“-A” itsatsia

 


A itsatsia

 

Euskal hitz batzuk berezkoa duten "a" letraz bukatzen dira: alaba (*alab),saltsa (*salts), azoka (*azok), … Azken letra horri "a" itsatsia deitzen zaio. Gizon, zuhaitz, … bezalako hitzak ere -a letraz amai daitezke (gizona,zuhaitza), baina badakigu -a hori artikulua dela eta behar ez dutenean ez dutela hartzen (gizon bat, zuhaitz hori). "a" itsatsi dutenek, ordea, beti berekin dute eta oso-osorik idatzi behar da (alaba bat, saltsa hori).

 

Baina zeintzuk dira "a" itsatsia duten hitzak?

1. Banakako hitz batzuk. Hona hemen zerrenda.

abantaila
agentzia
aisia
aitona
aitzakia
akademia
alegia
amona
anaia
animalia
antsia
arbola
arnasa
arroa
arroza
ausardia
axola
aza
balea
baratza
birjina
botila
burdina
dardara
denbora
dotrina
egia
ekonomia
eliza

erregina
erromeria
eskola
familia
feria
festa
gauza
gaztaina
giltza
gona
grazia
habia
harea
heriotza
hizkuntza
hontza
ideia
ikastola
imajina
inbidia
inportantzia
itxura
izkina
justizia
kaiola
kartzela
kontzientzia
koroa
kultura

labana
leihatila
literatura
lotsa
lotura
maila
makila
makina
malezia
meza
natura
neskatila
okela
ola
ordena
ostia
panpina
penitentzia
pertsona
pertsonaia
pezeta
politika
polizia
premia
probintzia
saltsa
teila
zalantza
zuhurtzia

Adib.: anaia zaharra, feriarik onena, gauza horiek

baina: Anai-arreba, ferietan, gauzek.

2. Honako atzizki edo amaierez osatutakoak:

-keria: alferkeria, handikeria…

-tura/dura: prozedura, abiadura, ohitura…

-tza: idazkaritza, agintaritza…

-kuntza: berrikuntza, irakaskuntza…

-(k)ada: besarkada, eskukada, kamioikada…

-kintza/-gintza: zapatagintza, kulturgintza…

-(t)eria: gazteria, tresneria…

-(k)era: harrera, bukaera, idazkera,…

-gura/-kura: logura, azkura,…

-bera: bihozbera, hozbera, sentibera,…

-aia: paisaia, bidaia, luzemetraia,…

-antza: mudantza, mesfidantza,…

3. jatorrizko erdaran “a” letraz bukatzen diren hitz guztiak

Adibidez: justizia, ironia, finantza, ekonomia, literatura….

Berezko “-a” noiz galtzen den

-A berezkoa duten hitz batzuk, hitz-elkartearen lehen osagaia direnean -a- gal dezakete:

  • -IA bukaera duten hitzak: biologi azterketa, geologi irakaslea, pedagogi berrikuntza, orografi arauak …
  • Eliza, burdina, hizkuntza, kultura, natura eta literatura hitzak: eliz agintariak, burdin fabrika, hizkuntz gaitasuna…

Bi multzo horietako hitzak hiru eratan idazteko aukera dago hitz-elkarketan:

  • Berezko a gabe eta marratxorik gabe (bidai agentzia, kultur ekintza)
  • Berezko a-z eta marratxoz (bidaia-agentzia, kultura-ekintza)
  • Berezko a-z eta marratxorik gabe (bidaia agentzia, kultura ekintza)
  •  

     

    Praktika

     

    Comments { 0 }

    Egun paregabea atzokoa!!!

    Gutako batzuk bazkal ostean

    San Juan Bosko izenez ezagutzen den jai berezia ospatu zuten atzo Goierriko ehunka ikaslek. Jakintza Ikastolako ikasle eta irakasleak ez ginen gutxiago izan eta goizean goizetik ospatu genuen.

    Goiztiar ibili ginen 08:30ean klase hasiera baikenuen eta lehen hiru klaseak ematea beste erremediorik ez genuen izan. Beste ikastetxe batzuen inbidia ahaztu nahian, atseden ondorengo ekintzek arrakasta itzela izan zutela ezin ukatu: saskibaloia, futbol, eskoba, mus eta beste joko aunitzetan parte hartu genuen ikasle zein irakasleek. Behin ekintza ezberdinak burutuz goiza igarota, sabela bete asmoz, 55 bat lagun elkartu ginen trena hartu eta Ormaiztegi aldera ihes egiteko. Bertan nahikoa jan eta oraindik asmatzeke dauden asmakizun batzuen ondoren, itzuli ginen bide beretik baina aurkako norantzan Ordizia aldera.

    Parrandan murgilduta, nork bere bidea hartu zuen eta gutxi batzuek amaitu genuen batera. Argazki mordoa ateratzeaz gain, barre algara franko egin genuen euskarako arauak errepasatuz (izugarria izan zen!!). Gehiagotan egiteko modukoa, bai horixe!!! Berehalakoan ahazten ez diren horietakoa izan baitzen inongo dudarik gabe.

    Beraz, lerro hauek idazten ari garenok ez dakigunez denon eguna nola amaitu zen, zuen esperientziak kontatzera animatu nahi zaituztegu (konta daitezkeenak, behintzat!). Besterik gabe, hurrengoaren zain gelditzen gara…

    Argazki gehiago ikusi nahi badituzue, Stickam-ean sar zaitezte. Halere, beste argazki guztiak Flickr-en aurkitu ahal izango dituzue hemendik egun batzuetara (ezin izan ditugu gaur sartu hilabeteko megak bukatuta ditugulako).

    Comments { 7 }

    Dragoi Bola

    Kaixo lagunok! Zuetako nor ez da txikitatik Son Goku heroiaren jarraitzaile izan? Garai politak haiek, memoria kaskar honen arabera arratsaldeko zortzietan hasten zen hasiera batean eta ez zegoen inor nire gelan ordu honetan kutxa tuntunaren aurrean ez zegoena. Askoren ustez, bizitzako telesail onena izan da, da eta izango da.

    Txikitatik pagaren zati handi bat kromo eta antzekoak (tazoak, posterrak, txapak…) erosten xahutzen (ge)nituen. Helduxeagoa egin nintzenean, hamar bat urterekin, telebistan Son Goku azaltzen ez zelarik, paga erdiarekin, astero-astero izebaren dendara joan eta “serie amarilla” delakoaren komiki-kolekzioaren faszikulua erosten nuen nire amaren begirada haserrearen pean. Komiki bakoitzak telebistako kapitulu bati zegokion, nire alaitasuna 120. alea jasotzean amaitu zen nire “amatxitok”, bere onetik irtenda, gehiago erostea debekatu baitzidan.

    Bost bat urte beranduago, ordea, izebaren dendan nengoela, nire heroi Son Gokuren komikien faszikuloak berriro hasi zirela ikusi nuen , baina oraingoan Japoniako estiloan, hau da, eskubitik ezkerrera, eta gainera lodikoteagoa (hamar bat kapitulu zituen barnean). Bilduma hau ere egiten hasi nintzen eta, momenturik onenean, bidaltzeari utzi zioten. 25. tomoan bilduma bertan behera geratu zen, Freezer-en bigarren metamorfosi eta Son Gokuren sendatzearekin.

    Hau guztia ahaztua nuelarik, duela gutxi Planeta de Agostini etxeak serie hau DVD formatuan kaleratzen zuela zioen iragarkia ikusi nuen. Arratsalde horretan bertan joan nintzen izebaren dendara, lehen ez badut esan ere, nire izebaren denda Mujika papertegia da (munduko papertegirik onena :)je je) eta bertan lortu ditut Dragoi Bolako kapitulu gehienak (abuztuan itxi egiten du). Ez zituztela bidali esan zidan. Aste batzuk pasa dira ordundik eta esperantza galdua dut inoiz iritsiko diren ere.

    Kuriositatez gaur interneten begira hasi eta Wikipedian Son Gokuri buruzko informazio mordoa dagoela konturatu naiz. Eta benetan poztu nauena bertako link batek eman dit, El mundo de Dragon Ball deritzonak, hain zuzen ere. Bertan bidaltzeari utzi zioten tomo guztiak daude erabiltzaile ororentzat. Argazkiak interesatzen bazaizkizu, egin klik hemen eta milaka izango dituzu. Gainera, jakin dudanez, e-mulen euskarazko lehenengo 28 kapituluak eta gaztelaniazko guztiak eskura daitezke. Euskarazko letra ere lortu dut:

    DRAGOI BOLA

    Goazen lagunok amets betean
    dragoiaren bola bila batera.
    Orain badakit nongo zuloan
    dagoen altxorrik ederrena.

    Gure mundu hau irla haundi bat da
    eta hortxe ostenduta altxor eder bat.

    Bihotzean badut nik amets on ederrik
    eta ez da eguzki dizdiratsuagorik,
    goazen bihotza betean aurki dezagun, goazen.

    Tximistaren bidetik dragoi bola bila,
    itsaso eta lurrez bihotz bete ametsez
    eta altxorra geuretzat izango da.

    Ekin lagun bideari,
    Son Gokurekin ez da beldurrik,
    zeru goian nahiz lurrean
    hegan eginez laster altxorra dugu.


    Letrak, arraroa badirudi ere, Bilbao Basketen orriak duen Dragoi Bolaren sailetik atera ditut.

    Comments { 10 }
    -->