Lehengo batean, 3 mendizale hil ziren Mulacen mendia jaisten ari zirela. Taldea 4 mendizale alemaniarrez osatuta zegoen eta ondo ekipatutako jendea zen. Jaitsieran, zero azpitik 20 graduko tenperaturak izan zituzten eta gauak harrapatu zituen. Haietatik batek menditik jaitsi eta Guardia Zibilari jakinarazi zion gertatutakoa. Erreskate taldeak iritsi zirenerako, ordea, 3 mendizaleak hilda zeuden tamalez. Aurreko urtean, urte sasoi honetan ere, beste hainbat britaniar jubilatu hil ziren. Gaizki ekipaturik zihoazen eta ekaitzak harrapatu zituen mendia igotzen ari zirela.
Bi euskaldun mendizalek ere, biak ETAko preso izandakoak, gordinak ikusi zituzten lehengo urtean mendi honetan. Azkenean, laguntza eskatu behar izan zuten eta Guardia Zibilak aurkitu eta jaitsi zituen menditik. Ez zen giro izango mendizaleen eta erreskatatzaileen artean.
Mulacen mendia Sierra Nevadako mendizerran kokatuta dago eta Iberiar Penintsulako mendirik altuena da bere 3478 metrorekin. Aurrez aipatutakoaren arabera mendi nahiko zaila dela pentsa daiteke, eta hala da urte sasoiaren arabera.
Mendi korapilotsua, beraz, baina horra hor, irudian ikus dezakezuen bezala, Asier eta Jokin Mulacen mendiaren tontorrean. Mendizale profesionalak hortaz.
Ez da horrela zoritxarrez, gaztelaniaz esango litzatekeen bezala, "Dominguero" galantak gara. Nola liteke, ordea, Asier bezalako ipurdi handi batekin, galtza motzetan eta jertse zistrin batekin Mulacen mendiaren tontorrean egotea?
Hori bera galdetzen nion nik neure buruari han nengoela. Izan ere, urte hartan, 2005eko apirilean, igotzen saiatu nintzen osabarekin eta orduan oso esperientza desberdina izan nuen. Alpujarrako herrixka batetik atera ginen, 1000 metro ingurura dagoena. Egun osoan mendian gora ibili ondoren, mendi aterpera iritsi ginen 2500 metrora, leher eginda. Bertan lo egin eta gorantz abiatu ginen hurrengo goizean. Izugarrizko haizetea zebilen han, ordea, elurra belaunetaraino eta ez zen 5 metro baino gehiagora ezer ikusten. Hotz galanta pasa nuen nik eta, azkenean, ordu erdi eskas gorantz ibili ondoren, bueltatzeko erabakia hartu zuen osabak ez arriskatzearren. Eskerrak!
Udan, ordea, oso bestalakoa da mendia. 2700 metroraino mikrobus batean igotzeko aukera dago abuztuan. Bertatik tontorreraino paseo bat besterik ez da, Murumendi igotzearen modukoa.
Beraz, nire gomendioa nahi baduzue, hobe duzue udan joatea, gu bezala ogitarteko ederra eraman eta paseotxo bat egitera. Ni, behintzat, ez noa gehiago neguan!
No comments yet.