EGA: Ahozko Probaren simulazio bideoa

Duela urtebete inguru EGAko ahozko azterketaren bideo baten berri izan nuen. EGAko azterketaren atal hau zertan datzan azaltzeaz gain, bideo hartan hainbat bikote ikus zitekeen ahozko azterketa egiten. Material ezin hobea iruditu zitzaidan ikasleei erakusteko; izan ere, oso urduri joaten baitira proba hau egitera, eta azterketa pausoz pauso ikustea oso lagungarria -eta lasaigarria, agian- izan zitekeela iruditu zitzaidan.

Horrela, EGAko arduradun batekin harremanetan ipini eta baimena eskatu nion bideoa plazaratzeko, zehazki euskaljakintzan EGA prestatzeko dugun txokoan eskegiteko. Zoriotxarrez, hainbat arrazoi tarteko, baimena ukatu zidaten. Dena den, ikasleei begira izugarrizko dokumentu grafikoa iruditu zitzaidanez, egunen batean guk geuk antzeko zerbait grabatuko genuela pentsatu nuen. Aurreko asteburuan, tramankulu guztiak prestatu eta grabazioari ekin genion.

Komeni da hainbat puntu argitzea. Alde batetik, bideo hartan ikusi genuena islatzen saiatu gara, baina ni ez naiz inoiz egon azterketa barruan. Bestetik, ariketa ezberdinen iraupena errespetatu nahi izan dugu, nahiz eta gerta litekeen esku-hartzeren batean osorik ez betetzea. Bideoarekin batera, grabaziorako prestatutako azalpena ere hementxe uzten dizuegu, azterketaren dinamika argitze aldera.

Ez dago esan beharrik, jatorrizko grabazioaren aldean, geurea oso apala dela, medio eta ezagutza mugatu baina borondate onenarekin egindakoa.

Amaitzeko, bihotzez eskertu nahi dut anaia Txerra, euskaljakintza 5eko Laura Zabala eta Irune Agirre eta gure ikasle ohi Ainhoa Mujikaren laguntza (azken biak azterketarien lan gozakaitzean). 😉

EGA Ahozko Probaren azalpena eta azterketaren simulazioa

Comments { 7 }

Noizko emakumeen aurkako indarkeriaren amaiera?

Emakumeen aurkako indarkeria, egun, pil-pilean jarraitzen duen arazo bat da. Arazoa ez da eraso fisikoetara mugatzen, hitzezko erasoek eta mehatxuek ere edonor mintzen dute. Egunero hiltzen da munduan emakumeren bat aipaturiko arazo honengatik. Hau gelditzeko, heziketa da garrantzitsuena nire ustez. Umeak gizon eta emakumeen arteko berdintasunean hezi behar ditugu. Honek denborarekin gizonezkoak emakumeak baino gehiago ez sentitzea eta erasoak gutxitzea lekarkeela uste dut. Emankundek dio “Berdintasunak gizonago egiten zaitu”.

Lehenengo, iraina; gero, mehatxua; ondoren, jipoia… Gero? Gero, kartzela. Iaz, Ertzaintzak 902 pertsona atxilotu zituen emakumeen aurkako indarkeria eragotzita. Hauek harrapatutakoak dira; dena den, kasu errealen aurrean gutxi dira; izan ere, asko eta asko denuntziatu gabe geratzen baitira. Bortxaturiko emakumeek ez dute askotan adorerik euren “maiteak” salatzeko. Zer egin egoera honen aurka? Nik ez dut erantzunik.

Zigor zorrotzagoak eta lege bereziak beharrezkoak dira. Zer lortzen da horrekin, baina? Azkenean kalera itzuli eta hasitako lana bukatzen dute, bortxatzaileak ez dira gelditzen euren biktima hil arte. Konponbiderik gabeko arazoa ote da orduan? Heziketa da konponbidea, aurretik aipatu bezala. Etxean, eskolan, kalean… txiki-txikitatik berdintasunean hezitako umeak ez dira bortxatzaile izango, eta baliteke, denborarekin, bortxaketa gure eguneroko albistegietatik desagertzea.

Comments { 3 }

Lurretik 10.000 kilometrora!

Gaur egun arrisku gutxien duen garraioa hegazkina dela ziurtatzen da. Hala ere, jendeak oraindik ere beldur puntu hori edukitzen du. Kontua da, istripuren bat gertatzen denean, hildako gehien bertan agertzen direla, eta horrek eragin handia du. Nahiz eta ez jazo istripu ugari, erreakzioa desberdina da hegazkin istripu bat edo kotxe istripu bat ikustean. Zarrasta handiagoa ematen digu hegazkin bat erortzean, beste batekin talka egitean eta hainbeste hildako ikustean. Edozer arazorengatik istripuren bat gerta daitekeela eta ezin duzula zeure burua salbatu pentsatze hutsak atzera bultzatzen zaitu. Zergatik ezin saihestu zirrara puntu hori hegazkinean zauden momentu oro?

Lehenik eta behin, kotxe eta hegazkin istripuak alderatuz, desberdintasuna oso nabarmena da. 1990 eta 1999 bitartean, urteko 20 hegazkin istripu batez besteko gertatu ziren mundu osoan zehar. Hori ikusirik, ondoriozta daiteke akzidente bat egoteko oso probabilitate gutxi daudela. Egunero 22.000 hegaldi inguru egon ohi dira eta, beraz, argi eta garbi ikus daiteke hegazkina munduko garraiorik seguruena dela. Bestalde, automobilei dagokienez, Espainian egunero istripu ugari daude, 40-50 inguru asteburuetan soilik. Hortaz, ezberdintasuna izugarria da.

Bigarrenik, aipatzekoa da hegazkinen garapena. Gizakiak hegan egitea ia ezinezkoa zen Wright anaiak lehengo aldiz hegan egitea lortu zuten arte. Hortik orain ditugun hegazkin harrigarrietara iritsi gara. Gaur egun, teknologia dela medio, ia ezinezkoa da akatsen bat egotea. 1994. urtean, Boeing 777 hegazkina atera zen ordenagailuz osaturik lehenengo aldiz. 2001ean, “RQ-4 Global Hawk”ak Estatu Batuetatik atera zen Australiara iritsi arte. Bidaia horrek 23 ordu eta 23 minutu iraun zuen eta tripulatu gabeko bidaiarik luzeena izan zen. 2005ean, “Airbus A380”a atera zen, eta bidaiari gehien zituen lehen hegazkin komertziala izan zen. Hala ere, aurreko hegazkin horri “Antonov An-225”ak gailendu zitzaion 1988. urtean. Geroztik, munduko hegazkinik handiena izan da. Beraz, argi ikusten da, urteak aurrera doazen heinean, hegazkinak ere aurrera doazela eta gero eta seguruagoak direla eta garatuagoak daudela.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: hegazkina munduko garraiorik seguruena da; beraz, hegazkin istripu bat gerta daitekeen bezala, beste hainbat istripu gerta daiteke. Ez da beti okerrena begiratu behar; izan ere, nire ustez, argi eta garbi ikus daitezke hegazkinak dituen abantailak. Ondorioz, beldurrak alde batera utzi eta lasai ibili.

Comments { 2 }
-->