About jaizpurua

Author Archive | jaizpurua

Ikastolari agur!

Ostiraleko parrandako ajearekin esnatu nintzen larunbat eguerdian. Aurpegia garbitu bezain pronto gaueko afaria etorri zitzaidan burura, denbora asko itxarondako otordu hura. Pentsamendu honek nire gorputza erabat indartu zuen baita ajea nigandik aldendu ere. Gauzak horrela, ordenagailu parera joan nintzen amaitu gabe nuen lana bukatzera.

Ikasleok 07:30ean geldituta geunden Kiska tabernan; hala ere, poteoa ezin izan nuen dastatu azken orduko arazoak zirela medio (inpresora, papera…). A zer buruhausteak! Arazo hauek guztiak konpontzerako jada 09:00ak jo zuten, beraz, Zubibira joan ginen gure gelakide eta irakasleei itxarotera. Hauek heltzean, mahai luze hartan eseri ginen afariaz gozatzeko prest. Berehala atera ziguten lehengo platera baita bigarrena ere, gosetuta geundela nabarituko zuten agian! Berriketan geundela, lagun batzuk bazihoazela aipatu ziguten. A ze ezustekoa! Hernanira omen zihoazen! Egia esan, ez genuen espero baina beraien erabakia onartu genuen. Hala ere, penaz geratu ginen, izan ere, azken afaria baitzen. Baina, beno, Hernaniko giroa nagiago izan zuten, beraz, guk gure giroa gozatzen jarraitu genuen.

Kafeen garaia iritsi zen eta honekin batera sorpresen garaia. Hainbat buruhauste eragin zizkidaten bertso haiek azkenean denen esku utzi genituen. Maitek ere berak prestatutako cd-ak banatu zituen, pena muntaia guztia egin ondoren, ordenagailuan ezin ikusi izana! Hala ere, beste argazki batzuk ikusteko parada izan genuen. Bertsoak ere abestu genituen. Baten bat ere hunkitu eta negarrez hasi zen, agian, ordurako burura igoko zitzaion edaria ( e, Uxue?)

Azkenean, Zubibi alde batera utzi eta tabernetara jo genuen geure parranda hasteko asmoz. Koyotera igo ginen eta bertan gure lehen tragoa hartu. Ondorengoak beheko kalean zehar izan ziren baina kontua galdu nuen… Tabernetako gure giroa ikaragarria izan zen. A zer nolako martxa batzuena! Azkenean, Jokinek bere txistea kontatu zuen eta Uxue eta nire antzerkitxoa ere ez zen falta izan. Hori bai inprobisatzea…(ja-ja). Barre ugari bota zenuten geure kontura, ezta?

Poliki-poliki jendea erretiratzen joan zen, hurrengo egunean goiz jaiki behar eta… 03:30ean tabernak itxi eta azken tragoa dastatzera gaztetxera joan ginen. Honela igaro zen gure afaria eta baita nire larunbata ere.

Afari hau ez da agur bat izan, laster arte baizik. Nahiz eta gure ikastolako ibilbidea amaitu, elkartuko garelakoan bainago…

BESARKADA HANDI BAT, LASTER ARTE!!!

Comments { 5 }

Zeru horiek – BERNARDO ATXAGA

Bernardo Atxaga Joseba Irazu Garmendiaren goitizena da. Hau Asteasun jaio zen 1951n. Ekonomia zientzietako lizentziatura ikasi zuen Bilboko Unibertsitatean. Nahiz eta hainbat alorretan lan egiten aritu, azkenean, laurogeiko hamarkadaren hasieran, literaturari heldu zion.

209-atxagaLiteraturan ere alor ezberdinak landu ditu; hala nola, antzerkia, haur eta gazte literatura, narrazioa, nobela, poesia eta saiakera pare bat. Bere liburuetatik ezagunenak diren Obabakoak (1985), Behi euskaldun baten memoriak (1991), Gizona bere bakardadean (1991) eta Zeru horiek (1993) aipa ditzaket. Gainera, egun, bere bi eleberri (Obabakoak eta Zeru horiek) zinera eramanak izan dira. Lehenengo filmaren inguruan informazio eta iritziren bat nahi baduzue klikatu hemen.

Nik Zeru horiek eleberria irakurri dut. Klasean literatura eman ondoren, egin genituen multimedia aurkezpenetan izan nuen lehen aldiz liburu honen berri. Liburua interesgarria iruditu zitzaidan, baina nire gelakide batek aukeratu behar zuela entzun nuenez, alde batera utzi nuen ideia hori. Azkenean, honek iritzia aldatu zuen eta nire eskuetara heldu zen liburua.

Liburua Bartzelonan kartzelan egon den ETAko kide baten istorioa da. Irene kartzelatik atera eta gizon batekin igarotzen du gaua hotel batean. Goizean, gizonak joaten uzten ez dionez, honek zigarroaren pitarekin izugarrizko ebakiak egiten dizkio. Ondoren autobus estaziora joaten da, bertan Bilbora eramango duen ibilgailua hartzeko asmoz. Arraro sentitzen da kartzelatik kanpo eta bertako lagunak oroitzen ditu: Margarita eta Antonia. Autobusean hainbat amets izaten ditu, amets hauek kartzelaratu aurreko pasarteak dira: aristokraten bilera, larrea eta bere arteko amodioa… Horiek guztiak berak bizitako gertaerak dira.

zeru_horiekAutobusean bi moja eta bi polizia kale-jantzian aurkitzen dira, beste zenbaiten artean. Bi polizia hauek, bakoitza bere aldetik, Ireneri, gure protagonistari, informazioa atera nahian ibiliko dira. Gauzak horrela, xantaia emozionala egiten saiatuko dira. Hauek jada badakite gizonarekin gertatutakoa, baina, hala ere, ez dute inongo probarik. Beraz, autobusean ateratako argazki batzuez baliatzen dira Irenek amore eman eta informazioa eman dezan. Hala ere, bi mojen laguntzaz bi polizien hitzetatik ihes egitea lortzen du. Mojek beraien komentura joateko gonbitea luzatuko diote. Irene zalantzan egon ostean, etxera joateko erabakia hartuko du.

Liburua interesgarria iruditu zait, baina, hala ere, ametsen kontuek liburua zaildu egiten duela esan dezaket, hasieran galduta aurkitu bainintzen. Nolanahi ere, liburua irakurtzea gomendatzen dizuet, gertaera interesgarriz eta pentsamendu sakonez josita baitago. Gainera, deskribapenak motzak dira; beraz, liburuak geldiune handirik ez du. Honek irakurleak interesa gal ez dezan ahalbidetzen du. Hortaz, ez izan alperrak, eta oporretan har ezazue tartetxoren bat liburu hau irakurtzeko.

Eleberriak noizbehinka zenbait poesia tartekatzen du. Hona hemen bitan azaltzen den poema:

Preso egon denaren gogoa
Kartzelara itzultzen da beti.
Kalean juez, fiskal eta
Abokatuekin gurutzatzen da,
Eta poliziek, identifikatu ez arren,
Beste inori baino gehiago
Begiratzen diote, bere pausoa
Sosegatua ez delako
Edo sosegatuegia delako.
Bere bihotz barruan
Betirako kondenatu bat dago.

Liburu honi egindako kritika irakurri nahi baduzue, klikatu hemen . Liburuan oinarritutako filmari buruzko Aizpea Goenaga zuzendariari egindako elkarrizketa irakurtzeko, berriz, hemen.

Comments { 0 }

Herri Urrats

Betiko lez euskara eta ikastolen aldeko festen berri emateko artikulua idazten ari natzaizue. Oraingo honetan, Senpereko aintziraren inguruan egituratzen den Herri Urratsen txanda da, datorren maiatzaren 14an. Jai honen ardatza (Kilometroak, Nafarroa Oinez eta besteen antzera) ibilaldi bat da, kasu honetan 4 km-ko zirkuito baten inguruan. Hau gunez josita egongo da eta gune bakoitzean kontzertu, ekintza, tailer eta beste hainbat ekitaldi antolatuko da egunean zehar.

Bertara hurbiltzeko Senpereko karrikatik aintzirarantz autobusak egongo dira goizeko 10:00etatik arratsaldeko 08:00ak bitartean. Ordiziatik ere autobusa antolatu du Hitzaro elkarteak, kaleetako karteletan irakurri ahal izan dudanez. Beraz, joateko asmotan bazaudete, zoazte Mujika liburutegira (bertan aurkituko baitituzue txartelak, 8 eurotan).

Badakit guk ezingo dugula festa honetaz gozatu, izan ere, azterketen erdian aurkituko baikara. Baina azterketetan ez zaudeten horiei hemendik bertara gerturatzea animatzen zaituztet, giro aparta izango da eta.

Hona hemen egitaraua:

egitaraua

Herri Urratseko abestia entzuteko joan gure irratira (klikatu ezkerreko laukitxo berdean, beti bezala). Entzuten duzun bitartean abestu nahi baduzu, hona hemen hitzak:

Aintzarat,
Ongi etori,
Senperen lotu elgarri
Zu eta ni
Biak goxoki
Eskuz esku euskaraz bizi
Bizi, hazi, bizi
Bizi, luzaz bizi

Mila kolorezko
Oihal zabal ta luzean
Lerro bakoitzeko
Hitz guziak solasean
Kantatu, dantzatu
Doinua hautatu

Korapilo bat han
Aixturrekin moztu hemen
Haria orratzan
Josi ditzagun lehenbailehen
Herria, hizkuntza
Biharko urratsa.

Hitzak: Arantxa Hirigoyen
Musika: Philippe Albor
Interpretazioa: Haurrock taldea

Ospakizun honen inguruko informazio gehiago nahi baduzu, klikatu hementxe..

Comments { 3 }
-->