ZIRKULUA – Andoni Urzelai

Andoni Urzelai Andoni Urzelai, literaturarengatik baino egun burutzen duen lanagatik izan daiteke ezagunagoa, izan ere, aretxabaletar honek, urte luzez Arrasateko Goiena Komunikazio enpresan ibili ondoren, Bainet tv ekoiztetxean egiten du lan, guztiok ezagutzen dugun “La Cocina de Karlos Argiñano” saioan.

Bere lanagatik ezagunagoa gerta daitekeela diot bere bigarren eleberria baita hau. Aurrekoarekin, Haginkada, Kutxa Irun hiria literatur saria irabazi zuen 2002an. Hala ere, idazle famatu edo arrakastatsua ez izateak ez ninduen atzera bota liburua aukeratzerakoan. Izan ere, liburu bat aukeratzerakoan, irakurtzen ari naizen bitartean nire arreta mantentzeko gai izango den begiratzen dut, ez dut nire pentsamendua aldatuko duen istorio bat bilatzen. Horregatik ez naiz oinarritzen liburua aukeratzerakoan besteengan eragindako arrakastan, nire gustukoa izatea baino ez baitut bilatzen.

Nik, literaturaren zale amorratua ez den honek, lehen esan bezala, irakurtzen ari naizen garaian nire arreta istorioan mantentzea lortzen duten istorioak ditut gogoko, irakurtzen amaitu arte irakurlea paparretik helduta mantentzen dituztenak. Hau lortzea errazagoa izaten da akzioa badago, istorioan gertakizun asko kontatzen badira. Idazlea denboran salto ugari egiten baditu eta pertsonaien pentsamenduak gehiegi aztertzera sartzen bada, askotan irakurlea galaraztea eragin dezake, eta ni bezalako irakurle ez amorratuengan baita logalea ere. Eta arrazoi horrengatik aukeratu nuen Zirkulua, udal liburutegian bere atzeko azala irakurtzean, nire iguripenak beteko zituela pentsatu nuelako, nire estiloko istorioa zelako. Baziren bere ondoan fama gehiago zuten liburu ugari, beren azaletan sari ezberdinen irabazleak zirela adierazten zutenak. Baina hau aukeratu nuen, eta, egia esan, ez naiz damutzen. Hemen duzue liburu hau aukeratzea bultzatu ninduen liburuaren atzealdean azaltzen den testua.

Liburuaren azala Eta ezagutzen dugun munduaren azpian beste bat balego? Eta ezkutuko mundu hau begi-bistan daukaguna baino anker, beltz eta siniestroagoa balitz? Zerk motibatzen du pertsona bat beste bat hiltzera? Areago, zerbaitek justifikatzen al du erailketa bat? Zer gertatuko litzateke bitarteko etiko minimoenak ahaztu, eta Estatuko indar boteretsuenak euskal abertzaleen aurka ekiteko batuko balira?
Zerbitzu sekretuek ETArekin behin betirako amaitu nahi dute. “Big bang!” operazioak Euskal Herriko kaleetan izua barreiatzea du helburu. Hor du abiapuntu eskuartean daukazun nobelak. Hortik aurrera, intriga… traizioa… tentsioa…

Zirkulua nobelak, irakurlea paparretik heldu, eta ikusi nahi ez lukeen mundu batera eroango du: telebistaren xarmak itsututako gizagaixoen mundura, interes politiko zein pertsonalen aitzakian edozer egiteko prest daudenen mundura… Azken batean, horixe baita esku artean duzun nobelan planteatzen den galdera: zer egiteko prest zeundeke, gizarte honetan NORBAIT izatera iristeko?
Eta, ikusi, entzun, usaindu, sentitu edo sinesten duguna beste batzuek ikusi, entzun, usaindu, sentitu edo sinistaraztea nahi digutena baino ez balitz?

Testu honek azaltzen duen intriga eta misterio puntu hori istorio guztian zehar mantentzen da, eta hori da edozeren gainetik nabarmendu nahi nukeena, irakurtzen erraza dela. Irakurlea momentu oro istorioari erne mantentzen duela, pertsonaia ugari azaldu arren kontatzen den guztiaz jabetzen dela, eta seguruenik euskal nobelagintzaren historiara pasatuko ez den liburu bat izan arren, irakurlea gustura uzten duela, irakurtzen amaitu ondoren, beste liburu batzuek irakurritakoaren inguruan gogoeta handirik egiteko aukera ematen ez duena, baina azken finean, irakurle gehienok bilatzen duguna eskaintzea lortzen duena, irakurleari une atsegin bat pasaraztea.

Eta nire iritziarekin guztiz bat datorren kritika bat aurkitu nuen sarean, Felipe Juaristi idazleak “El Diario Vasco” egunkarian egindakoa. Hona hemen:

Irakurri dut Andoni Urzelairen eleberri hau. Egia esan, hasi eta buka egiten diren horietakoa da, ez literatur kalitateagatik. Ez dut uste euskal literaturan eragin handirik izango duenik, baina, erraz irakurtzeaz gainera, interesa pizten duela ezin uka. Hiltzaileen pelikuletan ere horixe bera gertatzen da, akzioak bera darama ikuslea, akzio hutsak, kalitateak bainoago. Hemen, literatura klase honetan, eta salbuespenak salbuespen, izan ere literatur lan handiak baitaude genero belztean ere, antzeko zerbait gertatzen da, akzioak berak, hilketa kateak eta horrek dakartzan ondorioek, horrek mugimenduan jartzen dituen kontrako indarrek (detektibeak esaterako), interesa pizten dute, era primarioan piztu ere. Ala ez al gara lelo-lelo eginda geratzen telebistari begira, hango zaborra irensten, hango odol eta erraietako isuria zanga-zanga edaten?

Egia ere bada, liburuak, eta horrexek salbatzen du saioa, baduela zentzu ironikoa, errealitatearekiko distantziamendua erakusten du, eta errealitatea, esajeratua delako, deformaturik ageri da, barregarri azken finean. Nola zirkoko ispilu batzuetan gure irudia ere deformatua ikusten dugun, halaxe ikusten da errealitatea, loditua, itsustua. Gaia zera da: CESIDeko agente batzuek erabaki dute ETAri herri-sostengua kentzeko izua sortu behar dela kaleetan eta horretarako beren hiltzaile bat ipintzen dute jendea hiltzen. Azkenik ETAk berak ere parte hartzen du, sarraskia geldiarazteko. Esan dut lehen ere: zentzu ironikoan ez bada, ezin da ulertu nobela. Izan ere, pertsonaien argumentazioa oso kaxkarra baita, ez lukete Unibertsitatean sartzerik izango halako gizon-emakumeek, halako salbatzaileek. Eta, gainera, ETAren bileraren deskribapena dago, bueno Badakit jenero hau gero eta ugariagoa dela gure literaturan. Eta ez deritzot ez ongi ez gaizki. Bakoitzak ahal duena egiten baitu, euskal letretan izen baten jabe izateko.

El Diario Vasco, 2004-07-23

Aurretik esandakoari Felipe Juaristik aipatutako ironia puntua gehitzea besterik ez zait falta. Izan ere, liburuak, guztiok bizi dugun arazoa ironia puntu batez azaltzen du, gauzak bapigakatuz, istorioa irakurlearentzat erakargarriagoa egiten duena. Atentzioa deitu dit, eta asko gustatu zait, intrigazko edo polizia eta hiltzaileen arteko istorio batek, guztiok ezagutzen dugun arazo batean oinarritzea. Izan ere, ohituak gaude mota honetako istorio guztiak Hollywooden kokatzera, eta erakargarritasun puntu bat ematen dio istorioa Euskal Herrian bertan kokatzeak.

Beraz, liburua gomendatzea besterik ez zait falta. Nire antzera, irakurtzeak gehiegi erakartzen ez bazaitu, oso hizkuntza errazean istorio guztiz interesgarri bat kontatzen duen liburu hau proposatzen dizut, oso erraz irakurtzen dena, eta irakurlearen arreta hasieratik amaierara arte istorioan mantentzen duena. Honek guztiak ez du esan nahi irakurle amorratu zaretenoi liburu hau gomendatzen ez dizuedanik, noski! Ziur nago zuek ere atsegin handiz irakurriko duzuela liburu hau.

Andoni Urzelairen eleberriari buruz kritika gehiago irakurri nahi badituzue, egin klik hemen edo hemen.

Comments { 0 }

OROITZAPENAK, KOLPEAK ETA LAZTANAK

Aurten seigarren edizioa izango du gazte-ekimen erraldoiak, GAZTE TOPAGUNEAK, eta sorlekura itzuliko da, Sakanara, izan ere, 1994.urtean, lehenbizikoz egin zenean, bertan izan baitzen. Duela bi urte, Itsasondon ospatu zen jaialdi erraldoi hau eta hogei mila pertsona erakarri zituen mota guztietako ekintzetan parte hartzera: kontzertuak, hitzaldiak, eskulanak… Eguraldia kaxkarra izan bazen ere, merezi izan zuen, toki askotako jendea ezagutzeko eta primeran pasatzeko aukera izan baikenuen!!!

Honela bada, iritsi zaigu eguna, Euskal Herriko gazte askorentzat sekulakoa izango den eguna. Aurtengo gazte topagunean gogotsu parte hartzeko motxila bizkarrean hartu eta milaka eta milaka gazte abiatuko gara Etxarrira, gaurtik hasita 17ra bitartean iraungo duen festa honetaz gozatzera. Gaur, ordea, topagunerako Kuraia musika talde ezagunak egin duen abestiaren berri emateko asmoz zuzentzen naiz zuengana. Oroitzapenak, kolpeak eta laztanak du izena kantak eta lau egunetan zehar denok aho batez abestuko dugun abestia izango delakoan nago. Beraz, eztarriak berotzen hasi eta abestiarekin gozatzeko gonbidapena igortzen dizuet, denok Etxarrin Topa egingo dugulakoan.

Abestia entzun nahi izanez gero klikatu hemen eta PLAY-ri eman (laukitxo berdea).

OROITZAPENAK, KOLPEAK ETA LAZTANAK

Eskua irristatuz izterretan ero, bero,
lepo bati ezpain batzuk itseki zaizkio gero
gauaren ixiltasun humelaren hurrengo
borrokan oroitzen zaitut. Non zaude? Non gaude?

Ez gaitzaten bilakatu
heuretako bat
derrigorrez jantzitako hoiek!!

Oroitzapen ahaztezin, negar, amets ta muxu
Beriainen magaletan egin nahi zaitut su zu.
Eztabaidan nahiz parrandan, elkarri zukuak edanda,
kolpez-kolpe, muxuz-muxu sartuta, sartuta eta irtenda
Borrokaren aizkorari laztan goxo batzuk suz
iles hura itzulera bihar dadin Etxarrin

ezin ahaztu oroitzapenak
ez dut galdu itxaropena
sakanan independentzia
ametsen abiapuntua

egin topa ereindako
haziaren oroimenean
etorkizun emankor bat
jaioko da topagunean

Negar amets eta muxu
oroitzapen ahaztezin
gure ametsak ilargia
baino gehiago iraun behar du
beriainen magalean
itxaron behar ditut
otsoa artzai duen
artaldetik alde eginez.

Egin topa
gazte Etxarrin!
Egin topa
aske Etxarrin!
Egin topa
bizi Etxarrin!
Egin topa
aurten Etxarrin!

Informazio gehiago nahi izanez gero, klikatu hemen

Comments { 0 }

TXANTILOIA SCROLL 1

SIGLAK

1. Letra larriz, letrakera arruntez eta punturik gabe idazten dira
siglak; baita izen osoa letra etzanez idatzi beharreko izenen siglak ere.

EAE, HPS, HABE, AEK, EHU, EUTG, MCC, ELA, LAB, UGT, BBK,
BBVA, BEZ, CD, DVD…
Orduan hasi zen EGLU argitaratzen: alegia, Euskal Gramatika: Lehen
Urratsak.

Bada, ordea, salbuespenik:

1. Erabiliaren erabiliz izen arrunt bihurtu direlako letra
xehez idazten direnak: adibidez, radar (radio detecting and
ranging).
2. Letra xehez ere idatzi ohi den zenbait sigla eta akronimo:
UNESCO/Unesco, RENFE/Renfe, SEAT/Seat, ICONA/Icona…
3. Testu osoa letra larriz dagoenean (tituluetan eta), puntu eta
guzti idatz daitezke siglak: U.E.U./UEU LAGUNTZA
ESKE, A.E.B./AEB KINKA LARRIAN…

2. Siglak laburbiltzen duen izena osorik adierazten da testu
bakoitzeko lehen agerraldian, irakurlearentzat oso sigla ezaguna denean
izan ezik.

EAE (Euskal Autonomia Erkidegoa) aipatu ondoren, EUTG (Estudios
Universitarios y Técnicos de Gipuzkoa) eta MCC (Mondragón
Corporación Cooperativa) goraipatu zituen atzerritarrak.
Europar Batasuna (EB) eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB) elkar
zaintzen ari dira.
OEH (Orotariko Euskal Hiztegia) lagungarri ona da EGAtik gorako agiria
eskuratzeko.
Aldizkarien sailean, begiratu RIEV (Revista Internacional de Estudios
Vascos) eta BRSVAP (Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los
Amigos del País).

3. Deklinatzerakoan (eta ahoskatzerakoan), kontuan izan sigla
batzuk letraka irakurtzen direla, eta beste batzuk, silabaka.

EHU (e-hatxe-u): Euskal Herriko Unibertsitatea
EGA (e-ga): Euskararen Gaitasun Agiria
Oharra:
Bada zati bat letraka eta bestea silabaka irakurtzen den siglarik ere:
PSOE (pe-so-e).

4. Sigla eta deklinabide-atzizkia marratxorik gabe batzen dira,
salbu eta siglaren azken letra berberaz hasten denean atzizkia ere.

UEUn, hizlarietako batzuk ETBko kazetariak dira; beste batzuk, berriz,
EHUtik joandako irakasleak.
BBK-k adierazi du AEK-ko ikasleek gogotik eskertu dutela BBKren
dirulaguntza.

Oharrak:

1. Siglaren azken letra R gogorra denean, ez da “r� errepikatu
behar lotura egiteko. Beti ere, atzizkiaren berezko “r�ari
eutsi egin behar zaio.
ELKARen lana goraipatu du RPRko diputatu ohiak.
RPR-ren izenean dator.
2. Testu osoa letra larriz dagoenean, hona aukerak:
U.Z.E.I.REN GUNE BERRIA / UZEI-REN GUNE BERRIA

5. Deklinatzerakoan, izen berezitzat hartzen da sigla, eta leku izen
bereziak bezala deklinatzen, izen arrunt gisako siglak izan ezik.

EUDELeko arduradunak AEBra joan dira, Renoko agintariei-eta
hemengo udalen berri ematera.
EUTGko irakasle asko Deustuko Unibertsitateko ikasle ohiak dira.

Oharra:

Sigla batek izen bereko hainbat subjektu baldin baditu,
orduan sigla hori pluralean deklinatuko da hala dagokionean. Horixe
da, esate baterako, EKT (Euskal Kultura Taldea) siglaren kasua, honako
adibide honetan ikus daitekeenez:
Ahozkotasuna ikertzen ari dira Durangoko EKTn eta Gipuzkoako
EKTetan.

6. Izen arrunt gisako siglak, ordea, hitz arruntak bezalaxe deklinatuko
dira
.

Sail horretakoak dira NA (Nortasun Agiri), BEZ (Balio
Erantsiaren Zerga), CD (Compact Disc), PC (Personal Computer), GKE
(Gobernuz Kanpoko Erakunde) eta abar, eta baita hiztegi berezietako
DM (datu mota), DMA (Datu Mota Abstraktu) eta beste asko ere.

Non grabatu duzu CDa?
Nork itzali ditu PCak?
Zenbat ordaindu duzu BEZa?
Esan berriro zure NA-aren zenbakia.
Bihar hastekoa da GKE-en biltzarra.
Dakizunez, datu mota (DM) guztiak ez dira datu mota abstraktuak
(DMA); beraz, ongi bereizi behar dira DMak. Esaterako, DM hori DMA
bat da, oso ugariak baitira DMak eta DMA-ak.

Hona hemen euskarazko zenbait sigla erabilgarri:

AE Autonomia Estatutua
AEB Ameriketako Estatu Batuak
AEK Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea
AHT Abiadura Handiko Trena
BEZ Balio ERantsiaren gaineko Zerga
BPGb Barne-Produktu Garbia
BPGd Barne-Produktu Gordina
DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
DBHO Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza Ondorengoa
EAE Euskadiko Autonomia Erkidegoa
EEE Europako Ekonomia Elkartea
EH Euskal Herria
EHAA Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria
EHBO Euskal Herriko Buletin Ofiziala
EHE Euskal Herrian Euskaraz
EHU Euskal Herriko Unibertsitatea (EAEkoa)
EI Eusko Ikaskuntza
EIE Euskal Idazleen Elkartea
EITB Euskal Irrati Telebista
EJ Eusko Jaurlaritza
EKB Euskal Kulturaren Batzarra
ELB Eusko Legebiltzarra
ET Eusko Trenbideak
ETA Euskadi Ta Askatasuna
FFAA Foru aldundiak
HAEE Herri Ardularitzaren Euskal Erakundea
HIES Hartutako Inmuno-Eskasiaren Sindromea (SIDA)
HPIN Hizkuntz Politikarako Idazkaritza Nagusia
IFZ Identifikazio Fiskalaren Zenbakia (NIF)
IFK Identifikazio Fiskalaren Kodea
IK Iparretarrak
IRALE Irakaslegoaren Alfabetatze-Euskalduntzea
KEM Kontzientzi Eragozpen Mugimendua
KPI Kontsumorako Prezioen Indizea
LH Lanbide Heziketa
LK Langile Komisioak
LPEZ Lan Pertsonalaren Errendimenduaren Zerga
NAN Nortasun Agiri Nazionala
NATO Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundea (OTAN)
NBE Nazio Batuen Erakundea (ONU)
NUIZ Norbanakoen Urteko Irabazien gaineko Zerga
OHE Objektu Hegalari Ezezaguna (OVNI)
PFEZ Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga
PVP Publikoarentzako Salneurria (PSN)
SA Sozietate Anonimoa (SA)
SK Sozietate Kooperatibo
SM Sozietate Mugatu (SL)
TAO Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamendua (OTA)
TB Telebista
UEU Euskal Herriko Unibertsitatea
UZEI Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea

Jatorria:

  • ORTOTIPOGRAFIA (PDF) : letrakera arrunta, etzana, lodia, kakotxak, siglak, laburdurak… (Estilo-liburuaren lehen atala)
  • Euskal Gramatika Osoa. I.Zubiri-E. Zubiri. 84-85. orriak
Comments { 0 }
-->