EUSKALJAKINTZA AURREUNIBERTSITATEKO IKASLE ONENEN ARTEAN!

Azkenean lortu dut konektatzea!!! Ez da erraza izan, atzo Madrilera iristea bezain zaila, egia esan! Imajinatzen duzue Ordizia-Madril 12 ordutan? Bada, horixe izan zen egin genuena!! Eta zuek pentsatuko duzue: “Baina, nola?? Arazoren bat bidean?? Zerbait hondatu zen?? Eeeez! Bakarrik, behin bidaiatzen hasita, Espainia osoa zeharkatu genuela hiriburura iristeko. Bai, bai, o-so-a: Ordizia – Gasteiz- Logroño – Alfaro… Azkenean, Madrilgo mendilerrora iritsi eta hiruzpalau aldiz galdu ondoren, lortu genuen gure xedea: mendi puntan zegoen LA BARRACA hotelera iristea!! Neke-neke eginda heldu ginen, baina gu beti lanerako prest, gure lehenengo kronikatxoa bidaliko genuela erabaki genuen (mugikorren bidez bidaian esan genizuen bezala). Baina, tira, ikusiko bazenute ze aurpegi jarri zuten hotelekoek WIFIrik bazuten galdetzean???? Lastima kamera eskuetan ez genuela, bestela… Beno, kontua da Nebrijako Unibertsitatean gaudela oraintxe eta niri irakasle baten bulegoa utzi didatela (hemen badute WIFIa baina inork ez zekien pasahitza…).

Oztopoak alde batera utzita, zertan gabiltzan kontatu behar dizuet. Nebrijako Unibertsitateak urtero antolatu ohi du “CONCURSO DE MEJORES ALUMNOS PREUNIVERSITARIOS” delakoa eta ikastolara bere unibertsitate-eskaintza egitera etorri zirenean, honen berri eman ziguten. Gure euskaljakintzako Iñigo Agirre, Igor Novo, Xabier Larraza, Xabier Araña eta Ibai Mendiari izugarri gustatu zitzaien ideia eta baldintzak betetzen zituztela ikusirik (Batxilergo 1go mailako emaitza akademikoetan batez bestekoa 7 izatea) berehala mugitu ziren izena emateko. Neska talde bat ere ez zen atzean gelditu eta, azkenean, bi kandidatura aurkeztu genituen. Ez genuen baina lortu bi taldeak hautatuak izatea. Lastima! Baina kontuan izan behar da Espainia osoko ikastetxe mordo bateko ikasleak izaten direla hautagai eta talde batena besterik ez bada ere, gustura jaso genuen hautapenaren berria. Beraz, hementxe gaude: Nagore Andueza, Enara Etxeberria, Arrate García, Irati Larraza, Esther Eskisabel eta ni.

Bi hitzetan azaltzeko lehiaketak bi egun irauten du. Lehenego egunean, orientaventura deitzen diotena dugu: mapan zehaztutako hainbat puntu aurkitu behar dituzte eta, horretaz gain, hainbat froga fisiko gainditu ( zuhaitzetara igo, txirrinduz oztopo batzuk zeharkatu, arku eta zerbatina-tiroa egin…). Ikusten duzuen bezala, abentura ez zaigu falta!!

Goizeko 10:30ean eman diote lehen saioari hasiera eta hortxe dabiltza gure neskak erabat konzentratuta puntu horien bila eta bidean topatzen duten oztopo eta traba orori aurre egiteko prest! Esan behar, atzo gauean gure estrategia zehaztu genuela eta bai taldeko kapitaina eta bai besteak mentalitate lehiakor bezain positiboarekin sumatu nituela (ja-ja).

Beno, oraintxe iristear daude lehen froga honetatik (bozgorailutik esan dute). Banoa korrika. Ea nola joan diren gauzak!! Izango duzue gure berri!!!

Comments { 2 }

Tramitezko partidua zena…

Joan den asteazkenean Tau Baskonia eta Moskuko CSKAk aurrez aurre jokatu zuten partiduan ohorea besterik ez zegoen jokoan, CSKA eta Tau 1. eta 2.postuan finkaturik baitzeuden hurrenez hurren Euroligako Top 16ko beraien taldean, biek hurrengo faserako txartela eskuratuta zutelarik.
Baina bi talde hauek aurkakotasun handia izanik Euroligako aurreko edizioetan eta jakinik, Tauk Buesa Arena pabilioian Euroligan 15 hilabete daramatzala porrota zer den ezagutu gabe, oso ikuskizun duina erakutsi zieten bertara hurbildu zen zale andanari.

Partidua 70-63ko markagailuarekin bukatu zen, Tauren alde. Hala ere, han dena ez ziren albiste onak izan, Tauk jakin baitzuen hurrengo faserako aurkaria nor izango duen, Panathinaikos ahalguztiduna alegia, kosta ala kosta saihestu nahi zutena.

Partiduaren azterketari dagokionez, Perasovic-ek (gasteiztarren entrenatzaileak) normalean gutxi jokatzen dutenei minutuez gozatzeko aukera eman zien, eta erantzun bikaina eman zuen Sergi Vidal hegaleko kataluniarrak, 16 puntu sartu baitzituen, partiduko izarra ezbairik gabe.

1go zatiari baldar ekin zion Tauk, bere aurkariaren izen handiak beldurturik eta sistema aldaketen ondorioz, Prigioni antolatzaile argentinar bikaina ez baitzen hasierako bostekoan atera, bere ordez, Roko Leni Ukic kroaziarra atera baitzen, partidu benetan penagarria burutu zuena.

2. zatian, ordea, hasierako presioaren zama kenduta, Prigioniren kantxaratzeak lagunduta eta Vidal eta Erdoganek 6,25 marratik izan zuten aportazioari esker, Tauk buelta eman zion markagailuari, 30 eta 26ko aldeko markagailua finkatuz.

Hala ere, 2. zati hau bukatzeko 2 minutu faltan, Moskuko taldean Papaloukas antolatzaile greziarra kantaxaratu zen eta bere taldea bizi-berritu eta atsedenaldian 32 eta 34ko markagailua utzi zuen. 3. zatian ere markagailuak estu jarraitu zuen eta azpimarragarria da Drobnjak serbiarrak eginiko lan gogorra. 4. eta azken zatian, berriz, Tauk estu hartu zituen aurkariak defentsan eta gainera bi pibotak, Scola eta Splitter, fin aritu ziren uztai azpian.

Horrela, Tauk ohoreari eutsi eta 70 eta 63 irabazi zion Europa osoan aurrekontu gehien duen taldeari.
Zaleak gainera irribartsu atera ziren behingoz. Aipatu,azkenik, Vidalen partidua izan zela atzokoa eta Prigionik Splitterrekin egindako “alley-up”ak pabilioia zutik jarri zuela.

Berrian partidu honi buruz Jon Rejado gasteiztarrak idatziriko artikulua ikusi nahi baduzue, klikatu hemen.

Comments { 0 }

Frantziako lehen kontratuaren aurkako mobilizazio historikoak

Frantziako mobilizazioak Entzunda eta ikusita izango duzuen bezala, Frantziako ikasleak eta zenbait sindikatu mobilizazio ugari ari dira egiten Dominique de Villepinek, Frantziako lehen ministroak, martxan jarri nahi duen lehen kontratuaren aurka. Lehen kontratu hau 26 urte baino gutxiago dutenei zuzendua dago eta, funtsean ondorengoa dakar: 2 urteko iraupena duen kontratu batean, inolako kalte ordainik gabe kaleratzeko eskubidea ematen dio enpresa buruari.

Gauzak honela daudela, 3 milioi pertsonatik gora mobilizatu dira kontratu honen abolizioa eskatuz. Baina Villepinek esan duenez, kontratua ez da kenduko nahiz eta zenbait gauza eztabaidatzeko alde agertu den. Sindikatu gehienek eta ikasleek mahai inguru batean biltzeari uko egin diote eta lehen kontratua bertan behera uzteko eskatu diote Frantziako lehen ministroari.

Egoera honen aurrean, jendeak bere iritzi propioak plazaratu ditu eta batzuek diotenez, Le Pen eta faxismoaren aurka 2002ko maiatzean egin ziren protestekin konparatu dute. Beste batzuek, berriz, 1968ko maiatzaren 2an Parisen hasitako mobilizazioekin.

Baina egoera horrela dagoela, ikasleoi batez ere eragingo dizkien kalteak zein izan daitezkeen ikusita, erreflexio bat merezi duela pentsatzen dut. Horregatik zuen iritzia eskatzen dizuet denon artean eztabaidatu ahal izateko.

Hau dena esan ondoren, artikulu oso interesgarri bat aurkitu dudala esan nahi nizueke, bertan munduko ikasleen borrokaz mintzatzen da historian zehar pasa diren gertakariak azalduz.

Comments { 9 }
-->