ORDIZIAKO BAZTERRIK POLEMIKOENAK

Herri guztiek bezala, Ordiziak ere baditu bere alde ilunak. Izan ere, perfektua den paradisurik ez dago inon munduan, ez txokorik ezkutueneko inongo irla tropikaletan, ezta gure irudimenean ere.

Ordiziak, bere edertasunaren barruan, bertako biztanleentzat deseroso suertatzen den ingurune geografiko bat du. Dena da gora eta behera, ez dago kale laurik, ezta apenas sasi ordekarik ere. Gainera, haran batean kokatua egotean, inguruko mendiek bere hazkundea mugakatzen dute. Hala eta guztiz ere, guk, ordiziarrok, harro egon behar dugu, orografia hau dela eta, Ordizia Goierriren adierazle baita.

Baina herriak baditu arazo potoloagoak, bai. Horien artean aipagarrienak, nire ustera behintzat, Oianguko proiektua, San Bartolome auzo aparkatuaren egoera eta, gaztea naizen aldetik, gaztetxearen eta gazteon egoera penagarria zaharrenaren aldean.

Lehenik Oiangurengo parkeko proiektuarekin hasiko naiz, berau baita gaurkotasun eta zeresan handiena sortzen ari dena. Proiektu honen ardatzak pitch & put-era ibiltzeko gunea, golfa eta hotela dira. Pena bat da orain arteko eremu publiko bat pribatizatzea, honek suposatzen duen guztiarekin… Dena den, ez naiz gai honetan luzatuko, Uxuek duela gutxi idatzi baitzuen proiektu honi buruz informazio gehiago emanez.

Oianguren parkea

San Bartolome auzoaz jardungo naiz orain. Ordiziako auzorik zaharrena eta historikoena hau badugu ere eta bertan San Bartolome baseliza kokatzen bada ere, guztiz abandonatua dago. Penagarria da egun duen egoera. Ezin da auzo bat horrela eduki eta are gutxiago bertan jendea bizi dela kontuan hartuta. Urteak dira bertan ezer egin gabe. Baina, hori bai, udalak ez ditu eskuak gurutzatu, espaloi gabeziaren aurrean, gomazko pibote eta harri puska batzuk jarri ditu, ordezkatze aldera. Harrigarria, ezta? Gainera, auzoak “sekulako skateparka” eta aparkalelu “txiki” bat ere baditu, beraz, ezin kexa daitezke bertako auzokideak, etxebizitza duin baterako eskubiderik ez badute ere, kotxea aparkatzeko eskubidea baitute, gainontzeko herritarrek hau ez dugon bitartean. Hori da hori zortea! Gehiegi luzatu gabe, hona hemen paradisu honen argazki bat, nire testua baino baliagarriagoa gertatuko dena, irudi bakar batek mila hitz baino gehiago balio baititu:

SanBartolome auzoa

Erdigunera gehiago hurbilduz, gaztetxea daukagu. Leku pribilegiatuan dago dudarik gabe, baina, tamalez, azken urteak zenbatuta dituela dirudi. Udaletxeak aspalditik du hau botatzeko ideia buruan, baina oraindik ere zutik jarraitzen du. Honekin gazteontzako zaharrentzako baino baliabide gutxiago ematen dituztela kritikatu nahi dut eta daukagun urria kentzearen aurkako jarrera adierazi ere bai. Ez naiz gehiago luzatuko, gaztetxeak behin baino gehiago ukitu baitu webgune hau, nik aipatzearren soilik egin dut. Hona hemen, zaharren instalazioak lehenik eta gazteenak ondoren:

Zaharretxea

Gaztetxea gaur egun

Azken honekin bukatzen dut Ordiziari buruzko makroartikulu hau (Ordizian barrena, Ordiziako bazterrik ederrenak ) beste gai potoloagoetan ere herriak zer hobetu badaukala esatearekin batera.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->