Aberastasuna=axolagabekeria?

Telebistako kate askotan, jendearen dirutza agerian uzten duten programa gero eta gehiago daude azkenaldian: Casadas con Miami (Cuatro), Hijos de papa (Cuatro), Quién vive ahí (La sexta)... Telebista saio horietan Espainiako eta Estatu Batuetako aberatsen etxeak ikusi edota beraien kontu korronteetako zero kopuruez jakin dezakegu. Esther Porto, Maria Bravoeta Cristina Tarregabezalako pertsonaiak agertzen diren programa hauetan, Espainiako eta Estatu Batuetako aberatsek euren dirutza nola xahutzen duten ere ikus dezakegu: Luis Vuittoneko 1.560 euroko poltso bat, Monclereko 1.000 euroko jaka bat, Suarezeko 1.796 euroko eraztun bat… Halaber, dantzaleku bat erabilera pribatu baterako erreserbatzen dutela jakin dezakegu, edo dirudun horien etxe barrura sartu eta Eva Longoria bezalako lagunen bisiten lekuko ere izan gaitezke.

Saio horiek, nire iritziz, oso aukera ona ematen dute inbidia pasatzeko, edota gaur egun munduan ematen ari diren zorigaitzez ahazteko (Japoniako hondamendia, krisialdi ekonomikoa…). Dena den, alde positibo hori ikusi arren, esan beharra daukat, pairatzen ari garen krisialdi ekonomikoa eta jendea bizitzen ari den pobrezia kontuan hartuta, lotsagarria iruditzen zaidala horrelakoak emititzea. Nik uler dezaket ez dela beraien errua aberatsak izatea, baina ulergaitza iruditen zait, sekulako dirutzaz gozatzeko aukera izanda, behardunei laguntzeko gogo izpirik ere ez izatea.

Gainera, orain dela pare bat urte horrelako saio batean ikusi nuen bonbazian bizi zen pertsona batek bere zebitzaria zakur bat balitz bezala maneiatzen zuela alde batetik bestera. Ez hori bakarrik, “chacha” edo “criada” bezalako mespretxuzko izenak erabiliz deitzen zion. XXI. mendeko telebista saio batean aberatsek beraien zerbitzariekiko dituzten jarrera gutxiesgarriak telebistan ikusi ahal izatea lotsagarria iruditzen zait.

Gaur egun, munduan 1.300 milioi pertsona daude dolar bakarra dutenak egunean, eta 3.000 milioi pertsona eguna 2 dolarrekin igaro behar dutenak. Datu hauek kontuan izanda, axolagabekeria izugarria iruditzen zait 5 pisuko etxe, Ferrari pare bat eta 3 etxebizitza gutxienez duen jendeari buruzko telebista saioak egitea. Amaitzeko, iruditzen zait programa hauen erruz aberats guztiak inozoak eta axolagabeak direla uste dugula. Ez da, agian, horrela izango; halere, saio hauek direla eta, bonbazian bizi diren guztien iritzi orokor negatiboa jasotzen dugula garbi dago.

Comments { 0 }

We don’t need no education… or yes?

Hemendik gutxira erabaki garrantzitsu bat hartu beharko dugu DBHO 2 burutzen ari garenok. Alde batetik, ikasketak utzi eta lanean hasteko erabakia hartuko dutenak egongo dira (horrek ez du esan nahi pertsona horiek ikasteari utziko diotenik, beste era batera ikasiko dute eta). Bestetik, goi mailako ikasketak edota beste mota bateko ikasketak egitea aukeratuko dituztenak egongo dira. Askotan erabaki hau hartzea ez da erraza izaten; izan ere, gaur egun, oso aukera zabala eskaintzen zaigu eta honen aurrean, ikasleok, oso garbi eduki ezean, ez dakigu zer egin. Ni ikasketa posibleen zerrenda bat egiten hasiko nintzateke eta hauen inguruko informazioa biltzen joan, gustatzen ez zaizkidanak zerrendatik ezabatzen joateko.

Nik neuk, oraintxe bertan, ez dakit ziur zer egin. Horrenbestez, garrantzitsuena ateak ez ixtea da; eta horretarako, funtsezkoa da informatzea. Askok, euren burua ezin kokaturik ibiltzen direnek, hori esatea erraza dela diote. Pazientzia pixka batekin eta tresna egokiak erabiliz, ordea, informazioa guregana berehala etor daiteke. Esaterako, gure irakasle batek orientaziorako hainbat webgune interesgarri bidaltzen dizkigu Posterousen bidez, eta nik deliciousen gordetzen ditut.

Informazioa eskuratzeko beste modu bat unibertsitateek eskaintzen dituzten ate irekietara joatea da. Beharbada batzuei honek atzera eragiten die, ez dakitelako oraindik zer ikasi. Dena den, modu honetara gradu ezberdinen informazioa lortzeaz gain, baliteke gure erabakiak hartzen laguntzea, zerrendako hainbat gauza azpimarratu edota ezabatzeko aukera emanez.

http://flickrcc.bluemountains.net/flickrCC/index.php?terms=question%20mark&page=1&edit=yes&com=noEra berean, badira unibertsitate ezberdinak joaten diren azoka bereziak, hala nola, Unitourek antolatzen dituenak. Azoka hauetara unibertsitate asko propaganda zabaltzera joaten badira ere, beste batzuek ikasketei buruzko azalpen interesgarriak eskaintzen dizkigute. Nahiz eta guri unibertsitate horrek interesa ez piztu, seguru informazio interesgarria izango duela eskaintzen dituen ikasketei buruz. Eta horrela, nahiz eta unibertsitate horretan ikasi nahi ez izan, baduzu gradu bati buruzko informazioa. Hori bai, horrek ez du esan nahi zuk ikasiko duzun unibertsitatean gradua azaldu dizutenaren berdin-berdina izango dela; halere, baduzu informazioa gradu horri buruz eta ideia bat egiteko oso ondo etorriko zaizu.

Azkenik, unibertsitate batzuek, ate irekietako egunaz gain, bertako orientatzailearekin elkartzeko aukera eskaintzen digute. Egia esan, nik ez dut probatu, baina esan didatenez, oso ondo dago buruan dituzun kezkak argitzeko; izan ere, graduekin lotura duten galderak erantzuten omen dizkizu. Horrez gain, tokia eta bertako jendea ezagutzeko aukera paregabea izan daiteke.

Beraz, nahastu samar bagaude, onena informatzea izango da; izan ere, askotan informazio ezak egoera korapilatsu horretara eramaten baikaitu. Halaber, komeni da ez izutzea gaur egun graduek dituzten izen arraroekin, horietako askoren atzean betidanik ezagutzen ditugun ikasketak baitaude.

Comments { 0 }

Ingalaterrakoa, munduko futbol ligarik onena

Futbol hitza aipatzean, gure buruak Espainia edo Ingalaterrarantz jotzen du, bertan -azken eguneko derbietako audientziei erreparatzea baino ez dago- bizitzen baita futbola intentsitate eta pasio handienarekin. Futbola espainiar eta ingeles guztien ahotan dagoen zerbait da. Are gehiago, estatu hauetako biztanleariaren gehiengoa talderen baten jarraitzaile dela esan dezakegu. Futbolean jokatzeko era, dena den, ezberdina da: ingelesek futbol zuzena deritzona egiten dute, eta espainiarrek modan dagoen tiki-taka jokoa. Bi liga hauek dira munduko garrantzitsuenak, jende eta diru mugimendu handiena dutenak baitira. Bbietatik zein da onena, baina?

Hasteko, diru kontuak aztertuta, bi ligek diru mugimendu antzekoa dutela ikus daiteke, Ingalaterrako ligak Espainiakoak baino diru apur bat gehiago mugitu arren. Diru mugimendua, dena den, ezberdin ematen da. Ingalaterrako ligan, dirua talde ezberdinetan berdintsu banatzen da, talde nagusiek zertxobait gehiago jaso arren. Honek liga berdinarazten du: titulua talde gehiagoren artean erabakitzen da, eta talde xumeak indartsuagoak dira Espainian baino. Espainiako ligan, ordea, diruaren erdia baino gehiago bi talderen artean banatzen da, liga aldez aurretik saldua egonik eta ligari interesa kenduz. Ez hori bakarrik, gainerako taldeek ez dute izar garrantzitsu edo jokalari apart askorik eta jendea bi talde garrantzitsuenetan baino ez da fijatuko, liga bi taldeen negozioa bilakatuz. Beraz, diru banaketaren kontzeptuan, inglesaren alde egingo nuke.

Hala ere, espainiar ligaren futbol mota edo futbola egiteko modua ingelesena baino hobea dela iruditzen zait, ikuslearentzat futbola hobea edo entretenigarriagoa baita. Espainiako ligako futbola ‘tokean’ oinarritzen da, jokaldiak asko landuz, eta garrantzi gehiena teknikari emanez. Ingalaterrako futbola, ordea, zuzena da: pase luze edo erdiraketetan oinarritzen da, eta indarra eta fisikoa gainezartzen zaizkio teknikari, nahiz eta honek garrantzia ere baduen. Hortaz, futbola egiteko moduari dagokionez, Espainiako ligaren alde egingo nuke.

Azkenik, ikusleak duen garrantzia aztertuko dut. Espainian futbola entretenimendua da, eta zelaian zaleek euren taldea animatu eta jarraitzen dute; halere, ezin da ingelesek futbola bizi duten erarekin alderatu. Ingalaterran, futbola bizitza da jende askorentzat, astebururo futbol zelai guztiak bete egiten dira eta futbola bizitzeko modua ezin da deskribatu. Ideia bat egiteko, irakurri nire gelakide Ainhoak Ingalaterrako ligan jokatu zuen Jandrori egindako elkarrizketa. Partiduan zehar, Espainiako futbolean eserita pipak jatea nagusitzen den bitartean, Ingalaterrako futbola guztiz ezberdina da: jendea zutik egoten da, isildu ere egin gabe, momentu oro beraien taldearen alde kantatzen. Esan beharra dago denetarik dagoela, toki guztietan bezala, baina bada ikusle mota berezi bat bat biolentzia erabiltzen duena eta gaur egun oso ospetsu bihurtu dena: Hooliganak .

Laburbilduz, zera esan daiteke: bi estatu hauetan futbola oso era berezian bizi da, munduan beste inon ez bezala. Bi hauetatik bat aukeratu behar izango banu, Ingalaterrako liga aukeratuko nuke munduko onena bezala; izan ere, liga irabazteko hautagai ezberdin ugari baitaude eta, bertan, ikusleak inon ez bezala bizi baitu maite duen kirola.

Comments { 2 }
-->