Hudoa, gizakiaren beste lagun hori

Pare bat urte pasa dira nire arrebak lehen hudoa etxera ekarri zuenetik. Egia esan, lehenbiziz animaliatxoari begiratzean, zango motzetako katakume klase arraro bat zela iruditu zitzaidan, edota horrela ez izatearen kasuan, hamster amorfo bat izango zelakoaren alde egingo nuen apustu. Baina, azkenean, ez bata eta ez bestea. Arrebari etxeko izkin guztiak usnatzen ari zen animaliari buruz galdegitean, hudo (gaztelaniazko “hurón”) baten aurrean aurkitzen nintzela erantzun zidan. Bai, agian, izen hori aurretik noizbait entzuna nuen, ostera, animalia hauei buruz ezer gutxi nekien, zertaz elikatzen diren, zein animalia-familiatatik datozen, euren izaera edota beste xehetasuneei dagokienez ideiarik ere ez bainuen. Hala eta guztiz ere, igaro diren bi urte hauetan denbora nahikoa izan dut hudoak ezagutzeko. Horrela, bada, epe horretan jasotakoa zuekin konpartitzea gustatuko litzaidake.

Lehenik eta behin, argi eta garbi utzi nahi nuke, hudoak ez direla animalia marraskariak, askok uste duten moduan, mustelidoen taldekoak baizik, igaraba, mofeta eta bisoiaren antzera, hortik bere izen zientifikoa Mustela furo izatearena. Ugaztun hauek adimen eta fisikoki abilak izateaz gainera, zakur edota katuengandik jaso daitekeen txera emateko gai ere badira, aintzakotzat hartu beharra baitago ez direla animalia basatiak, gizakiak heziak dira, domestikoak, hain zuzen ere.

Jadanik K.a.3000. urtean egipzioek hezten zituzten eta, mendeak pasa ahala, Europan (adituen aburuz hudoen jatorrizko lurraldea) tira handia izatea lortu zuten, etxeetatik arratoi eta saguak uxatzeko adiskide paregabe bilakatu zirelako, besteak beste. Gainera, aipatu beharra dago, nahiz eta denbora luzea izan ez geroztik iragan dena, gaur egun ere helburu berarekin erabiltzen dituztela zenbaitzuek, batez ere, mendi inguruko etxe nahiz bordetan. Halaber, untxien ehizarako duten baliagarritasunagatik ere ezagunak dira.

HUDOEN EZAUGARRI NAGUSIAK:

-Jaiotzean guztiak tamaina eta itxura berekoak dira. Heldutasuna lortzean, aldiz, arrek 40-45 cm-ko luzera (muturretik isatsera) eta 1,5-2,5 Kg-ko pisua lor dezakete, eta emeek, ostera, 40 cm inguruko luzera eta 750 g-1,5 Kg-ko pisua . Era berean, emeek arrek baino mutur luze eta zorrotzagoa izaten dute orokorrean.
Kolore desberdinekoak daude, hala nola, marroi edo beltzak (mapatxeen antzekoak), txuriak (albinoak)…
-8-11 urte inguru bizi daitezke.
-Elikadurari dagokionez, denetarik jateko prest daude, ez baitiote ia ezerri muzin egiten; baina albaitarien arabera, egokiagoa da euren eguneroko dietan beren janari berezia (katuen antzekoa) soilik izatea (noizean behin haragi edota barazkiak jan ditzakete).
-Izututa edota urduri sentizen direnean, usain ezatsegin bat askatzen dute uzkitik. Hala eta guztiz ere, kirats hori sortzen duten guruinak ebakuntza sinple baten bitartez ken daitezke (orokorrean ebakuntza hori izan gabeko hudoak ez dira saltzen, salgai dagoen hudoa kumea izatearen kasuan izan ezik).
-Orokorrean,15-20 ordu egiten dute lo egunero, eta lo ez daudenean, kaiolatik ateratzeko irrikitan egoten dira, jendearekin jolastea oso gustukoa baitute. Halere, euren kontura etxeko bazter guztiak miatzea ere ikaragarri gustatzen zaie. Azpimarratzekoa da izatez lotiak izanagatik, ez direla animalia bareak, esna daudenean zeharo alaiak eta “aktiboak” baitira.

Aurretik esan bezala, azken urteotan , hudoak maskota gisa ospea bereganatu du (batez ere, AEBn; bertan, “ferret” izenez ezagutzen dira). Kasu honetan ezinbestekoa da esatea, bada, mustelido honek, animalia guztiekin gertatzen den bezalaxe, nahitaez bete beharreko zaintza minimo bat eskatzen duela bere jabearen eskutik, kaiola eta ur eta janari ontziak egunero garbitzea, esate baterako. Nolanahi ere, animaliarekiko erantzukizuna ez da soilki higienean oinarritzen, izan ere, hudoak kaiolatik irteten uzteko eskatzen duenean, irteteko beharra duen seinale baita, beraz, egiten ari zarena utzi eta mesede hori egin beharko diozu. Berdin-berdin gertatzen da txertoekin; txakur eta katuekin gertatzen den moduan, urtero gaixotasun desberdinen kontrako txertoak premiazkoak dituzte.

Gogoratu hudoek behar dituzten zaintza hauek guztiak emateko gai ez izatearen kasuan, hobe dela hudoaren eta zure onerako maskota hau ez erostea.

Animalia xelebre hauei buruz gehiago jakin nahi izanez gero, egin klik hemen.

Comments { 0 }

ITSASALDEKO BORROKAK

Itsasoko mugetatik haratago, ozeano Australean, Australia eta Antartida artean, ekologista talde txiki bat eta “ikerketa zientifikoko� flota japoniar bat aurrez aurre ibili dira amaierarik gabeko egunetan, eguzkiak indar handienarekin jotzen duen sei hilabete horietan. Borroka honek amaierarik ez duela ematen du, inork ez baitu atzera jo nahi. Agian, bale jainkotegi honetan ugaztun hauen oihartzunik entzuten ez denean bukatuko da dena, nork daki noiz. Gauza jakina da, hala ere, pixkanaka- pixkanaka helmuga gertuago dagoela, baleak iraungitzen ari baitira modu alarmagarri batean. Munduko ugaztunik handienaren amaiera gertu dago.

Duda izpirik ez dago egoera honen eragile bakarra gizakia dela. Konkretuki itsasoaren eremu honetan, Zetazeoen Ikerketarako Japoniar Erakundearen izenpean dabilen itsasontzi erraldoia. Jada baimendua dagoen bale kopurua gainditua dute, 935 bale, hain zuzen, eta gehiagoren bila doaz. Harrapatu eta hil ostean, txikituak izan ohi dira eta euren koipe eta gantzak lauskitzen zaizkie, ondoren mundu osoan zehar aurpegian emango diren edertasun kremak ekoizteko. Baina batez ere japoniar merkatuetan zabaltzeko behar dute bere haragia. Japoniarrak arrain kontsumitzailerik handienak dira, eta bale haragia proteinetan aberatsa da, ez du gizentzen eta edertu eta indartzen du gainera. Hau gutxi balitz, zientzia erakundeak behin eta berriz eman du aditzera euren helburua zientziara atxikirik dagoela eta balearen ondorengotza bermatzeko asmoa dutela.

Greenpace, ordea, ez dago batere ados eta itsasora jaurtiki da hau nola edo hala ekiditeko. 57 pertsona diren arren, ez dute esperantzarik galtzen eta baleari jaurtikitako arpoiari loturik diraute, Oriental Blue ontzi erraldoitik eurengana presio gogorrez isurtzen duten urari so eginez. Hala ere, hau ez da nahikoa eta ezin izan dute balearen heriotza ekidin. Itsasoa erabat gorritu da. Jada Greenpeace taldekoek ezin dute askoz gehiago egin, erregaia falta dute eta janaria ere ez dago soberan.

Gauzak horrela, bertatik aldentzea beste aukerarik ez dute. Hala ere, ez dute etsi eta orain japoniar kaleak hartuko dituzte herritarrak jaten dutenaz ohar daitezen. Bitartean, 123. balea erori da ontzi erraldoien upategietan. Esperantza apur bat geratzen da orandik; gehiago izan zitezkeen aurre hartu ezean.

Gai honetan interesatua bazaude, klikatu hemen.
Ekintza honen eta beste zenbaiten aurrean Greenpeacen iritzia jakin eta hori ekiditeko zer egin dezakezun jakin nahi izanez gero, klikatu hemen.

Comments { 0 }

Euskal Herriko Itzulia 2006

Alejandro Valverdek ( Illes Balears) Oscar Freire (Rabobank) helmugako marran gainditzen du

Euskal Herriko txirrindulari lasterketarik handiena eta ikusgarriena iritsi da, Euskal Herriko Itzulia. Munduko txirrindulari hoberenak bilduko dira denek helburu bat dutelarik, Zallako helmugan garaile izatea. Baina hau lortzeko bidea ez da erraza izango, aurrez aurre mundu osoko ziklistarik hoberenak izango baititu, Danilo di Luca, Iban Mayo, Samuel Sánchez, Alejandro Valverde, Alberto Contador, Aitor Osa, Thomas Dekker, Patxi Vila eta Frank Schleck, besteak beste. UCI Pro Tour-eko 5. lasterketa honetan, UCI Pro Tourreko 20 taldeez gain, gonbidatutako beste bi talde ere aurkeztuko dira, Relax-Gam espainiarra eta Kaiku euskalduna.

Egun hauetan, Nazioarteko Txirrindularitza Erakundeak, UCIk, jakinarazi duenez, Euskal Herriko Itzulia munduko 3. txirrindulari probarik garrantzitsuena da antolakuntzari dagokionez, Frantziako Tourrak eta Dauphine Liberé-k bakarrik gainditua. Beraz, egun hauetan munduko txirrindularitza maila handiena ikusi ahal izango dugu leihora ateraz edo Lazkaomendira bertara hurbilduz.

Egin beharko duten ibilbidea oso gogorra izango da urtero legez, eta txirrindulariei zangoak majo berotuko zaizkie. Lehenengo bi etapek itzuliaren garailearen izena emango ez diguten arren, irabaziko ez dutenen izenak emango dizkigute, Euskal Herriko Itzulia lasterketa selektiboa baita eta egunak pasa ahala, karrera irabazteko izenen erorketa biziko baitugu. Baina benetan erabakigarria azkeneko etapa izango da 24 kilometrotako erlojuaren kontrakoa korrituko baitute Zallan. Azken etapa honen ibilbide motzean 2 mendate igaro beharko dituzte, eta, beraz, erlojuaren kontrako espezialisten eta lasterketako txirrindulari indartsuenen lehia bizia izango dugu.

Irun-Segura 2. etapako ibilbidea Guri dagokigunean, bigarren etapa Irun-Segura izango da, 155 km egin beharko dituzte eta, besteak beste, Ordiziatik pasako dira, Jakintza Ikastola paretik, hain zuzen ere. Baina etapako daturik aipagarriena igo beharko dituzten 12 mendateak! dira. Errepide oso estuetatik pasa beharko dira eta matxuraren bat erabakigarria izan daiteke. Espero dut ikuskizun polita bizi izatea. Ni, behintzat, hortxe izango naiz, dena gertu-gertutik bizitzeko prest!

Egunean egunekoa jarraitu edo irabazlea zein izango den jakiteko lehiaketan parte hartu nahi baduzue, klikatu hementxe.

Comments { 4 }
-->