Hil eta gero… zer?

Badira eguneroko bizitzan tabutzat hartzen ditugun zenbait gai, saihesten saiatzen garenak. Ez ditugu gogoko baina ezinbestekoak dira aipatzea. Heriotza, esaterako, horren sinplea eta horren krudela. Pentsatze hutsak jende askori deserosotasun handia sortzen dio, hala ere, lasaitasun puntu batez hartzea nahitaezkoa da, heriotzari inork alde egiteko gaitasunik ez baitu oraindik. Etorri etorriko da, bai, baina bizitzaz gozatzea besterik ez zaigu geratzen etortzen den bitartean .
goibelJaiotzen garen unetik gure azken hatsa ematen dugun arte, mota guztietako pasadizoak pairatu behar izaten ditugu, momentu on asko eta tarteka txarrak ere izaten dira, nahiz eta orokorrean une zoriontsuenekin gelditzen ahalegintzen garen. Dena dela, garai txarrek bizitzan baliagarri diren zenbait ikasgai erakusten dizkigute. Bizitzaz disfrutatzea da kontua, bestela, zertarako bizi?Galdera hauxe dabilkio buruan ospitalean edo etxeko ohean mugitu ezinik dagoen gaixo asko eta askori, filme ezagun batean ikusi ahal izan genuen bezala. Gisa honetako gaixoek ez dute inolako irtenbiderik aurkitzen, infernu horretan bizitzea kondenatuak daude. Beste zenbait gaixok, aldiz, egoera bera jasaten badute ere, esperantza handiz bizi izaten dute egoera eta beraien helburu bakarra aurretik zuten bizitza berreskuratzea bihurtzen da. Bizitzeko duten bigarren aukera hori lortzea zaila izaten da askotan, epe luze eta astunak jasan behar izaten baitituzte dei bakar bat noiz helduko zain. Horregatik, gure inguruan ohikoa den geurekoitasuna alde batera utzi, eta pertsona hauek beraien azalean sufritu behar izaten duten egoera gogor horri buruz kontzientziatu eta eskua luzatu beharrean gaude.

Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman dituen datuen arabera, 1987tik hona 1.500 organo emaile izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Osasun Sailak eta Osakidetzak beraien esker ona adierazi nahi izan die, bai emaile guztiei eta baita hauen familiartekoei ere; izan ere, erakutsi duten eskuzabaltasunagatik izan ez balitz, milaka eta milaka gizakumek ez zuketen beraien bizi kalitatea hobetuko eta, kasu batzuetan, beraien bizia salbatuko. Emaile hauei esker, 3.300etik gora organo transplante ahalbidetu dira:

  • organoa2.210 giltzurrun
  • 844 gibel
  • 255 bihotz
  • 67 birika

Aipatutakoez gain, bestelako hauek ere egin dira:

  • 3000 kornea
  • 6000 osteotendinosokoak
  • 70 larruazal

Denok dugu organo donazioa egiteko aukera, baldintza bakarra eman behar diren organoak egoera onean egotea da. Zoritxarrez, oso gutxitan gertatzen da hori; izan ere, ospitaleetan hiltzen diren 100 pertsonatatik bakarra egoten baita organo emaile izateko egoeran. Datuak oso onak ez izan arren, ez da etsi behar, gauzak hobetuko diren esperantza ez baitugu inoiz galdu behar.

Gai hau tentuz hartzekoa bada ere, beharrezkoa iruditzen zait jende honek bizi behar izaten duen errealitateaz ohartzea eta oharraraztea. Azken batean, mundu honetatik desagertzen garenean, beste norbaitek guk atzean utzitako bizitzaz gozatzeko aukera izatea izugarria da. Gugandik at dagoen zerbait ematen badu ere, gure inguruan sekulako jende pila dago organo berri baten zain, bakoitzak istorio lazgarri bat bizkar gainean duela.

Amaitzeko, gai honi buruz duzuen ikuspuntua jakitea gustatuko litzaidakeela jakinarazten dizuet.

Comments { 4 }

Iban Mate: “Sukaldaritza eta ardoa hezur eta mami dira”

Iban Mate beasaindarra Dolarea baserrian jaioa da. Txikitatik sukaldaritza gustukoa izan du eta gaur egun bere bizitza ostalaritzara zuzendua duen pertsona alaia eta ardoaren munduan ere asko sartua dagoena da. Orain dela gutxi, Euskal Herriko Sumille izendatu dute. Horretaz gain, Beasaingo Igartzarekin zerikusia duen proiektu batean sartuta daude Iban eta bere emaztea den Arantxa; izan ere, Igartza monumentuen multzokoa den Dolarea ostatua hotel bihurtu nahi baitute.

Leire eta Iban elkarrizketa egunean

Nolakoak izan ziren zure lehen urratsak ostalaritzan? Ikasketak burutu al zenituen lanbide honetan jarduteko?
Lehenik, ostalaritzan lanean hasi eta ondoren sukaldaritzako ikasketak burutu nituen. 14 urte inguru nituenean, lagun baten bidez lanean hasi nintzen, alde batetik, sukaldaritza gustukoa nuelako eta, bestetik, motorra erosi nahi nuelako. Baina 17 urte bete nituenean, sukaldaritza ikasketak egin nituen.

Zein lekutan burutu zenituen zure lehen praktikak?
Aurrena, Beasaingo Urkiola Jatetxean egon nintzen eta, ondoren, Ibizako Amalurren, Bergarako Lasan, 6 hilabete, Capbretonen (Frantzian), Donostiako Casa Nikolasean…

Iban semearekinGaur egungo sukaldaritzari, hau da, inbestigazio sukaldaritzari zer deritzozu?
Gutxi batzuentzat dela iruditzen zait; alde batetik, prezioa altu samarra delako eta, bestetik, janari mota hau baloratzen duen jende gutxi dagoelako. Orokorrean, ondo iruditzen zait baina denak berdina egingo bagenu, asko gosez hilko ginateke.

Sukaldaritza alde batera utzita, jakinean nago zure zaletasunetako bat ardoa dela.
Bai (barre egiten du). Sukaldaritzan gauzak dastatzea eta zentzumen guztiak erabiltzea gustukoa dut, hau da, usaimena, dastamena… Ostalaritza barnean dagoen guztia kontrolatzea gustatzen zait, hala nola, puruen mundua, ardoarena, likoreena, eta abar. Baina, azkenean, ardoaren munduari, sukaldaritzari erabat lotuta dagoenez, garrantzi handiagoa ematen diot.

Nola bururatu zitzaizun ardoaren munduan sartzea? Edo nork bultzatu zintuen hori ezagutzera?
Pixkanaka-pixkanaka sukaldaritzarekin batera sartzen joan nintzen eta, azkenean, ezin duzu utzi. Zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta gutxiago dakizula konturatzen zara eta, horregatik, gehiago erakartzen zaitu.

Ardoaren munduan dagoen txapelketa famatuenean parte hartu eta, gainera, irabazi egin zenuen.
Iparraldeko “Nariz de Oro” txapelketan  parte hartzera animatu eta, gainera, saria eraman nuen. Zorte handia izan nuela onartzen badut ere, benetan oso harro nago egin nuen lanarengatik.

Eta gutxi gorabehera zertan datza txapelketa hori? Zein da bere eginkizun nagusiena?
Eginkizun nagusiena hots pixka bat egitea da ardo mailan. Bodega askok parte hartzen dute eta nahi dutena zera da: profesionalen artean ospea hartu. Aurkezten direnak profesionalak dira, baina hainbat profesional ez da aurkezten. Imajina ezazu, adibidez, bodega batean lanean ari den, eta diru dezente irabazten duen, etnologo ospetsu batek txapelketan parte hartzen duela, baina sukaldaritzaz bizi den batek txapelketan berak baino hobeto egin eta irabazi egiten duela… Etnologoa gaizki geratuko litzateke.

Sukaldaritzako eta enologiako klaseak ematen dituzu…
Hasieran, mesede bat egitearren, klase batzuk eman nitzan eskatu zidaten. Ondoren, ordaindutako klaseak eskaini zizkidaten. Sukaldaritzako eskola gehienbat nire burua ezagutzeagatik egin dut eta ardoarena, berriz, oso ondo etorri zait ardo dastaketak nire erara egin eta nahi ditudan ardoak jartzen ditudalako. Gainera, maiztasunez egiten ditudan saio hauek oso lagungarriak gertatzen zaizkit; honela, dastatzen ditudan ardoak ez ditudalako ahazten.

Beasaingo Dolarea baserriaIrakasle bezala jardutea kosta egiten al zaizu? Zer moduz daramazu irakasle-ikasle harremana?
Hasieran oso zaila egiten zitzaidan: hiru egunetan azaldu nahi nuena ordu eta erdian esaten nuen. Informazio asko eman nahi duzu denbora gutxian, baina gero ohartzen zara ez dela egokia, ikasleek informazioa pixkanaka ikasi behar dutelako.

Badakigu proiektu berri batean lanean ari zarela, azalduko al zeniguke horri buruzko zertxobait ?
Beasainen bertan lau izarretako hotela eraikitzen ari gara, hogei gela izango ditu eta sukaldaritza aldetik modernoa izango da. Gainera, taberna “topaleku” izatea gustatuko litzaiguke, eta ez hotel bateko taberna aspergarri bat. Hau da, gaur egungo taberna izatea nahi dugu, pintxo berezi batzuekin eta, batez ere, bertan dastatzeko ardo ugarirekin.

Beasaingo Dolarea jatetxean egin genuen elkarrizketa eta benetan oso gustura sentitu nintzen Ibani esker. Oso adeitsua izan zen nire galderak erantzuteko orduan, eta berriro ere berarekin solasean aritzeko aukera izango banu, berehala gerturatuko nintzen kontu-kontari jarraitzeko.

Comments { 1 }

Segurtasuna lanean

Teilatuan laneanAurreko batean, egunkaria irakurtzen ari nintzela, lan prebentzioei buruzko albiste bat irakurri nuen. Lan mundua gero eta gertuago daukadanez, erakarri ninduen gaiak eta irakurtzea erabaki nuen. Nire ustez, lan prebentzioari buruzko informazioa izatea oso garrantzitsua da langilearen formaziorako eta enpresaren garapenerako. Horregatik, oso inportantea da oinarrizko hiru printzipio ezagutzea lantokietan arriskuak saihesteko.

Hasteko, arriskuak identifikatu behar dira, kontuan hartu behar dira dauden galzori-mota guztiak, alegia. Ondoren, arazoaren ebaluazioa egin behar da, nolabait arriskuaren balorazioa eta zein motatako ondorioak izan ditzakeen aztertuz. Azkenik, hirugarren arauari dagokionez, egoera arriskutsu horren kontrola egin beharko da neurri zuzenak hartuz.

Bestetik, lan istripu bat zer den jakin beharra dago hiru kontzeptu horiek ezarri baino lehen. Legearen arabera lan istripu bat da «beste batentzat egiten den lana dela eta, edo lanaren ondorioz, langileak jasaten duen kalte oro ». Beraz, ezaugarri hauek guztiak berrikusi eta gero lan istripuak modu honetara sailka daitezke:

  • Lan ordutegiaren barruan eta lantokian gertatzen direnak.
  • Lanera joateko edo lanetik itzultzeko bidean gertatutakoak.
  • Lankideak edo beste pertsonak salbatzeko ekintzetan eta antzeko egoeratan gertatutakoak.
  • Bere lana egiteagatik langileak jasaten dituen gaixotasunak. Kalte horiek ordutegiaren barruan gertatu behar dira.
  • Langileak aldez aurretik zeuzkan gaixotasun edo okerrak, istripu baten ondorioz, larriago bihurtzen direnean.

Aipatu bezala, bost puntu horiek osatzen dute lan istripuen multzoa nahiz eta istripu mota gehiago egon. Beste alde batetik, esan beharra dago, hainbat ezbehar mota ez dela lan istripu kontsideratzen. Multzo honetan kalte hauek sartzen dira:

  • Fenomeno meteorologikoetatik datozenak: tximistak, intsolazioak , izozketa…
  • Zentzugabetasuna egon den kasuetan istripuren bat badago.
  • Babesik gabe gertatzen diren istripuak.
  • Langile batek bere buruaz beste egiten duenean (kasu berezia da)

Babesik gabe laneanAipagarrienak hauek badira ere, badaude gaitzak lan istripu kontsideratzen ez direnak baina lantokiak lan istriputzat jotzen dituenak. Gauzak horrela, lantoki bakoitzak segurtasunari buruzko araudia eduki beharko du gertakizun berezi hauek gertatzen direnerako.

Beraz, hitz batean esanda, lan istripu baten aurrean aurkitzen garenean, hau da egin beharrekoa: lehen adierazitako hiru printzipio horiek aztertu eta arriskua zein den eta zein lan istripu motari dagokion ikusmiratu. Ondoren, kalte horren babesa zein izango litzatekeen aztertzen has gaitezke, hori bai, segurtasun ordezkari bat egon beharko du irizpide horiek guztiak zehatz-mehatz haztakatu eta estatistika desberdinen bidez lantokiaren arrisku portzentaia kalkulatzeko. Horrez gain, legeak gomendatzen du enpresa batean segurtasunari buruz dakien pertsonak bakarrik izan dezakeela eskubidea aipatutako hori guztia betearazteko. Hortaz, aurreko guztia irakurri eta gero, honako ondorioa atera dezakegu: ateka saihestu nahi bada, prebentzio neurriak hartzea eta lana modu egokian egitea komeni da..

Amaitzeko, bideo bat txertatu dut hitz egindakoaren inguruko laburpen gisa.

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/ImiVgJJ2rqw" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Ondo segi blogari eta arriskuak saihesteko neurriak hartu!:-)

Comments { 2 }
-->