Obaba ikusgai Donostian!

Gehiago jakin nahi duzu?
Dakizuen bezala, gaur estreinatu da Donostiako Zinemaldian Bernardo Atxagaren Obabakoak maisu-lanaren zinerako Montxo Armendarizen moldaketa. Gutxi batzuk izan dira ordu hauetarako ikusia dutenak eta horien artean dago Sustaturako korrespontsal lanak egiten ari den Xabier Mendiguren Elizegi idazlea.

Aitortu behar dut ni ere film hori ikusteko irrikitan nagoela. Igandean goizeko bederatzietarako- sarrerak salgai jarri zituzten unerako- ordenagailu aurrean fin-fin eserita nengoen sarrerak erosteko prest, eta biharko, arratsaldeko saiorako, erosi nituen. Beraz, bihar arte itxaron behar!

Oraintxe bertan, Montxo Armendariz eta Bernardo Atxagaren asetze aurpegiak ikusteko aukera izan dut Zinemaldiko inaugurazio ekitaldian. Badirudi gustura gelditu direla euren arteko lankidetzarekin. Baita arestian aipatutako Xabier Mendiguren Elizegi ere Sustaturako idatzitakoari erreparatzen badiogu:

Alde horretatik, nire ustea da Montxo Armendariz gidoigile eta zuzendariak film on bat eraiki duela, beharbada bere filmik ausartena eta anbiziotsuena, ez agian biribilena. “Obabakoak” bezalako obra poliedriko bat zinemara moldatzerakoan, ezin zen ibili ahalik eta gehiena gordetzen eta errespetatzen; aitzitik, zirt-zart egin behar zuen, eta gidoian asmatu duela esango nuke, marko narratibo egoki bat sortuta: zinema-ikasle emakumezko gazte bat (Lourdes) bideo-kamera hartuta Obabara doa, eta han ezagutzen dituen pertsonengandik abiatuta joko du gero gibelera, zenbait atzera-saltoren bitartez, liburuko ipuinetako zenbait istorio kontatzeko, hala nola maistrarena, Esteban Werfellena, belarritik sartutako muskerrarena (ezagunenen artean), Klaus Hanhn edo lapurrarena (hain ezaguna ez dena); beste istorio batzuk laburki aipatzen dira, hala nola “Gauero aterako nintzateke paseatzera”, eta besteren bat irudiz sujeritzen da: basurde ehizatuarena, esaterako.

Filmaren eszena bat

Nire ikasleek iaz irakurri zuten Obabakoak eta bihar gelan hitz egingo dugu honen inguruan. Halere, hemendik ere animatu nahi ditut, aukera dutenean, filma ikustera joan daitezen eta ikusitakoaz blog honetan idatz dezaten.

Trackbacks/Pingbacks

  1. euskaljakintza» Blog Archive » Zeru horiek - BERNARDO ATXAGA - 2009(e)ko urriak 22

    […] Literaturan ere alor ezberdinak landu ditu; hala nola, antzerkia, haur eta gazte literatura, narrazioa, nobela, poesia eta saiakera pare bat. Bere liburuetatik ezagunenak diren Obabakoak (1985), Behi euskaldun baten memoriak (1991), Gizona bere bakardadean (1991) eta Zeru horiek (1993) aipa ditzaket. Gainera, egun, bere bi eleberri (Obabakoak eta Zeru horiek) zinera eramanak izan dira. Lehenengo filmaren inguruan informazio eta iritziren bat nahi baduzue klikatu hemen. […]

Utzi erantzuna

-->