Duintasuna emakumeontzat orain!

Tratu txarrakTxoko honetan, aspaldidanik denon ahotan dagoen errealitate zital bati buruz hitz egiteko beharra dagoela iruditzen zait, emakumeen aurkako bortxari buruz, hain zuzen ere. Eguneroko gosari bihurtu denez, badirudi ohitu egin garela, baina hori ez da inondik ere mende honetako ustezko gertaera berri hau atzean uzteko arrazoi.

Sarri jende askok gertaera hau berria dela uste du, lehen ez zegoela horrelakorik. Baina hori ez da egia, nahiz eta orain dela zenbait urte arte horrelakorik ez dugun entzun. Zer eta emakume bat bere gizonaren eskuetan hiltzea! Zoritxarrez, aspaldikoa da biolentzia matxista honen sorburua. Lehen, esaterako, emakume jipoituak ezkutuan eta isilpean mantentzen zituen gizonaren golpe eta hitz itsusiak. Arrazoi nagusia zera izaten zen: emakumeak gizonarekiko zuen menpekotasun ekonomikoa. Honela, egoera honen aurrean gizonak nahi zuena egiteko parada zuen atetik barrura, ondoren jendearen aurrean familia ezin hobe baten plantak egiten zirela. Ez da ahaztu behar, gainera, biktimak ez direla emakumeak bakarrik, seme-alabak ere hortxe izaten dira, gehienetan inolako babesik gabe.

txatu txarrak2Gaur egun, denok dakigun bezala, egoera erabat aldatu da. Orokorrean, emakumeak etxetik kanpo egiten du lan eta ez du gizonarekiko inongo dependentzia ekonomikorik, hots, salatzeko oztopo bat gutxiago izaten du. Hala ere, hainbatetan emakume hauen azalean jartzea ezinezkoa izaten da; izan ere, kasu bakoitza, biktima bakoitzak bizi duen errealitatea, guztiz desberdina izaten baita. Gauzak horrela, ezinezkoa izaten da datuak alderatzea eta orain lehen baino emakume bortxatu gehiago dauden edo ez jakitea, baliabideak orain gutxi jarri baitziren. Fenomeno latz honen inguruan egiten diren interpretazioak, ondorioz, inpresioak besterik ez dira izaten. Gizon askok, euren autoritatetzat hartzen dutenaren aurrean sumisioa onartzen ez duen emakume eredua ikustean, horrela jokatzen dutela esaten da.

Hilketen kontua izaten da gai honetan, tratu txarrekin batera, tartekatzen dena eta oihartzun gehien izaten duena, sarri salatzeko asmoz eta, bestalde, gaiak ere saldu egiten duelako. Azken batean, salatzea da kontua, bai lehen golpea jasotzen duen emakumearentzat, baita ingurukoentzat ere, ez baitugu ahaztu behar emakumeen kontrako indarkeria gizarte osoaren arazo denik. tratu txarrak3Sentsibilizazio kanpainak eta mobilizazio ugari egin dira gai honen inguruan; batetik, herritarrei informazioa luzatzeko eta, bestetik, tratu txarrak maiz jasaten dituzten emakumeak beraien egoera salatzera bultzatzeko. Hala ere, emakumeen aldeko zenbait taldek erakunde publikoek lan gehiago egin behar dutela aldarrikatzen dute behin eta berriz.

Datu krudelak dira urtero-urtero errepikatzen direnak. Urrutira joa gabe, artikulua idazten hasi nintzenean, 17 hildako zuden (4 biktima 24 ordutan!). Azken zifrek diote, 2008ari dagokionez, 24 hildako daudela. Nahikoa da! Ezin dugu inolaz ere beste alde batera begiratu. Hiltzaileei ezartzen dizkieten zigor lotsagarriak salatzeko ordua da. Nola liteke bestela, adibidez, emakume bati edo haur bati tratu txarrak eman dizkion pertsona bati zaborrontzi bat erretzen duen pertsona bati baino zigor arinagoa jartzea? Onartezina da! Tolerantziarik ez!

Comments { 2 }

Mendaroko txokolatea (II) – IÑAKI IRASIZABAL

Mendaroko txokolatea fitxaAnderrek Mateo Urresti, Manuel Urresti sukaldari famatuaren semea, laguntzaile izango du bilaketan zehar. Hainbat urtez eroetxean egona den arren, Aitorrek bere langile gisa onartu beharko du Mateo, langile bikaina izateaz gain, bere aita izan zelako sukaldean irakatsi ziona. Denboraren poderioz, biak lagun min egingo dira eta buru-belarri jardungo dute Anderren kasua konpontzeko. Mateoren neska laguna izango da jatetxeko beste langile bat, Itziar.

Anderri zegokionez, gizon isila eta alaia zen, hiru seme-alabaren aita eta aseguru-etxe baten jabe. Istorioak agerian uzten du Anderrek ez zuela zintzo jokatu bere emazte eta Aitorren arreba Laurarekin, ez baitzion aseguru-etxearen lokala lortzeko bideaz ezertxo ere aipatu. Amildegian behera botako dute eta horixe izango da istorioaren hari nagusia, hilketa horren arrazoiak argitzea, alegia. Beste maila bateko pertsonaiak ere agertzen dira: jatetxeko langileak, Irantzuren neska laguna, Aitorren gurasoak, Azua jauna, Anderren txikitako lagunak… Halako pertsonaia kopuruak ere eguneroko istoriotxoak interesgarri bilakatzen lagundu duela uste dut. Jatetxeko eguneroko lanean ugariak dira pasarteak eta istoriotxoak:

-Politago zaude gaur, zer egin duzu ilean?
Monikak zergatik ez diot ostiko on bat jotzen potroetan aurpegia jarri, baina azkenean aurrera jarraitu zuen.
-Hilabete da ile-apaindegira azkenekoz joan nintzela -ez zen hitz egiten hasi niri bizkarra erakutsi arte.

Idazteko estiloari buruz ez dago ezer asko esateko. Ikaragarri gustatu zait gauzak azaltzeko duen modua, lehen pertsonan gauza guztiak zehaztasunez deskribatze hori zoragarria iruditu zait. Aitor izango da gure leihoa liburuko mundua ezagutzeko, eta honek ikuspegi pribilegiatu bat ematen digu gertakariak ezagutzeko orduan. Bereziki azpimarratu nahi nuke egoera kritikoetan daudenean, edo gertakari handi bat jazo behar denean, Iñakik egiten dituen pertsonen deskribapenak. Euren aurpegiko keinuetatik abiatuz, barne-gogoeta guztiak azaltzen saiatzen da, eta benetan ederra iruditu zait hori, gure aurpegiak salatari izango balira lez tratatzen baititu. Horrez gain, Aitorren barneko irudipen eta usteei garrantzi handia ematen die, eta uste dut hori erakusgarri bikaina dela liburua idatzirik dagoen modua ulertzeko orduan:

Udaberriko eguzki epelez blai oroitzen dut Irantzuk etxetik alde egin zuen maiatz hura. Hego haizea indartsu zebilen kaletik gaueko hamabiak pasatxoan etxeratu eta etxea hutsik aurkitu nuenean. Irantzuk eszena bat egingo zidala uste nuen: irainak, orroka hasi, plater batzuk hautsi, atea brastako batez itxi. Horren ordez, etxea garbitu zuen.

Gertakariak zein ingurunetan gertatzen diren lehentxeago aipatu badut ere, garrantzitsua da, halaber, gertakari horiek zein ordenetan ematen diren. Izan ere, bata besteari zuzenean loturik agertzen dira, eskailera bat gora egingo balu bezala, hilketa argitzeko bidean. Denbora tarte ez oso luzean, hurrengo pausua emateko beharrezkoa dena ematen du, eta honela behin eta berriz.

Liburua benetan erakargarri egin bazait, hiru arrazoi nagusi ikusten ditut:

  • Lehenik eta behin, ez duela egitura edo lexiko bereziki zailik erabiltzen. Aitzitik, liburu irakurterraza eta ulertzeko lanik ez duena da, eta hori beti da lagungarri irakurtzeko gogo biziz ez bazaude behintzat.
  • Bigarrenik, aurrez aipatu dudan euskal izaera hori. Kontuan izan behar dugu euskal nobelagintzan ez direla ugariak sail honetan idatziriko liburuak, nahiz eta nik, behintzat, oso gustuko ditudan eta ia beti harrera bikaina izaten duten.
  • Azkenik, nik biziki atsegin ditudan ekintzaz josiriko eszenaz beteta dago. Nire irudiko, nobela beltz bat ona izan dadin, ezinbesteko ezaugarritzat izan behar du nolabaiteko bizitasun bat, ez dadila behintzat loarazlea izan! Honako hau primeran betetzen du, ekintzak bata bestearen atzetik agertzen baitzaizkigu.

Zerbait faltan bota badut, ezusteko txikiren bat edo ustekabean agertzen den pertsonaiaren baten presentzia izan da. Orriak pasatzen joan ahala, zain nengoen sorpresa hori noiz iritsiko zen, eta halaxe iritsi zait 167. orria ere. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi titulu arraro samarra duela liburuak, edo niri, behinik behin, hala iruditu zait. Hala ere, bere kausa badu; izan ere, Anderrek, hil aurretik, Mendarora txokolatea jatera joango zirela agindu baitzion:

-Oraindik Mendarora txokolatetan joan beharra daukagu -esan zuen, eta zerbitzariak mozkor bati begiratzen zaion bezala begiratu zion. Gu, beste taberna baten bila abiatu ginen.

Esan bezala, liburu benetan atsegina iruditu zait, neguko arratsalde hotz hauetariko batean oso gustura irakur daitekeena eta, behin irakurtzen hasiz gero, askatzerik ez dagoen horietakoa. Ondorioz, eta nobela beltza gogoko baduzue behintzat, biziki animatzen zaituztet liburu hau irakurtzera. Adi egon Iñakirekin, hurrengo liburuak ere ziur bikainak izango direla eta!

Nahi izanez gero, hona hemen bere liburuaren argitalpenari buruz Argian egindako elkarrizketa eta albistea Berrian, Garan eta Diario Vascon.

Artikuluaren lehenengo zatia irakurri nahi baduzu, egin klik estekan.

Comments { 0 }

Mendaroko txokolatea (I) – IÑAKI IRASIZABAL

Ama aspaldian zebilen alfertuta nengoela esaten. Ez omen nuen golpe zorrik jotzen, batxilergoa hasi nuen kontu horrekin irakurketarako nuen zaletasunak behera egiten zuen hein berean hazten ari omen zitzaidan alferkeria. Eta ez nolanahikoa, bere aburuz. Batxilergoa hasi besterik ez, eta dagoeneko telebistan edo ordenagailuan jartzen nintzen bakoitzean amaren ahotsa entzun nezakeen belarri atzean garrasika: “Ez duzu ezer egiten!”, “Uste nuen irakurtzea gogokoago zenuela…”, “Utzi telebista eta har ezazu liburu bat!”… Nire erantzun bakarra, eta beti berbera: “Ez daukat gustura irakur dezakedan libururik, baina.” Hori esan, eta neurean jarraitzen nuen, aspertuko zelakoan. Ez zen hala izan, ordea. Eta, azkenean, liburu on bat ekartzen bazidan helduko niola agindu nion. Durangoko azoka iritsi zen, eta handik bueltan ama azaldu zitzaidan irribarretsu, pozik. Mendaroko txokolatea liburua ekarria zidan, hari buruz inoiz entzun gabea nintzen. Irakurtzen hasterako, ordea, Gabonak iritsi ziren, eta, haiekin batera festa giroa. Ez zen oso egoera egokia irakurketari ekiteko. Geroxeago hasiko nintzelakoan utzi, eta, ohartzerako, otsaileko azterketak ziren, Aste Santua… Liburu gizajoa apal batean geratu zen hautsez betetzen, ikastolan hasi berritan asper-asper eginda nengoen arratsalde batean ikusi nuen arte. Hartu, eta ezin izan nuen berriz utzi, bi egunen buruan amaitua nuen.

Iñaki IrasizabalZer zuen bada liburuak bere amaraunetan gisa horretan harrapatzeko? Oraindik ez dut deskubritu, baina niri behintzat Iñaki Irasizabalen liburua irakurterraza eta atsegina egin zitzaidan. Durangon jaio zen Iñaki Irasizabal idazlea duela 38 urte. 2005ean Elkar argitaletxearekin argitaratu zuen honen aurretik, hiru nobela (Borrokaren baitan, Berebereen alfonbra, zeinak Augustin Zubikarai saria jaso zuen, eta Burua txoriz beterik) eta narrazio liburu bat (Ezin joan) zituen argitaratuta. Burua txoriz beterik lanarekin, Augustin Zubikarai nobela laburren lehiaketa irabazi zuen 2004an. Ez da ohiko idazlea Irasizabal, Kazetaritza eta Soziologia ikasketak egin zituen, baina buzoarekin lan egiten du errelebotan, eta gauez idatzi egiten du. Baliteke egunerokotasun horrek hau bezalako nobela bat egiteko balio izatea, gertukoa eta erakargarria edonorentzat. Bikain asmatu du lana eta idazteko plazera konbinatzen, egunero lanetik irtetean hamabost bat minutuz idazten du, eta poliki-poliki bere tokia hartzen ari da euskal literaturan oso zabaldurik ez dagoen nobela beltzaren munduan. Nobela beltza izan arren, ez du AEBko edo Erresuma Batuko nobela beltzaren ezaugarririk egilearen esanetan: “Euskal Herrian, ez dugu 15 milioi biztanleko hiririk eta Ameriketan duten elementurik”. Alderantziz, liburua euskal giroan dago errotuta, “nobela errealista da eta nire ingurua, bizitza eta lagunak euskaldunak diren heinean nobelan hori nabari da, Durangaldean, Atxondon, Elorrion, Abadiñon, Bilbon… ematen dira gertaerak”. Egiazko euskal izaera eman dio nobela beltz honi, batez ere gertalekuak gure ingurukoak direlako eta pertsonaiak ere ez direlako amerikar estereotipoen araberakoak.

Aipatu dudan bezala, gertalekuak gure ingurukoak dira, idazlea bera bizi den ingurukoak zehazki. Garrantzi berezia du protagonista nagusia den Aitorren jatetxeak ere, zeina Durangotik urrun ez dagoen ingurune menditsu batean kokaturik dagoen. Hain zuzen ere, liburuko gertakari gehienak Aitor sukaldariaren eta bere jatetxearen inguruan gorpuztuko dira, bera izango da istorioaren lema gidatuko duena eta batetik bestera eramango gaituena.
Hasiera batean, Aitorrek bizimodu lasaia eta atsegina dauka, Irantzu neska lagunarekin bizi da alokaturiko txalet txiki batean eta jatetxea primeran doa. Ezustean, ordea, nahigabeak bata bestearen atzetik iristen hasiko zaizkio. Lehenik eta behin, hiru urtez elkarrekin bizi ondoren, Irantzuk alde egingo du, aurrerago jakingo den moduan, emakume batez maitemindu delako. Hala eta guztiz ere, hori ez da liburuaren erritmoa ezarriko duen gertaera nagusia izango. Izan ere, itxuraz inolako arazorik ez zuen eta aseguru enpresa baten jabe zen Ander Lopez Sopela inguruko itsaslabar batean hilik agertuko da. Poliziak bere buruaz beste egin duela defendatuko duen arren, Anderren emazte eta Aitorren arreba Laurak ez du bertsio ofiziala onartuko. Ezingo du jasan bere senarrak ez zuela bizirik jarraitzeko arrazoirik.

Mendaroko txokolateaItxuraz argituta eta lotuta zegoen kasua korapilatzen joango da denborarekin, Aitor ikerketatxo batzuk egiten hasi bezain laster, mehatxuak eta jipoiak jasoko baititu. Atsedenik gabeko bilaketari ekingo dio orduan Aitorrek, bere koinatuak izan zitzakeen etsaiak topatu nahiko ditu bere lagun-min bilakatuko den Mateo Urrestirekin. Bilaketa horretan, Anderrek zuen bizimodua ez zela itxuraz bezain garbia konturatuko da, zenbait gaizkilerekin erlazioak zituela ohartuko baita. Ezagutuko dituen pista guztiek Ander Fernando izeneko baten hilketarekin lotuko dute, eta hilketa horren atzean azalduko zaigu baita X jauna delakoa ere. Anderren hilketaren arrazoiak ezagutzetik zenbat eta gertuago egon, orduan eta interes ekonomiko handiagoak daudela ohartuko da Aitor, tartean egongo baita aseguru-etxearen lokalaren alokairua, bortxaketa bat… Nahaste-borraste horretan sartu ondoren, sukaldariak ezin izango du irten, eta Mateo eta biek amaierara arte iritsi behar direla ohartuko da, Anderren hilketa argituko badute, behintzat.

Liburua ez da horretara soilik mugatzen, baina. Izan ere, hari nagusia jarraitzeko orduan deskribapen eta istoriotxo txiki ugari tartekatzen ditu. Zehaztasunez eta txikikeriaz beterik agertzen zaizkigu, besteak beste, Irantzurekin duen erlazioaren gorabeherak, jatetxeko eguneroko lana, Monika zerbitzariarekin eta Mateorekin duen erlazio berezia… Dena euskal kutsu berezi batez zipriztindurik. Hona hemen horren adibide bat:

Egunak luzatu eta gauak laburtzearekin batera, gure bezeroen ohiturak ere aldatzen joan ziren: afari gehiago eta bazkari gutxiago, asteburuetan batez ere. Libratzen zuten orduetan, Itziar eta Mateo toalla bana besagainean hartu eta hortik zehar joaten hasi ziren neskaren autoan; afariak prestatu baino lehenago itzultzen ziren, irribarretsu eta joandakoan baino beltzaranago

Euskal izaera hori oso nabaria da paisaia eta ingurunean (Abadiño, Durangaldea…); baita pertsonaietan ere. Aurrez aipatu dudan bezala, Mendaroko txokolatea liburuko pertsonaiak ez dira amerikar estereotipoen araberakoak. Ez dugu topatuko polizia berezirik, ez gobernuaren agindupeko hiltzailerik, ez detektiberik… Horren adibide garbiena Aitor bera da. Patuak bere koinatuaren hilketa aztertzera bultzatuko du, baina ez da ikertzaile nekaezin eta azkarra izango. Pausoz pauso joan beharko du eta zenbait unetan atzera egitekotan ere egongo da, inguratzen duena bere ahalmenaz gaindikoa dela uste duelako. Sentimentalki, lur jota dago Irantzuk utzi duelako, baina ez hori bakarrik, beste norbait tartean duelako ere bai. Beldurti samarra ere bada, eta bere bizimodua zen bezalakoa gogoko zuen arren, bere arreba lasaitzeko helburuarekin ekingo dio Anderren hilketa argitzeko lanari. Horren froga pasarte hauxe bezalako ugari:

Egun pare bat ibili nintzen zer egin pentsatuz. Mapan bilatu nuen baseliza, eta atzamarrarekin hamaika aldiz egin nuen bertarainoko bidaia, baina ez nuen argi ikusten, bertara joan eta gorpua bertan egonda ere, nori egiten nion mesede.

Jarraipena…

Comments { 0 }
-->