Telezaborrak harrapa ez zaitzan, zoaz paseo bat ematera…

Etxean asperturik nengoela, telebista piztea bururatu zitzaidan. Lehenengo katean txutxu-mutxu besterik ez zegoela ikusi nuen bezain pronto, nire gustuko programa baten bila hasi nintzen. Ez nuen nire helburua lortzerik izan, hutsean geratu zen; izan ere, kate guztietan ‘zaborra’ besterik ez zegoen. Telebista itzali nuen. Hori al da egungo telebistak ikusleei eskaintzeko duena? Uneoro mota horretako saioak?

Ez dago dudarik egungo telebisten helburua euren ikusle kopurua handitzea dela, inongo arau etiko edo moralik ezarri gabe: guztiak balio du. Hori dela eta, kate guztiek, publiko zein pribatu, arau moral guztiak hausten dituzte bere ohiko edukia degradatuz. Esate baterako, zenbatetan ikusi ahal izan dugu telebistako eztabaidaren batean, gaia landu ordez, parte hartzaileek tirabiran jardutea? Nire ustez, hor dago benetako arazoa: oraingo telebistak ez du bizitza publiko eta pribatuaren arteko muga beeizten.

Ez dago esan beharrik irensten dugun zaborrak eragin handia duela gaur egungo gizartean, hori baita gehiengoak kontsumitzen duena. Horren adibidea da “sasiospetsu” hauen esaldiak nonahi aurkitzea. Nork ez du inoiz, kalera irtetean, “Yo por mi hija, mato!” eta esaldi horretatik eratorriko beste hainbat entzuteko betarik izan? Nik, zoritxarrez, askotan.

Edozein modutan ere, onartu beharra dago era honetako programek askotan deskonektatzen laguntzen digutela. Gehienetan, lanetik bueltatzen direnek ez dituzte gai edo eduki konplexuez aritzen diren saioak ikusi nahi izaten, nahiko buruhauste izaten baitituzte lanean, telebista piztu eta antzeko gaiak entzun behar izateko. Dena den, mila eta bat era daude eguneroko arazoetatik ihes egiteko, hala nola, pelikula on bat ikusi, kirola egin edo, liburu baten istorioan murgilduz, irakurketaz gozatu.

Hau guztia laburbilduz zera esan daiteke: saio hauen kontrako argudioak aldekoak baino pisu handiagokoak dira. Nire uste apalean, saio hauek ikustekotan, buru pixka batekin ikus beharko genituzke, bertan erabiltzen diren hitzak eta jarrerak oinarri edo adibide bezala erabili gabe. Gizarteari mesede egingo genioke, gure izatea edo etika telebistako show hauetatik babestuz, geu izaten jarraituko bagenu.

Comments { 2 }

Mediumen trikimailuak agerian

http://www.flickr.com/photos/41890366@N03/4984779476Telebista kate batean programa berri bat estreinatu zuten orain dela hilabete batzuk. Saio honek “Mas alla de la vida” du izena eta Anne Germain izeneko medium bat azaltzen da bertan. Honek, programara gonbidatutako pertsona famatu eta anonimoei hildako senitarteko edo lagun batei buruz hitz egiten die, zehaztasun intimoak emanez, beraiekin kontaktatzen duela egiaztatzeko. Nik neuk ez dut sinesten honelako gauzetan, baina aurreko batean zur eta lur geratu nintzen xehetasun dezente asmatu zituenean. Ezaguna den pertsona baten senitarteko bati horrelako gauzak asmatzeak ez ninduen harritu; bai, ordea, pertsona anonimoei ere asmatzea.

Maitek hurrengo artikulurako gai bat aukeratzeko esan zigunean, gai honi buruz ikertzen hasi nintzen. Horrela, gune askotan mediumak erabiltzen dituzten trikimailuei buruz irakurtzen hasi nintzen. Magonian topatutako artikulu hau oso interesgarria iruditu zitzaidan: ‘Más allá de la vida’: Los trucos de los mediums de la tele para simular que se comunican con los muertos. Horretaz aparte, bideo oso interesgarria aurkitu nuen telesail amerikar batekoa “Leverage” izenekoa. Bertan, mediumak erabiltzen dituen trikimailuak azaltzen dituzte eta honek jarraitzen dituen urratsak ere bai. Esate baterako, mediumak orokorrean hasten dira hitz egiten beti, eta, pertsonaren aurpegiaren bitartez, pistak jasotzen dituzte; ondoren, bere ondorioak ateratzeko. Hementxe uzten dizuet bideoa:

Hala ere, lehen aipaturiko webgune gehienek baieztatzen dute Germainen trikimailuak beste batzuk direla. Pertsona ospetsuekin hitz egiteko aurretik ikerketa batzuk egiten dituzte, ateratako aldizkari eta telesaioetatik informazioa jasoz. Geroago, saioan zehar, Anneri dena entzungailu batetik esaten diote. Pertsona ezezagunekin, berriz, teknika pixka bat aldatzen da, hauei buruzko informazioa ezin baita hain erraz topatu. Horregatik, saioa hasi baino lehen, pertsona bat infiltratzen dute ikuslen artean, zeinek hauei buruzko informazioa lortzen duen. Gero, programan, dena azaltzen du Annek entzungailuak lagunduta. Egia esan, zertarako behar du Annek entzungailu bat hildakoekin harremanetan jartzeko?

Edonola ere, hau ez da kasu bakarra; izan ere, munduan zehar pertsona asko baitaude horrelakoetan lan egiten dutenak: etorkizuna asmatzen dutenak, mediumak (hildakoekin hitz egiten dutenak), madarikazioak ipini edo kentzen dituztenak… Nire ustez, pertsona hauek gaizki pasatzen ari diren pertsona batzuez baliatzen dira eta etekina ateratzen dute inongo gupidarik gabe. Pertsona horiek dirua ateratzen dute senitarteko edo lagun bat hil delako triste dauden beste batzuez baliatuz, eta hori jasangaitza iruditzen zait. Ez al du inork ezer egingo hori geratzeko?

Comments { 0 }

Jandro: “Futbolari nintzenean ikasketak egitea nire bizitzan hartutako erabakirik onenetarikoa da”

Aitaren laguna zela eta, berak bizi izan zuen istorioa gertutik ezagutzen nuen. Gaur egun, aldiz, bere enpresa dela medio, askotan nire ordenagailuaren arazoak konpontzeko harremanetan ere jartzen gara. Hain erraza bazirudien ere, elkarrizketa egiteko komeria asko izan genituen; halere, komeriak komeria, azkenean hitzordua ipintzea lortu genuen eta iritsi zen elkarrizketa egiteko eguna. Izugarri lotsatuta eta oso urduri nengoen, baina Amaiari esker lortu nuen apur bat lasaitzea. Elkartu ginenean, kafea eskaini zigun eta hurrengo bost minutuak zeregin horretan eman zituen. Nire ondoan eseri eta lasai egotea lortu nuenean, elkarrizketari ekin nion.

Alex Calvo Garciaz ari naiz. Alex 1972ko urtarrilaren 1ean jaio zen Ordizian, Gipuzkoan. Jandro ezizenez ezaguna den futbolari ohi honek bere bizitzako urte asko eskaini dizkio kirol ezagunari. Eibarren eman zituen bere lehen urratsak. Geroago etorriko ziren Beasain, Reala eta Torrellano. Azken honetan eman zion amaiera bere futbolari ibilibideari urte asko eta asko Ingalaterran egon ondoren, zelai erdian jokatuz, Scunthorpe United taldean hain zuzen ere. Erretiratu ondoren, Iñigo Gurruchaga kazetariak berari buruzko liburu bat idatzi zuen: “Scunthorpe until I die”.

Jakin dudanez txikitatik izan duzu futbolerako dohain hori. Imajinatzen dut ez zenuela pentsatu ere egingo iritsi zarenera iritsiko zinenik. Bueno, txikitatik futbolean jolasten hasteak beste maila batzuetan jokatzeko aukera eman zidan. Horrek leku ezberdinak ezagutzera eramaten zaitu. Nik, nire zorionerako, Ingalaterran jokatzeko aukera izan nuen. eta oso esperientzia ona eta saritua izan nuen.

Momentu txarretan, burutik pasa al zaizu inoiz amore ematea? Bai, bizitzan ez ezik futbolean ere beti izaten dituzu momentu onak eta txarrak. Futbolari dagokionez, bi une kritiko bizi izan ditut, zeinetan gehiago nengoen futboletik kanpo barruan baino. Baina egia esan, hori bizitzak ezarritako oztopoak dira eta egoera horretan erabaki bat hartu behar duzu. Nik aurrera egitea erabaki nuen, nahiz eta etorkizuna futbolean ez oso garbi ikusi. Borrokotu egin nuen ahal izan nuen bezala, eta azkenean inoiz pentsatu ez nuena lortu nuen.

Ingalaterrara joateko aukera izan zenuen. Kostatu al zitzaizun erabakitzea? zure ingurukoei galdetu beharra izan zenuen edo zuk zeuk erabakia hartzea nahiago izan zenuen? Zaila izan zen; izan ere, garai hartan, gaur egungoarekin alderatuta, ez baitzegoen atzerrira joateko ohiturarik. Lehenengoetakoak izango ginen; beraz, zaila izan zen lurralde, ohitura eta hizkuntza ezberdinak zirelako. Bestalde, erabakia hartzea ez zen oso zaila izan, aukera bakarra geneukalako: arriskatu eta futbolean jokatu edo hemen geratu inon jokatu gabe.

Diozun bezala, Ingalaterrara iristean, beste kultura, hizkuntza, ohitura … batzuk topatu zenituen. Haietara moldatzea zaila egin al zitzaizun? Gainera, antza denez, Ingelesa tutik ere jakin gabe joan zinen. Laguntzarik izan al zenuen? Bai, benetan zailena hizkuntza ez jakitea izan zen Ingalaterra bezalako lurralde batean. Beste esparru batzuetan, azken finean, antzekoak gara, antzeko bizitza daramagu; halere, egunero jendearekin hitz egin ahal izate hori lorpen handienetariko bat da. Aldageletan sartu eta inorekin hitz bat ezin egite horrek nahiko zapuztuta sentiarazten dizu. Edonola ere, egunez egun hizkuntza gero eta gehiago menperatzen joatean, gizarteratuago sentitzen zara. Taldean baztertua ez egotea, edonorekin komunikatzeko gai izatea eta taldearen barruan sentitze hori gozamen pertsonal bat da. Gaur egun, nire zati bat ingelesa dela sentitzen dut. Beraz, lortu genuen bertan txertatzea. Esate baterako, bi semeak han jaiotakoak dira. Gauzak horrela, gure zati handi bat ingelesa da.

Han, futbolean jokatzeaz gainera, zure ikasketak burutu zenituen. Zaila egin al zitzaizun ikasketak futbolarekin uztartzea? Egia esan, futbolaz bizitzea, beste hizkuntza bat ikastea eta futbolaria izatea mauka bat da. Hala ere, denbora asko duzu, aisialdi asko… eta nire etorkizunari ere begiratu nion. Erabaki hau, nire bizitzan hartutako erabaki onenetariko bat dela uste dut. Egia esan ez zen zaila izan denbora libre asko nuelako, baina motibazioa ere behar da. Azkenean, ikasketak bukatu eta zorionez ikasitako hura nire lanbide bihurtu da.

Wembleyko estadio mitikoan sartu zenuen gol ospetsuak ondorio ezin hobeak ekarri zizkion taldeari; izan ere, gol harengatik heroi bihurtu zinela esan baikenezake. Horrek zure bizitzan eragina izango zuen, ezta? Ingalaterran futbola era berezi batean bizi eta sentitzen da. Niretzat Wembleyko gola gehigarri bat izan zen, garrantzitsuena Wembleyn jokatzea izan baitzen, pasatutakoak zirela eta. Hizkuntza ikastea eta bertan txertatzea baino gehiago, nire ametsa Wimbleyn jokatzea zen eta gola sartzea; beraz, gaina eta bikaina izan zen gol hura. Egia da Ingalaterran futbola grinaz bizi dela eta izugarrizko balioa ematen zaiola. Esate baterako, Espainiako futbolean heroiak egitea edo sortzea gustatzen zaigu, eta gero, maila goren batean daudenean, suntsitzea eta birrintzea. Hori gure kulturaren parte dela uste dut. Ingalaterran, berriz, norbait heroi bihurtzen badute, gerora ere heroi bezala mantentzen dute, egun zehatz batean zerbait lortu zuelako. Ez dute hori inoiz ezabatuko.

Iñigo Gurrutxaga idazle eta kazetaria izan zen zure istorioa eredutzat hartu zuena liburu bat idazteko. Idazten hasi aurretik zurekin harremanetan jarriko zelakoan nago. Ezagutzen al zenuten elkar? Iñigorekin harreman profesionala edukitzeaz gain, egun, harreman pertsonala ere badugu, lagunak gara. Bera hasieratik ohartu zen gertatzen ari zitzaidana ikusgarria zela, hau da, pertsona bat futbolean maila gorenera iritsi gabe, historia polita bizi izatea eta futbolari sentitzea. Beraz, kontatzeko historia ona zela pentsatu zuen. Iñigok denbora asko pasa zuen gurekin, ikertzen ari zen bitartean. Nire kideeta ezagun asko elkarrizketatu zituen eta, egia esan, sekulako lana egin zuen. Berarekin ikasi dut zenbat lan dagoen liburu baten atzean. Guk liburua hartu eta irakurri baino ez dugu egiten, ez gara konturatzen autoreak zenbat lan egin duen eta zenbat ordu eman dizkion gaia ikertzeari. Ohore handia izan zen niretzat, Iñigok idatzi behar zuelako, oso landuta zegoelako eta, azken finean, zuri buruz idatzitako liburu bat delako.

Liburuarekin jarraituz, oso pozgarria izan behar du zuri buruz liburu bat idaztea. Liburuaren mamia gustuko al duzu? Liburuak informazio eta datu asko ditu, eta Iñigok nire historia beste hainbat gauzarekin erlazionatzeko erabiltzen du. Bide batez, liburuez hitz egiten ari garenez, orain dela bi aste Madrilen egon ginen kazetari batzuek argitaratu duten liburu bat ikusteko. Asko gustatu zitzaidan eta helburu oso polita du, Down sindromearen laguntza elkarte baterako baita. Liburu hau Madrileko hamar kazetariren artean idatzita dago, hitzaurrea Vicente del Bosquek egina da eta hamar kazetari horietako batek, Luis Villarejok, nire historia aukeratu zuen libururako. Antza denez, interesgarria iruditu zitzaion.

Egin zizuten omenaldian, izugarrizko zirrara sentitu nuen: jende guztia zurekin zegoela ikusi nuenean, nola hunkitzen ziren, zureganako zuten sentimendua… Horregatik ez dut pentsatu ere egin nahi zu nola egongo zinen! Izugarria izango delakoan nago… Bai, egia esan futbolarekiko Ingalaterran duten sentimendu horrek hango espiritua oso ondo islatzen du. Nik hasieran taldean oso gutxi ginenean gai honi buruz asko hitz egin izan dut hangoekin, esate baterako, Roberto Martinez, Fernando Hierrorekin … Hierrok behin aitortu zidan, Real Madriden jokatzen zuenean, hamar urte ondoren norbait joatean, ez ziotela niri egindako omenaldiaren parekoa egiten, ezta urrutitik ere. Hau da, Ingalaterran, nahiz eta hirugarren mailan egon, sekulako agurrak egiten dira. Ez du zer ikusirik gaur egungo hemengo futbolarekin. Gozamen bat da bizi izan dudana eta asko gustatu zitzaidan nire bilakaera oso ondo ikusi zelako, hots, nola iritsi nintzen Ingalaterrara, nola bertakotu edo ohitu nintzen hango egoerara eta, azkenik, handik nola atera nintzen. Gainera, aipatu beharra dago Goierri Telebistak egin zuen lan zoragarria, hunkigarria dela iruditzen zait, nahiz eta ni ez izan pertsona objektiboena hau esateko.

2005ean zure emazte eta seme-alabekin itzuli zinen. Gaur egun, bizitza berri bati ekitekotan, aurretik dena planifikatzen dugu. Zuk sortutako enpresa zure plangintzaren barruan al zegoen? Atzerrian zaudenean, han gelditu edo itzultzeko erabakia hartu beharra daukazun momentu bat iristen da. Gainera, seme-alabak izanez gero, lehenago hartu beharra daukazu erabaki hori, umeak segituan egokitzen baitira hango bizimodura eta oso zaila da gero bizimolde horretatik ateratzea. Horregatik, itzultzea erabaki genuen, gure negozio propioa sortu eta bizimodu berri bati ekin. Gure bizitzak berreraiki genituen eta dena aldatu behar izan genuen: herrialdea, lanbidea … Horrek denboraldi batean egoera nahasi xamarra biziarazi zigun. Sentsazio ezberdinak izan nituen. Alde batetik, berriz ere egoera berri bati egokitzea eta, bestalde, zure herrian kanpotar sentitzea.

Zure enpresa dela eta, futbola alde batera utzi behar izan duzu? Egia esan, ez dut erabat utzi. Gaur egun zazpiko futbolean aritzen naiz noizbehinka, eta txapelketak ere antolatzen ditugu lagunen artean. Lasaitzeko sistema onuragarria izateaz gain, futbola betidanik gustatu izan zaidan kirola da.

Lehen eginiko galdera batean ea Ingalaterrara iristean egokitzea zaila egin zitzaizun galdetu dizut eta itzultzean ere berdin gertatuko zitzaizula aipatu didazu. Hango bizitzaren falta sumatzen al duzu? Gu zortzi urtez bizi izan ginen Ingalaterran eta, edonora joanda ere, dena hizkuntza eta kultura ingelesarekin lotua zegoen. Horrenbestez, hona etorri eta hori guztia aldatzea oso arraroa egin zitzaigun. Ez zen horregatik bakarrik, jendea bera ere desberdina zen. Han bakoitzak bere etxean lorategi eta ingurune pribatua du; hemen, ordea, kalera gehiago irteten gara eta bizitza sozialagoa egiten dugu. Eraikuntza berean, zure familiaz aparte, jende gehiagorekin bizitzea eta pribatutasun hori ez edukitzea arraroa egin zitzaigun bueltan. Detaile horietaz lehen ez ginen konturatzen, baina hona etortzean konturatu ginen dagoen desberdintasunaz.

Elkarrizketarekin amaitzeko, Ingalaterrako lagunekin harremana edukitzen jarraitzen al duzu? Bertan koadrila, lagun eta ezagun asko egin genituenez, hona etortzeko erabakia hartzean, harremana ez galtzea erabaki genuen. Urtero joaten gara, saiatzen gara han genuen harreman hori ez galtzen. Ez dugu Ingalaterra gure bizitzatik ezabatu nahi. Azken finean, nire bizitzako urte dezente eskaini dizkiot..

Eta honelaxe eman genion amaiera elkarrizketari. Esperientzia izugarria dela ziurtatzen dut, benetan. Asko gustatu zitzaidan eta, gainera, asko ikasi dut. Mila esker, Jandro, bihotz-bihotzez. Elkarrizketa honek zure bizitza eta zu pertsonalki gehiago ezagutzera bultzatu nau. Zure harrera ere eskertzekoa izan da; beraz, berriz ere eskerrik asko euskaljakintzari tartetxo hau eskaintzeagatik.

Comments { 9 }
-->