Artea ala negozioa?

Orain dela bi urte, 2008ko udan, gurasoak, anaia eta ni New Yorkera joan ginen hamar egun igarotzera. Hiria benetan zoragarria, bizia, mota guztietako jendea, auzo erabat ezberdinak… Inoiz ikusi dudan hiririk ikusgarriena. Empire State, Statue of Liberty edota Times Square ikusi ondoren, Brooklyngo zubi ondoan dagoen portua ikustera jo genuen. Hantxe bueltatxo bat ematen ari ginela, Bodies the Exhibition izeneko erakusketa bertan kokatzen zela ikusi, eta amak bertara joatea proposatu zigun. Anaia eta nik museoa zela entzutean, ezezkoa eman genuen, jada nekatuta baikeunden. Amak, orduan, mesedez esfortzu bat egiteko eskatu zigun: artikulu bat irakurria zuen erakusketari buruz, eta benetan interesgarria zela aitortu zigun.

Horrela, elkar hartu eta barrura sartzea erabaki genuen. Erakustaldia ikusi ondoren, aho bete hortz geratu nintzen. Guztioi gomendatzen dizuet, aukera baduzue behintzat, bertara joatea. Erretzaile baten birikak eta erretzen ez duenaren birikak ikusi ahal ditzakegu; nolakoa den fetu bat hilabete batera, bitara edota seitara; muskuluak baino ez dituen pertsona bat, beste bat zainak baino ez dituena… Hau da, bertan dauden gorputz, fetu edota gorputz atal guztiak disekatuak daude eta gure barrenak nolakoak diren ikusteko aurkera aparta da; are gehiago biologia edota gorputza gustuko duzuenontzat. Hala ere, honek guztiak polemika sortu du. Nondik atera dira museo honetarako gorputzak, organoak edota fetuak? Donatuak izan al dira?

Hainbatek dioenez, gorpuak Txinako kartzeletan exekutatutako edota toruturatutako presoenak dira. Beraz, donatuak? Ez. Premier da Bodies the Exhibition-en antolatzailea, eta jakin badakigu hainbat pertsonak salatu egin dutela informazio hau argitaratua izan ondoren. Itxura denez, zazpi deabruak ikusi zituzten informazio hura ezeztatu nahian; dena dela, Premier-ek ezin izan du demostratu gorputzak ez direla Txinako presoenak. Horrela bada, aberrazio bat iruditzen zait ikusgai dauden gorpuak horrela lortuak izatea eta, modu berean, oraindik erakusketa ikusgai egotea. Ez hori bakarrik, zentzugabekeria eta arduragabekeria da nire ustez Txinako Gobernuak horrelako gauzak egitea bertako hiritarrekin. Hitz gutxitan esanda, hau erabateko gorpu-trafikoa dela uste dut. Baina gobernua hori egiteko gai bada, zer ez du dagoeneko egin? Zer pentsatzen duzue herrialde hortako gobernariei buruz?

Nik egin nuen bezala, jende asko erakusketa hartara joango zen gorpuak nondik atera diren jakin gabe. Edukia guztiz interesgarria, bai; halere, gaur egun ezin dugu gorpu-trafikoa onartu. Aurreko gorabehera guztiak direla eta, erakusketaren sarreran kartel bat jartzera behartu dituzte, esanez bertako gorpuak agian Txinako poliziak kartzeletatik jasotako jendearenak direla. Horrez gain, beraiek hori ezin izan dutela ezeztatu aitortzen dute kartel horretan. Behintzat, erakusketa ikustera sartu baino lehenago jendea jakinaren gainean egon daiteke eta bakoitzak hortik aurrera zer egin nahi duen aukera dezake.

Ziur nago askoren iritziz erakustaldi honi boikota egin behar zaiola, ezin baita onartu XXI. mendean oraindik horrelako bidegabekeriak egitea gizakion bizitzarekin. Zuek zein konponbide proposatzen duzue? Erakusketa debekatzea bidezkoa dela uste al duzue? Nire ustez, nahiz eta ezin izan duten demostratu gorpuak ez direla Txinako kartzeletakoak, erakusketak benetan merezi du gauza berri asko ikasten baitituzu. Nire aburuz, gobernuak bertan eskua sartu beharko luke eta gorputzak nondik atera eta nora doazen kontrolatu. Gorputzak legalak badira, donatuak adibidez, oso ondo iruditzen zait horrelako erakusketa motak martxan jartzea.

Comments { 6 }

Diruak zoriona dakar?

Jende asko dirua eta zoriona sinonimoak direlakoan dago, hau da, diruak zoriona ekartzen duela uste du; nire iritziz, ordea, hori ez da horrela. Izan ere, munduan dirurik ez duen jende zoriontsua bizi da, eta, alderantziz, diru asko duen jende ez zoriontsua. Pasa gaitezen, bada, gaia aztertzera.

Hasteko, diruak, zoriontasuna baino gehiago, erraztasunak ekartzen dituelakoan nago. Diruarekin nahi bezainbeste eros dezakezu, baina horrek ez du esan nahi, gura adina gauza izateagatik, zoriontsuagoa izango zarenik. Izan zaitezke, baina, azkenerako, desiratutako gauza guztiak erosiko dituzu, eta, orduan, ez duzunez zer erosirik izango, ez zara zoriontsu izango. Beraz, zorion mota hori artifiziala dela iruditzen zait.

Bigarrenik, dirua edo aberastasunak izatean, besteenganako konfiantza galtzen da. Ez dakizu zure inguruko jendea diruagatik dabilen ala ez, eta, azkenerako, beraiengandik urruntzen joan zaitezke, hauek zuretaz aprobetxatuko diren beldurrez. Eta zure bizitzako momentu batean bakarrik sentituko zara, zoriontasunetik oso urrun.

Gainera, munduan dirurik gabe edo diru gutxirekin bizi den jende zoriontsua badago. Hauek zoriona adiskideengan, konfiantzan, maitasunean… topatzen dute eta dirudun asko baino zoriontsuago dira, behar duten guztia alboan baitute.

Hala ere, badago diruak zoriontsu egiten duen jendea. Jende xume askok loteria erosten du diru kantitate izugarria irabazteko itxaropenaz. Hauetako batzuk, halako diru kantitatea irabaztean, munduko pertsona zoriontsuenak direla uste dute. Halaxe da, zoriontsu dira. Ez hori bakarrik, badago diruduna den jendea, duten diruagatik zoriontsuak direnak. Halere, oso jende kopuru txikia da. Hauek beraiek lortu dutela zoriontasuna konturatzen dira, eta ez euren diruak.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: dirua eta zoriona oso kontzeptu ezberdinak dira. Batzuetan jendeak, nahastuta, biak elkartzen ditu, erlazioa izango balute bezala. Apika, kasu batzuetan izan daiteke, baina hori ez da errealitatea.

Comments { 7 }

Denok berdin pentsatzen al dugu?

Goizean goiz, Platonen gogoetak eginahalak egiten ibili ziren geure pentsamenduez jabe zitezen, pitinka-pitinka logalea arbuiatuz. Irakasleak, aurreko gauean irrikatutako amets bitxi eta itzel hartara bueltatzera bultzatu izan arren, moral hitza aipatzeak nire arreta piztu zuen. Nork esango lidake hitz batek halako burutapenak sorraraziko zizkidala, edota ikasgelan hainbesteko anabasa sor zezakeela! Gelan zegoen zarata hain zen handia, non bakoitzak plazaratzen zituen buruhausteak ezin ziren inola ere entzun.

Halako batean, nire besoa zerurantz jaso zela ohartu nintzen, berandu zela ere bai; izan ere, jabetu nintzenerako,  irakaslea nire erantzunaren zain baitzegoen. Ezelako beldurrik gabe, nire lehen iritzia agertu nuen. Moral unibertsala? Eta zergatik ez? Ez nuen uste honek halako eztabaida ekarriko zuenik! Gai guztietan ez, baina, agian, gairen batean denok berdin pentsa genezakeela aipatu, eta berehala neuzkan ikaskide guztiak gainean. Ikasgelaren gehiengoa ez zetorren bat nik azaldutakoarekin, eta euren desadostasuna adierazi zidaten; hori bai, bakoitzak bere erara. Platonen hitzei jaramon handirik egin gabe ametsetan jarraitzen zuten batzuk ere bazeuden iskanbila honen erdian. Nire hausnarketa indartzeko, hilketaren adibidea aipatu nuen. Norentzat legoke ondo norbait hiltzea? Ekintza hori egitean, hark dituen eskubide guztiak zapaltzen ari gara. Argi dago edozertarako prest dagoen gaizkile mordoa dabilela munduan zehar, euren bizitzari garrantzirik eman gabe, eta, ondorioz, haien heriotzak ez luke inongo zoriontasunik ekarriko. Horregatik, gizabanako horiek zuzentzeko beste modu bat aurkitu beharko litzateke, eta, nire ustez, eurak sufriaraztea izango litzateke erarik onuragarriena.

Nahiz eta ikaslagun batzuk hilketaren adibidearekin ados egon, gehiengoak oraindik ezezkoan zebiltzan; eta horrek, hausnartzera eraman ninduen: moral unibertsalik ez dago. Hala izango al da? Ezin izan nintzen era hartara geratu, eta pentsa eta pentsa aritu nintzen. Hasieran, ez zitzaidan ezer bururatzen, minutuak pasa eta berdinean jarraitzen nuen, norbaitek azalduko zidanaren zain. Polvoestelar izeneko blog batean, moralari buruzko artikulu bat irakurri nuen. Hark zioenez, ezinezkoa da morala ez duen gizakirik aurkitzea, baina oraindik zailagoa, kanpotik inongo eraginik izan ez duen morala duen pertsona topatzea. Esaldi honekin bat nentorren, ia ezinezkoa baita inongo eraginik ez jasotzea; bai erlijioak, baita familiak ere izugarrizko eragina izan ohi baitute guregan.

Hala ere, nahiz eta esakune honekin bat etorri, denok berdin pentsatzen dugun arlo bat egon beharra zeukala iruditzen zitzaidan. Baina zein izango zen? Zaila egin zitzaidan; azkenean, baina, lortu nuen aurkitzea: zoriontasuna! Hori zen denbora luzez burura etortzen ez zitzaidan hitza. Lehen betikaratik aurrera, zoriontasuna bilatzen ibiltzen gara, hori baita bizitzak daukan helburua. Bistakoa da gizabanakoak guztiz desberdinak garela geure artean, eta, ondorioz, zoriontasuna ez dela denontzat berdina, ezta hara iristeko bidea ere. Batzuek bizitzan zehar izango duten guztia balioetsiko dute; beste batzuek, aldiz, diruarekin erlazionatuko dute. Jean Paul Sartreren ustez, esaterako, zoriontasuna ez zen batek nahi edo gogoko zuen guztia lortzea, egiten zuena maitatzea baizik. Sartrek azaltzen duenarekin bat nator, oso garrantzitsua iruditzen zait egiten duzuna maitatzea, oinarrizkoa da zoriontasuna aurkitu nahi baduzu. Egia da zoriontasunarekin ezin dezakezula nahi duzun unean topo egin; izan ere, tximeletarekin gertatzen den antzera, harrapatu nahi denean ez da lortzen, ustekabean agertzen den zerbait baita.

Gelako lau muturretatik, futbol partida bakoitzaren amaieran entzuten den soinua entzun zen, txirrinaren hotsa alegia. Irakaslea mahaitik altxatu baino lehen, ikaskide guztiek euren liburuak itxiak zeuzkaten; nik ez, ordea. Hain gustura nengoenez, ez zitzaidan inolaz ere hura burutik joan. A zer nolako klasea! Zenbat burutapen! Baina orain zer? Hori izan zen irakasleak gela utzi aurretik nik neure buruari eginiko azken galdera. Nire zoriontasunaren bila jarraitzeko asmoa daukat, halako batean iritsiko zitzaidalakoan bainago.

Jarraian datorren bideoa, Juan Luis Navasena da. Morala nondik datorren eta moral unibertsal berri bat sortzea egokia dela azaltzen du bertan.

Informazio gehigarria:

Moralari buruzko bi artikulu interesgarri agertzen dira webgune hauetan:

Foro batean, moral unibertsalari buruz hitz egiten dute. Norbaitek zerbait esan nahi badu,  hemen jartzen dut helbidea:

Comments { 10 }
-->