2008ko EXPOa Zaragozan

Lehengo batean, lagunekin nengoela, hurrengo oporretara nora joan gintezkeen pentsatzen aritu ginen. Leku batzuk proposatzen hasi eta niri Zaragozara joatea bururatu zitzaidan, EXPOa dela eta. Orduan, EXPOa zer izango ote den galdezka hasi ginen. Etxera heltzean, ordenagailua piztu eta arakatzeari ekin nion.

Zer da EXPOa?

Uraren inguruanExpo Zaragoza 2008EXPOa, gaztelaniazko izenak iradokitzen duen bezala, erakusketa bat da, nazioartekoa eta arautua, Nazioarteko Erakusketen bulegoak eramaten duena. Lehenengoa, Londresen izan zen 1851. urtean. Bertan, hiri askok hartu zuten parte eta arrakasta itzela izan zen. Erakusketak interes berezia piztu zuen beste hirien artean eta Parisen ere beste bat antolatzea erabaki zen. Erakusketa honen aitzakiaz jaio zen Eiffel dorre ezaguna.

Erakusketa honen arrakasta ere izugarria izanik, hiri ezberdinak hurrengoa antolatu nahian hasi eta, azkenean, hau bideratu beharra zegoela pentsatu zen. Gauzak horrela, hiriak bozketen bidez hautatzen hasi ziren. 2008. urteko EXPOa Zaragozan egingo da; izan ere, urte honetarako, Salonica (Grezia), Trieste (Italia) eta Zaragozaren artean hainbat bozketa egin eta gero, Zaragoza suertatu baitzen garaile.

Zaragozan…

XXI. mendeko lehen nazioarteko erakusketa 2008ko ekainaren 14an hasi eta 3 hilabetez luzatuko da, irailaren 14ra arte. Esposizio gunea, Ebro ibaiaren ertzean izango da eta, bertan, 90 hiri baino gehiagok hartuko dute parte. Aukeratu duten leloa uraren erabilera egokiaren ingurukoa da, ura ezinbesteko elementua baita gure bizitzan. Honen inguruan, pabiloi gehienetan hitzaldiak antolatuko dira.

Eraikin nagusiak

Eraiki berri dituzten eraikuntzak urarekin zerikusi handia izango dute. Hona hemen horietako batzuk:

Zubia

Zubia

Hau izango da erakusketaren gunera sartzeko sarreretako bat. Zaha Hadidek eginiko zubia dugu. 270 metroko luzera du eta Ebro ibaia zeharkatzen du. Bertan, ura baliabide bakarra dela erakutsiko digute hainbat erakusketaren bitartez.  

Uraren dorrea

Uraren dorrea 

Ur-tanta itxura duen eraikin handi bat izango da. 76 metroko luzera izango duenez, Zaragozan dauden eraikinetatik altuenetarikoa izango da. Hemen,  Ura bizitzarako erakusketa bisitatu ahal izango da. Eraikin honen kanpoko aldean, urez eginiko gortina bat eta iturri ikusgarri batez gozatu ahal izango dugu. Barrualdean, berriz, Splash izeneko 23 metroko eskultura aurkituko dugu.             

Aquariuma

Aquariuma

Hainbat materialez osatua (hormigoizko panelak, zeramika, beiraz…), paretak ur-gortina batez estaliak izango ditu. Aquariumeko erakusketaren izena Uraren paisaiak izango da, eta munduan dauden ibai garrantzitsuenetako erakusketak ikusi ahal izango ditugu bertan. Erakusketa bakoitzean, ibai baten egoera naturalean murgiltzeko aukera izango dugu eta, horretarako, apaingarri, doinu, argi efektu eta tenperatura aldaketak egongo dira.

FluviFluvi

Fluvi Zaragozak 2008ko EXPOa irudikatzeko aukeratu duen maskota da, Sergi Lopez katalanak diseinatutakoa. Ur-tanta baten itxura du, urdina da eta begi borobil eta beltz-beltzak ditu.

Ikuskizunak

Erakusketak alde batera utziz, EXPOak iraungo duen 93 egunetan zehar, makina bat jazoera egongo dira, gehienak kulturalak. El circo del sol ikusteko aukera izango du, besteak beste, bertara joaten den bisitariak. Festa dezente ere egingo dira eta ez dugu aspertzeko betarik izango. Gainera, egunero EXPOaren eremuan, kaleko antzerkiak egongo dira. Auditorioan, berriz, musika klasikoko kontzertuak antolatu dituzte. Ikuskizunak egunez eta gauez, hauek ugariagoak, izango dira. 

Anima zaitezte!

 

Comments { 4 }

Zain dezagun ura

irudia2.jpgUraz hitz egiten dugunean, hitz egiten badugu, behintzat, bi hizkitako ele arrunt batez mintzatzen gara, hitz honen atzean gu guztion bizitzarako funtsezko osagaia dagoela kontuan hartu gabe; izan ere, hori besterik ez da, bi letretako termino bat.

Hala ere, okerrena ez da hitz egiteko orduan ematen diogun garrantzi eza, ez; akatsik handiena likido garden honi ematen diogun erabilera da. Esate baterako:

  • Hamar minutuko dutxa batean batez besteko 100-200 litro ur gastatzen ditugu. Jarrera arduratsua izango bagenu, 80 litrorekin nahikoa izango genuke.
  • Iturria itxi gabe hortzak garbitzen ditugunean, zazpi litro inguru xahutzen ditugu; behar duguna erabiliko bagenu, berriz, 2 litrorekin moldatuko ginateke.

irudia3.bmpHorrela, makina bat adibide gehi ditzakegu… Beste alde batetik, denok dakigun moduan, ura bizitzari lotuta dagoen baliagai natural bat da. Ezagutzen diren bizi forma guztiek dute beharrezko, eta gorputzeko prozesu metaboliko askotarako ezinbestekoa da. Hala ere, elikadura ura baino errekurtso arazotsuagoa dela pentsa dezakegu hasiera batean; izan ere, gure planetan ur gehiago dago lurra baino, Lurraren %72, hain zuzen ere, ura da.

Aipatu dudan bezala, ura nagusi da Lurran, baina ia guztia gazia da. Bestalde, dagoen ur geza gure planetako biztanle ororentzat nahikoa bada ere, honen banaketa oso irregularra da. Arazo hau ur gehiago lortuz, hobeto banatuz edo gutxiago xahutuz saihets dezakegu.

irudia1.jpgOndoko irudian agertzen den moduan, gure planetan dagoen uraren %97 ozeanoetan dago; beraz, gazia da. Ondorioz, dagoen ur geza ez da asko, %3. Kantitate honetatik %2,4 glaziarretakoa dela kontuan hartuz, erabiltzeko moduan duguna (ibaietan, basoetan…) %0,6 da. Baina hau ez da dena, guztiaren %0,003 bakarrik erabil baitezakegu.

Hori dela eta, likido hau zaintzea ezinbestekoa da guretzat eta gure ondorengoentzat. Lan honetan edonor has daiteke gauza sinpleenetatik abiatuz:

  • Itoginak ekidin.
  • Xaboi biodegradagarriak erabili.
  • Ez utzi iturriak irekita behar ez duzunean.
  • Ez bota zaborrik, komunera, errekara, ibaira, itsasora…
  • Hobe dutxa bainua baino.
  • Garbigailua erabili behar duzunean, ondo bete… 

Hain gai garrantzitsua izanik, aipatzekoa da aurten uraren urtea ospatzen dela. Arrazoi hori dela eta, ekimen ugari antolatu da, hauen artean, Expo Zaragoza 2008. Ekainean, Zaragozako hiria 102 herrialdetako erakusketari hartzeko prestatuko da; horrela, hain garrantzitsua den urari erakusketa unibertsala eskaintzeko. Dena den, honen berri zabalagoa euskaljakintzako Elenak emango digu gure hurrengo artikuluan. Bide batez, gaur uraren eguna dela adierazi nahi dizuet, egun ezin hobea hausnarketa egiteko. Izan gaitezen denok zentzudun eta gure ondorengoek planeta osasuntsu bat jaso dezaten zain dezagun ura.

Gaiaren inguruko eta gure urtegiei buruzko informazio gaurkotua nahi baduzu, klikatu hemen.

Comments { 0 }

Venezia urik gabe?

venezia 2.jpgAzken egun hauetan egunkari eta albistegietan ikusi dugun bezala, Veneziako ubideek ur-eskasia nabaria azaltzen dute hainbat fenomeno meteorologikoren ondorioz. Normalean, urteko garai honetan, Veneziako ubideak metro bateko itsasgora izaten dute, baina aurtengo egoera erabat alderantzizkoa izan da; izan ere, ubideek ohiko tasatik 80 zentimetroko beherakada izan dute. Fenomeno honek izugarrizko arazoak ekarri dizkio Veneziari eta horregatik horri buruz idaztea otu zait.

Ezer baino lehen, aipatu beharra dago, gondolak kanaletako bazterretan hondartuta geratu direnez, herriaren trafikoa bertan behera geratu dela. Beraz, Veneziako funtzio guztiak pausatu egin dira, hala nola, anbulantziak, posta zerbitzuak, suhiltzaileak…

Era berean, ubideetako ur-eskasiaren ondorioz, kaleetan barrena usain nazkagarria dago, eta Veneziako biztanleak kirats hori jasan behar izanean agertzen dira. Horregatik, bertako biztanleak eta gainontzekoak, aurreko egoerara bueltatzeko irrikitaz daude, gehienbat, Venezia urik gabe ez delako Venezia.

Garbi dago Veneziaren egoera honek etorkizunean ondorio larriak ekar ditzakeela turismoaren arloan eta, hori saihesteko, lehenbailehen euri zaparrada ederra bota beharko du. Ea horrela den!

Comments { 1 }
-->