DENOK SUKALDERA!!

Euskaljakintzarako atal berri batekin natorkizue: postreak. Badakit DBHOko ikasleak eta irakasleak oso gozozaleak zaretela eta ikaragarri gustatzen zaizkizuela pastelak eta horrelakoak jatea. Horregatik norberak errezeta hauek jarraituz bere etxean jaki hauek prestatzea idea polita izan zitekeela pentsatu dut. Beraz, animatzen zaituztet oso dibertigarria baita.

Gaur bi errezeta emango dizkizuet. Bata, txokolate eta intxaur pastela helatuarekin eta bestea, txokolatezko galletak.

Has gaitezen, bada!!!

TXOKOLATE ETA INTXAUR PASTELA HELATUAREKIN

OSAGAIAK
(7 lagunentzat)

PASTELA

250 g txokolate
180 g gurin
4 arrautza
300 g glas azukre
180 g irin
20 intxaur

KANELAZKO HELATUA

200 ml esnegain
100 ml esne
4 arrautza-gorringo
100 gr azukre
2 kanela-txotx


HELATUA

1. Arrautza- gorringoak azukre erdiarekin nahastu.
2. Esnea kanelarekin berotu. Irakiteko prest dagoenean, gorringoak gehitu eta eragin.
3. Iragazki batetik pasatu eta sutan jarri. Su motelean eduki eta gelditu gabe eragin pixka bat loditu arte. Ez utzi irakiten, moztu egiten baita. Agudo hoztu.
4. Esnegaina muntatu eta geratzen den azukrea ere bai.
5. Esnegaina eta egin dugun natilla nahastu.
6. Makina badugu, bertan egin helatua. Bestela, izozkailuan sartu eta hamar bat ordu utzi. Hori bai, lehenengo hiru orduetan noizbehinka atera eta irabiatu kristalak ez sortzeko.

PASTELA

Ze goxoa! 1. Txokolatea moztu eta gurinarekin urtzen jarri, eraginez su motelean. Sutik atera eta epeltzen utzi.
2. Arrautzak irabiatu eta txokolatearekin nahastu.
3. Azukrea gehitu eta nahastu.
4. Irina bahetu eta nahastu.
5. Aldez aurretik intxaurrak zatikatu. Ondoren, gehitu eta nahastu.
6. Masa guztia koipeztatutako eta irineztatutako molde batera bota. Labean sartu: 180 ºC, 45 minutu. Moldetik atera eta hozten utzi.

TXOKOLATEZKO GAILETAK

OSAGAIAK

60 g gurin
60 g azukre
90 g irin
60 g txokolate beltza
Arrautza bat

1. Labea 180 ºC-ra piztu.
2. Gurina urtu eta azukrearekin nahastu krema bihurtu arte.
3. Ondoren, arrautza irabiatu eta kremarekin nahastu.
4. Irina bota eta honekin batera gatz pixka bat.
5. Azkenik, aldez aurretik zatikatutako txokolatea nahastu.
6. Erretilua irineztatu eta piloak egin ondoren, erretiluan ipini. Bukatzean, labean sartu 10-12 minutuz, atera bertatik eta hozten utzi.

Bi errezeta hauek prestatzeko nahiko errazak dira, baina jateko are errazagoak! Orain zuei dagokizue sukaldari txapela jartzea eta sukaldeko munduan murgiltzea. BON APPETIT!!!!

Comments { 3 }

Note Book, Pako Aristiren azken lana

2. ebaluazioan jada hitz egin genuen idazle urrestilar honetaz. Bere azken lanak 2003an argitaratutako Libreta horiko poemak eta 2005ean utzi zizkigun Gauza txikien liburua eta Note Book dira. Ni azken honetaz hitz egitera natorkizue.

Note Book
Pako Aristi
Erein

Gainontzeko liburuetatik bereziten duen ezaugarri bat dauka Pako Aristiren Note Book liburuak. Bertan 25 ipuin labur kontatzen ditu eta denak luzera berekoak, folio batekoak. Liburu honekin Aristik trilogia bat isten duela esan daiteke. Aipatu triologiako lehen lana Libreta horiko poemak izan zitekeen; bigarrena Gauza txikien liburua eta azkena Note Book.

Honela, bada, urtero bezala, Durangon izan nintzen euskarazko literaturaren inguruko azken “best-sellerrak� ezagutzeko eta egutegi polit bat erosteko. Bertan egin nuen topo Aristiren azken perlatxo honekin, hain zuzen. Eta egia esan, izugarrizko deskubrimendua izan da.

Liburuaren formatuari heldu zioten lehenik nire begiek. Sinplea bezain erakargarria, argia bezain erosoa. Liburu baten azalak barneko mamiarekin lotura zuzenik ez duela txikitatik buruan sartu nahi izan diguten arren, onartu beharra daukat, nigan iman modura jokatzen duela. Ez bazait gustatzen aldarapen indar bat sortzen da bion artean; aldiz, erakargarria bada, nire esku artean segituan erortzen da.Izenburua izan zen, halere, faktore erabakigarria, Note Book, zer edo zer berria aurkituko nuela argitzen zidan eta. Eta halaxe izan zen. 75 gonbidapen minutu gutxi batzuez gelditzeko, 75 gonbidapen orduak erreflexionatzen pasatzeko, 75 gonbidapen norberaren izaera aztertzeko.

Liburu honetan ez duzue El señor de los anillos bezalako istorio miresgarri bat aurkituko (beti gordeko dut horrelako beste istorio bat aurkitzeko esperantza), ezta maitasun kontu korapilatsuenen sintesia ere. Liburu xarmangarri honetan,
egunerokotasunari eman nahi zaio hitza, sentimenduei, harremanei, norberari azken finean. Gogorra egiten zait bat edo beste aukeratzea, denek baitute beren esanahia. Hemen doaz liburuko zenbait gogoeta.

Bizitzaren arrastoa: Heriotzari beldurrik ez diot. Argia itzaliko da eta kitto… Baina ez dadila Jainkorik egon, mesedez, ez nuke arren aurka borrokan hasi nahi berriro, bizitzan bere izenean eman dizkiguten asperraldi guztien ondoren.

Hitz bi koherentziaz: Hori gertatu da hemen norbera bere salbamen pertsonalaren bila abiatu delako; ez zuen argibiderik eman behar, besteak beste inor ez zegoelako argibide horiek eskatzeko moduan; denen artean burututako inkoherentziak ziurtatu du lasaitasunaren iraupena gure herrian.

Gustuz eta presarik gabe irakurtzeko liburua duzue hau. Aste Santuak hurbiltzen ari dira, eta azterketen aurretik lasaitzeko egun aproposak direla kontuan hartuta, liburu hau irakurtzea proposatzen dizuet.

Ikasteko liburuetatik ikasi ezin diren hainbat hausnarketa aurkituko duzue bertan.

Comments { 0 }

CO2, airetik lur-barnera

Zentral elektrikoetako CO2a jaso eta lurrazpira sartzea, hauxe da munduari egin nahi zaion azken mesedea.

Integral aldizkariaren martxoko alea irakurtzen ari nintzenean egin nuen topo berri harrigarri honekin.
Dirudienez, aldaketa klimatikoari eta airearen kutsadurari honela egin nahi zaio aurre, buru gainera botatzen dugun zikinkeria oin azpian ezkutatuz.

Gasa konprimituz lur azpian sartzea da helburua, eta esan beharra dago herri boteretsuenen artean harrera oso ona izan duen ideia dela. Jada hainbat proiektu martxan dago Japon, EEUU, Holanda…

Lurrak barneratzeko duen ahalmenaren kontuak atera dituzte jada. Diotenez, formazio geologikoetan gordetzeak 2100era arteko emisioen %55aren gutxipena suposa dezake eta baita negutegi efektua eragiten duten gasen %20 eta %40arena ere.

Halere, honek guztiak ez al dirudi gero eta handiago bilakatzen ari den arazo bat atzeratzeko pantomima? 2100 urtea iristean, zein atmosferatik kanpo bidaliko dugu? Edo ilargia ote hurrengo mendeetako “Sasieta�?

Proiektu honen guztiaren kostua izugarria dela dio hainbat organizaziok, zentral elektrikoetan eurak baino handiagoak diren makineria txertatu beharko da eta.

Datu aspergarri gehiagotan sartu gabe, proiektu honen benetako gakora jo dezagun. Hau al da irtenbidea? Gero eta kontsumo handiagoa, emisio gehiago onartzen jarraitzen badugu, egoera jasanezina bilakatuko dela argi daukagu, baina guk biziko ez dugula jakiteak ematen digun momentuko lasaitasunak ezin gaitu itsutu. Egia da, guk seguruenik ez dugu gerturatzen ari den krisi energetiko, ekonomikoa ezagutuko, baina ez al duzue uste gure ondorengoei bidea erraztu behar diegula? Norberak bere burua bakarrik ikusten jarraitzen badugu, ez dugu lortuko gauza handirik.

Zuk zer uste duzu???

Comments { 3 }
-->