Pikutara testu liburuak!

Egunero klasean egindakoa etxera ekarri behar da egunero ikas dezazun, zeuk egin behar duzu azterketa eta ez nik, ikasi, ikasi… Zenbat aldiz entzun beharra izaten ditugu hitz hauek gurasoengandik? Nik, zoritxarrez, maiz. Haiek ikasteaz eta nota onak ateratzeaz arduratzen dira, beste ezer kontuan izan gabe. Bizkar-zorroa egunero etxera eramateak ekar ditzakeen ondorioez ari naiz, ez baitira batere onak. Zama daramazun momentuan ez du eraginik izango agian, baina jakina da, gerora begira, izugarrizko kalteak sor ditzakeela. Larriena da pisuaren kontua aitzakia dela uste dutela. Ez da txantxetako gauza bat, ordea, hau ganorazko kontua da.

Hasteko, esan beharra dago bizkar-zorroek, behar bezala erabiltzen diren bitartean, ez dutela arazorik sortzen; aitzitik, oso erosoak izan daitezke. Arazoa dator oker erabiltzen ditugunean, eta ez naiz motxila alde batean edo bestean eramateaz hitz egiten ari (honek ere sekulako kalteak dakartza, baina hau beste kontu bat da), pisuaz baizik. Adituen arabera, gure pisuaren %10 eraman beharko genuke, ez da egokia bakoitzari dagokion pisua baino gehiago eramatea. Honek esan nahi du, pertsona batek 50 kg pisatuz gero, ezingo lukeela 5 kg baino gehiago dituen bizkar-zorrorik eraman. Duela egun batzuk nire motxila pisatu nuen (astelehen batean eraman beharreko gauzez beterik) eta 6,4 kg-ko pisua zuen; beraz, ez dut uste zaila denik zama gehiegi eramatea.

Maiz entzuten dugu Eskoliosi hitza, gero eta gehiago. Hau gaixotasun bat da, bizkar hezurraren zeihardura sortzen duena. Bizkarrean zama gehiegi eramateak ez du gaixotasunik eragiten, gorputz-jarreraren alterazioak eta kontrakturak baizik. Oraindik, behintzat, ez da hori frogatu (gaixotasuna eragiten duenik), baina ez dut uste frogatzeko beharrik dagoenik gerora begira kalte handiak ekar ditzakeela jakiteko.

Arazo honi aurre egiteko, teknologia berriak proposatuko nituzke; ordenagailu portatilak, esate baterako. Ez dut uste zentzuzkoa denik dauzkagun tresnak edukita, testu liburuekin jarraitzea. Idaztiak aurreko kontuak dira, bada garaia tresna hauekin lanean hasteko. Ez dut esan nahi bat-batean aldatu behar dugunik, ez baita batere erraza gure belaunaldiarentzat liburutik ikastetik ordenagailutik ikastera pasatzea. Niri neuri oso zaila egiten zait horrelako aparatu batetik liburu bat irakurtzea edota ikastea, baina horregatik ohitu behar ditugu haurrak horretara. Txikitatik ordenagailuan irakurtzen irakasten badiegu, arraroa liburutik ikastea izango litzateke haientzat, eta hori aurrerapauso handia da. Gainera, liburu bat eta ordenagailu bat erkatzen baditugu, argi dago bigarren honek baliabide gehiago eskaintzen dituela. Biologiako klasean, adibidez, beti pizten dugu eta bertatik bideoak ikusten ditugu. Bideoek oso lagungarri gertatzen dira edukia ulertzeko garaian.

Laburbilduz, gaur egun, bigarren batxilergoan ikasten duen pertsona batentzat, behintzat, ezinezkoa da egunero klasean landutakoa etxera eramatea. Lehen esan bezala, bizkarreko arazo larriak ekar ditzake. Ez hori bakarrik, argi dago -nahiz eta horretan ez naizen luzatu-, askoz ere baliabide gehiago dituztela ordenagailuek. Guraso askok aitzakia dela uste dute -eta jende askok atzakiatzat erabiliko du kontu hau-, baina ez da txantxetakoa. Ez dut ulertzen konponbidea muturren aurrean edukita, egoera aldatzeko gai ez izatea. Zergatik itxaron?

Comments { 1 }

Non gogoa, han zangoa

Comments { 1 }

Delitua emakumeen eskubide bihurtuta

Abortua Estatu Batuetako hiltzaile nagusiena da. Han, legalizatu ondorengo hamar urteetan, hamalau milioi bizitza galdu zituzten. Zer gertatuko da Espainian? Tabakoa eta trafiko istripuengatik hildako pertsonen kopuruaren aurretik jarriko al da abortuaren ondorioz jaiotzea lortzen ez duten ume kopurua? Otsailaren 24an onartu zen abortuaren lege berria eta uztailaren 5era arte ez da martxan jarriko. Orduan ikusiko da, lege aldetik, abortuaren ikuspuntua aldatzeak eragiten ote duen ala ez. Abortua delitu izatetik emakumeen eskubide bat izatera iritsi da. Baina hori baino gehiago gizonezkoaren salbazioa dela esango nuke. Izan ere, emakumearen eskubidea izatean, umearen ardura emakumearena baino ez dela ematen du eta, beraz, ardura horretaz desegiteko eskubide horren erabilera egitea besterik ez duela. Horrela, nire ustez, gizonaren kezkak amaitzen dira emakumeak abortatzeko aukera duela jakitean.

Gainera, zergatik berez zigortu beharko litzatekeen ekintza bat orain emakumeon eskubide bilakatu? Nahiz eta denborak aurrera egin, hilketa bat beti izango da delitu (hori espero dut, behintzat) eta beti zigortuko da, zigorra ezberdina izanagatik. Abortuaren kasua ez al da antzekoa? Izan ere, amaren sabelean egunetik egunera hazten doana bizidun bat da. Gameto arra eta emea elkartzen diren momentutik idatzita geratzen dira umearen ezaugarri guztiak kode genetikoan. 17. egunerako globuxka gorriak eta bihotza eratu dira. 24. egunerako bihotz taupadak agertzen dira. 6. asterako bere nerbio sistemak bere gorputza kontrolatzen du eta gizaki itxura du. 7.asterako barruko organo guztiak garatuta ditu. 9. eta 10. asteen tartean likido amniotikoa edan dezake. Eta hortik aurrera bere tamaina handitzen joaten da. Zaila da zehaztea zein momentutan bilakatzen den gizaki bat; izan ere, sabeletik atera ondoren ere garatzen joaten zaio bista. Argi dago, baina, espermatozoidea eta obulua elkartzen diren momentutik dagoela bizitza.

Abortatzearen arrazoiak gehiago izaten dira ama bizitzako momentu txar batean haurdun gelditu dela umeak berez gaixotasun bat duelako baino. Zergatik ez utzi horren berekoiak izateari? Denok dakigu harreman sexualak edukitzeak ondorio batzuk ekar ditzakeela, haurdun gelditzea eta gaixotasun benereoak hartzea, besteak beste. Dakigunez, neurriak hartu gabe sexua praktikatuz gero, nahi ez dugun zerbait etor dakiguke; beraz, kontsekuentea izan behar da. Ezin dena egin da “arazo” horretaz desegin. Egia da ume bat edukitzeak bizitza zeharo aldatzen duela eta ohitura ezberdinak hartzera behartzen zaituela, baina zergatik kendu behar diozu ume bati bizitzeko aukera momentu batean zuk egindako hanka-sartzearengatik? Ez al litzateke izango egokiago egoera hori zure gain hartzea eta etorri behar diren aldaketak era egokienean bideratzea? Hori bai, ume baten ardura edukitzea gehiegi baldin bada amarentzat, irtenbide egokia adopzioa izango litzateke; izan ere, familia asko daude umea nahi eta eduki ezin dutenak eta, inongo dudarik gabe, beraiena izango balitz bezala zainduko dutenak. Zaila da ezezagun bati umea ematea, baina hiltzea baino askoz ere errazagoa behintzat bada.

Informazio gehigarria:

http://www.aciprensa.com/aborto/datos.htm

Comments { 14 }
-->