigarria litzaiguke gogoratzea, XXI. mendeko populazioaren zati handi bat nikotinaren agindupean dagoela eta, denok dakigun bezala, esklabo hauen guztien askatasuna benetan zaila eta, askorentzat, ezinezkoa da. Hala eta guztiz ere, badirudi gaur egun tabakoaren aurkako legea indarra hartzen ari dela eta, erretzaileen beldurrerako, inoiz baino botere gehiagorekin datorrela. Dirudienez, tabakoaren azken eguna gerturatzen ari da, nahiz eta oraindik nahiko urruti dagoen. Nik, nire uste apalean, tabakoaren aurka zerbait egin behar dela pentsatzen dut eta legearen alde nago. Baina ez erabat.

Esaten nuen bezala, tabakoaren arazoa konpontzen saiatu behar garela iruditzen zait, bai. Baina egun batetik bestera gauzak aldatzea ez da erraza. Hala ere, 2006an jarri zen Tabakoaren Aurkako Legeak aurrerapauso handi bat ekarri zuela uste dut. Lege honen bereizgarri nagusienetako batek hauxe dio: taberna, jatetxe eta aisialdirako lokaletako jabeek erabaki beharko dute ea euren saltokietan erre daitekeen ala ez. Hori dela eta, taberna askok erretzaile eta ez-erretzaile zonetan banatu dute euren lokala. Legearen arabera, erretzaile gune hori egoteko 100m2 baino gehiago eduki behar ditu lokalak eta zonalde horrek %30 baino ezingo du okupatu, 16 urtez beherakoentzat debekatuta egonez sarrera. Argi dago, banaketa hau onuragarria dela bai tabakozalearentzat eta baita tabakoa kontsumitzen ez duen jendearentzat. Seguru zenbaitek galdetuko duela ea zergatik diodan onuragarria dela erretzailearentzat lege honen jazarpena. Erantzuna erraza da; izan ere, zonalde itxi honetan bakean erre ahal izango du norbanakoak, ondokoaren kexuak entzun gabe eta, garrantzitsuena, inori enbarazu egin barik. Horrela, ez-erretzaileek lasai-lasai eta inongo kerik arnastu gabe hartu ahal izango dute euren kafetxoa. Dudarik gabe, legea erakargarria eta onuraz beterikoa da oso, baina uste al du norbaitek %100 bete dela urte hauetan? Ziur baino ziurrago nago ezetz. Izan ere, orain dela pare bat aste taberna batean sartu nintzen gurasoekin. Ez-erretzaileen zonan eseri ginen eta, erretzaileen txokoari begirada azkar bat bota orduko, pare bat mutiko euren amekin ikusi nituen bertan. Hortxe ikusi nuen nire muturren parean legearen hauste garbia. Nik, jakin badakit legea osotasunean betetzea oso zaila dela; baina denok gure partetik zertxobait jarriko bagenu, tabakoaren buruhauste hau konpontzea lortuko genuke.

Hitz egiten ari garen legeak 2006tik darama zutik. Batzuentzat neurri egokia izan da bi zonaldeen bereizketa; beste batzuentzat ez. Batzuei tabernariek euren lokalean erretzea baimentzea egokia iruditu zaie; beste batzuei, ordea, ezin okerrago… Argi dago tabakozaleen eta besteen artean ez direla inoiz akordio batera iritsiko, bakoitzak bere irizpideen arabera jokatzen baitu; halere, ematen duenez, tabakoaren desagerpena hurbiltzen ari da. Horren adierazle da 2010etik aurrera jarri nahi den Tabakoaren Aurkako Lege Berria. Arau Erreal honek dioenez, guztiz debekatuta egongo da leku publiko itxi orotan erretzea, hala nola, kafetegi, jatetxe, bulego… bezalako tokietan. Nola ez, kexatu diren lehenak Espainiako Ostalaritza Federazioa eta Profesional eta Langile Autonomoen Batasunaizan dira. Nire uste apalean, arrazoi osoa dute pertsona hauek. Zergatik? Begira, orain dela 3 urte tabernari, ostalari… askok eta askok erreformak egin behar izan zituzten euren lokaletan (gogoratu 2006ko legeak zioena 100m2 baino gehiagoko lokaletan). Eta orain, inbertsio horiek erdi amortizatuta dauzkaten taberna ugariri lege-aldaketa dagoela esaten diete, hau da, euren lokaletan erretzea debekatuta dagoela adierazten zaie. Zein da hor arazoa? Tabakoaren aurkako legea ez zela ongi fokatu hasiera batetik. Lehenengo momentutik tabakoaren erabateko debekura iristeko hainbat jarraibide jarri izan balitz, orain ez ginateke egoera nahasgarri honetan egongo. Akats larriena hauxe izan da duda izipirik gabe: lokal horietako jabeei 2006ko legera egokitzeko agintzea, gero guztizko debekura pasatzeko. Honi guztiari, gainera, krisian gaudela gehitu nahi nioke. Horrenbestez, gobernuak badu zer pentsatu gertatzen ari den nahaspila honi buruz.

Beste puntu garrantzitsu bat azpimarratzea ere gustatuko litzaidake; izan ere, Europako ia herrialde guztietan existitzen da debeku hau. Ezin dugu ukatu tabakismoaren aurkako borrokan aurrerapauso handia dela, ezta gutxiagorik ere. Nik ulertzen dut ostalari asko ados ez egotea arrazoi ekonomikoak direla-eta, eta uste dut nahiko argi utzi dudala nire ikuspegia arazo konkretu honi buruz, baina guztion osasunerako eta hainbatentzat, poltsikorako, ezin hobea dela pentsatu behar dugu. Zoritxarrez, Espainiako Osasun Ministeritzak aurreikusi duenez, lege honek hainbat lokalen ixtea eragingo du, bai araudia beteko ez dutelako eta baita arazo ekonomikoak leporaino iritsiko zaizkielako ere. Gobernuak arazo hauek aurreikusi izan balitu, beste era batera antolatuko zukeen tabakoaren kontrako legedia, baina jada ezin da inolako aldaketarik egin, legea aurten betetzen hasi beharko dute eta, esandako pertsonek isun latzak ordaindu nahi ez badituzte behintzat. Tamalgarria da araudia horrelako egoera lotsagabe eta, batzuentzat, oso era desegokian ezartzea. Eskerrak, gutxienez, denon hobebeharrez den!

Hau guztia dela eta, nik tabakoaren aurkako lege berri hau ontzat eman dut. Alde batetik, gure osasunaren aldeko apostua dela pentsatzen dudalako eta, beste aldetik, tabakismoarekin bukatzeko era egokia dela iruditzen zaidalako. Hala ere, zalantza bizian jartzen dut legedi berri honen betetzea, ez baitut uste taberna eta jatetxe askotan errespetatuko denik. Era berean, esandako araudia ezartzeko ikuspegi txarra izan dela diot, lokal askok eta askok diru arazoak izango dituztelako seguruenik. Laburbilduz, tabakoaren kontsumoa murrizteko neurri ona dela deritzot, nahiz eta hainbat desabantaila izan. Beraz, saia gaitezen denok batera lege berri hau betearazten eta mundu osasuntsu bat sortzen.

Hemen duzue Eskozian jada jarrita dagoen Tabakoaren Aurkako Legearen aldeko iragarki zirraragarri bat:

Bideo interesgarri bat: Eskozian tabakoaren aurkako mugimenduaren aldeko iragarkia.

Comments { 9 }

Software Askea Jakintza Ikastolan

Ikasturte hau berezia izaten ari da Jakintza ikastola osatzen dugun komunitateko kide guztiontzat. Dakizuenez, gure ikastolak software askea erabiltzeko erabakiaren azken urratsa emanez, ikasturte honen hasieratik, ikastolako ordenagailu guztiek software librea baino ez dute.

Horrek, pentsa dezakezuenez, bere eragozpenak eta zailtasunak eragin ditu. Hori bai, guztion borondate onarekin aurrera ateratzen ari gara. Nolanahi ere, askotan, borondate ona ez da nahikoa eta ezinbestekoa dugu adituen laguntza eta eskarmentua. Hor kokatu behar dugu gure IKT dinamizatzailea den Jokin Lacallek prestatu eta gaur argitaratu duen gune berria.

Izugarria iruditu zaigu Jokinek prestatu digun txokoa. Hiru atal nagusitan banatuta dago:

Dokumentazioaren atalean, Software libreari buruz ikuspegi ezberdinak jorratzen dituzten testuak eta azalpenak topatuko ditugu. Laguntzaren atalean, Ubuntu, OpenOffice eta Mozilla Firefoxi buruzko bideo tutorialak, gidak eta fitxa teknikoak eta deskargak topatuko ditugu. Eztabaidagunean berriz, foro irekia dugu gai hauen inguruko zalantzak, ekarpenak, kritikak… luzatzeko.

Gunea eraikitzeko egundoko lana egin duen arren, gunea ez dago itxita eta guztion partaidetza bilatzen du poliki-poliki osatzen joateko. Beraz, hemendik ere dei bat luzatu nahi dugu jendearen partaidetza sustatzeko eta Jokinek dioen bezala: “Ea oraingoan etekin gehiago ateratzen diogun egindako “montaje” honi. Benetan pozgarria izango litzateke eta gunea osatzen jarraitzeko behar diren animoak eskuratzeko baliagarria.”

Horra hor gunearen aurkezpenean irakur daitekeen mezua:

2009-2010 ikasturtea berezia izan da gure ikastolan. Urte biren bueltan, ikastolan erabiltzen dugun software ia guztia librea izatea pasa gara.

Eman dugun urratsa ez da nolanahikoa izan, ikasle eta irakasleok bizi dugun egunerokotasunean eragin handia izan duen erabaki bat izan da. Aurretik egin den informazio eta kontzientziazio lana garrantzitsua izan bada ere, ezinezkoa da egoera berri honek ekarriko dituen gorabehera guztiak aintzat hartu eta aurretik lotuta izatea.

Gidatzen kotxea hartuta ikasten den bezala, software berria erabiltzen eta praktikatzen ikasten da. Eta orduantxe sortzen zaizkigu galdera, kezka eta laguntza behar nagusienak. Tira ba, txoko berri honek horiei guztiei erantzuna ematea du helburu, hasi berri dugun ibilbide honetan topatuko ditugun oztopoak gainditzen laguntzeko.

Ez da hori, baina, helburu bakarra. Badago beste bat, hain nabarmena ez dena agian, baina aurrekoa bezain garrantzitsua dena. Software askearen komunitatea eredugarria zerbaitetan baldin bada, hori erabiltzaileen artean dagoen lankidetza eta elkarlanarengatik da. Izpiritu hori ere gurera ekartzea nahiko genuke.

XXI. mendeak bere lehen hamarkada bete berri duen garai honetan, ikaskuntza norabide bakarrean gertatzen dela azaltzen duten teoriak atzean geratu dira. Gaur egun ikaskuntza zerbait soziala bezala ulertzen da, dialogikoa, denok denongandik ikasten dugu. Parekoen arteko eztabaidak, argudioen kontrastea, galde/erantzunak… ezagutza taldean eraikitzen laguntzen dute. Ikaskuntza eredu berri hau oraindik gehiago nabarmendu da teknologia berrien garapena eta interneten gertatu den iraultzarekin, batez ere.

Txoko honek denon eskura ipintzen ditu oinarrizko azpiegitura, komunikaziorako ingurunea, eztabaida eta argudioen hartu-emanetarako lekua baina badago zerbait zure esku bakarrik dagoena. Talde bezala ikasten joateko eta beharrezko heldutasun eta alfabetizazio digitala lortzeko, zure partaidetza behar-beharrezkoa da. Zure lankidetza eta partaidetza taldearen mesederako izango dela sinistuz bakarrik beteko du gune honek bere helburua. Zure esku dago, beraz, txoko honek ibilbide luzea izatea edota gauerdiko ahuntzaren eztularen parekoan izatea.

Jakintza.net-en argitaratua

Comments { 5 }

Ez zaigu ahaztu – Alberto Barandiaran

Alberto hitzaldi bateanAitortu beharra daukat liburu hau hautatu badut, ez dela aurrez entzuna nuelako edo idazlearen beste ezer ezagutzen nuelako izan, liburutegian topatu nuelako baizik. Portada begietatik sartu zitzaidan, bertan ageri den torturaturiko gizon erdi biluziaren argazkia itzulinguruak saihestuko zituen ikurtzat hartu bainuen. Atzeko azalean zioenak aurrez ondorioztatutakoa ziurtatu zidan. Ez naiz Ez Zaigu Ahaztu aukeratu izanaz damu.

Alberto Barandiaran Amillano 1964ko irailaren 24an jaio zen Altsasun (Nafarroa). Historia eta Geografian lizentziatu ostean kazetari eta idazle lanetan ibilia, gaur egun Berrian dihardu, 1990etik Euskaldunon Egunkarian lan egiten aritu ondoren. Rikardo Arregi eta Argia kazetaritza sariak irabazi ditu (azken hau bitan, 1991 eta 1999an), eta bere liburuak ere ez dira oharkabean pasa. Argitaratu dituen obren artean Atea itxi ezinik, Tene Mujika beka eskuratzea bideratu zuen lana; Pedro Diez de Ulzurrun (Eusko Jaurlaritza, 1996), izen bereko gizonaren biografia; Ez Zaigu Ahaztu kronika (Susa, 1998); Pasionaria (Elkar, 1998), Dolores Ibarruriren biografia; Gaizkileen faktoria (Euskaldunon Egunkaria, 2000), Ernest Hemingway eta euskaldunen arteko erlazioa aztertzen duena; Mundu Txikia ipuin bilduma (Susa, 2005); eta Postkronikak (Elkar, 2009), berriz Tene Mujika saria irabaztea eraman duena.

Ez Zaigu Ahaztu 70eko hamarkadan, Argentinan, izandako sarraskiak azaleratzen dituen kronika da; horietan hil ziren euskaldunak ardatz hartuta, Hego Amerikako bigarren herrialde handienean zehar egiten duen bidaian senitartekoek emandako informazioaz eta berak herrialde horretan izandako bizipenez hornitua. Iraganeko heriotza eta masakreak lurralde horretan gaur egun bizi duenarekin tartekatze horrek irakurrerraz bihurtzen dute liburua, eta baita interesgarria ere, bertako kultura eta ohituretara hurbiltzen baikaitu Albertok, dastatu dituen zapore, entzun duen musika eta ikusi duenari hitzak jarriz.

EZ ZAIGU AHAZTU

ez zaigu ahaztuKronika honetan kontatzen dena, denborari dagokionez, Argentinako diktadura militarraren garaian alde batetik (1976-1983), eta duela hamabi bat urte Barandianek herrialdea bisitatzen duenean, bestetik, kokatu behar da. Espazioari dagokionez, berriz, gertaerak, bi garai ezberdinetan izanagatik, leku berean jazotzen dira: Argentinako hiriburuan gehienbat, baina baita Pampan zehar ere.

Argentinako diktadura militarrean, 1973tik 1978ra bitarteko epean bereziki, izandako desagerpen, tortura eta heriotzak argitara atera nahi izan ditu idazleak, egiaren bila. Asko dira errepresioak desagerrarazi zituenak, hil arte torturatu, fusilatu edo hegazkinetatik itsasora botaz; 30.000 inguru, kalkuluen arabera. Eta horietako bakoitzak atzean utzi zituen senitartekoek isilean eraman dute maite zituztenen galera, eta isilean daramate arimak isildu eta gorputzak ezkutatzen ibili diren horiek aske ikustea, kalean, horiekin bizitzea edo topo egitea. Idazleak aberria aitzakiatzat hartuta, pertsona horien artean dauden euskaldunen historiak ilunpetik atera ditu liburuxka honetan.

Hegazkina hartzearekin batera ematen dio hasiera kronikari Albertok. Inguruak behatzen hasiko da Bill eta Hilary Clinton ere bisitari izango diren hirian. Kontaktuekin harremanetan jarriz –Maiatza Plazako Amak, Arozarena familia, Atxilotu Ohien Elkartea, Javier Tisera…- eta helburua betez doan heinean, leku ezberdinak ezagutzen joango da: La Bombonera, Boca Juniorsen futbol zelaia (egun batzuetara Boca JuniorsRiver Plate jokoa ikusiko duen zelai bera) edo Pampako Trenque Lauquen hirira esaterako.

Are garrantzitsuagoa da, ordea, kontakizun hauen artean emago digun informazioa, hildako horiei buruzkoa:

  • Alicia Meroño: 31 urte zituela, 1978ko urtarrilaren 5ean, militarrak bere etxean agertu ziren eta inoiz gehiago ez zuten ikusi.
  • Jon Pirmin Arozarena: 1977ko apirilaren 27an, Arozarenaren bila joan ziren militarrak bere etxera, baina ez zegoen han. Familiakoak 3 egunez egon ziren etxe barruan bahituta Jon iritsiko zain, eta hau iritsi bezain laster eraman egin zuten. Ez zen gehiago agertu.
  • Arturo Garin Gaucho: Montoneroen adar sindikaleko buruzagia zen. Harrapatu eta tortura gelara eraman zuten baina ez zuen ezer esan, bere ingurukoen datu guztiak eduki arren. Torturatu ondoren, burua hautsita ageriko koman zela utzi zuten zementu gainean, eta horrela egon zen egun eta erdiz, militarrak hilda zelako ustean zeudela. Baina esku eta hanketako korapiloak askatu, herdoildutako leihoa ireki eta ihes egin zuen biluzik, hesi metalikoa salto sinesgaitzaz gaindituta. Funtzionarioen auto bat gidatzea lortu bai, baina tamalez ez zuen irteera atea aurkitu eta harrapatu egin zuten. Gero basatiki torturatu ziurrenik hil arte.
  • Andres Armendariz: peronista zen eta 1976. urte hasieran sindikatuko ordezkaria, Austral hegazkin konpainian. Arratsalde batean, Felipe anaiarekin eta haren neskalagunarekin zegoela, eraman egin zuten eta bi egun geroago itzuli zen jipoituta. Lau hilabeteetara, hirurak batera zeudela berriro, etxea txikitu eta neska eraman zuten. 1977ko martxoaren 27an desagertu egin zen. Andresen neskalagun Graciela eta Mª Angeles arreba bere bila aritu ziren, egun bakar batean erakunde zibil eta erlijiosoetara 25 gutun bidali zituztela. Desagerpenetik aste batera polizia-etxe bat Andresen hilketa ikertzen hasi zen. Autopsian ondorengoa jakinarazi zitzaien familiarrei: 10 saihets hautsi, hortzak eta haginak erauzita, barea lehertuta eta biriketan endemia larria.
  • Celia Lopez Ugalde: 1976ko urriaren 13an bere etxeko atea bota eta eraman egin zuten. Ez zuten gehiago ikusi. 1987an lehenego aldiz Celiaren auzoko poliziburuarekin hitz egitea lortu zuten, baina ez zuten ezer asko jakin, militarrek eraman zutela besterik ez baitzien ziurtatu.
  • Pablo Tello eta Rafael Tello: Larzabaleko artzain baten biloba hauek gau batean tortura zentrora eraman zituzten. Euren emazteak ere bai. Emazteak askatu zituzten, senarrak ez zituzten gehiago ikusi. Emazteetako batek urte batzuk geroago torturatzaileetako batekin egin zuen topo kalean.
  • Salvador Arestin: gurasoak galiziarrak izanagatik Errenterian jaioa zen abokatu hau 1977ko uztailaren 6an bere bulegoan zegoela eraman zuten (Gorbaten Gaua, abokatu batzuk torturaz hil baitzituzten), burua ireki zioten eta anestesiarik gabe josi zioten gero kaskezurra, tortura gehiagorekin jarraituz.

Historia ezberdinak bildu behar dituen kronika bat idazteak dituen zailtasunak ezerezean utzi ditu Barandiaranen lanak, eta era berean, kontatzeko zuen hori bikainki azaldu digu. Liburu honetan desagertutako argentinar euskaldunen historiez gain, Argentinaren historia apur bat, eta bere bizipen propio eta deskribapenak uztartze horrek arintasuna ematen diote kontakizunari, eta irakurleengan interesa pizten. Gainera, ez dabil hitzekin jolasean orriak bete nahian, zuzenean harira jotzen du, idatzitakoa baliozkoa dela erakutsiz, eta nik asko baloratzen dut hori, darabilen estilo neutralarekin batera. Bestalde, bikainki transmititzen du biktimen sufrimendua, eta senidea torturatu dizutenak kalean aske daudela jakiteak suposatzen duen inpotentzia. Zerbait esan behar izanez gero, txanponaren beste abegikoa aipatuko nuke. Egia da, biktima euskaldunez gain, errepresore euskaldunen gaia ere lantzen duela; baina, agian, hori oso gainetik egiten duela iruditzen zait. Nolanahi ere, lan aparta Alberto Barandiaranena.

Bibliografia:
http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00166.htm
http://www.susa-literatura.com/cgi-bin/liburuak.pl?lib=narr31
http://www1.euskadi.net/euskara_sustapena/bidegileak/datos/pedro.pdf
http://www.diariovasco.com/20080112/cultura/alberto-barandiaran-kazetariaren-erreportaje-20080112.html
http://eu.wikipedia.org/wiki/Alberto_Barandiaran

Alberto Barandiaran on Dipity.

Comments { 1 }
-->