Egiteko maleta zail bat

Nork ez du inoiz tetris-ean jokatu? Nork ez du inoiz maleta berregin behar izan gauza guztiak sartu ezin dituelako? Nor ez da inoiz ipuina laburtu beharrean aurkitu lehiaketako 6 orrialdeak gainditzen dituela eta? Guztiok izan ditugu noizbait espazioarekin arazoak.

Espazioaren inguruko problematxo dibertigarri batekin natorkizue gaurkoan jolaserako matematika atalean. Soken problemak jasan zuen utzikeriaren ostean, “idatzizko” kuestioen konplexutasunaz ohartu nintzen. Edo, hobekiago esanda, idazteak nolabaiteko “alferkeria” eragiten duenez, problema eskematikoago batekin saiatu naiz oraingoan. Ea honek zuen kuriositatea pizten duen!!


Zertan datza, baina, desafio honek? Ikus dezakezuenez, 5 pieza ageri dira laukiaren azpian, tamainaren arabera sailkaturik; 4 trapezio itxurakoak eta karratua azkena. Bada, 5 pieza horiek karratuaren barnean kokatzea da helburua, batak bestea estaltzen ez duelarik. Erraza, ez da hala? Kontuan izan ezazue piezak ingeradako lerro grisari gainezarri ezin zaizkiola, hura ukitu dezaketen arren. Baina ukitu bakarrik!! Gauza bera piezen euren artean ere. Elkar “ukitu” daitezke, baina inola ere ez gainezarri!!

Piezak karratuaren barnean kokatzeko hauek hartu eta bertara eraman beharko dituzue. Horretarako, egin klik-erdi eraman nahi duzuen piezaren barnean eta herrestan eraman laukiaren barneraino. Azkenik, pieza askatu, xaguaren botoia sakatzeari utziz. Modu honetan, hautaturiko pieza karratuaren barnean izango duzue; errepikatu prozesua beste lau piezekin eta saiatu guztiekin puzzle antzeko bat osatzen!!

Piezak biratu daitezkeen? Noski baietz!! Zer izango litzateke tetrisa piezak biratzeko aukerak buruan sor ditzakeen mila aukera desberdinak gabe? Argi dago biratu ezean, pieza guztiak azalera zati murritz horretan kokatzea ezinezkoa dela. Bada, piezei buelta emateko sakatu SHIFT tekla eta egin klik bere ardatzaren inguruan errotatzea nahi duzuen piezaren gainean.

Azken ohar txiki bat: ez dago karratua erabat bete beharrik; piezarik gabeko eskualdeak geratzea posible da, zati hutsak, alegia.

Piezak modu zuzenean (aipaturiko baldintzak betez) kokatzea lortzen duenari zorion ohar bat azalduko zaio pantailan, desafioa gainditu duela baieztatuz. Beraz, ez “EUREKA!” oihukatu mezu hori azaldu arte. Eta, zin dagizuet, ez da lan erraza! Beste ohar txiki bat; piezak oso modu zehatzean kokatu behar dira oharra azal dadin, milimetro bat gora edo milimetro bat beherako errorea baino ez baitu joko honek onartzen. Hortaz, soluzioa aurkitu duzuelakoan bazaudete, saia zaitezte piezak ahalik eta prezisio handienaz ahokatzen, bestela ez baita inoiz zorion-mezua agertuko. Dena den, aipaturiko abisua benetan agertzen dela hitzematen dizuet, piezak modu zuzenean kokatzean; oharra existitu existitzen da, desafioak emaitza jakin bat duen modu berean. Are gehiago esango nuke: piezek ez dute kokapen zuzen bakar bat. Hartara, emaitza posible desberdinak daude. Hala ere, guztiek dute zerbait komunean. Baina ez dut pista gehiagorik emango.

Horixe da guztia; funtzionamendua azalduta geratzen da. Jokatzea erraza da, jokoa da erraza ez dena. Orain zuen esku dago desafioa gainditzea. Funtzionamenduaren inguruko duda-mudaren bat izanez gero, zintzilika itzazue zuen zalantzak erantzunen atalean; horiek argitzen ahaleginduko naiz.

Era berean, soluzioa aurkitzen duenari edota aldez aurretik hura ezagutzen duenari eskertuko nioke haren berri gainontzekoei ez ematea; ez ezazue besteen dibertsioa zapuztu, saiatzean eta saiatzean baitatza joko honen dibertimendua. Beraz, emaitza zuzena lortu duzuelakoan bazaudete, bidal iezadazue e-mail bat hura azalduz: xabier.arana@gmail.com. Lehen asmatzailearen berri emango dut erantzunen atalean. Eta orain, pentsatzera!! Ea nor den maleta egiten lehena!!

Comments { 12 }

ADI GOZOZALEOK!

Lehengo batean martxan jarri zen atal berri honi jarraipena eman nahian nabil gaur ni. Sukaldari afizionatu gisa, postreak prestatzea gogoko dut eta gaurkoan bi errezeten berri emateko asmotan nabil: Trufa Beltzak (txokolatezkoak) eta Ijito Besoa (Brazo Gitano). Zer gosea piztu al zaizue?? Bada, pasa gaitezen bi postre goxo, erraz eta merke hauen prestakuntzara. Adi!

TRUFA BELTZAK

Prestakuntza denbora: 20 minutu
Zailtasun maila: minimoa

Beharrezko osagaiak:

300 g txokolate beltz
45 g gurin
150 ml esnegain
90 g azukre (glas azukrea)
2 gorringo

Trufen estalkia burutzeko:

200 g txokolate beltz
Kakao hautsa
Azukrea (Glas azukrea)

PRESTAKUNTZA

Uhhhhmmm!!!
1. Ontzi batean txokolatea ipini eta berau urtu. Aldi berean, beste ontzi batean bi gorringoak eta azukre kantitate erdia nahastu, nahasketa homogeneo bat lortu arte.
2. Esnegaina berotu irakite puntura iritsi arte eta orduantxe gurina eta geratzen den azukrea gehitu. Dena elkarrekin ondo nahastu. Ondoren, berriz ere irakite puntura eraman eta hori lortu ostean, nahasketa guztia gorringoekin eta txokolate urtuarekin nahastu.
3. Aurreko pausoan buruturiko masa gogortzen hasten denean, koilara baten laguntzaz txokolate zatiak hartu eta bandeja batean jarri.Txokolate zati guztiak guztiz gogortzen utzi eta ondoren, eskuen laguntzaz borobildu.
4. Azkenik, trufen estalkia burutzeko txokolatea urtu eta trufak bertatik pasarazi. Era berean, ontzi banatan azukrea eta kakaoa ipini, trufak bertatik pasaraziz. Amaitutakoan, trufak hozkailuan gorde.

Erraza, ezta? Tira, saia gaitezen, bada, bigarren postrearekin.

IJITO BESOA

Prestakuntza denbora: 30 minutu
Zailtasun maila: erdizkakoa

Osagaiak:

125 g irin
125 g azukre
5 arrautza
Limoi birrindura

PRESTAKUNTZA:

1. Ontzi batean arrautzen gorringoak azukre normalarekin eta limoi birrindurarekin nahastu. Nahasketa ondo egina dagoenean, zuringoak gehitu (hauek aurretik beste ontzi batean nahastu) eta nahasketa elur-punturaino irabiatu.
2. Irinez igurtziriko bandeja batean nahasketa ipini eta gainazal guztian zehar kantitate homogeneoan hedatu, lortzen den lodiera bost zentimetro ingurukoa izatera iristen den arte.
3. Masa hau labera sartu hamar minutuz eta, ondoren, bandeja labetik atera eta masa mahai gainean ipini.
4. Esnegain nahastua masaren alde batetik igurtzi eta, ondoren, labeko paperean bildu erroilu bat lortuz. Hori egin ostean, masa hozten utzi. Hoztu ondoren, papera kendu eta glas azukre pixka bat bota.

Listo! Burutu ditugu bi postreak. Orain, berauek prestatzera animatzen al zarete?

Comments { 2 }

Antolatzaileak

TESTU ANTOLATZAILEAK

Hasierakoak

Hasteko,
Lehenengo eta behin,
Ezer baino lehen,
Ezeri ekin baino lehen,
Bazen behin
Lehen-lehenik,
…z hitz egin behar dudalarik,
Sarrera gisa esango dugu …

Ordena

Alde batetik, Bestetik,  
Ildo beretik,
Era berean,
Halaber,
Lehenik…/ bigarrenik,

(Arestian) esan bezala,
(Gorago) esan bezala,
Lehengo hariari jarraituz,
Gauzak horrela,
Horiek horrela,
Bai… bai
Ez… ez

Ideia bat aurkezteko

-ri dagokionez,
… dela eta, komeni da esatea …
Oro har,

Jarraipena

(Honen) ondorioz,
Horren haritik,
Hari beretik,
Era berean,
Bigarrenik,
Gero,
Honen ostean,
Hau (ikusi) eta gero,

Kontrakotasuna

Baina
Dena dela, / Dena den,
Hala (eta guztiz) ere,
Edozein modutan ere,
Edonola ere,
Nolanahi ere,
Esanak esan,
Hori(ek) gorabehera,
…, ordea,
…, berriz,
…, aldiz,

Aipamenak; iritziak emateko

(r)en arabera,
Askoren / Batzuen iritziz,
… (r)en ustez,
(r)en esanetan,
Diotenez,
Antza denez,
Dirudienez,
Badirudi… -(e)la
…(e)la dirudi
Dakigunez,
Irakurrí dugunez,



Adibideak jartzeko

Adibidez,
Esate baterako,
Hau
da,
Ikus, adibidez, -ren kasua:

Kasu (bat aipatzeko …)
Hori erakusteko, aipa dezagun…


Arrazoitzeko

bait-
… -(e)lako
-(e)la eta
-(e)la bide
-t(z)eagatik
Horregatik
Izan ere,
Hori dela eta,
Horrela, ba,
Beraz,
Hortaz,

Indartzea

Aipatu bezala,
Aipatu dugunez,
Berriro esanda,
Beste era batera esanda,
Zehatzago esanda,
Hobeto esanda,
(Gorago) esan bezala,
Are gehiago,
Gainera,
Kontuan hartu,
gainera,

Onarpena (ziurtasuna)

Ez dago dudarik…
Seguruenik
Ziur aski
Zer esanik ez
Egia da… -(e)la
Dudarik gabe
Zalantzarik gabe
Argi dago (e)la
Bistan da (e)la
Beharrezkoa da garbi uztea
…, noski / …, jakina

Bukaerakoak eta ondorioak

Amaitzeko, / Bukatzeko,
Amaiera bezala,
Aurreko guztia (Iaburbilduz,)
Ondorío gisa,
Amai dezagun esanez (e)la
Azkenik, zera:…
Laburbilduz,
Hitz gutxitan (esateko):…
Horrenbestez, zenbait ondorio atera daitezke: 1… 2… 3…

Ideia berriak txertatzeko 

Ez horí bakarrik,
Bestalde / Beste aldetik
Baita … ere
Baina, bestetík,
… ere bai
ez ezik … ere
Egia da, hala ere,
Izan ere,
(Horrez) gain,

Comments { 0 }
-->