Sevillako lagunak

Guztiok jakingo duzuen bezala, aurreko astean Sevilla futbol taldea UEFAko txapeldun suertatu zen. Guztiok jakingo duzuela diot, egun hauetan telebistan Forum Filateliko kontu horrez gain, ez baita beste ezer egon. Horregatik nire
intentzioa ez da berriro ere telebistan kontatutako guztia errepikatzea, futbola gogoko ez duzuenak nahiko nazkatuta egongo baitzarete egun hauetan entzundakoarekin. Sevilla taldearekin azkeneko asteetan sortutako harremanaz arituko natzaizue.

Brasileko jokalariekin

Duela pare bat aste, Errealak Sevillaren aurka Donostian jokatzen zuela aprobetxatuz, Sevilla taldeari bisitatxo bat egitea bururatu zitzaigun futbolzale amorratu biri. Beraz, igande goizean, jendea oraindik Lazkaoko festetatik bueltan zetorrela, trena hartu eta Donostiara abiatu ginen. Boulevardean autobus bat hartu eta Costa Vasca hotelaren ate aurrean utzi gintuen, oraindik sarrerako erlojuan 09:39 baino ez zirelarik. Jokalariak oraindik logeletan egongo zirela pentsatu genuenez, kafetegira joan ginen gosaltzera. Kola-kao eta napolitana txiki batekin konformatu behar izan genuen; izan ere, nahiko garestia baitzen dena. Beraz, ez pentsa hoteletako gosari peto-peto bat hartu genuenik. Bukatu bezain laster jokalariak euren logeletatik jaisten hasi ziren, eta beraiekin lehenengo argazkiak atera genituen.

Navas-AgirreTaldeko hainbat ordezkarirekin igaro genuen goiza Sevilla taldeari buruz hitz egiten, egun batzuk lehenago UEFAko finalaurrekoak jokatzeko Alemaniara egindako bidaiari buruz eta abar. Benetan oso jende jatorra. Partidura joateko sarrerak eta guzti eskaini zizkiguten! Hala ere, momenturik hoberena, jokalariak bazkaltzen ari zirenean iritsi zen. Taldeko partaideentzat soilik erreserbatua zegoen gela batera sartu eta eskailera batzuk jaitsi ondoren, jokalarien jantokian azaldu ginen. Gehiengook ez diozue inongo zirrararik aurkituko Sevillako jokalari guztiak zure aurrean ikusteari, baina futbola gustuko dugunontzat…

Esaterako, Saviola, Navas eta Baiano jokalariekin hizketan jardun genuen, nire aurrean nirekin hizketan zeudela sinestu ezinik! Logeletan jokatzen zituzten play stationeko partidei buruz txantxetan aritu ondoren, alde zaharrera abiatu ginen bazkaltzera. Anoetara joan ginen 05:00etan partidua ikustera, eta goizean gurekin egondako taldeak irabazi zuen, 2-0. Egia esan, bost axola zitzaidan egun hartan Errealak galdu izanak, Munduko txapelduna izandako eta Bartzelonan jokatu izandako jokalariekin egon bainintzen goiz osoan eta hori edozeren gainetik zegoen.

Saviolarekin

Horregatik izan zen niretzat berezia pasa den asteazkeneko finala, une oro ezagunak zitzaizkidan aurpegiak ikusten bainituen: jokalariak, ordezkariak, presidentea… Berezia izan zen; izan ere, hemendik urte batzuetara, jendeari kontatu ahal izango diogulako Sevilla taldeak bere mendeurrena ospatu zuen urtean UEFAko txapeldun izan zela, eta lorpen hori erdietsi zuten jokalariekin egun batzuk lehenago goiza igaro ahal izan genuela, betiko gure oroitzapenean geratuko delarik. Asier ez pentsa erotuta nagoenik, futbola gustatzen zait, besterik ez!

Azken egun hauetan hainbeste entzundako El Arrebatok mendeurrenerako sortutako abestia entzun nahi baduzue, klikatu hemen (ondoren, beti bezala, ezkerreko laukitxo berdeari eman).

ZORIONAK SEVILLA!!!

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->