Orain ez asko jaso dugu Fidel Castrok komandante-buru kargua betiko utzi duela dioen berria. Ia 50 urtez munduko iraultzaile ugariren eredu eta ia-ia mito izan denak, edo bere gorputzak behinik behin, nahikoa da esan duela dirudi, Kubaren alde 70 urtez borrokatu ondoren, agintaritza bere anaia Raul Castroren esku utzi baitu. Urteak ez dira alferrik iragaten, eta ezta Sierra Maestrako oihanean erretako puruak ere, eta badirudi kubatarraren gorputzak hori dena nabaritu duela.
Esan bezala, Raul Castro anaia hautatu du Kubako Diputatuen Batzarrak Estatu Kontseiluko lehendakari izateko. Bere anaiaren karisma eta ospea izan ez arren, garai berri bati hasiera ematerakoan eta zenbait berrikuntza, arlo ekonomikoan bereziki, ematerakoan buruzagi berri honek urte hauetan guztietan egindako lana agerian geratuko omen da. Egokiena omen da herritarren bizi-kalitatea hobetuko duen “trantsizio” gisako bati ekiteko, kubatar komunismotik XXI. mendeko sozialismorako saltoa egiteko, alegia. Hala ere, ukaezina da bizi den artean Fidel Castrok izugarrizko eragina izango duela Kubako gobernuan, eta horrexegatik bereziki interesgarria iruditu zitzaidan bere bizitzari buruz zer edo zer gehiago jakitea, bizar luzedun eta uniforme berdedun gizon horren bizitzari buruz zer edo zer gehiago jakitea.
Hala ekin nion Fidel Castrok berak, Ignacio Ramoneten galderei erantzunez, idatzitako biografia irakurtzeari. Bere bizitzako gertakizun txiki ugari eta Kubako Iraultzaren berri gehiegi ez dugula ohartu nintzen segituan, ez dugula Che Guevara gisako mitoez eta zenbait komunikabidek diotenaz gain ezer asko ezagutzen. Biziki interesgarria iruditu zait, bada, XX. mendeko pertsonaia karismatikoenetako bat denari buruz zerbait gehiago jakitea eta, orain, garbi dut denok jakin beharko genukeela zerbait gehiago berari buruz, askotan arinkerian hitz egin gabe. Saiatu naiz bere biografia laburtu eta interesgarri bat egiten, baina, esateko horrenbeste egonik (eta egongo delarik!), hiru ataletan banatzea erabaki dut. Espero dut nik bere bizitzaren inguruan egindako laburpena interesgarri egingo zaizuela!
FIDEL CASTRO RUZ: PENTSAMENDU ERREBELDEAREN FORMAZIOA
Haurtzaroa
Iraultzailea iraultzaile gisa heltzeko, ezinbestekoa omen da bere haurtzaroa eta hazi zen ingurune soziala aztertzea. Batek baino gehiagok pentsatuko zuen Fidel Castrok garatu zituen ideia ezkertiarrak zirela eta langile klaseko kide edo, Kubaren kasuan, esklabo familiakoa izan behar zuela. Harrigarria bada ere, bere aita garaiko klase latifundistakoa zen, Galiziatik etorria Independentzia Gerran parte hartzeko. Hainbat urtez armadan borrokatu ondoren, Birán izeneko herrixkan etxetxo bat erosi eta azukre kanabera lantzen hasi zen. Apurka-apurka inguruko lurrak erosten joan zen eta Fidelek, Debate argitaletxearen liburuan dioen gisan, “bastante pudiente” izatera iritsi zen, azienda, pinudiak eta soroak zituela.
Birán herrixka hartan ezagutu zuen Angel Castro Fidelen aitak Lina bere ama, Pinar del Riokoa. 1926an jaio zen herrixka hartan Fidel, eta 4 urterekin jada herriko eskolara bidali zuten. Berebiziko oroitzapena omen du Espainiako Gerra Zibilaren inguruan; izan ere, bere aitaren aginduetara lan egiten zuten asko espainiar analfabetoak ziren, eta, ondorioz, berari eskatzen zioten gerraren berri emateko. Hasieratik ohartu omen zen langileen artean bazeudela bi bando, errepublikazaleena eta nazionalena, eta baita bere aita azken hauen aldekoa zela ere.
Eskolan hasi bezain pronto hasi omen zen erreboltari izateko joera hori azaleratzen, klaseko gazteena izaki eta anai-arreba zaharragoak izanik, aurre egiteko beharra izan baitzuen. Txiki-txikitatik haur guztiekin, baita beltz haitiarrekin ere, erlazionatzen omen zen. Horrek behin baino gehiagotan barnetegira joateko zorian utzi zuen kubatarra, bere gurasoek ez baitzuten bere portaera onartzen.
6 urte bete bezain pronto eraman zuten Santiago izeneko hirira irakasle batekin bizitzera, bere hezkuntza hobetu zezan. Hobetu beharrean, bere hezkuntzak okerrera egin zuen. Ez zuen klaserik jasotzen, gosetuta eta ezer egitekorik gabe, benetan formazio iraultzailearen oinarri izan zen esperientzia izan zen Santiagokoa. Horrez gain, garai hartan Kuban mugimendu politiko garrantzitsuak eman ziren, Sarjentuen Altxamendua (Fulgencio Batista diktadorea agintera eramango zuena) eta II. Mundu Gerra kasu. 1937 inguruan, etxekoak Santiagoko eskolaren egoera txarraz ohartu ondoren, La Salle ikastetxe jesuitara eramatea erabaki zuten, bertan lau urte eman zituela. Beranduago, “Los Dolores” eta “Belen” ikastetxe erlijiosoetan ikasi zuen, 1945ean batxilergoa amaitu arte. Urte haietan guztietan mendizaletasunagatik eta kirolekiko zaletasunagatik egin zen ezagun Fidel. Askotan aitortu duen moduan, ez zen inoiz ikasle ona izan, klaseetan golpe zorrik ez jotzearen ondorioz, klasetik kanpo ikasi behar izaten baitzuen.
Jarrera iraultzailearen sorrera
Fidelek erdi bromatan esan izan du berak hain berezko izan duen agintearen aurka joateko joera hori izan zituen irakasleek sortu ziotela. 1937an Angelita bere ahizparekin eta irakasle batekin bizitzen ari zela, sekulako eztabaida izan zuen azken honekin, eta etxea erretzearekin ere mehatxu egin zion. Horren aurrean, bere gurasoek La Salle ikastetxera eraman zuten. Garai hartan kontzientziarik ez bazuen ere, beste irakasle leondar batekin izandako haserrealdiak ere garbi adierazten digu Fidelek gauzen zergatia argitzeko zuen grina. Santiagon ikasten ari zela, bere gelan ikasle beltzik zergatik ez zegoen galdetu zien, ea hainbeste izanda gelan zergatik ziren denak zuriak; eta, honi erantzunez, ordu luzez liburuak eusten izan zuen irakasleak mutiko kubatarra. Hau bezalako beste istorio asko izan zituen Fidelek umetan, notak faltsutzearena kasu, eta berak behin esandakoak argi laburbiltzen du bere haurtzaroa: “Ni ez nintzen iraultzaile jaio, baina, bai errrebelde.”
Politika munduan sartzen unibertsitatean
Castro 1945ean sartu zen Habanako unibertsitatean, batxilergoko ikasketak bertan amaitu ondoren. Garaiko ikasle eta gazte gehienek izaten ez zuten aukera izan zuen goi-mailako ikasketak egiteko, bere familiaren aberastasuna zela eta. Aurrez esana dugu zenbait ideia matxino bazituela, batez ere justizia arloari zegokionean. Unibertsitatean, berriz, ideia horiei forma emateko aukera izan zuen, bertan egin baitzen iraultzaile eta marxista-leninista. Garai hartan ez zuela ideologia finkorik azpimarratu izan du behin baino gehiagotan, ideiez borborka zegoen pertsona zela, eta irakurri zituen hainbat liburuk eman ziotela aukera ideia horiek guztiak antolatzeko.
Segituan hasi zen politika munduan sartzen, lehen urtean gelako ordezkari izateko hautatu baitzuten alde handiz, 181 boto alde eta 31 aurka. Argi dago karismatikoa izan dela betidanik. Hautatua izan bezain laster, bere izaera berezi hori ere segituan azaleratu zen, ez baitzituen mafia gisa antolatua zegoen ikasle erakundearen jarraibideak errespetatzen. Oposizio horrek, baina, bere fruituak eman zituen eta, hurrengo urtean, Puerto Rico eta Dominikar Errepublikaren independentziaren aldeko batzordeetako lehendakari izendatu zuten.
Bestalde, bere ikasketei jaramonik egin gabe jarraitzen zuen, 50 ikasgai izan arren, ez baitzuen ia-ia azterketarik egin azken kurtsora arte. Suposatzekoa da, beraz, nahi adina denbora izango zuela gai politikoetan buru-belarri murgiltzeko. Testuinguru horretan eman zuen izena Trujillo dominikar diktadorea erorarazteko espedizio armatuan. Espedizio hura porrot hutsa izan bazen ere, Fidelen bizitzan inflexio puntu garrantzitsu bat ezarri zuen, “Bogotazo” delakoarekin batera. Alderdi Ortodoxoaren barruan lanean eta ordurako bere burua marxista-leninistatzat zuela, 1952 inguruan, etorkizunerako plan bat prestatu zuen. Bere helburua gerrilla gerrari ekitea zen, herriaren altxamenduaren abangoardia gisa, eta, altxamenduaren bidez, boterean agintari bakar gisa ezarria zen Batista kanporatzea. Helburu horrekintxe ekingo zion Fidelek talde armatu irregularrak prestatu eta ideologia iraultzailea zabaltzeari, herria altxamendu armaturako prestatzeko eta bere programaren oinarriak azaltzeko. Orduantxe hasi zen Moncada kuartelaren asaltoaren prestakuntza eta bertan sortu ziren ia hamarkada bat beranduago Kubako agintaritza hartuko zuen herri-mugimenduaren lehen ernamuinak.
Iruzkin berriak