Neurri handi batean herrietako historia eta historiak ekintzek egiten dute. Istorio eta gertakizunek beti, edo askotan behintzat, errealitate eta fantasia kutsua izan ohi dute. Hainbat aldiz ere tradizioa edo ohiturek izaten dute berebiziko oihartzuna eta haien izenean osatzen dira hainbat pasadizo. Horren lekuko garbi dira gure antzinako kondairak, pertsonaia mitologikoak, aurrekoek utzitako dokumentu grafiko zein ahoz jasotako hainbat zuzeneko bizipen.
Historia. Gure historia. Zure historia. Nire historia. Hona iristean, geldiune bat egin beharrean nago. Ni ere protagonista naiz historia honetan guztian. Historia, letra maiuskulaz idatzitako horretan, agian ez, baina bai nire belaunaldiari dagokion historiako zatian, une horretan parte naizen heinean. Historiako partaide izanik, leku eta denbora jakin bateko protagonista naiz. Euskal Herriko euskalduna naiz eta nire historia, partikularra eta neurea, dut. Igarotako denborari, gaztea izanik, gutxi bada ere, kontuan hartzekoa dela deritzot.
Bi atal nagusi nabarmendu beharren nago. Familiako esparrua eta jakintza esparrukoa, bata besteaz osatzen baita, sehaskatik jasotako oroitzapen eta gogoetak eta haien kanpoko janzkera hezurmamitu duten oinarrizko jokabideak.
Gizarte alorra aipatu behar derrigorrez. Familia eta ni. Haurtzaroko garai hura, hainbatetan gogoan dudana, nire lehen urratsa da nire kontaketa partikularrean, nire historiakoa da. Gozotasuna, begirada, kasketa, haserrea, atsedena, patxada, nekea, negarra, inozokeria, errealitate mugatua, jolasa eta jostailua… Inori ez zaiola axola pentsa dezaket, baina nola ez, bada, niri axola zait eta! Hauek oroitzapenak! Gogoko ditut benetan! Baita askotan aipatu ere!
Harremanak osatzearren, laguntxoak egiten ditut. Eskola garaian ari naiz, noski. Ez dira nire bizilagunak, ezta ezagunak ere, baina herrikoak dira. Batzuk, gutxi batzuk, ni eta gu baino handiagoak dira, helduagoak. Irakasleak dira. Eskola da. Jakintzaren alorraz arduratzen dira. Arrazoiaren eta logikaren mundua lantzen laguntzen didaten pertsonak dira. Hotza badirudi ere, nire haurtzarotik honako denbora gehiena okupatu duen eremu sozial nagusia izan da.
Jakintza eta pertsona izaera uztartzen joan dira niregan. Gorabehera, haserreak, erantzukizuna, betebeharrak, eskubideak, konpromisoa, kontrola… etxea eta kanpoa, lagunak eta eskola, gaztetxoak eta helduak, ikasleak eta irakasleak… nire historia, gure historia, taldeko historia… herriko historia akaso, historiaren historia…
Haurtzaroa, gaztaroa… hemendik aurrera, helduen historia hasiko dut. Helduena diot, bai. Noizbait heldua izango dena, osotasunean, bete-betean. Denbora horren testigu izango da eta zuek ikus dezazuela!
NIREAN, GUREAN
NIREKIN, GUREKIN
GAREN GUZTIAK…
IZAN GAITEZEN !!
No comments yet.