About zerius

1
Author Archive | zerius

Tramitezko partidua zena…

Joan den asteazkenean Tau Baskonia eta Moskuko CSKAk aurrez aurre jokatu zuten partiduan ohorea besterik ez zegoen jokoan, CSKA eta Tau 1. eta 2.postuan finkaturik baitzeuden hurrenez hurren Euroligako Top 16ko beraien taldean, biek hurrengo faserako txartela eskuratuta zutelarik.
Baina bi talde hauek aurkakotasun handia izanik Euroligako aurreko edizioetan eta jakinik, Tauk Buesa Arena pabilioian Euroligan 15 hilabete daramatzala porrota zer den ezagutu gabe, oso ikuskizun duina erakutsi zieten bertara hurbildu zen zale andanari.

Partidua 70-63ko markagailuarekin bukatu zen, Tauren alde. Hala ere, han dena ez ziren albiste onak izan, Tauk jakin baitzuen hurrengo faserako aurkaria nor izango duen, Panathinaikos ahalguztiduna alegia, kosta ala kosta saihestu nahi zutena.

Partiduaren azterketari dagokionez, Perasovic-ek (gasteiztarren entrenatzaileak) normalean gutxi jokatzen dutenei minutuez gozatzeko aukera eman zien, eta erantzun bikaina eman zuen Sergi Vidal hegaleko kataluniarrak, 16 puntu sartu baitzituen, partiduko izarra ezbairik gabe.

1go zatiari baldar ekin zion Tauk, bere aurkariaren izen handiak beldurturik eta sistema aldaketen ondorioz, Prigioni antolatzaile argentinar bikaina ez baitzen hasierako bostekoan atera, bere ordez, Roko Leni Ukic kroaziarra atera baitzen, partidu benetan penagarria burutu zuena.

2. zatian, ordea, hasierako presioaren zama kenduta, Prigioniren kantxaratzeak lagunduta eta Vidal eta Erdoganek 6,25 marratik izan zuten aportazioari esker, Tauk buelta eman zion markagailuari, 30 eta 26ko aldeko markagailua finkatuz.

Hala ere, 2. zati hau bukatzeko 2 minutu faltan, Moskuko taldean Papaloukas antolatzaile greziarra kantaxaratu zen eta bere taldea bizi-berritu eta atsedenaldian 32 eta 34ko markagailua utzi zuen. 3. zatian ere markagailuak estu jarraitu zuen eta azpimarragarria da Drobnjak serbiarrak eginiko lan gogorra. 4. eta azken zatian, berriz, Tauk estu hartu zituen aurkariak defentsan eta gainera bi pibotak, Scola eta Splitter, fin aritu ziren uztai azpian.

Horrela, Tauk ohoreari eutsi eta 70 eta 63 irabazi zion Europa osoan aurrekontu gehien duen taldeari.
Zaleak gainera irribartsu atera ziren behingoz. Aipatu,azkenik, Vidalen partidua izan zela atzokoa eta Prigionik Splitterrekin egindako “alley-up”ak pabilioia zutik jarri zuela.

Berrian partidu honi buruz Jon Rejado gasteiztarrak idatziriko artikulua ikusi nahi baduzue, klikatu hemen.

Comments { 0 }

Tau, etxean otso kalean uso!

Asteazken gauean, Gasteizko Buesa Arena pabilioian jokaturiko partiduan, Tau Baskonia suertatu zen garaile Lietuvos Rytas talde lituaniarraren aurrean, 96-89ko markagailuak islatu bezala. Partidu hau Euroligako Top 16ko 3. jardunaldiari zegokiona izan zen eta garaitza honekin Tau bi garaipenekin kokatzen da, sailkapenean 2. dagoelarik. Izenburuak ondo dioen bezala, Tau etxeko partidetan garaiezina da, urte eta erdi daramalako konpetizio honetan etxean porrotik jaso gabe. Hala ere, etxetik kanpo gabezia ugari erakusten du eta bere benetako kasta galtzen du, iragan astean Moskun CSKAren aurkako porrota lekuko.

Lehen laurdenari lo ekin zion Tauk eta baloi galtze eta kontraeraso azkarren ondorioz, erraz nagusitu zen Lietuvos aurreneko minutuetan. Hala ere, Erdogan, partiduko izarrak, pare bat hirukorekin eta Drobnjak berpiztuaren aportazioari esker, Tau abantailarekin iritsi zen laurdenaren amaierara (20-17).

Bigarren laurdenean, ordea, partiduaren kolorea guztiz aldatu zen eta han bildu ginen 9.000 zaleok azken urteetako Baskonia onenaz gozatzeko parada izan genuen. Aipagarriak dira Erdoganen hirukoak eta baita Jacobsenenak ere. Beraz, Tauk ondo aprobetxatu zuen 6,25eko marra, baina atsekabe handiz hartu genuen ( IBAIk gehienbat!) Hansenen aportazio urria. 48-38ko markagailuarekin joan ziren, horrela, aldageletara.

Hirugarren laurdenari dagokionean, Tau berriro ere prezipitazioan erori eta estu eta larri ibili zen lituaniarren hiruko zaparradari eusteko. 64-63ko markagailuarekin eta denok ahal genuen presio guztia egiten genuen bitartean, pabilioian talde lituaniarra kikiltzeko, partidua gori-gori jarri eta zenbait ika-mika sortu ziren jokalarien artean. Horrela uler daiteke, Lietuvoseko entrenatzaile Spahija epaileek egotzi izana bi teknika adieraziz. Ezbairik gabe, jokaldi horrek ordura arteko berdintasuna Tauren alde jarri zuen balantza, sartutako lau jaurtiketa libreez gainera, psikologikoki ere eragin zielako kanpotarrei. Gustura asko hartu genuen oparia izan zen, dudarik gabe. 71-66ko markagailuarekin bukatu zen laurden hau.

Azken laurdenari nagusitasunez ekin zion Tauk eta aldea handitu zuen Erdoganen eskumutur finari esker. Hala ere, denok garaipenaz konbentzituta eta jai giroan geundenean, pare bat baloi galtzek Lietuvos partidara bueltatzea suposatu zuten. Baina Tauk zuen aldea nahikoa izan zen 96-89ko markagailua bere horretan utzi eta garaipen on eta borrokatu bat lortzeko.

Partiduko izarra Erdogan izan zen 27 punturekin, Jacobsenek ondo lagundua 14rekin eta aipagarria da Drobnjak-en suspertzea 9 punturekin.
Bestalde, esan behar dut nire Hansen eta Splitterren aldeko pronostikoa amutsa gertatu zela (Hansen gaizki, eh, IBAITXO?).

Azkenik aipatu 160 ordiziar inguru bildu ginela bertan eta etxerakoan autobusean nabari zela alaitasuna.

Hona hemen Gasteizko Jon Rejadok partiduari buruz BERRIAN idatzitakoa.

Comments { 1 }
-->