About iagirre

Author Archive | iagirre

Ikusmenak iruzur egiten digu

Gure bistak askotan engainatu egin gaitzake. Gure begiei esker jasotzen duguna, erreala ez izatea gerta daiteke. Irudi batek errealitate bat baino gehiago izan ditzake, eta guk bat bakarrik nabaritu ahal izatea gerta daiteke efektu optiko bihurri batzuen erruz. Izan ere, guri ez iruditu arren, gehien engainatzen gaituen zentzumena da bista. Askotan entzuten ditugu nire begien aurrean ikusi arte ez dut sinetsiko estiloko esaldiak, eta ez gara konturatzen, begiak direla hain zuzen, errealitatea nahastea lortzen dutenak.
Ezinezkoa badirudi ere, irudi berean pertsona batek indio baten aurpegia ikusten duen bitartean, beste batek eskimal bat ikus dezake.
Logikaren mugak hausten duten irudi dibertigarri batzuekin uzten zaituztet, beraz. Ez zaitezte erotu!!

Coca Cola Zer deritzozue Coca Cola iragarki honi? Ez dirudi ezer berezirik duenik ezta? Baina begiratu ondo. Benetan Coca Cola jartzen al du? Stroop izenaz ezagutzen den efektua ematen da hemen. Idatzirik dagoena ezagutzen dugula uste dugu eta irakurtzeari uzten diogu automatikoki.

Eta beste hau?

Begiratu puntu txuria burua aurrera eta atzera mugitzen duzun bitartean? Geziak mugitzen dira ala zu erotzen ari zara? Bitxia ezta? Horrelako argazki dibertigarri gehiago nahi badituzue, egin klik hemen edo hemen.

Comments { 0 }

Sevillako lagunak

Guztiok jakingo duzuen bezala, aurreko astean Sevilla futbol taldea UEFAko txapeldun suertatu zen. Guztiok jakingo duzuela diot, egun hauetan telebistan Forum Filateliko kontu horrez gain, ez baita beste ezer egon. Horregatik nire
intentzioa ez da berriro ere telebistan kontatutako guztia errepikatzea, futbola gogoko ez duzuenak nahiko nazkatuta egongo baitzarete egun hauetan entzundakoarekin. Sevilla taldearekin azkeneko asteetan sortutako harremanaz arituko natzaizue.

Brasileko jokalariekin

Duela pare bat aste, Errealak Sevillaren aurka Donostian jokatzen zuela aprobetxatuz, Sevilla taldeari bisitatxo bat egitea bururatu zitzaigun futbolzale amorratu biri. Beraz, igande goizean, jendea oraindik Lazkaoko festetatik bueltan zetorrela, trena hartu eta Donostiara abiatu ginen. Boulevardean autobus bat hartu eta Costa Vasca hotelaren ate aurrean utzi gintuen, oraindik sarrerako erlojuan 09:39 baino ez zirelarik. Jokalariak oraindik logeletan egongo zirela pentsatu genuenez, kafetegira joan ginen gosaltzera. Kola-kao eta napolitana txiki batekin konformatu behar izan genuen; izan ere, nahiko garestia baitzen dena. Beraz, ez pentsa hoteletako gosari peto-peto bat hartu genuenik. Bukatu bezain laster jokalariak euren logeletatik jaisten hasi ziren, eta beraiekin lehenengo argazkiak atera genituen.

Navas-AgirreTaldeko hainbat ordezkarirekin igaro genuen goiza Sevilla taldeari buruz hitz egiten, egun batzuk lehenago UEFAko finalaurrekoak jokatzeko Alemaniara egindako bidaiari buruz eta abar. Benetan oso jende jatorra. Partidura joateko sarrerak eta guzti eskaini zizkiguten! Hala ere, momenturik hoberena, jokalariak bazkaltzen ari zirenean iritsi zen. Taldeko partaideentzat soilik erreserbatua zegoen gela batera sartu eta eskailera batzuk jaitsi ondoren, jokalarien jantokian azaldu ginen. Gehiengook ez diozue inongo zirrararik aurkituko Sevillako jokalari guztiak zure aurrean ikusteari, baina futbola gustuko dugunontzat…

Esaterako, Saviola, Navas eta Baiano jokalariekin hizketan jardun genuen, nire aurrean nirekin hizketan zeudela sinestu ezinik! Logeletan jokatzen zituzten play stationeko partidei buruz txantxetan aritu ondoren, alde zaharrera abiatu ginen bazkaltzera. Anoetara joan ginen 05:00etan partidua ikustera, eta goizean gurekin egondako taldeak irabazi zuen, 2-0. Egia esan, bost axola zitzaidan egun hartan Errealak galdu izanak, Munduko txapelduna izandako eta Bartzelonan jokatu izandako jokalariekin egon bainintzen goiz osoan eta hori edozeren gainetik zegoen.

Saviolarekin

Horregatik izan zen niretzat berezia pasa den asteazkeneko finala, une oro ezagunak zitzaizkidan aurpegiak ikusten bainituen: jokalariak, ordezkariak, presidentea… Berezia izan zen; izan ere, hemendik urte batzuetara, jendeari kontatu ahal izango diogulako Sevilla taldeak bere mendeurrena ospatu zuen urtean UEFAko txapeldun izan zela, eta lorpen hori erdietsi zuten jokalariekin egun batzuk lehenago goiza igaro ahal izan genuela, betiko gure oroitzapenean geratuko delarik. Asier ez pentsa erotuta nagoenik, futbola gustatzen zait, besterik ez!

Azken egun hauetan hainbeste entzundako El Arrebatok mendeurrenerako sortutako abestia entzun nahi baduzue, klikatu hemen (ondoren, beti bezala, ezkerreko laukitxo berdeari eman).

ZORIONAK SEVILLA!!!

Comments { 0 }

ZIRKULUA – Andoni Urzelai

Andoni Urzelai Andoni Urzelai, literaturarengatik baino egun burutzen duen lanagatik izan daiteke ezagunagoa, izan ere, aretxabaletar honek, urte luzez Arrasateko Goiena Komunikazio enpresan ibili ondoren, Bainet tv ekoiztetxean egiten du lan, guztiok ezagutzen dugun “La Cocina de Karlos Argiñano” saioan.

Bere lanagatik ezagunagoa gerta daitekeela diot bere bigarren eleberria baita hau. Aurrekoarekin, Haginkada, Kutxa Irun hiria literatur saria irabazi zuen 2002an. Hala ere, idazle famatu edo arrakastatsua ez izateak ez ninduen atzera bota liburua aukeratzerakoan. Izan ere, liburu bat aukeratzerakoan, irakurtzen ari naizen bitartean nire arreta mantentzeko gai izango den begiratzen dut, ez dut nire pentsamendua aldatuko duen istorio bat bilatzen. Horregatik ez naiz oinarritzen liburua aukeratzerakoan besteengan eragindako arrakastan, nire gustukoa izatea baino ez baitut bilatzen.

Nik, literaturaren zale amorratua ez den honek, lehen esan bezala, irakurtzen ari naizen garaian nire arreta istorioan mantentzea lortzen duten istorioak ditut gogoko, irakurtzen amaitu arte irakurlea paparretik helduta mantentzen dituztenak. Hau lortzea errazagoa izaten da akzioa badago, istorioan gertakizun asko kontatzen badira. Idazlea denboran salto ugari egiten baditu eta pertsonaien pentsamenduak gehiegi aztertzera sartzen bada, askotan irakurlea galaraztea eragin dezake, eta ni bezalako irakurle ez amorratuengan baita logalea ere. Eta arrazoi horrengatik aukeratu nuen Zirkulua, udal liburutegian bere atzeko azala irakurtzean, nire iguripenak beteko zituela pentsatu nuelako, nire estiloko istorioa zelako. Baziren bere ondoan fama gehiago zuten liburu ugari, beren azaletan sari ezberdinen irabazleak zirela adierazten zutenak. Baina hau aukeratu nuen, eta, egia esan, ez naiz damutzen. Hemen duzue liburu hau aukeratzea bultzatu ninduen liburuaren atzealdean azaltzen den testua.

Liburuaren azala Eta ezagutzen dugun munduaren azpian beste bat balego? Eta ezkutuko mundu hau begi-bistan daukaguna baino anker, beltz eta siniestroagoa balitz? Zerk motibatzen du pertsona bat beste bat hiltzera? Areago, zerbaitek justifikatzen al du erailketa bat? Zer gertatuko litzateke bitarteko etiko minimoenak ahaztu, eta Estatuko indar boteretsuenak euskal abertzaleen aurka ekiteko batuko balira?
Zerbitzu sekretuek ETArekin behin betirako amaitu nahi dute. “Big bang!” operazioak Euskal Herriko kaleetan izua barreiatzea du helburu. Hor du abiapuntu eskuartean daukazun nobelak. Hortik aurrera, intriga… traizioa… tentsioa…

Zirkulua nobelak, irakurlea paparretik heldu, eta ikusi nahi ez lukeen mundu batera eroango du: telebistaren xarmak itsututako gizagaixoen mundura, interes politiko zein pertsonalen aitzakian edozer egiteko prest daudenen mundura… Azken batean, horixe baita esku artean duzun nobelan planteatzen den galdera: zer egiteko prest zeundeke, gizarte honetan NORBAIT izatera iristeko?
Eta, ikusi, entzun, usaindu, sentitu edo sinesten duguna beste batzuek ikusi, entzun, usaindu, sentitu edo sinistaraztea nahi digutena baino ez balitz?

Testu honek azaltzen duen intriga eta misterio puntu hori istorio guztian zehar mantentzen da, eta hori da edozeren gainetik nabarmendu nahi nukeena, irakurtzen erraza dela. Irakurlea momentu oro istorioari erne mantentzen duela, pertsonaia ugari azaldu arren kontatzen den guztiaz jabetzen dela, eta seguruenik euskal nobelagintzaren historiara pasatuko ez den liburu bat izan arren, irakurlea gustura uzten duela, irakurtzen amaitu ondoren, beste liburu batzuek irakurritakoaren inguruan gogoeta handirik egiteko aukera ematen ez duena, baina azken finean, irakurle gehienok bilatzen duguna eskaintzea lortzen duena, irakurleari une atsegin bat pasaraztea.

Eta nire iritziarekin guztiz bat datorren kritika bat aurkitu nuen sarean, Felipe Juaristi idazleak “El Diario Vasco” egunkarian egindakoa. Hona hemen:

Irakurri dut Andoni Urzelairen eleberri hau. Egia esan, hasi eta buka egiten diren horietakoa da, ez literatur kalitateagatik. Ez dut uste euskal literaturan eragin handirik izango duenik, baina, erraz irakurtzeaz gainera, interesa pizten duela ezin uka. Hiltzaileen pelikuletan ere horixe bera gertatzen da, akzioak bera darama ikuslea, akzio hutsak, kalitateak bainoago. Hemen, literatura klase honetan, eta salbuespenak salbuespen, izan ere literatur lan handiak baitaude genero belztean ere, antzeko zerbait gertatzen da, akzioak berak, hilketa kateak eta horrek dakartzan ondorioek, horrek mugimenduan jartzen dituen kontrako indarrek (detektibeak esaterako), interesa pizten dute, era primarioan piztu ere. Ala ez al gara lelo-lelo eginda geratzen telebistari begira, hango zaborra irensten, hango odol eta erraietako isuria zanga-zanga edaten?

Egia ere bada, liburuak, eta horrexek salbatzen du saioa, baduela zentzu ironikoa, errealitatearekiko distantziamendua erakusten du, eta errealitatea, esajeratua delako, deformaturik ageri da, barregarri azken finean. Nola zirkoko ispilu batzuetan gure irudia ere deformatua ikusten dugun, halaxe ikusten da errealitatea, loditua, itsustua. Gaia zera da: CESIDeko agente batzuek erabaki dute ETAri herri-sostengua kentzeko izua sortu behar dela kaleetan eta horretarako beren hiltzaile bat ipintzen dute jendea hiltzen. Azkenik ETAk berak ere parte hartzen du, sarraskia geldiarazteko. Esan dut lehen ere: zentzu ironikoan ez bada, ezin da ulertu nobela. Izan ere, pertsonaien argumentazioa oso kaxkarra baita, ez lukete Unibertsitatean sartzerik izango halako gizon-emakumeek, halako salbatzaileek. Eta, gainera, ETAren bileraren deskribapena dago, bueno Badakit jenero hau gero eta ugariagoa dela gure literaturan. Eta ez deritzot ez ongi ez gaizki. Bakoitzak ahal duena egiten baitu, euskal letretan izen baten jabe izateko.

El Diario Vasco, 2004-07-23

Aurretik esandakoari Felipe Juaristik aipatutako ironia puntua gehitzea besterik ez zait falta. Izan ere, liburuak, guztiok bizi dugun arazoa ironia puntu batez azaltzen du, gauzak bapigakatuz, istorioa irakurlearentzat erakargarriagoa egiten duena. Atentzioa deitu dit, eta asko gustatu zait, intrigazko edo polizia eta hiltzaileen arteko istorio batek, guztiok ezagutzen dugun arazo batean oinarritzea. Izan ere, ohituak gaude mota honetako istorio guztiak Hollywooden kokatzera, eta erakargarritasun puntu bat ematen dio istorioa Euskal Herrian bertan kokatzeak.

Beraz, liburua gomendatzea besterik ez zait falta. Nire antzera, irakurtzeak gehiegi erakartzen ez bazaitu, oso hizkuntza errazean istorio guztiz interesgarri bat kontatzen duen liburu hau proposatzen dizut, oso erraz irakurtzen dena, eta irakurlearen arreta hasieratik amaierara arte istorioan mantentzen duena. Honek guztiak ez du esan nahi irakurle amorratu zaretenoi liburu hau gomendatzen ez dizuedanik, noski! Ziur nago zuek ere atsegin handiz irakurriko duzuela liburu hau.

Andoni Urzelairen eleberriari buruz kritika gehiago irakurri nahi badituzue, egin klik hemen edo hemen.

Comments { 0 }
-->