Behar materialak esperantzari eusteko

mendebaldeko saharaUrte asko igaro dira espainiarrek Mendebaldeko Saharako lurrak utzi zituztenetik, baina oraindik bertako biztanleak bidegabekeria ugari jasaten ari da eta, egunetik egunera, egoera okertzen doa. Lurralde horrek azken urte hauetan bizi izan duen egoera nolakoa izan den azaltzeko, beharrezko da aipatzea, denboran atzera eginez, Afrika mendebaldeko herri horrek jasan dituen injustizia guztiak.

Seguruenik zuetako askok izango duzue, gainetik behintzat, gertatutakoaren berri. Ezer baino lehen, XIX. mende bukaeratik 1976. urtera arte Mendebaldeko Sahara espainiarren lurraldea izan zela gogoraraztea beharrezko da. Horrez gain, 1975. urtean, Espainiako gobernuak autodeterminazioaren erreferenduma egitekoa zen, honen bidez Saharako herriak libreki erabakitzeko bere geroa. Nolanahi ere, Marokok eta Mauritaniak herrialde hori irrikatzen zuten, eta txakur gosetiak bailitzan borrokatu zuten lurralde horiek bereganatzearren.

Lehengo hariari jarraituz, Espainiako gobernua zeharkatzen ari zen une larria aprobetxatuz, Franco diktadorea hilzorian zegoen, Marokok eta Mauritaniak sahararrei ahoa itxi zieten, zuzengabekeria guztiei atea irekiz. Honela, Hassan II.ak, marokoar diktadoreak, Martxa Berdea izenez ezagutzen den inbasioa jarri zuen abian, Saharako herriak “bake” bidez beregan hartzeko. Egoera latz horretan, Espainiak Saharari aitortua zion erreferenduma kutxa beltzean gorde zuen eta, Marokorekin salerosketa ekonomikoak egin ondoren, Espainiako tropak kanporatu zituzten. Gauzak horrela, Espainiak bertan behera utzi zituen sahararrak inolako laguntzarik eman gabe. Honen ostean, tropa marokoarrak sarraski ugariren erantzuleak izan ziren eta biztanle franko Argeliako mugara joan zen ihesean. Horiek gorabehera, saharar herrria ez zen makurtu eta aurpegia erakutsi zuen, hiru urtez Maroko eta Mauritaniaren aurka borrokatuz. herrialde zigortuaAzkeneko honek amore eman zuen, baina Marokok bere politika suntsitzaile eta zabaltzaile zorrotz hori aurrera eramaten jarraitu zuen. Gerrak 1991. urtera arte iraun zuen, eta urte horretan, hain zuzen ere, ONUk autodeterminazioaren erreferenduma egiteko aukera eskaini nahi izan zion eskubide guztiak zapalduta zituen herrialdeari, sahararren lurraldeari.

Herri honen etsaiek egindako bidegabekerien nondik norakoak gainetik azaldu ostean, Saharari laguntza eskaini dioten eta ekimen horretan jarraitzen duten herrialde horiei buruz hitz egitea gustatuko litzaidake. Hemen, Euskal Herrian, bereziki, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Sahararako janari bilketa egin du pasatako Eguberritan Goierriko Algamar Elkarteak. Lortu ohi dituzten produktuen helmuga sahararrek Tindufen dauzkaten errefuxiatuen kanpamentua izaten da.

Tinduf (Aljeria) Sahara Mendebaldeko errefuxiatuen kanpamenduen ondoan kokatuta dago. Algamar elkarteak emandako datu batzuen arabera, bertan dauden 176.000 errefuxiatuentzako laguntzak gutxitu egin zituzten. Hori dela eta, Mendebaldeko Sahararen alde lan egiten duten elkarteek, oinarrizko produktu batzuk emanez, herritarrei laguntzeko aukera eskaintzen die. Azken kanpaina honetan, oinarrizko bost produktu bildu dira: arroza, atuna oliotan, azukrea, dilistak eta konpresak. SAHARA.gifErraz galtzen ez diren produktuak eta, era berean, indarra eman liezaieketenak. Ekimen hauek sustatzea beharrezko da; izan ere, urtetik urtera, Saharako errefuxiatuen egoera zailtzen ari da, hainbat eragile ezberdinen ondorioz.

Horrelako ekimenen bidez, guk ere laguntza emateko aukera dugu. Ez pentsa mota honetako ekintzek ezertarako balio ez dutenik; izan ere, laguntza horiengatik ez balitz, hain zapaldua izan den herri honek ez luke bizitzeko eta independente izateko behar duen esperantza hori bizirik mantentzeko aukerarik izango. Kontuan izan hori guztia datozen kanpainetan. Hitz gutxitan esateko: esperantza elikatu.

Comments { 2 }

Sexua, alkohola eta rock & rolla

rockandrolaJakina da XXI. mendeko gizartea jasaten ari den egoera ez dela batere ona. Baina, harritzekoa bada ere, gaurko artikuluaren gaia ez da polítika ezta musika ere, gaurko gazteriak egunero bere gainean sostengatzen duen alkoholaren eta drogaren zama baizik.

Droga eta alkohola historian zehar uste baino lehenago ageri izan dira, gure arbasoen artean nork ez zuen whiski botila bat edan edota porro bat erre? Baina gure aitona-amonak ez bezala, guk substantzia hauen arriskuari buruzko informazio ugari jasotzen dugu: web desberdinetan, ikastolek eskaintzen dituzten hitzaldietan, droga edota alkoholaren aurkako kanpaina desberdinetan… Teoria oso ondo jasotzen da, baina zer gertatzen zaigu gazteoi praktikara pasatzeko orduan?

edariakIkasi ondoren, gazteen lema zera da: parranda, parranda eta parranda! Baina zer da azken finean parranda? Elvis Presleyren garaietan, taberna batean sartu eta rock & rolla entzutea zen ohikoena; gaur egun, aldiz, rock and rolla tinbak ordezkatu du eta pubak eta diskotekak taberna. Azkar eta labur esanda, parranda sexua, alkohola eta rock & rolla da, eta hori ez da guztiz txarra, baldin eta gauza bakoitza bere neurrian egiten bada. Hori da zuzen-zuzenean betetzen ez den baldintza, helburua ez baita garagardotxo bat edan eta zigarro bat erretzea, egungo tabernetan ikusten den egoera guztiz ezberdina da. Besteak beste, hamabi urteko haur batzuk vodka txupituak eta kalamua erretzen ikus ditzakegu, helburua ahal den mozkorrena jartzea izanik; eta, bitartean, besteok egoera penagarria dela esango dugu eta, honi buruzko gogoeta egin ondoren, zergatiaren bila abiatuko gara ezer gutxi egin gabe.

Arazo larri honen errua, noski, ez da norbait jakinarena, gizarte osoarena baizik; dagoena ikusirik, inork ez baitu ezertxo ere egiten hau gelditzeko. Dena den, auziari irtenbidea bilatu nahian, Eusko Jaurlaritzatik hasiko nintzateke. Oso taberna gutxi dira adinez beherakoei alkohola saltzen ez dietenak eta, beste gauzekiko traba jartzen den bezala, nire ustez, arazo honi agintariek garrantzi handiagoa eman beharko liokete, adibidez, tabernen saltzeko sistema gehiago kontrolatuz.

juergaHala eta guztiz ere, gazteen ikuspuntuan ipintzea ere egokia izan daiteke. Gazteak edatera eta alkohola kontsumitzera bultzatzen dituen arrazoietako bat egunetik egunera pairatu behar izaten duten zintzotasuna da, euren burua arauez eta baldintzaz osaturiko esparru baten barruan kokatzen dute, preso. Beharbada, larunbat gauetan, egoera horretaz ahazteko modu egokiena alkoholaren efektuetan murgiltzea da.

Hau guztia kontuan harturik, zaila da ondorio batera ailegatzea; izan ere, arazoa ez baita bost lerrotan konpon daitekeen horietakoa eta are gutxiago alde batera utz daitekeenetakoa. Hala ere, pixkanaka zabaltzen ari den txoko txiki honetatik gazteei zera esango nieke: sekulako mozkorraldiak alde batera utzi, eta benetan bizitzan garrantzitsua denari erreparatu (lagunak, tabernetan ezagut daitezkeen adiskideak..). Ahantzi alkoholak lotsa kentzen duela; momentuan hori gertatzen bada ere, hurrengo eguneko lotsa bikoitza izaten da eta…

Comments { 6 }

Josu Agirre (Euskaltel-Euskadi):”Gehiegizkoa da dopingari buruz telebistan esaten den guztia”

Josu eta ImanolJosu Agirre txirrindularia 1981eko maiatzaren 23an jaio zen Tolosan. Pilotan eta futbolean aritu ondoren, aitaren zaletasunak eraginda, txirrinduarekin probatzera ausartu zen. Tolosako Oriako taldearekin eman zituen bere lehen pedal-kolpeak, eta baita bere lehen garaipenak lortu ere. Garai haietatik gaur egunera arte momentu latzak igaro izan ditu (erorketak, emaitza apalegiak…) eta honek guztiak hain lur jota utzi du kirolaria, non bere bizitza beste bide batetik bideratzea pentsarazi baitu behin baino gehiagotan. Dena den, pixkanaka hasi dira emaitza onak iristen eta, azken urte hauetan oso denboraldi txukunak egin ondoren, profesional izatera heldu da. Gaur egun, entzute handiko Euskaltel-Euskadi taldean dago.

Bere gainditze eta hobetze ahaleginak direla eta, kirolari hau elkarriztatzea erabaki nuen. Egia esan, ez nuen inongo arazorik izan: berarekin hitz egin, ordua eta lekua adostu eta kito! Hori gutxi balitz, ez nuen etxetik mugitu beharrik izan, egun, Ordizian bizi eta bera izan baitzen nire etxera etorri zena. Beraz, bertan elkartu eta, hitz batzuen ondoren, ekin genion elkarrizketari.

Txikitatik argi al zenuen txirrindulari izan nahi zenuela edo beste lan mota bat zenuen buruan?
Nik uste dut ez dela argi izaten hori. Oso gustuko nuen txirrindua hartu eta inguruko mendateetatik gora eta behera ibiltzea. Noski, gaztetan amets bat baino ez zen honetatik bizi izatera heltzea, baina azkenean, esfortzu handia eginez, lortu dut. Dena den, ez, ez nuen nire burua profesional bezala ikusten.

Nork animatu zintuen kirol honetan hastera?
Gehienbat familiak, baina bereziki nire aitak. Berak betidanik izan du txirrindularitzarako izugarrizko afizioa eta modu batera edo bestera niri pasatzea lortu zuen. Horrela, hamabi urte nituela, nire herriko Oriako taldean hasi nintzen.

Gaztetan lagunekin parranda ugari egindakoa zara edo zure gorputza zaintzen saiatzen zinen?
Ez, ez nintzen askotan ateratzen. Ez nuen nire gorputzagatik egiten, oso gustuko nuen bizikletan ibiltzea eta ibiltzea eta igandetan goiz esnatzea atsegin nuen. Eta berandura arte parrandan ibiltzen, hogeita bat urterekin edo hasi nintzen. Beraz, ez, ez naiz parranda ugari egindakoa (Josuk barre egiten du).

josu3.jpgErdietsitako lorpen guztietatik izango duzu baten bat modu berezian oroitzen duzuna...
Egia esan, bi dira modu berezian oroitzen ditudanak. Lehenengoa, Gipuzkoako txapelketa batean izan zen. Gainontzekoei minutu gutxi batzuetako abantaila ateratzea lortu nuen eta, orduan, epaileetako batek kotxetik hankak pedaletatik altxatzeko esan zidan, lortuko ez nuelakoan. Nigan izan zuen konfiantza gutxi horrek benetan izorratu eta indarrak eman zizkidan gogo biziz ekiteko eta azken pankartapetik lehenengo igarotzeko. Bestea, joan den urtean izan zen Madrilgo itzulian. Nik ez nuen parte hartu nahi, baina parte hartzera behartu ninduten eta erlojupekoan denborarik onena lortu nuen. Gainera, nire neskalaguna eta bere anaia joan ziren eta nirekin egon ziren bidaia osoan. Oso polita izan zen.

Zer sentitu zenuen Euskaltel-Euskadi bezalako talde handi bat zure atzetik zebilela jakitean?
Izugarrizko poza. Talde hau Pro-Tourrean sartuta dago eta niretzako lekua zutela jakiteak ikaragarri poztu ninduen. Harro nengoen.

Nola ikusten dituzu zure taldekideak?
Oso indartsu. Jende oso ona dago: Samuel Sanchez, Aimar Zubeldia eta orain fitxatu berri duten Hegoi Martinez. Gainera, gazteenetarikoa naiz eta, jakinda itzuli garrantzitsuenetan nolako maila erakutsi duten, ez dakit beraien mailan egotea lortuko dudan. Halere, gogotik saiatuko naiz.

Txirrindularitzaren barruan zein jarduera-motatan sentitzen zara erosoen?
Orokorrean, nahiko erregularra naizela esango nuke. Aldapa gora ni baino hobeak asko dira, baina okerragoak ere badaude, eta ordekan eroso sentitzen naiz. Baina, agian, emaitzei begiratuta, erlojupeko probetan aritzen naiz ongien.

josu1.jpgNolakoa izaten da goi-mailako txirrindulari baten egun arrunt bat?
Bada, nahiko goiz esnatu, ondo gosaldu -nik garrantzi berezia ematen diot gosariari-, interneten egunkariek zer dakartzaten irakurri eta, hamaikak aldera, beste txirrindulari batzuekin elkartu eta entrenatzera joan. Amaitutakoan, bazkaldu eta gero lagunekin egon. Meriendatu, segituan afaldu eta noizean behin lagunekin bueltatxo bat eman. Gehienetan, afaldu eta ohera joaten naiz gauerako nekatuta egoten bainaiz.

Nor da gehien gustatu izan zaizun txirrindularia?
Abraham izan da. Abraham Olanok dena zeukan ondo zegoenean: aldapa gora ondo ibiltzen zen, erlojupekoan ere ondo…baina hori bere lorpenekin ikusten da. Amstrong ere gustuko nuen; Merckk ere bai, ez da nire garaikoa baina asko gustatzen zait. Denak oso desberdinak dira, baina denek zuten txirrindulari irabazleek izaten duten gauza hori.

josu2.jpgHiru itzuli handietatik zeinetan parte hartuko zenuke gustukoen?
Ja! Ez dakit, oraindik ez dut horietan parte hartzeko zorterik izan eta horrela kanpotik…Italian izanda nago lasterketa batzuetan eta hango parajeak asko gustatzen zaizkit, aldapa gorrak, baina politak. Esan didatenez, Tourra da hiruretatik bereziena, jende ugari…baina esango dizut hiruretan parte hartzen dudanean… (barre egiten du).

Izan al duzu inoiz gertaera bitxiren bat edo anekdotaren bat bizikleta gainean?
Makina bat ditut. Orain burura etortzen zaidan bat hauxe da: lasterketa batean, taldeko lagun bati laguntzen ari nintzaion azken kilometroetan berak irabaz zezan. Helmugatik lehenengoa pasatu zela uste nuen, nire aurretik, eta pozez garrasi egin nion zorionak emateko eta, orduan, berak aurretik hiru txirrindulari sartu zirela esan zidan. Uff! A zer nolako momentua!

Zer pentsatzen duzu gaur egun txirrindularitzari buruz esaten ari diren guztiaz dopinga dela eta?
Bai, egon daiteke, ez dut ezetz esaten, baina gehiegizkoa da telebistan esaten duten guztia. Kalera irten eta “begira hau txirrindularia da“, eta orduan besteak, “beste drogadikto bat“. Hori da sortu dutena, eta asko izorratzen du. Itzuli handi batean, liderrak hogeita hiru proba pasatu behar izaten ditu, bai hormonak analizatzeko eta baita beste zenbait gauza aurkitzeko ere. Hau gehiegizkoa da. Ez dago dopinga horrenbeste jarraitzen den kirolik. Aurreko batean, Nadal tenislariaren elkarrizketa bat irakurri nuen eta kexatu egiten zen urtean zazpi proba pasatu behar izaten dituelako, eta guri zazpi proba, taldeak berak egiten dizkigu, batere abisatu gabe, noski. Eta aurten talde berriarekin gehiago pasatu behar izango ditut.

Nola ikusten duzu kirol honen etorkizuna, aldaketa nabarmenak izango dira lasterketen luzera eta gogortasuna direla eta?
Nik uste dut ez dela aldaketarik ezarriko. Esaten da lasterketen gogortasuna jaitsi egingo dela eta luzeraz motzagoak izango direla, baina norgehiagoka berdintsua izango litzateke, beti egongo baita irabazle bat eta atzetik gainontzeko guztiak.

Zer eskatuko zenioke denboraldi berriari?
Hasiera batean, lesiorik ez izatea eta ondo hastea, ondoren joango naiz ikusten zer egin dezakedan…

Eta horrela amaitu zen nik berarentzat prestaturiko alkarrizketa. Dena den, zin dagizuet elkarrizketa amaitu eta hizketan jarraitu genuela, bai txirrindularitzari buruz eta baita beste zenbait gairi buruz ere. Bere umiltasunak, gainera, harrituta utzi ninduen. Azken finean, nork ikusi du elkarrizketatua elkarrizketatzailearen etxera joaten? Euskaljakintzatik eskerrik beroenak eman nahi dizkiot Josuri eta orain duen erronka berrian zorte ona opa. Ea hemendik gutxira bere garaipenen berri emateko moduan garen…

Comments { 4 }
-->