EBPNri buruzko IDEIA-LEHIAKETA Ordizian

EBPNri buruzko IDEIA-LEHIAKETA
Abenduak 31, Planari ekarpenak egiteko azken eguna

Ordiziako Udalak, herritarren parte-hartzea eta berrikuntza bultzatzeko apustuari jarraituz, 2010eko EBPNri buruzko ideia-lehiaketa antolatu du abenduaren 1etik 31ra. Helburua ordiziarrek euskararen inguruan Udal mailan egiten den lana hobetzeko ideia sortzaileak ekartzea da.

Ekimen horren bitartez, Udalak euskararen inguruan egiten duen lanaren herritarren pertzepzioa zein den ere ezagutu nahi du Euskara Zerbitzuak, hobetzeko alderdiak identifikatzearekin batera. “Konponbideak planteatzeko eta ekarpenak egiteko gonbidapena egin nahi diegu herritarrei, gutxien baloratzen dituzten gaietan irtenbideak bilatzeko”, adierazi du Udaleko Euskara zinegotzi Belen Maizak.

Ideiak abenduaren 31a bitartera proposatu ahal izango dira ebpn@ordizia.org helbidera idatzita, eta 2010eko urtarrilean zehar jasotako ideien berri emango zaie herritarrei.

2010eko euskara planari buruzko IDEIA-LEHIAKETA ORDIZIAN

Zer egin: Ordiziako euskararen egoera hobetzeko ideia bidali.

Nora idatzi: ebpn@ordizia.org

Ideiak bidaltzeko epea: Abenduaren 31

Lehiaketaren emaitza: Urtarrilak 15

Sariak

    1. saria: 2 gau Euskal Herriko nekazalturismo batean bi lagunentzat
    2. saria: iPod-a
    3. saria: euskarazko liburu sorta
Comments { 4 }

Euskaljakintza Buber sarietan finalista

Atzo Donostiako Kursaalean Buber Sariak banatu ziren.  Euskaljakintza euskara sustatzeko web gunerik onena kategorian finalista izendatua zegoen Kaixomaitia.com eta tropela.net guneekin batera. Azken honek eraman zuen saria. Argazkian ikus dezakezuenez, hantxe bertan Tropelakoak zoriontzeko aukera izan genuen.  Zorionak, tropela!

Tropela.net-eko ordezkariarekin

Tropela.net-eko ordezkariarekin

Euskaljakintzako ordezkariok pintxoz pintxo ibiltzeaz gain, barre batzuk egin eta hainbat pertsona ezagutzeko parada ere izan genuen, besteak beste, Jesus Olmedo aktorea. Esan beharra dago, han zeudenen artean, berak eraman zuela gure saria begi urdin politenei! 😉

Jesus Olmedo aktorearekin

Jesus Olmedo aktorearekin

Aurretik esanda genuen bezala, guretzat ohore handia izan da finalera iristea. Horregatik, lerro hauetan eskerrak eman nahi dizkizuegu, lehenik, gure izena proposatu eta, ondoren, bozketan gure alde egin duzuenoi. Bihotzez eskertzen dizuegu azaldutako babesa eta laguntasuna.

Euskaljakintza jarraitzen duzuenok ederki asko dakizue zein izan den gure ibilbidea azken bost urte hauetan, zein den gure lanerako filosofia. Euskara maite dugu eta gure ahalegin guztiak egingo ditugu gure hizkuntza lau haizeetara zabaltzeko, euskarazko edukiak sortzeko eta horiek guztiokin partekatzeko. Mota honetako errekonozimenduek gure eguneroko bidea, askotan malkartsua,  samurtzen laguntzen digute, eta indarrak ematen, gure benetako helburua zein den ahaztu gabe, lanean tinko jarraitzeko. Esker mila guztioi!

Comments { 5 }

ENE euskaljakintzan: ZABALDU EUSKARA!

Iritsi da aurten ere Euskararen Nazioarteko Eguna eta guk, abenduaren hirua egiten duen honetarako, hainbat egitasmo prestatu dugu. Horietako bat gaur astebete hasi genuen hitz-katea izan da. Esan beharrean gaude ustekabekoa izan dela zuengandik jasotako erantzuna, ohore izugarria. 100 iruzkindik gora izan ditugu eta bihotzez eskertzen dizuegu gurekin bat egin izana!

Alabaina, ez genuke, inola ere, gure euskara abenduaren 3ra edo aurreko astera mugatzen dela pentsatzerik nahi. Euskara da gure hizkuntza, nortasuna; euskara da gure kulturaren oinarria. Ospatze egun honetan gure harri-koskorra jarri nahi izan badugu ere, gure benetako xedea urte osoan zehar, gure apaltasunetik, euskararen zabalkundea bultzatzen saiatzea da. Nork bere harri-koskorra ekarriz, denon artean hainbeste maite dugun hizkuntzaren alde gauza handiak egin ditzakegulako uste sendoa dugu, eta guk mezu hori zabaldu nahi genuke.

Gaurko sorpresatxo bat prestatu nahi izan dizuegu. Gogoz eta, batez ere, umorez aritu gara; asmo edo borondaterik onenarekin. Emaitza halakoxea izan bada ere, zuon gustukoa izatea espero dugu: ZABALDU EUSKARA!

Entzun a cappella bertsioa:

Aiba zeatik ez (x 7)
gurea da ta!

Bakarra da-da, altxorra da-ta
goazen babestera.
Maitatzekin-kin nahikoa ez ta
hobe hitz eitea.
Tabernetan-tan, kaleetan-tan
eta edozein lekutan.
Hitzeiteko-ko, ligatzeko-ko
ta ondo pasatzeko.

Ez badeu erabiltzen galdu egingo da,
kulturaren oinarria galdu egingo da,
euskaldunon nortasuna galdu egingo da,
ez badeu erabiltzen galdu egingo da.

Comments { 11 }
-->