URREZKOAK GARA!!!

Ez da erraza izan, ez. Tartean lan ugari, betebehar anitz eta, zergatik ez, urduritasun mordoa eta kezka bat baino gehiago…Azkenean, minutu batzuetan guztia ahazteko: URREZKOAK GARA! Lortu dugu!!

Ostiral eguerdian barreiatu zen berria ziztu bizian ikastolako txoko guztietatik; batzuk klasean geunden, beste batzuk joanda jada…Ezin ukatu gure barnean sentitzen dugun poza, batez ere, azken urteetan, kalitatearekin hartutako konpromisoaren onurak egunez egun frogatzen ari garelako, taldean ari garelako lanean (irakasleok, gurasoak, ikasleak…) eta, batez ere, gure bakarkako helburuak taldearen jomugekin lerrokatzen saiatzen ari garelako…

Gestioaren kalitatean Urrezko QaAzken finean, lortutako saria guretzat oso garrantzitsua izanik ere, nire uste apalean, ez da ezer egunero jasotzen ari garen sariarekin alderatuta: zenbat eta gehiago sakondu arlo honetan, orduan eta gehiago ikasi eta emaitza hobeak lortzen ari gara! Hori da benetako urrezko Qa guretzat! Pixkanaka gure lanaren arlo guztiekiko filosofia aldatzen saiatzen ari izana: ondo pentsatu zer lortu nahi dugun zerbait planifikatzen hasi aurretik, planifikatutakoa aurrera eraman, neurtu/baloratu egindakoa, ondo egindakoak kontuan hartu hurrengorako eta gaizki egindakoaz ohartu, ez bakarrik akats berdinetan ez erortzeko, baita hobetzen saiatzeko ere! Metodologia sinple bezain eraginkorra, bizitzaren edozein ataletara eramateko baliagarria…

Urrezkoak gara eta harro gaude, bai; halere, sari hau duela ia hamarkada bat hartutako konpromisoan urrats bat gehiago besterik ez da, pauso sendoa, irmoa baina pauso gehiagorekin osatu beharrekoa, eguneroko lanean islatu beharrekoa…Bidea luzea eta malkartsua da, baina gaur bide horren tarte lauan gelditu gara istant batez, atzera begira, pozez; eta, aurrera, itxaropenez.

Comments { 4 }

AMODIOZKO GUTUNEN XIV. BERRIGARA LEHIAKETA

 Amodiozko gutunen lehiaketa

Ezaguna da gure artean Jardun Euskara Elkartearen AMODIOZKO GUTUNEN LEHIAKETA; izan ere, 1993. urtean lehengo aldiz antolatu zutenetik, gertutik jarraitu baitugu. Urtez urte sendotzen ari den amodiozko lehiaketa honen hurbileko jarraitzaileak garen neurrian, ondorengo lerroetan azken edizioaren oinarrien berri eman nahi dugu ea parte hartzera animatzen garen!!

Historia pixka bat eginez, aipatu beharra dago 1993ko lehenengo edizio hark izandako arrakastak bultzatu zuela elkartea lehiaketarekin jarraitzera. Harrez geroztik pasa dira urte dezente eta denbora honetan orduan hasitako bidea sendotzen eta finkatzen jardun dute.

Lehiaketaren ezaugarri eta berezitasunak

Aitzindaria. Euskal Herriko lehenengoa eta garrantzitsuena.
Munduan zehar badaude beste zenbait antzeko lehiaketa, arrakasta ikaragarria dutenak, hala nola, Veronan, Murtzian, eta Madrilen, baina Euskal Herrian maitasun gutunen lehiaketetan aitzindari Berrigara Amodiozko gutunen lehiaketa izan da.
Euskal Herri osora zabaltzen da eta oihartzun handia du.
Urteetan izan du partaidetza zabala, (urtero 100 gutun baino gehiago), epaimahaikide lanetan beti aritu da jende ezaguna (abeslariak, bertsolariak, idazleak eta abar) komunikabideek beti eskaini izan diote lehiaketari tarte zabala.

Helburuak:

Idatzizko hizkuntza-ezagutza bultzatzea
Kultur ekintza euskaldunak bultzatzea
Euskararen erabilera sendotzea
Kultur jarduera erakargarriak euskaraz eskaintzea Bergarako euskal giroa suspertzea

Beraz, jarraian aurki dezakegu Jardun elkartearen Amodiozko Gutunen XIV. Berrigara Lehiaketan parte hartzeko beharrekoa den informazioa guztia:

1- Lehiaketa honetan 1991ean edo lehenago jaiotako edozein pertsonak parte har dezake.
2- Lan guztiak jatorrizkoak, argitaragabeak eta euskaraz idatziak izan beharko dute.
3- Lanek gutun forma izan beharko dute eta DIN A-4 orritan eskuz zein ordenagailuz idatzita aurkeztu ahal izango dira. Lanen luzera ezin izango da bi orrialde baino gehiagokoa izan eta posta elektronikoz bidali ahal izango dira.
4- Lanean ez da egilearen daturik jarriko, lema bat bakarrik. Egilearen datuak (izen abizenak, adina, telefonoa, helbidea eta lanaren lema) kartazal itxi batean sartuko dira eta kartazal horren azalean lanean jarri den lema bera jarriko da. Posta elektronikoz bidalitako gutunen kasuan, gutuna fitxategi batean bidaliko da, “gutuna� izenarekin eta egilearen datuak, “egilea� izena duen beste fitxategi batean.
5- Lanak (originala eta hiru kopia) eta egilearen datuak dituen kartazala, handiagoa izango den beste batetara sartuta, honako helbide honetara bidali beharko dira:
Amodiozko Gutunen XIV. Berrigara Lehiaketa
Jardun Elkartea, Errotalde jauregia z/g
20570 Bergara
posta elektronikoa: kulturajardun@topagunea.com
web orrialdea: www.jardun.net
Lanak jasotzeko azken eguna 2005.eko urtarrilaren 5a izango da.

6- Sariak honako hauek izango dira:
• 1. saria: 450 euro
• 2. saria: 240 euro
• Bergarar onenarendako saria: 150 euro (1go edo 2. saria Bergarako norbaitek lortuko balu, bergarar onenarentzako saria hurrengo bergarar onenari emango litzaioke).
• 26 urte berakoen artetik onenari saria: 100 euro. Irakurle gazteek emandako saria (1go edo 2. saria 26 urtetik beherako norbaitek lortuko balu saria hurrengo gazte onenari emango litzaioke).
7- Sari ematea otsailaren 14an, San Balentin egunean egingo da, kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan.
8- Lan guztiak Jardun Elkartearen esku geratuko dira eta osorik zein zatika argitaratzeko aukera izango du, beti ere, egilea zein den garbi adieraziz.
9- Lehiaketaren epaimahaia literatura eta kultura munduko pertsona ezagunek osatuko dute. Irakurle gazteen sarirako epaimahaia berriz, Bergarako Ertainetako ikastetxeetako ikaslez osatua egongo da.

Honekin batera, beste lehiaketa interesgarri honen berri ere eman nahi dizuegu:

SMS BIDEZKO IV. MAITASUN MEZUEN LEHIAKETA

1- Pertsona bakoitzak ezingo du mezu bat baino gehiago bidali.
2- Mezuaren ostean telefono mugikorraren zenbakia eta adina jarri beharko da.
3- Mezuak jasotzeko epea mugatua izango da; urtarriletik 1etik 15era.
4- Mezuak jatorrizkoak eta euskaraz izan beharko dute.
5- Mezuak 605712469 telefonora edo kulturajardun@topagunea.com posta elektronikora bidali beharko dira.
6- Irakurle Gazteek emango duten saria izango da: 90 euro.
7- Mezu guztiak Jardun Elkartearen esku geldituko dira.

(Nire ikasleei bereziki zuzendutako mezua) Ea azterketak bukatzen dituzuenean, parte hartzera animatzen zareten!!!!

Comments { 1 }

Mundakako olatua

surf 2
Badakit ez dela gaur goizeko kontua, ia urtebete pasa da Mundakako ezker olatu ezaguna desagertu zenetik, baina gaia guztiz interesgarria iruditzen zaidanez, berau izango dut hizpide hurrengo lerroetan.

Askoren ustez, Euskal Herrian ez zegoen horrelakorik:

Hodiak, luzerak, indarrak ematen diote kalitatea olatuari eta mabiobrak egiteko egokia da. Bestalde, olatu onaren ezaugarriak ditu: abiadura, surfa egiteko beharrezko distantzia, eta lehertzerakoan, indarra. Baldintza guztiak onak direnean hain da perfektua, zalantzarik gabe munduko onenen artean dagoela. Olatuaren lehertzea gutxi gorabehera 400 metrokoa izatea lortzen da.

Olatu honen desagerpenak izugarrizko kalteak ekarri ditu bailara osora. Garrantzitsuena, zalantzarik gabe, Munduko surf txapelketa aurtengoz bertan behera gelditu izana da honek dakarren guztiarekin (turismoaren uxatzea…). Dena den, Mundaka Zaindu plataformak plazaratu duenez, badirudi olatua bere onera datorrela eta hurrengo urtean txapelketa aurrera eramateko baldintza egokiak berreskura daitezkeela.

Erreakzio itzela izan zuten Urdaibaiko lagunek Mundakako ezker olatua galdu zutela ikusi zutenean. Protestak, bilerak, azterketak… egiten hasi ziren, eta lehen aipatutako Mundaka Zaindu plataforma sortu zuten, erreserbaren babesak indar handiagoa izan zezan. Bertako bozeramaileak garbi azaldu du gertatutakoa:

2003an ohi baino karrakaketa handiagoa egin zuen Astilleros de Murueta SA enpresak, itsasoratu behar zuten itsasontzia handia zelako. Ateratako hondar guztia Laidan bota zuten eta hori higitzen lan handia izan du itsasoak.

Mundakako hotelak bezero asko izaten ditu olatuak erakarrita, eta gertatutakoak eragin handia izan du. Batez ere, asko igarri da txapelketa garaian, baina ez hoteleetan bakarrik, baita jatetxe eta tabernetan ere.

Guztien helburua orain horrelakorik ez errepikatzea da. Neurriak hartzen hasiak dira dagoeneko. Olatua babestu beharra dagoela eta ibaian ezer egin baino lehen horrek zer ekarriko duen ikusi beharra dagoela dio herritar askok. Ekimen ugari jarri da abian, horien artean Adostasun Mahaia sortzea proposatu dute, etorkizuneko jokabideak denon artean erabakitzeko, patronatuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin… Mugak ezagutu eta oinarrizko arauak ezarri nahi dituzte. Horrez gain, Euskal Herriko Surf Federazioarekin(EHSF) elkarlanean bazkidetze kanpaina bat hasi dute, ekologisten, enpresen… laguntza jasotzeko.

Mundaka zaindu

Bertako olatuak irudi ona galdu duela dio EHSFko kide batek nahiz eta orain pozik egon gertatutakoa bolada bateko kontua izan delako azken finean. Orain, itxaropentsu daude surflariak, ekologistak, ostalariak, elkarteak… Ea, bada, indar berrituta bueltatzen den Mundakako olatu ezaguna!!

Goierritik ere gure atxikimendua azaldu nahi diegu surflari guztiei. AUPA SURFLARIAK!!!!!!!

Comments { 1 }
-->