Aberria maitatzea delitu bihurtzen denean

Aminatou1Asko idatzi eta hitz egin da azken asteetan -egunkari, telebista, irrati, internet edota bestelako komunikabideetan- Aminatou Haidar ekintzaile sahararrari buruz. Emakume hau Mendebaldeko Saharako hiriburu den El Aaiún-en jaio zen 1967an eta oso gazte zenetik eman du, bide baketsuen bidez beti ere, sinisten duenaren alde egiten, Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararra errealitate izan dadin alegia.

Ustez bidezkoa denaren alde egitearren emakume honek azaldutako adorea garesti atera zaio: jazarpenak, epaiketarik gabeko espetxeratzeak eta torturak, beste basakeria askoren artean. Azkenekoz, pasa den urteko azaroaren 13an, sari bat jaso ondoren New Yorketik zetorrela, El Aaiúneko aireportuan atxiki zuten bi kazetari espainiarrekin batera, eta egun bat geroago hiriburutik egotzi zuten eta Lanzarotera bueltarazi, Haidarrek fitxa polizialean bere burua marokoartzat jotzeari ezezkoa eman zionean. Hala, hogeita hamabi egun eman zituen gose greban, bere herrira bueltatzeko aldarrikapenari une oro eutsiz.

Aminatou Haidarrena ez zen gose greba hutsa izan; bere bizitza osoan, beste aberkide askorekin batera, eman duen borrokaren erakuslearen sinbolo bat baizik. Borroka honetan, munduan izaten diren beste gatazka askotan bezala, fronte boteretsu eta ahul bat dugu, Maroko eta Sahara hurrenez hurren. Hala ere, ahultasun horren aurrean sahararrek indarra atera ahal izan dute munduari esateko bertan daudela, nazioa direla, eta nahi dutela, bakean eta askatasunean, zer izan nahi duten erabaki, bide demokratikoei gogor eutsiz hainbatetan ukatu zaien autodeterminaziora heltzeko.

Haidar hainbat aberkiderekin, Saharako bandera eskutan daramatelaAminatou borroka horren ikur bilakatu da azkenaldian, hilzorian egon ostean, bere osasuna sinesten duen kausaren alde jokatuz, beharko lukeena eta ez dena defendatzearren alegia. Familiarengandik, lagunengandik, herritik… urrun mantentzen saiatu dira, bakoitzaren aberria maitatzea eta defendatzea delitu balitz bezala. Ez dute lortu, ordea. Azkenean, Marokori hitzaren boterearen, borroka baketsuaren eta garrantzitsuagoa den saharar herriaren aurrean makurtzea besterik ez zaio geratu; horrela, argudio guztiak agorturik, Haidarren El Aaiúnera buelta onartu behar izan du. Haidarrek bataila bat irabazi du, baina bide luzea geratzen zaio oraindik, noizbait, Arabiar Errepublika Demokratiko Sahararra errealitate bilakatzea nahi badu.

Beraz, Saharak bizi duen gatazkak hortxe dirau eta hortxe jarraituko du boteretsuek herriari hitza ematen ez dioten bitartean; horixe baita, nire uste apalean, askori entzutea zail egiten bazaie ere, munduan dagoen gatazka askori amaiera emateko bide bakarra: autodeterminazioa. Beti ere, bide politiko, demokratiko eta baketsuak erabiliz, azken batean kausa edo ideia batzuen alde egiteko dagoen biderik duinena. Mahatma Gandhi handiak behin esan zuen bezala: “Odol ibaiak igaroko dira gure askatasuna irabazi aurretik, baina odol horrek geurea beharko du.”

Hementxe uzten dizuet Aminatou Haidarri gose greban zegoela egin zitzaion elkarrizketa. Ingelesez dago, baina uste dut balioko duela emakume honek sufritu duen bidegabekeriaren ideia zabalago bat egiteko.

Comments { 4 }

Kopenhage Vs. Txinako Harresi Handia

planeta_gure_eskuetan2009ko abenduaren 7tik 18ra, Kopenhage-n,klima aldaketari buruzko konferentziabat egin zen. Bertara mundu osoko agintariak joan ziren,Kiotoko protokoloa ordeztuko zuen akordio lotesle bat sinatzeko helburuarekin. Konferentzian, batez ere,CO2 emisioen murrizteaz eta herrialde pobreei klima aldaketari aurre egiteko laguntzak emateaz hitz egin zen. Baina bilera erabateko porrota izan zen, batez ere garapen prozesuan dauden herrialde handiek, Txinak batik bat,berotze globalaekiditeko duten interes ezagatik.

Industrializazioa hasi zenetik erregai fosilak (hasieran ikatza, eta geroago petrolioa eta gasa ere bai) erretzen hasi ziren. Erregai hauen konbustioak CO2 gasa sortzen du. Eguzkiaren izpi infragorri gehienak espaziora islatu egiten dira, baina negutegi gasek berriro lurrazalera islatzen dituzte, tenperatura igoz. CO2 kontzentrazioa 1800. urtean milioiko 280 parteetan (ppm) zegoen. Gaur egun, berriz, 376 ppm-tan dago. Tenperaturen igoerak kliman aldaketak eragiten ditu -azkeneko hamarkada erregistratutako beroena izan da-, adibidez, toki batzuetan euri gutxiago egitea. Gainera, poloetako izotza urtzea eragiten du. Adituek esaten dutenez, hemendik 50 urtera Ozeano Artikoan udan ez da izotzik egongo eta Antartikan azken urte hauetan izotz plataforma batzuk urtu dira. Izotza urtzeak itsas mailaren igoera eragiten du; beraz, aldaketak itzulezinak izan baino lehen, zerbait egin behar da arazoa konpontzeko.

Barack Obama eta Wen JiabaoKiotoko protokoloan herrialde aberatsek CO2 emisioak gutxitzea erabaki zuten, baina gehien kutsatzen duten nazioak, Ameriketako Estatu Batuak eta Txina, erredukzioen aurka agertu ziren. 2009an, Nazio Batuek munduko estatu guztiek onartutako akordio bat lortzeko, Kopenhagen konferentzia batera deitu zen. Estatu Batuetan, Barack Obama presidentea emisioak erreduzitzeko prest agertu zen.Europar Batasunak 2020rako 1990ekiko emisioak %20 gutxitzea erabaki zuen kondiziorik gabe, eta %30 beste nazioek antzeko erabakiak hartzen bazituzten. Mundu guztia bilera horren emaitzaren zain zegoen. Baina bileraren azkeneko egunetan Txinako Wen Jiabao lehen ministroak Nazio Batuek emisioak kontrolatzeari betoa jarriko ziola esan zuen. Azkeneko 24 orduetan Estatu Batuak, Txina,India, Brasil eta Hego Afrika akordio batera iritsi ziren, eta besteek onartu behar izan zuten. Azkenean, akordioa ez da loteslea eta tenperaturak 2050era arte gehienez 2ºC igo behar direla esaten du. Nahiz eta batzuek garaipen bat bezala aurkeztu konferentzia, porrot bat izan da: nazioak ez daude emisioak gutxitzera behartuta, 5 estatuk baino ez dute prestatu akordioa, besteak kontuan hartu gabe, eta ez du helburu zehatzik jartzen.

Global Warming MapKonferentzia honek agerian jarri du ezinezkoa dela estatu guztiak akordio batera iristea. Garatze bidean dauden herrialdeek hazkunde ekonomiko oso handia mantendu nahi dute eta horregatik ez dituzte emisioak gutxitzen. Txinaren kasuan, Txinako Alderdi Komunistak boterea mantenduko badu, hazkunde ekonomiko handia eta superpotentzia estatusa lortu behar du. Herrialde hauen ustez, nazio garatuek baino ez diote utzi behar kutsatzeari; izan ere, mendebaldeak 100 urtez kutsatu duenez, orain beraiek kutsatzeko eskubidea dutela diote. Baina mundu osoak mendebaldean dagoen bizi maila lortzen badu, planetak ez du jasango; beraz, horrek ez du kutsatzea justifikatzen.

Global Warming PredictionsBoteredunek Munich eta Yalta estiloko “appeasement” estrategia erabili dute Kopenhagen. Alde batetik, Estatu Batuek ez dute interes handirik aldaketa klimatikoa ekiditean (enpresa batzuek presioa egiten dute emisioak ez mugatzeko) eta horregatik ez dute Txina presionatu. Beste aldetik, enpresek Txinarekin eta beste herrialdeekin erlazio onak izan nahi dituzte fabrikak hara mugitzeko, soldatak baxuagoak baitira. Jarrera horrekin ez dute ikusten okerrago izango dela, planeta kaltetzen dutelako eta momentu bat iritsiko delako, non herrialde horiek, superpotentzia bihurtuta, ez duten mendebaldearen laguntzarik beharko. Ordurako demokraziek munduan eragin gutxi izango dute eta estatu boteretsuenak diktadurak izango dira, hazkunde demografikoari esker (gaur egun, Txinan, 1300 milioi pertsona baino gehiago bizi dira).

Arazo hau konpontzeko emisioen erredukzio handi bat egiteko prest dauden nazioek akordio bat sinatu behar dute, emisioak gutxitzeko. Gainera, akordioa onartzen ez dutenei, alde batetik, estatuek enpresen eta dirudunen gainean kontrol gehiago ipini behar dute, edozein negozio egin ahal ez izateko. Beste aldetik, kutsatzen jarraitzen duten herrialdeetatik datozen produktuei arantzelak jarri behar zaizkie beraien ekonomia hainbeste ez hazteko, nahiz eta hau politikoki zuzena” ez izan.

Comments { 2 }

Zenbat elektroi balio du emozio batek?

argiak1Aurtengo Eguberrietan gertuen dugun hirira, Donostiara, joanez gero, ez dugu ez izarrik, ez kandelarik, ez koloretako lerarik eta ezta bestelako apaindurarik ikusiko kaleetan zintzilik; Gabonetako argirik ere ez. Udaletxeko terrazan eta Boulevarden soilik daude garai hauetan karrikak girotzen dituzten bitxikeriak, apaindura apalak, hori bai. Izan ere, krisiak eguneroko alderdi guztiei eragiten die eta ospakizun egun hauetan kaleak apaintzen dituzten argiak ez dira salbuespen bat izan. Horregatik, aurten, hamabi autonomiatako hiriburuek argi hauek ekartzen dituzten gastuak ekidin behar izan dituzte aipatutako krisiak eragindako galerengatik. Ni ez naiz neurri honen aldekoa; izan ere, ez dut beharrezkoa ikusten.

Hasteko, argirik gabe ez da giroan Gabonetako izpiriturik sumatzen, oso tristea da kalera irten eta egun berezi hauetan gaudela ez antzematea. Ni planetaren kudeaketa iraunkorraren aldekoa naiz, eta badakit neurri honekin energia asko aurrez daitekeela, baina aurrezteko beste modu batzuk daudela iruditzen zait, Gabonetan hiritarrak kaleetako argirik gabe uztea ekiditen dutenak. Esate baterako, hiri hauetan argiak beranduago piztea (esan bezala, GABONETAKO argiak dira; ez da beharrezkoa azaroaren erdialdean pizten hastea!), argiak ordu gutxiagoz piztuta mantentzea (Madrilen gaueko hamarretan itzaltzen ari dira aurten) eta kontsumo baxuko argiak erabiltzea (LED-ak). Ekintza hauei argiak piztea baina alferrikakoagoak diren akzio batzuk erantsiz gero, benetako Eguberri giroa izan ahal izango genuke kaleetan, iraunkortasuna alde batera utzi gabe. Aipatutako LED argiek tradizionalek baino %75-%90 energia kantitate gutxiago behar dute argi kantitate berdina emateko. Gainera, gehiago irauten dute, hondakin gutxiago sortuz, eta besteek baino kolore politagoak dituzte. Beraz, merezi du hauek erabiltzea. Artikulu hau idazteko informazio bila nenbilela, eguzkiaren energiaz baliatuz argia ematen duten LED argien iragarpen batekin ere egin dut topo. Gabonetan ez dira oso ohikoak egun eguzkitsuak, baina eguneko argiaren zortzi ordu nahikoa dira argi hauek 9 orduz piztuta egoteko, gau osoa, alegia.

Horren haritik, kaleetan argirik ez egoteak ez du hiritarren Gabonetako izpirituan soilik eragiten. Hirientzako kaltegarria iruditzen zait, salerosketan eta turismoan eragina baitu faktore honek; izan ere, frogatuta dago argiek jendea erostera bultzatzen dutela. Alde batetik, kanpotarrek, edo ni bezalako inguruetako jendeak, beti izaten dute ilusio handiagoa hirira joateko erosketak egitera, argiz apainduta dagoela jakinez gero. Bestetik, hiritarrek ere gogo gehiago dute hotza alde batera utzi eta kalera irteteko paseotxo bat ematera edo; eta denok dakigu, normalean, kalera irtetean gasturen bat egiten dela, batez ere Gabonetan. Horregatik, denda askok euren kontura apaintzen dituzte erakusleihoak erosleak erakartzeko.

kaleetako argiakArtikulu hau idaztea erabaki nuenean, egia esan, ez nuen oso argi nire iritzia. Alde batetik neurri egokia iruditzen baitzitzaidan energia gutxiago xahutzeko neurriak hartzen hastea, planeta pikutara doala iruditzen baitzait. Baina, bestetik, tristura handia ematen zidan hirira joan eta Gabonetako giro hori ez nabaritzeak. Dena den, nik ez dut kexatzeko arrazoi handirik; izan ere, nire herrian, Ordizian, beti bezala apaindu dituzte kaleak . Hala ere, informazioa biltzen hasi orduko, argi ikusi nuen zein ikuspuntu defendatu. Irakurritako artikulu guztietan krisia, dirurik gabeko udaletxeen kutxak, kapitala aurreztea… aipatzen ziren, eta gai honi buruzko ikuspuntu okerra nuela konturatu nintzen. Udaletxeek ez dute neurri hau hartu energia gutxiago xahutzeagatik, dirua izan da arrazoi nagusia. Agian, krisiak ekarri duen arazo honekin, hurrengo urteetarako Gabonetako argien energia gastua txikiagoa izatea ekarriko duen argikuntza bat pentsatuko dute udaletxeek. Horrela izatea espero dut.

Beraz, krisia igaro eta hurrengo urteetan Gabonetako argiak kontu gehiagoz ipintzea ondo egongo litzateke, aipatutako neurriak kontuan hartuta eta modu estrategikoan; ez hiri batzuetan bezala, energia gastuan eta honek inguruneari dakarkion eraginean inongo begirunerik izan gabe. Penagarria iruditzen zait krisia iritsi behar izateak Gabonetako argien energia xahutzea kontuan hartzen hasteko, baina zerbaitetarako balio izatea espero dut behintzat.

Amaitzeko, lehen aipatu bezala, Donostian aurten ez dituzte kaleetan argiak ipini eta horrek, bideo honetan argi ikusten den bezala, bertako biztanleria bi iritzi ezberdinen arabera banatu du. Zer iritzi duzu zuk?

Comments { 6 }
-->