Irakurri eta oparitu euskaraz

oparitu_euskarazUrtero bezala, aurten ere badatoz Eguberriak eta, eguberriekin batera, opariak egiteko garaia . Hamaika buruhauste sortzen zaizkigu horiek aukeratzeko orduan, eta are gehiago liburuak oparitzea erabakitzen dugunean.

Horretan laguntzeko asmoz, euskarazko 100 liburuen zerrenda helarazi digute ordiziarroi Udaleko euskara Zerbitzutik. Bertan ez da jasotzen merkatuan dagoen euskarazko liburuen eskaintza osoa. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza zientzien Fakultateko (HUHEZI) Haur Liburu Mintegiaren laguntzarekin, 2007an eta 2008an argitaratutako liburu gomendagarri eta irakurrienak biltzen saiatu dira,  IRAKURRI ETA OPARITU ekimenean.

IRAKURRI ETA OPARITU Hitzaro Euskara Elkarteak eta Ordiziako Udaleko euskara Zerbitzuak antolatu dute, Euskara Biziberritzeko Planaren barruan. Hona hemen zertan datzan:

  • Triptikoan zerrendatuta azaltzen diren euskarazko liburuak Barrena kultur etxeko sarreran aurkituko dituzu, paneletan zintzilikatuta.
  • Liburu “oso gomendagarrien” kasuan, horien ezaugarriak biltzen dituen fitxa ere izango duzu eskura, kontsultagai.
  • Liburuaren bat oparitarako erosi nahiko bazenu, %25eko deskontu txartela emango dizute Udaleko euskara Zerbitzuan (Herritarren Arretarako Udal Bulegoa, Kale Nagusia 26), goizez, 08:30etik 13:30era.
  • Deskontu-txartel horrekin, Euskara Zerbitzura bertara jo eta han eskatu ahal izango duzu liburua. Egun gutxira eskuratuko duzu, ohi baino prezio merkeagoan.
  • Hitzaro euskara Elkarteko bazkide denak prezio erdian eskuratuko du aukeratutako liburua. Udaleko Euskara Zerbitzuak herritarrei egindako %25eko deskontuari, beste %25ekoa gehituko baitio Euskara Elkarteak!

Bosgarren urtea duen ekimen honek irakurzaletasuna bultzatzea du helburu, batetik, eta euskarazko liburu produkzioari bultzada ematea, bestetik. Horregatik, euskaljakintzatik ekimenarekin bat egitera gonbidatu nahi zaitugu. Ekimen honetarako hautatutako 100 liburuen zerrenda adinaren arabera sailkatuta osorik ikusteko, egin klik ondorengo estekan: 100 liburuen zerrenda (aurkezpena pantaila osoan zabaltzeko, klikatu aurkezpenaren behealdeko eskuinean dagoen  laukitxoa).

Ekimena erabilgarria izango zaizulakoan, IRAKURRI ETA OPARITU EUSKARAZ.

Durangon ere liburuak erruz

durango2008Bide batez, Durangoko Azokak ateak zabaldu dituela ere aipatu nahi dut. jakina denez, urtero legez, liburuak erruz topatuko dituzue bertan. Beraz, datozen jaiegunak aprobetxatuz bueltatxo bat ematera gonbidatu nahi zaituztet. Informazio osoa eskuratu ahal izateko, jo ondorengo guneetara:

Comments { 0 }

Sekretuak argitara: Potokumeak lehiaketaren emaitza

Lehenik eta behin, Aitor Sarriegiri eskerrak eman beharrean nago. Iruzkinen arabera, jendearen gustukoa izan da elkarrizketa eta neu ere halaxe geratu naiz azken emaitzarekin. Modu berean, parte hartzaileei zein iruzkin soil bat utzi duzuenei ere eskertzen dizuet egunero iruzkinak begiratzeko beharra sentiarazteagatik; eta, beraz, egin dudan lanarekin are gusturago sentiarazteagatik.

Edonola ere, jendea gehiegi busti ez delakoan nago. Patxitraperok ongi asko zekien bere erantzunek ez zutela Maite Goñiren positiborik lortuko. Bibotea argizariarekin kentzeko adinako ausardia duzu ala? Manuk ere utzi du bere aletxoa, baina tamalez ez du demostratu bertsoz jakin badakiela. Dena den, pozgarria izan da ikaskideak ez direnen iruzkinak jasotzea.

Bukatze aldera, intentzioa askotan nahikoa izaten ez denez, Maiteren positiborik gabe geratu zarete, baina altxa buruak ez da munduaren amaiera eta!

Sarriegik euskaljakintzari lehiaketaren aportazioa egiteaz gain, bertso bat ere eskaini zigun. Eta esan beharrean nago, Aitor bertsolari profesionala dugun arren, honek ere egiten dituela hanka sartzeak (bestela, ikus ezazue lehiaketaren emaitza ematen duen bideoaren hasiera!). Elkarrizketan “super star” bat ez zarela  argitzen badiguzu ere, jakin ezazu, Aitor, Hollywoodeko izarrek ere halakoak egiten dituztela! Hona hemen euskaljakintzari eskainitako bertsoa eta lehiaketaren emaitzak toma faltsu eta guzti.

Potokumeak lehiaketaren emaitza:

Sarriegik euskaljakintzari eskainitako bertsoa:

Comments { 1 }

Euskararen Nazioarteko Eguna

euskararen_egunaGaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen ari gara urtero bezala. Hizkuntza baten bizitza ezin da egun bakar bateko festaz omendu, ordea. Funtsean, egunero-egunero erabiliz egin diezaiekegu gure hizkuntza eta euskaldunei gorazarre onena. Ez da erraza zenbaitetan, baina hor dago gakoa: egunerokotasunean frogatzen da norberak mintzaira zabaltzearren egiten duen saiakera, ez bakarrik gaurko egunean, baita biharkoan ere. Era berean, mapek garbi adierazi ohi dute euskararen egungo egoera. Situazio hori aldatzea, hoberako ahal izanez gero, denon esku dago.

Gure altxorra den mintzairaren izatea ospatzeko hainbat ekimen ospatzen da urtean zehar. Horien artean, Korrika eta Ikastolek antolaturiko hainbat festa ditugu, besteak beste. Lehena, AEK-k antolaturiko Euskal Herri mailako lasterketa da, non lekuko bat eskuz esku igaro ostean, euskaldun ezagun batenganaino iritsi eta honek mezu bat irakurtzen duen. Bestetik, ezinezkoa zaigu euskararen zabalkuntzan Ikastolen parte hartzea aipatu gabe utzi; hain zuzen ere, horien lanagatik izan ez balitz, gutariko askoren hizkuntza euskara ez den beste edozein izango bailitzateke. Gainera, euskararen aldeko zenbait jairen sortzaile ere izan dira: Kilometroak, Nafarroa Oinez, Herri Urrats, Araba Euskaraz eta Ibilaldia, esaterako. Festa hauek guztiek euskararen hedapenari ematen dioten bultzadatxoa eskertzekoa da. Halaber, goresteko modukoa da euskaltegien jarduna. Euskaldun zahar eta berriek denok batera baino ezin baikenezake Euskal Herri euskaldun bat lortu.

Ezin ahantz dezakegu Aitorren hizkuntz zaharra txikienei helarazteko garaian erabilitako pertsonaia maitagarria: Argitxo iratxoa. Ume-umetatik jarri zaigu dir-dira begietan bere izena entzutean. Kriseiluaz erakutsi zigun euskararanzko bidea eta bere txano gorriaren txintxarriaren zaratari segiz, kamino horretan murgildu gara. Haurrei egiteko euskaraz, orain eta gero, eskatzen zien Argitxoren kantuak eta makina bat gara abestiaren hitza betetakoak. Ondorengoak ere ez dira gutxiago izango.

armarriaHala ere, euskaldunon elkartasuna ez da Euskal Herrira bakarrik mugatu. Izan ere, historian zehar hainbat euskaldun arrazoi ezberdinegatik kanpora joan beharrean izan dira, munduan zehar sakabanaturik. Guztiarekin ere, banaketa horrek ez du euren jatorriaren ahaztura ekarri, euren sustraiak non dauden ondotxo baitakite. Horren adibide ditugu hainbat herrialdetan zehar banatuta dauden euskal etxeak.

Gaur Euskal Herrian Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen ari garen bezala, munduko hainbat txokotan ere ekintza honetan parte hartu dute. Adibide garbiena, baina ez bakarra, Bartzelonako euskal etxea dugu, non bai gaurko, eta bai datorren asterako hainbat ekintza antolatu dituzten, besteak beste, euskarazko bideo emanaldiak, Durangoko azokara irteera…

Amaitzeko, gaurkoa bezalako eguna ospatzea hainbat euskaltzaleri zor diegu. Aurrez aipaturiko ekimen guztiez gain, euskaltzale askok eman baitu bere biziaren zati handi bat euskararen normalkuntza ikustearren. Baina, berriz ere, etxeko andre, mediku, musikari, artista, zerbitzari… guztion lana izan da, da eta izango da, euskara bizitzako une guztietan modu normal eta naturalean erabiliz, normalizazio osora ailegatzea. Denok egin dezakegu zerbait, zerbait hori gutxi bada ere. Beraz, gaurko gogoeta izan daitekeen galdera botatzen dugu: nor da euskaldunetan nazioartekoena?

Horretaz gain, euskaljakintzatik euskarari bai emateaz gain, gure hizkuntzarekiko konpromiso batzuk hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Zuek aukeratu zer nolakoak izango diren; hori bai, eguneko joan-etorri guztietan betetzeko modukoak izan daitezela aholkatzen dizuegu. Zer konpromiso hartzeko prest zaude?

Comments { 7 }
-->