Esaldion artean bada zuzena denik?

Lagun arteko eztabaida luzea izan dugu. Esaldion artean bada zuzena denik?

  • Gure herria hain da txikia, ez duela plazarik ere.
  • Gure herria hain da txikia, plazarik ere ez duela .
  • Gure herria hain da txikia ze, plazarik ere ez duela.

Euskaltzaindiak dionez, -(e)la atzizkiak ez du lekurik perpaus kontsekutiboetan (EGLU-V, 450.or.), nahiz eta ahozko hizkeran, bereziki, aski zabalduak egon (Hegoaldean, batez ere). Euskal tradizioan, -(e)la atzizkiak ez du inoiz balio hori izan. Hona euskarak erabili dituen bideak:

  • Menderakuntza:
    1. Gure herria hain da txikia/hain txikia da, non plazarik ere ez bait(u)/(du)en.

      Gure herria hain da txikia/hain txikia da, ezen plazarik ere ez bait(u)/(du)en.

Aurreko bi egitura horiek dira erabilienak. Nolanahi ere, hiru ohar egin behar ditugu:
1) perpaus nagusiko maila-hitza (hain), gehienetan, adjektiboari loturik agertzen zaigu (hain txikia);
2) ezen partikulak aldaera bat baino gehiago ditu (eze, ze);
3) perpausen ordena aldakorra bada ere, lehenengo, maila-hitza edo kuantifikazioa daraman perpausa ematen dugu, eta ondorioa gero.

  • Alborakuntza:
    1. Plazarik ere ez du gure herriak, hain da txikia.

      Gure herria hain da txikia/hain txikia da, non/ezen plazarik ere ez du.

Ikusten duzunez, lehenbiziko esaldiak ez du inolako lokailurik, eta alborakuntza biluzia da (koma besterik ez duzu bi perpausen artean). Horrelakoetan, bada, perpausen ordena aldatzen dugu sarritan: hain da txikia bukaeran emanik dago. Batik bat, ahozkoan erabiltzen dira esaldi horiek, eta intonazio berezia izaten dute; horregatik aldatzen da ordena (maila-hitzak indar berezia hartzen du adizkiaren aurrean).
Bigarren esaldiak, berriz, lokailua (non, ezen) darama, baina ez du menderagailurik (bait-/-(e)n); hortaz, alborakuntzaren barruan sartu behar dugu, nahiz eta menderakuntzazko esaldien tankera izan.

Zer deritzozue? Ondo erabiltzen al duzue egitura hau? Edozein zalantza baduzue edo azalpena ez bada argia, esan lasai …

Comments { 7 }

Gazte etorkinak euskara ikasten

http://www.vozcatolica.org/56/mujeres.jpg
Gaur egun gure artera bizitzera etorri diren etorkin askok jaioterria eta familia atzean utzi behar izan dute. Asko, Euskal Herrira, bizikalitatea hobetzeko asmoz etorri dira.

Baina prozesu hau ahalik eta errazena izan dadin, etorkinen integrazioa oso garrantzitsua da. Integrazio hau lortzeko xedez, Irazki elkarte anitzkulturalak euskarak gure gizartean duen garrantzia azpimarratu nahi izan du.

Etorkinek gure hizkuntzaren ezagutza izan dezaten, doako ikastaroak antolatu dituzte. Ikastaro hauek Tolosako Kultur Etxean izaten dira larunbatetan. Gurera heltzen diren gaztetxo eta haurrek ere, ikastetxeetan integratzeko garaian, arazoak izaten dituzte euskara ezagutzen ez dituztelako. Beraz, aukera interesgarria izan daiteke hauentzat 2004ko urrian hasi ziren ikastaro hauetan parte hartzea.

Larunbateko ikastaroetan adin desberdinetako lagunak elkartzen dira euskara ikasteko asmoz. Aurten, adin eta jakintza mailaren arabera banatu dituzte ikasleak, hiru maila ezberdinetan.

Euskal Herriko ingurunearen ezagutzak ere integrazioan laguntzen duelako iritzikoak dira Irazkikoak. Arrazoi hau dela eta, irteera ugari antolatu dituzte. Beraz, animo handiak opa dizkiegu guztiei!

Interesatuta bazaudete honako hau da helbidea:

Euskal Herria enparantza, 1B
20400-TOLOSA
Tel.943/698330
Fax.943/698330
Email:iturriza@kzgunea.net

Comments { 6 }

RIP taldeari buruzko DVDa kalean!

Iban Toledo Goierriko Hitzan asteazkenean azaldutako artikulu bati buruz hitz egin nahi dizuet: Punkaren 25 urteko historia bizia . Niri, egia esan, punka ez zait inoiz gehiegi gustatu; halere, artikulu honek biziki piztu zuen nire interesa. Zergatik? Bada, bertan, nire bi ikasle ohien lanen berri izan nuelako. Batetik, izenburuak hauxe zioen: RIP taldeari buruzko DVDa kaleratu du Iban Toledo ordiziarrak Iker Barandiaranekin batera. Bestetik, artikulua Maider Del Olmok sinatzen zuen. Ez dakizue nola gustatzen zaigun irakasleoi (nik uste dut orokorra dela) gure ikasle izandakoei buruz jakitea! A zer nolako satisfazioa lanean fin ari direla ikustean!

Honekin jarraituz, larunbatean Zamudioko Teknologi Elkartegian, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak antolatuta, ikastoletan IKTen inguruan emandako urratsak eta etorkizunerako erronkak zeintzuk diren adierazteko ekitaldi publikoa ospatu zen. Bertan, besteak beste, ikastoletan inplementatu nahi den sistema berri baten inguruko informazioa eskaini zen (klaseetan ikasleek erabiltzeko garatzen ari diren tramankulu informatiko bat). Dagoeneko, pentsatzen ariko zarete, zertara dator hau orain? Bada, aurkezpen horretako bideoan azaltzen zena, tresna garatzeaz arduratzen ari zen pertsona, hain zuzen ere, nire ikasle izandako Mikel Kerejeta zelako!!! Izugarri gustatu zait euren lanen berri izatea, zein arlotan mugitzen ari diren jakitea… Baina gatozen harira.

Hauxe da Maiderrek idatzi duena Ibanen lanaren inguruan:

Duela bi urte RIPeko Mahoma abeslaria hil zenean, Iban Toledo errealizadoreak eta Iker Barandiaran kazetariak taldeari omenaldi xumea egitea pentsatu zuten. Aspaldiko ideia zen. Bi egileek Arrasateko komunikazio zerbitzu batean lan egiten dute elkarrekin, Goienan, eta ideiari buelta asko eman eta gero RIP-eko kideekin jarri ziren harremanetan. Emaitza dagoeneko salgai dauden DVDa eta CDa dira; Goienak eta Gaztelupeko Hotsak zigiluak editatu dituzte.

«Hasiera batean erreportaje bat egitea zen asmoa eta konturatu ginen sekulako materiala zegoela eta gauza handiagoa egin zitekeela. Oso argi izan dugu hasieratik ez genuela lan hau gure kontura egin nahi, alegia, RIPekoak kontuan hartu gabe, euren iritzia jaso gabe. Baina zaila izan da, RIPekoek ez dute inoiz euren argazkirik jaso, ez materialik bildu. Nik uste ez direla inoiz kontziente izan zuten eraginaz. Nahi zutelako jotzen zuten, gustatzen zitzaielako, ez zuten interes komertzialik».

Toledok eta Barandiaranek buruan zuten ideia agertu zietenean RIPekoak duda-mudan jarri omen ziren, halako lan batek interesik izango ote zuen, eta jendeak erosiko zuen zalantzan. Galderari erantzunez anekdota bezala bi egileek kontatzen dutenez Arrasateko taberna batean joan den asteburuan ale guztiak saldu zituzten, 250 DVDtik gora. Interesa piztu duela, alegia.

DVDa RIP punk talde arrasatearraren dokumentala da, eta bestetik, CDan inoiz argitaratu gabeko taldearen 14 abesti bildu dituzte, hainbat kontzertutan jo zituztenak.

Artikulu osoa irakurri nahi izanez gero, hementxe aurkituko duzue.

Comments { 6 }
-->