Gorka Elustondo: “Erreala lehenengo mailara bueltatzea da denok dugun ametsa”

Kurtso hasieran, Maitek elkarrizketa bat egin behar genuela esan zigunean, futbolaren munduan murgildua zegoen bati egin nahi niola garbi neukan, baina horren argi ez neukana elkarrizketa hori nori egin behar nion zen. Buruari makina bat buelta eman eta nori egitea posible nuen aztertu ondoren, Errealaren etorkizuna eta gazte askoren eredu den 21 urteko beasaindarrari egiteko aukera ikusi; horrela, bi aldiz pentsatu gabe berarekin harremanetan ipini nintzen.

Askok gazte izatea esperientzia faltarekin lotzen dute, baina Gorka Elustondoren kasua guztiz aurkakoa da. Eguneroko lana eta inork zalantzan jartzen ez dion kalitatea uztartuz, Errealaren zutabeetako bat bilakatu da. Ez kasualitatez, ordea, aurretik aipatutako esfortzuari esker, 19 urtez azpiko Eurokopako txapeldun eta bigarren B mailako txapeldunorde izana baita.

Elkarrizketarako eguna zehazterakoan, Ordizian egitea proposatu zidan bera autoz etorriko zela esanez. Halaxe egin zuen. Bion zoritxarrerako, ostegun hura ez zen nire egunik hoberena izan eta elkarrizketa ez zen salbuespena izan. Kamerak makina bat arazo eman zizkigun (egia esan, ni izan nintzen arazoak eman zituena, elkarrizketari hasiberri eta traketsa naizela bistan utzi bainuen uneoro) eta lagun baten laguntzarekin dena konpondu ondoren (eskerrik asko kamerarekin laguntzeagatik, Mikel!) elkarrizketa grabatzeari ekin genion. Hau amaitu eta ea dena ongi zegoen frogatzera joan nintzenean, grabazioa bertan ez zegoela ohartu, eta dena berriz egin behar izan genuen. Nerbioetatik jota nengoen Gorkari eragiten ari nintzaion denbora galeraz jabeturik, baina berak kexatu beharrean, uneoro laguntza eskaini eta lasai egoteko esaten zidan, futbolari bikaina izateaz gain pertsona hobea dela erakutsiz. Azken batean, elkarrizketa grabatu ahal izan genuen eta hementxe duzue irakurgai.

Arratsalde on, Gorka. Esan dugun bezala, txikitan denok dugu ametsen bat. Nire ametsa, esate baterako, futbolari izatea zen eta zuk ere amets bera zenuela suposatzen dugu, hala al zen?
Bai, eskolan kirol guztietan hartzen genuen parte txikitan, baina niri bereziki baloiaren atzetik ibiltzea gustatzen zitzaidan. Futbola nuen gogoko eta futbolari izateko ametsa betetzea lortu dut.

Amets hori betetzeko lehen pausoa Segurako Aitzgorri taldetik Errealak fitxatu zintueneko eguna izan zela esan dezakegu. Nola da posible beasaindar bat Seguran egotea?
Beasainen garai horretan, orain dela hamar urte, ez zegoen zelai handiko talderik; beraz, gure adineko jendea Segurako futbol eskolara joaten zen. Ni ere bertara joan nintzen. Han bi hilabete eman ondoren, Errealekoek froga batzuk egiteko deitu zidaten eta harrezkero bertan nago.

Egun batean Errealekoen deia jaso eta Alustiza Zubietagatik aldatu zenuen. Zein izan zen bi lekuen artean nabaritu zenuen aldaketa nagusia?
Lehenengo egunean, Zubietara iritsi eta instalazio horiek guztiak ikusi, dauden hainbat futbol zelaitik pasa eta ni bezalako herri guztietako gazteak ikusi, beraiekin jokatu, zuten kalitateaz ohartu… Denak harritu ninduen pixka bat, gehienbat, agian, Zubietara iritsi eta bertan entrenatzeak.

elustondo2005eko abuztuaren 27an Errealaren bigarren taldean debuta egin zenuen. Bertan 64 partidu jokatu eta 7 gol sartu zenituen. Datuak ikusita, maila horretara erraz moldatu zinela dirudi. Benetan horrela izan al zen?
Beno, nire jubeniletako hirugarren urtea zenean, ni eta beste taldekide bat Sansera igo ginen. Gure asmoa partidu batzuk jokatu eta pixkanaka kategoria berrira ohitzen joatea zen, baina gauzak uste baino hobeto joan ziren: partidu asko jokatu nituen, taldea oso ongi ibili zen eta denboraldia 2. postuan eman genuen, ia 2. mailara igotzea lortu genuen. Laburbilduz, oso denboraldi ona izan zen.

Bigarren B mailan bi urte eman zenituen eta lehenengo denboraldi amaitu ondorengo udan Eurokopa jokatzen zen. Espainiako 19 urtez azpiko selekzioak deitu zintuen eta, ondoren, irabazle suertatu zineten. Nola bizi izan zenuen esperientzia hori?
Urteari amaiera emateko modu ezin hobea izan zen. Sanserekin denboraldi ona burutu ondoren, Espainiako selekzioak Eurokopa jokatzeko deitzeak asko poztu ninduen. Hilean behin Madrilen entrenatzen genuen eta udan Poloniara joan ginen Eurokopa jokatzera. Esperientzia ikaragarria izan zen, bai kirol aldetik, baita lagun aldetik ere.

Espainiako selekzioan lagun asko egin zenituen eta horietako batzuek gaur egun lehenengo mailan jokatzen dute: Matak Valentzian, Piquèk Bartzelonan eta Capelek Sevillan, besteak beste. Horiekin mantentzen al duzu erlaziorik?
Entrenamenduetan batera ibiltzen ginen. Horretaz gain, Polonian hilabete osoko goiz eta arratsaldeak batera pasa genituenez, erlazio estua izan genuen; dena den, gero nor bere taldeetara itzultzen da eta bakoitzak bere bizia du, baina noizbehinka bat edo besterekin hitz egiten dut.

Garaipen historiko hori lortu eta ia urtebetera lehenengo mailan egin zenuen debuta eta 6 partidu jokatu zenituen. Ondoren, zoritxarrez, Erreala 2. mailara jaitsi zen. Debut horren ostean, bi gertakari aipa ditzakegu Errealaren historian: bata, 2. mailarako jaitsiera eta, bestea, Mendizorrotzan eskura izan zen igoera, bertan galdu zena. Bietan zein izan da min gehien egin dizuna?
Errealaren historiari begiratzen badiogu, askoz garrantzitsuagoa da bigarren mailara jaitsi izana. Niretzat oso tristea izan zen horrenbeste urte goran pasa ondoren, 2. mailara jaistea, inork espero ez zuen zerbait izan baitzen. Lehengo urtekoak, berriz, ez du beste erremediorik. Ahaztu beharreko zerbait da, pena handia izan zen denontzat, baina ea aurten igotzea lortzen dugun.

Aurten, denok dakigun bezala, Alavesen aurkako derbian baloi bat buruz jotzera joan eta orkatilan mina hartu zenuen. Noiz ikusi ahal izango dugu Gorka Elustondo berriz berdegune batean?
Laster izatea espero dut. Hobetzen doa orkatilako lesioa eta ea laster korrika hasteko gai naizen. Ondoren, sentsazioen arabera, pixkanaka joango naiz taldearekin sartzen eta, forma hartzearekin batera, jokatzeko prest egotea espero dut.

Adina, teknika eta beste hainbat ezaugarri direla medio, jende askok gaur egun Liverpoolen dagoen Xabi Alonsorekin alderatzen zaitu. Zer diozu horri buruz?
Kaleko konparaketa edo komentarioak ezin dira ekidin. Futbolak duen garrantzia dela eta, horrelako konparazio asko ematen dira. Ni horietaz ahazten saiatzen naiz, azken finean, nik nire jokatzeko era daukadalako eta ahalik eta hobekien egiten saiatzen naizelako, horrelako gauzei kasu handirik egin gabe.

Gauza guztietan bezala, futbolean horren maila altura iristeak sakrifizio batzuk eskatzen ditu. Zure kasuan zein izan dira horiek?
Egunero entrenatzeaz gain, janariarekin kontuz ibili behar da: denetik jan daiteke, baina pasatu gabe. Horrez gain, lagunekin ez duzu nahi bezainbeste denbora pasatzen, eta festa nahiz afari batzuk galtzea ere eskatzen du. Hori da futbolaren prezioa, baina azkenean gustura egiten duzu.

Gauza guztiek bezala, futbolak alde onak eta txarrak ditu. Txarrak aipatu ditugu, baina futbolaren munduan egoteak zein alde on ditu?
Txikitatik gustatu zaidan kirola izan da eta bizitzak hori egiteko aukera eman izana alde on bat da. Horrez gain, futbolak lagun asko egiteko aukera eman dit, bai nire taldean, bai beste taldeetan, bai Espainiako selekzioan… Azkenean, jende asko ezagutzen duzu eta hori ere baloratzekoa da.

Gorka elustondoJokalari batzuek zelairatu aurretik “erritual” antzeko batzuk egiten dituzte, esate baterako, batzuek Jainkoari errezatzen diote, beste batzuek zelaia besarkatzen dute… Zuk ba al duzu horrelako ohiturarik?
Ez, ez naiz horietakoa. Janzteko eta partidu aurreko gauzak egiteko pauso berak jarraitzen ditut, baina ez dut hanka bat edo bestearekin zelaira sartzea bezalako superstiziorik.

Jokalari on bat izateko zer da, zure ustez, garrantzitsuagoa: horretarako dohaina izatea edo gogor entrenatzea, saiatzea?
Nire ustez, biak eduki behar dira. Bertutea eduki egin behar da; bestela, nahiz eta entrenatu, zaila da ona izatera heltzea.Txikitatik dohaina baduzu eta asko entrenatzen baduzu gainera, azkenean, kirol horretan ona izango zara. Horretaz gain, bide horretan gogoa jartzen baduzu, errazago lortuko duzu helburua.

Denengatik jakina da Beckham, Zidane eta horrelako jokalariek diru sarrera oso altuak dituztela eta, ondorioz, 1. eta 2. mailako jokalariak duten soldatarekin futbola utzi eta ezer egin gabe bizitzeko adina diru dutela dio jendeak. Egia al da hori?
Ez dakit hori horrela den edo ez, baina kalean, tabernan, edozein lekutan jendeak futbolaz hitz egiten du eta futboletik kanpora diru asko mugitzen da. Jokalaria denez zelaira ateratzen dena, azkenean hau izan ohi da diru gehien irabazten duena. Bizitzeko adina ematen duen ala ez zein taldetan zauden eta taldean duzun garrantziak determinatzen du.

Badakit azkarregi dela hau galdetzeko, baina zer asmo duzu futboletik erretiratzen zarenerako?
Ez dakit, gazteegia naiz horretan pentsatzen hasteko; dena den, futbolarekin lotura duen zerbaitetan lan egitea gustatuko litzaidake, esate baterako, txikiak entrenatzea.

Elkarrizketa ametsez hitz egiten hasi dugu eta horrela amaitzea gustatuko litzaidake. Ba al duzu bete gabeko ametsik oraindik?
Gaur egun denok dugun ametsa Erreala lehenengo mailara bueltatzea da. Edozein jokalarik lehengo mailan jokatzea amesten du eta, zoritxarrez, Erreala bigarren mailan dagoenez, amets bat lehenengo mailara itzultzea izango litzateke.

Zer esango zenieke zure pausoak jarraitu nahi dituzten neska-mutil gazteei?
Txikitatik kirol guztiak praktikatzea gomendatuko nieke. Gero, futbola badute gustukoen, ez inoiz etsitzeko; lana egin eta saiatuta, bizitza honetan dena lor baitaiteke. Amaitzeko, ametsa kirola egitea bada, kirola eginez ondo pasatzeko esango nieke.

Horrelaxe amaitu zen elkarrizketa. Gorka, mila esker gurekin izateagatik. Zure lesioa azkar sendatzea espero dugu eta segituan zure joko bikaina zelaietan ikustea!

Comments { 8 }

Nola bizi Alzheimer gaixotasunak jota zaudenean?

Maitek artikulu bat idatzi behar genuela esan zuenean, gaia zein izango zen aukeratzea asko kostatu zitzaidan. Buruari buelta asko eman ondoren, nire inguruan gertatzen ari ziren gauzei erreparatu eta Alzheimer gaixotasuna artikulu baterako aproposa izan zitekeela bururatu zitzaidan.

Gaur egun asko entzuten den gaixotasuna da Alzheimerra. Neuronen endekapenezko gaixotasun honen sorrera zein den erabat ezezaguna den arren, lehengo diagnostikoa noiz eman zen badakigu, baina horretaz beranduago hitz egingo dugu. Gaixotasun hau sendatuko duen tratamendurik ez dago oraindik. Bestalde, nahiko arraroa dela esan da betidanik; izan ere, 70 urte baino gehiagokoen artean %3 dira gaitzak jota bizi direnak eta 80 urte baino gehiago duten pertsonen artean %20ra igotzen da kaltetuen kopurua. Gero eta pertsona gehiago jasaten ari dira zoritxarreko gaixotasun hau. Espainian, adibidez, 300.000 pertsona inguru daude gaixotasun honek jota eta adituen iritziz, urteak pasa ahala, kopuru hori igotzen joango da.

alzheimerBaina gatozen Alzheimerraren hastapenetara. Lehenengo diagnostikoa 1906an burutu zen. Garai hartan, Alois Alzheimer mediku alemaniarrak gaixotasun berria azaldu zuen. Haren esanetan, gaixotasunaren ondorioak oroimena galtzea, desorientazioa, haluzinazioak eta, bukatzeko, heriotza ziren. Lehen esan dudan bezala, endekapenezko gaixotasun bat da, hau da, atzera bueltarik ez duena.

Zoritxarrez, 40 urtetik aurrera gero eta kasu gehiago diagnostikatzen dira. Kopuruei begiratuz, esan daiteke XXI. mendeko gaixotasuna dela. Tamalez, gaixotasun honek bi heriotza dauzkala esan ohi da: alde batetik, psikologikoki, mentalki, eta pertsonalki galtzen dena; bestetik, heriotza fisikoa. Gaixotasun honen eragileak zeintzuk diren aipatzeko orduan datu zehatzik ez dago. Hala ere, batzuek diote genetikarekin lotura handia duela; beste batzuek, ordea, proteinengatik edota infekzio baten ondorioa izan daitekeela. Oraingoz, tratamendu farmakologikoek ez dute gaixotasuna galarazten, baina ondoeza mantsoago joan dadin eragiten dute.

Arestian azaletik aipatu baditugu ere, hauexek dira zehaztasun handiagoz sintoma nagusiak:

  • Oroimena galtzea: pertsonen izenak eta hitzorduak ahaztea.
  • Orientazioa galtzea: denbora eta leku pertzepzioa desagertzea.
  • Hizkuntza nahastea: hitz egiteko orduan, hitz zehatzak aukeratzeko erraztasuna eskastea.
  • Mugimendua galtzea: gero eta mantsoago ibiltzea; azkenik, oreka ez mantentzea.
  • Umore aldaketak: depresioak jotzea.

Denok dakigu gaixotasun hau jasaten dutenek laguntza berezia behar dutela. Horretarako, familia edota gaixotasunean eta adineko jendearekin espezializatuta daudenen laguntza lortu behar da. Hasiera batean, Alzheimerra oso garatuta ez dagoenean, familiaz kanpoko laguntzarik ez da beharrezkoa izaten; hala ere, gaixotasuna oso aurreratuta dagoen momentuan, laguntza berezia lortzea aholkatzen dute adituek. Dena den, hori gaixoaren ingurukoek aukeratu beharreko bidea da.

Comments { 5 }

Handien indarra, handien agintea

Merkataritza-guneaGero eta gehiago dira, eta gero eta jende gehiagok hartzen du bertan erosketak egiteko erabakia. Ez, ez naiz ari auzoko denda txikiei buruz, normalean hiriburuetan edo hiriburuen inguruan kokatzen diren merkataritza-gune handiei buruz ari naiz. Argi dago, noizbait, denok joan garela eta joaten jarraituko dugula pabilioi handi hauetara, baina inoiz pentsatu al dugu horrek denda txikiengan izan ditzakeen ondorioez?

Zalantzarik gabe, ez da burura etortzen zaigun lehen kezka, erakusleihoan ikusten ditugun erdi prezioko prakek hori guztia pentsatzea galarazten baitigute. Baina egia da kaleak ez liratekeela berdinak izango denda txikirik ez balego. Ziurrenik, askoz jende gutxiago ibiliko litzateke hara eta hona, eta hormak batere erakusleiho eta, ondorioz, inongo argirik gabe, karrikak pareta tarte soil bat izatea eragingo zuten.

Onartu beharra dago zentro komertzial hauek aurrera ateratzeko, langile ugarik egin behar dutela lan bertan, hots, langabe kopuru handi batek langabe izateari uzteko aukerak ematen dituztela. Horrez gain, eskaintzen dituzten aukerak anitzak dira: denda ezberdin ugari bata bestearen ondoan, zinema, jatetxe eta horrelako hainbat toki, aukera handia produktuak hautatzeko orduan, hainbat eskaintza, zerbitzu ezberdinak (aparkalekua edo komun publikoak, esate baterako), ordutegi paregabea lanak ordu asko jaten dizkionarentzat… Hala eta guztiz ere, onerako edo txarrerako, aukera anitz horien artean ezin dugu saltzaile eta erosle arteko harremana aipatu, beharbada, merkatal zentroetako aire girotuek hoztu dutelako, edo zentro komertzial hauetako jende kopuru altuak harreman hori posible ez izatea eragin duelako.

Dendak kaleanDena den, eremu erraldoi horiek ez dira enpresa txiki horiek dituzten aurkari bakarrak, kontuan hartu beharrekoa baita mundu hau gero eta globalizatuagoa izatearen eragile nagusia den Internet. Euskal Estatistika Erakundearen arabera 2007an gehien bisitatu ziren orrien artean egunkari digitalak eta mezularitza orriak nagusitu ziren arren, gisa honetako orri ezagunetariko bat ere aipatu beharra dago, rankinean 18. postua lortu zuena, ebay hain zuzen ere. Izan ere, gaur egun gero eta erosketa gehiago egiten dira amaraunean nabigatuz, horretarako bereziki prestatutako orrietan, non bakoitzak bere salmenta eta erosketa propioak egin ditzakeen klik soil bat eginez. Baina ez hori bakarrik, erosketak egiteko erosotasun eta azkartasunaz gain, Internet bidez lan egiten duten enpresa hauek aukera ugari eskaintzen dituzte: beherapen txundigarriak, etxetik mugitu gabe produktuaz gozatzeko aukera…

Baina fidatzen al gara geure ordenagailuan ikusten ditugun saltzaile eta prezioez? Badirudi baietz, gero eta gehiago baitira etxetik bere erosketak egitera animatzen direnak.

Hitz gutxitan esateko, bistakoa da urteak aurrera doazen heinean, gauzak aurrerantz edo atzerantz aldatu egiten direla. Gainera, batzuen onerako eta besteen kalterako, bide beretik jarraituko dutela argi dago. Edonola ere, ahaztu ezinezko zerbait da neurriaren kontua, txikiak ezin ditugulako ahantzi handiek agintzen jarraitu arren.

Comments { 13 }
-->