Amorezko pena ba̱o РITXARO BORDA

Izenburua: Amorezko pena baño
Idazlea: Itxaro Borda
Argitaletxea: Susa
Urtea: 1996
Generoa: Nobela

Maitek liburu bat aukeratu behar genuela esan zigunetik gustuko liburu bat bilatzeari ekin nion. Etxean begiratu ostean, kanpoan aurkitu beharko nuela garbi neukan; beraz, Ordiziako udal liburutegira joan nintzen. Ez neukan garbi nolako liburua nahi nuen. Liburu bat hartu, beste bat utzi… eta azkenean Itxaro Bordaren Amorezko pena baño aukeratu nuen.

Itxaro Baionan jaio zen 1959ko martxoaren 29an. Haurtzaroa Nafarroa Beherako Oragarren igaro zuen, eta arrazoi ezberdinengatik Pauen, Parisen eta Maulen ibili ostean, egun, Baionan bizi da. Historia garaikidean lizentziatua, lanbidez postaria da. Nik aukeraturiko liburua ez da bere lehenengo, ezta bere azken nobela ere. Izan ere, 1974an Iparraldeko Herria astekarian bere lehen olerkia argitaratu zenetik ez da gelditu Baionarra. 1982an Iparraldeko Maiatz aldizkariaren sorreraren partaideetako bat izan zen, eta bi urte geroago, bere lehenengo poesiazko liburua kaleratu zuen: Bizitza nola badoan. Gerora, hainbat libururen idazle izan da, eta 2002an Euskadi saria jaso zuen, bere %100 basque liburuagatik.

itxaro_borda_amorezko_pena_banoAukeraturiko liburua aztertzeko orduan, gai nagusi bat dagoela bereiz daiteke: Uritzi gertatutakoaren ikerketa. Baina, horrekin batera, Amaiak Zelda eta Joanarekiko dituen zalantzak ere aipatzekoak dira, nahiz eta beharbada bigarren mailan egon. Horiekin batera, oraindik maila baxuagoan, Bardeetako tiro poligonoa, Itoitzko urtegia, Euskal Herriaren egoera… ere kontatzekoak dira, azken batean, denek egiten baitute liburua irakurterraz eta atsegin. Baina hori guztia hobeto ulertzeko, pertsonaia nagusienak aipatzea garrantzitsua da:

Amaia: Protagonista nagusiena dela esan daiteke. Iparraldean bizi den detektibe landatarra da, baina hortik at dagoen kasu baterako kontratatzen dute.
Uritz: Istorio ia osoa ospitalean igarotzen duen arren, pertsonaia garrantzitsua da, berari gertatutako ikertu beharko duelako Amaiak.
Jason: Uritzen aita da. Lanbidez medikua da, eta, semeari gertatutakoa sinesgaitz ikusirik, Amaia kontratatzea erabakitzen du.
Joana: Amaiaren neska lagun ohia da. Itoitzeko urtegiaren aurka dihardu, eta San Ferminetan Amaiarekin topo egiten duenetik berarekin dabil.
Zelda: Maulen bizi den Amaiaren neska-laguna da.

Liburuak Nafarroan kokatzen gaitu, Erriberan, hain zuzen ere. Gainera, idazlearen deskribapen landuekin lekua zeure begiekin ikustera irits zaitezke. Adibide moduan Amaia Tuterara heltzean duen lehenengo sentsazioa:

Oren bata zela irakurri nuen, udaletxea zirudien eraikuntzaren atariko ordularian. Ezkerretik, eskuinetik, bazter guzietarik autoak ziztu bizian zetozen, isiltasun une urriak noiztenka bihikatuz. Aire beroaren dudazko ziloetaz baliatzen nintzen buruaren altxatzeko eta ohartzeko plaza karratuaren etxeetako hormetan Erriberako herrien armarriak agertzen zitzaizkidala, eta han teilatu kiskailian, amiamoko edo zikoina habia bat bazela. Luzaz egon nintzen, ametsetan nola, habiari so, zikoina emeak menturaz, hegal zuri-beltzak firfirikan, zelan sotilki umeak mokoz bazkatzen zituen. Behin ere ez nuen amiamokorik miretsi. Zango eta lepo finen dantza eder kausitzen nuen…

itxaro_bordaHorrez gain, liburua eta garaiaren arteko lotura benetan aipagarria iruditzen zait. Amorezko pena baño 1996an argitaratu zen eta istorioa ere garai bertsuan kokatzen da, urte batzuk gora edo behera. Denboraldi horretan aurrez aipatu ditudan Itoitzeko urtegia, Euskara eta Euskal Herriaren egoera, Bardeetako tiro poligonoa… izan zitezkeen egunerokotasunean zeuden gai nagusienak. Hori dela eta, horiek liburuaren parte izateak istorioak errealitate kutsua izatea eragiten du.

Idazlearen kontatzeko erari erreparatuz gero, liburua iparraldeko euskaraz idatzirik dagoela da esanguratsuena, nahiz eta ezagun den Itxarok joera hori duela. Baina ez hori bakarrik; izan ere, euskalki ezberdinak bereizteko aukera anitza erakusten du, euskararen egoera eta euskara bera leku guztietan ezberdinak direla erakutsiz.

Gertaerak kronologikoki gertatzen dira, nahiz eta momenturen batean -hasieran, batez ere- posible den hain kronologiko ez suertatzea. Hala eta guztiz ere, berehala igartzen da gertakari guztiek lotura dutela.

Tokiak, lehentxeago aipatu bezala, deskribapen zehatzekin azaltzen dira eta istorioa leku ezberdinek osatzen dute, une jakin bakoitza herri ezberdinetan gertatzen baita: Tutera, Iruñea, Arguedas, Maule, Uxue

Orobat, narratzailea testu barruan eta kanpoan dago; izan ere, hasieran, Uritz eta suzko bolarena jazo arte kanpoan azaltzen baita; halere, hortik aurrera, Amaia da narratzailea eta pentsatzen duen guztia adierazten du. Narrazioaz gain, deskripzioak, elkarrizketak eta bakarrizketak ere bereiz daitezke, guztiak bere, neurrian.

Idazlearen estiloa asko gustatu zait, estilo baliabide ugari erabili arren, neurri egokian erabiltzen baititu. Adibide gisa, ondorengo paragrafo honetan konparazio bat bereiz daiteke:

Gizona mutu egon zen. Basoen kristalak eta botilaren tutunak elkar joka zegiten kuska-musika uhargia baizik ez zen aditzen. Desesperatzen ari nintzen, banekielako ez nuela gizonaren mintzatzera bortxatzeko ahalmenik. Joanaren aurpegian laguntza zerbait bilatzen saiatzu nintzen, baina debaldetan, neskak ‘gaiaren bihotzetik’ oso urrun zirudielako, Itoizko balizko uretan itorik bezala.

Amaitu baino lehen, liburuan misterio ukitu txiki bat eta, aldi berean, maitasuna bilatzen duten guztiak, besteak baztertu gabe noski, Amorezko pena baño eleberria irakurtzera animatuko nituzke; izan ere, liburua osoa dela iruditzen baitzait. Alde batetik, hizkuntzaren garrantzia daukagu. Itxarok erabiltzen duen euskalkiak, ulertzeko zailtasunak sor ditzakeen arren, liburua interesgarriagoa egiten duela uste dut, istorioa errealitatera hurbiltzen baitu. Horrez gain, errealitateaz ari garela, azpimarratzekoa da Itxaroren istorioaren garaia eta deskribapenak lantzeko era. Bestalde, istorioaren gaia ere atsegin izan zait, eta gertatzen diren injustiziak salatzeko era egokia da, nire aburuz. Baina ez hori bakarrik, liburua amaitu ostean, normalean baino denbora luzeagoz jardun nuen liburuaren inguruan hausnartzen. Beraz, horrek ere harritu nau, eta Itxaroren beste liburuak irakurtzeko gogoa piztu dit. Liburu zoragarria, dudarik gabe!

Amaitzeko, liburuan gustatu zaidan esaldietako bat: “Hurbiltasunaren mamia, urruntasunean zegoen.”

Liburu honi buruzko beste kritika bat irakurri nahi izanez gero, jo kritiken hemerotekara.

Comments { 0 }

Zorionak, Maite!

a comic strip!

Comments { 4 }

Lo egitea ezinbestekoa bizi ahal izateko

sleep-stagesPertsona batzuek bestelako jarduerei garrantzi gehiago ematen diete lo egiteari baino; eta beraiek ez badakite ere, luzaroan lo ez egiteak era askotako ondorio kaltegarriak sortzen ditu. Gutxi batzuek esaten dute 4-5 orduko loaldiarekin nahikoa dutela hurrengo egunari sasoiz ekiteko. Egun bat, bi eta, agian, hiru pasatuko dituzte horrela, baina azkenean pot egingo dute nekearen ondorioz, eta hainbat loaldi luze egin beharko dituzte ezinbestean. Pertsona batek ezin du jarraitu aurrez aipatutako bizimoduarekin; bestela, ez litzateke pertsona izango. Bizidunok, bai gizakiok eta baita animaliek ere, atseden hartu behar dugu eta deskantsatzeko jarduerarik onena lo egitea da. Beraz, izenburuan aipatu dudan bezala, lo egitea ezinbestekoa da bizitzeko. Loaren garrantzia azpimarratuta, loa zer den, loaren faseak eta nahasteak azaltzeari ekingo diot.

Zer da loa

Lo egotea esna egotearen aurkakoa da; organismoak atseden hartzeko erabiltzen du. Ekintza hau inkontzienteki egiten dugu; hau da, ez gara jabetzen lo hartu dugun edo ez esnatu arte. Hau burutzea jatea bezain garrantzitsua da; bestela, hil egingo ginateke. Lo gauden bitartean, gorputzak atsedena hartzeko aprobetxatzen du, eta baita galdu dituen energiak birsortzeko ere. Egoera honetan gaudenean, gorputzeko jarduera sentsorialak, alerta egoera eta mugikortasuneko mugimenduak eten egiten dira. Ez da egoera pasibo bat, egoera aktiboa baizik; izan ere, hemen ematen dira gorputz-funtzio eta buru-jardueren aldaketak eta hauek oso garrantzitsuak dira organismoaren oreka psikiko eta fisikorako.

Loaren faseak
Lo dagoen pertsona bat 2 orduz behatuko bagenu, bere gorputzean aldaketak ematen direla konturatuko ginateke. A. Rechstchaffen eta A. Kalesek, loa fase ezberdinetan sailkatu zuten, gizakiaren gorputzak dituen ezaugarrien arabera: begien mugimenduak, muskulu-tonua, odolaren oxigeno kantitatea, arnas erritmoa eta buru-jarduerak. Loaldia bi fasetan edo periodotan bana daiteke: SOL edo ez-REM fasea eta REM (begien mugimendu bizkorra) fasea.

Ez-REM edo SOL fasea
Periodo geldo hau atsedena hartzeko eta desgaste fisikotik indarberritzeko erabiltzen dugu. Fase honetako loaldiari ortodoxo deitzen zaio. Hemen bertan, lau azpifase daude:

  • I. fasea. Jakina da, pertsona batek lo egin nahi badu, egiten duen lehenengo gauza begiak ixtea dela. Hori egitean, SOLeko lehenengo zatian sartuko da. Zati hau, lo arinaren faseaz ezagutzen da. Esna-aldi eta loaldiaren arteko erdiko fasea da, hau da, subjektua oraindik esna dagoela gertatzen da. Horregatik, oraindik gure inguruan ematen diren estimuluak hautematen ditugu. Periodo honetan gutxi indarberritzen gara; izan ere, egoera honek gehienez zazpi minutu irauten du. Zati honetan begien mugimenduak geldoak dira eta muskulu-tonua pixka bat murrizten d
  • II. fasea. Azpifase honetan subjektua lo dago. Lotiaren buru-jarduera momentu honetan sakabanatuta dago eta pentsamenduz beteta. Gure nerbio sistemak zentzumenezko informazioa jasotzeko sarbidea blokeatzen du. Blokeo honen bidez lotia kanpoko mundutik deskonektatu edo isolatu egiten da, eta horrela subjektuak lo errazago egin dezake. Fase honetan gorputza zertxobait gehiago indarberritzen da, baina oraindik ez da guztiz errekuperatu.
  • III. fasea. Lo hartu eta 20-30 minutura, subjektua 3. periodoan sartzen da. Zati honetan aurreko faseko blokeoa biziagotu egiten da. Hori dela eta, lo sakonagoa egiten dugu. Lotia SOLeko aldi honetan esnatzen bada, nahasirik egongo da; izan ere, momentu batean subjektuak kontzientzia galtzen du. Muskulu-tonua aurreko bi aldietan baino gehiago murrizten da eta ez dago mugimendurik begietan. Bestalde, arteria-presioa, tenperatura, buru-jarduerak eta arnas erritmoa ere murriztu egiten dira. Honenbestez, fase hau ideala da atsedena hartzeko. Ez da egoera pasibo bat, egoera aktiboa baizik; izan ere, hemen ematen dira gorputz-funtzio eta buru-jardueren aldaketak, eta, lehen adierazi dugun legez, hauek oso garrantzitsuak dira organismoaren oreka psikiko eta fisikorako.
  • IV. fasea. Lo geldoaren periodoaz ezagutzen da eta 20 minutu irauten du. Zati honetako loa lehenagokoa baino sakonagoa da, eta loari delta deitzen zaio. Garuneko uhinak geldoak eta zabalak dira, eta nerbio-sistema zentralaren aginduz hazkundearen hormona jariatzen da. Honen ondorioz, gorputzak izan duen energia gastutik indarberritzen da. Bestalde, fase hau 3. fasea bezain garrantzitsua da organismoaren errestaurazio fisiko eta psikikoarentzat. Periodo honetan esnatzen bada subjektua, oso aztoratuta esnatuko da; izan ere, lotiaren gorputzak eroriko delako sentsazioa du. Fenomeno honi mioklonia deitzen zaio, hots, atake epileptiko baten ondorioz sortutako fenomenoa. Batzuetan ametsak ager daitezke, nahiz eta ohikoa ez den. Amets gaiztoak eta sonanbulismoa bezalako aztorapenak periodo honetan sortzen dira.

REM (begien mugimendu bizkorra) fasea:
Periodo azkar honek mundu birtual moduko bat sortzen du, subjektuaren buruak kanpoko errealitatetik atseden hartu ahal izateko. Oreka psikologikoa mantentzeko beharrezkoa da. lo egitenFase honetan ematen den loaldi motari paradoxikoa deitzen zaio. Loaldi mota hau hainbat izenez ezagutzen da: begien mugimendu bizkorra, loaldi aktiboa, loaldi arkaikoa, loaldi azkarra… Jouvetek “paradoxiko” deitu zion periodo honetan kontraste handiak daudelako. Muskuluak guztiz erlaxatzen dira; eta nerbio sistema zentrala, aldiz, aktibatu egiten da. Gaur egun, Jouvet loaren ikertzaile garrantzitsuenetakoa da. REMen fasea lo hartu eta 80-100 minutura gertatzen da eta 20-30 minutuko iraupena du. Zati honetan sistema sinpatikoa aktibatu egiten da eta buru-jarduerak azkar ematen dira. Honek zerebroa oso aktibo egotea eta garun-enborrak neurona motoreak blokeatzea eragiten du. Ondoren, zerebroak substantzia batzuk jariatzen ditu eta lotian paralisi bat sortzen dute. Paralisi hau ez da erabatekoa, oraindik muskulu-mugimendu irregularrak eta begien mugimenduak ematen direlako. Paralisi hau beharrezkoa da, bestela, irudimen onirikoek lotian kalteak sortuko lituzke. Honen ondorioz, bihotz-maiztasuna eta arnas erritmoa irregularrak dira. Hori gutxi balitz, metabolismo erreakzioen eta gorputzeko tenperaturaren igoera ematen da. Bestalde, gizonezkoetan erekzioa ematen da; emakumeetan, berriz, basodilatazioa. Loaren fase honetan egiten dugu amets eta gure ingurutik informazio asko jasotzen dugu buru-jarduera handien ondorioz. Ametsak errazago gogoratzen dira loaldiaren zati honetan.

Pertsona batek lo hartzen duenean, lehenengo SOLeko azpifaseetatik pasatzen da (60-70 minutu) eta, ondoren, REM fasean sartzen da (20-30 minutu). 2 zati hauek egitean, ziklo bat betetzen da. Gau batean ziklo ugari ematen dira, eta honen kopurua bakoitzaren adina eta ezaugarrien araberakoa da.

Loaren nahasteak edo trastornoak
Loaren nahasteak iratzarri-egoera eta loaldiaren arteko zikloan ematen dira eta kalitatea, kantitatea, loaldiaren ordutegia eta anormaltasun baten agerpenaren ondorioz sortzen dira. 2 mota bereizten dira: disomnioak eta parasomnioak.

Loaren trastorno bat egoten bada kalitatean, kantitatean edo loaren ordutegian, orduan disomnioa sortzen da. Hauek dira disomnio mota ezagunenak:

  1. Insomnioa
  2. Hipersomnioa
  3. Narkolepsia
  4. Arnasketari loturiko nahastea
  5. Bihotz-erritmoari loturiko nahastea
  6. Zehaztu gabeko disomnioa

Insomnioak eta hipersomnioak dira gizakietan gehien ematen diren disomnio motak. Insomnioa lo egiteko zailtasuna edo atsedena hartzeko ezintasuna dela esan dezakegu. Azken batean, lo gutxi egitea dela esan genezake edo gorputzak oso gutxi deskantsatzea. Trastorno hau beste nahaste mental batzuekin lotzen da: depresioa, antsia… Hipersomnioa, berriz, lo gehiegi egitea edo iratzarri-egoeran lokuma gehiegi izatea da. Trastorno bipolarra duten pertsona gehienek nahaste hau izaten dute, eta kasu batzuetan insomnioa ere eduki dezakete. Hortaz, ikus dezakegunez, insomnioa eta hipersomnioa batera eman daitezke.

Aurrez aipatutako zikloan sistema fisiologikoa aktibatzen bada momentu batean, orduan parasomnioa sortzen da. Parasomnio mota bakoitza ziklo horren fase konkretu batean sortzen da eta hauek nerbio-sistema begetatiboaren menpe daude; izan ere, berak erabakitzen du noiz produzitu aktibazio jarduerak. Arazo hau dutenek portaera arraroa izaten dute gauetan, jokaera anormalak agertuz lo egiten ari den subjektuarengan. Hauek dira nagusienak:

  1. Amesgaiztoak
  2. Gaueko izualdiak
  3. Sonanbulismoa
  4. Zehaztu gabeko parasomnioa

Aurrez aipatutako nahaste horiek izan nahi ez badituzue, emaiozue garrantzia ondo lo egiteari. Izan ere, ondo egiten badugu lo, eguna ondo hasiko dugu eta egunean zehar burutu beharreko jarduerei hobeto ekingo diegu. Gainera, errazago pasatuko zaigu eguna. Gaizki eta ordu gutxiegi lo eginez gero, ordea, nekaturik sentituko gara eta nekeak traba besterik ez digu egingo egunean zehar: saiatu ondo lo egiten, gorputzak eskertuko dizu eta.

Comments { 2 }
-->