Josetxo Beristain: “Gaixotasunak ez ditu nire ametsak akabatuko”

Etxean etsita nengoen, euskaljakintzarako elkarrizketa nori egin ez nekiela. Sukaldeko leihora gerturatu eta, orduan, hantxe ikusi nuen Josetxo bere gurpil-aulkian eserita, beti bezala, margoa eskuan zuela…

Sara eta Josetxo elkarrizketa egunean

Josetxo telebistan azaltzen den pertsonaia ospetsu horietakoa ez bada ere, pintore aparta dugu. Hala eta guztiz ere, ez da hori hain miresgarri egiten duena, bizitzarekiko duen ikuspegia eta bere jokaera eredugarria baizik. Josetxo Beristain ordiziarrak, 25 urte inguru zituela, elbarritasunera eramango zuen esklerosi-anizkoitza gaixotasuna jasan zuen. Zorigaitz honi aurre egiteko erlijioari irmo eta tinko helduz, ez du une latzenetan ere umorea galdu eta, eguna joan eguna etorri, bere ametsei gogor eusten die.

Esklerosia 1Oker ez banago, 25 urte inguru zenituenean agertu zitzaizkizun gaixotasunaren lehen sintomak. Nola izan zen guztia?
Bai, hala da. Orduan, aitari lagunduz, taxi gidari bezala egiten nuen lan. Milaka proba egin zizkiaten eta, azkenean, esklerosi-anizkoitza nuela esan zidaten. Segituan gertatu zen dena, eta denbora laburrean hankak mugitzeko nuen abilezia galdu nuen. Egia esan, ez zen erraza izan niretzat. Negar pila egin nuen, ez pentsa…baina, oraindik ere izugarri laguntzen didan lagun bati esker ez nuen etsi. Lagun hori Jaungoikoa da. Bai, sinesmen handiko pertsona naiz, eta fede hori izan da, hain zuzen ere, jarraitzeko gaitasuna eman didana.

Esklerosi-anizkoitza izugarri aldatzen da pertsona batetik bestera. Zure kasuan nolakoa izan zen?
Beno, gaixotasun hau nahiko serioa da kasu guztietan, egia esan; izan ere, nerbioetako gaixotasuna da eta ez dauka inolako erremediorik. Hala ere, LOTERIA GALANTA tokatu zitzaidan niri! Izan ere, mila kasuetatik bakarra izaten da hau bezalakoa eta niri tokatu behar… A ze suertea, e! Txapeldun, ni irabazle! (barre egiten du).

Garai hartan gaitz honek zure bizitzan ekar zitzakeen ondorioak kontuan izanda, zein izan zen zure erreakzioa?
Aurretik esan dudan bezala, oso garai txarra izan zen niretzat. Baina ondoren, aldiz, etsipenari uko eginez, bizitza zen bezala onartzeari ekin nion. Badago jendea horrelako kasuetan amore ematen duena, “bizitzak ez du zentzurik”, “Jainkoaren kontua gezur hutsa da” eta antzeko gauzak esanez, eta hori da, hain zuzen ere, egin behar ez dena. Hau ez da amaiera eta zenbait gauza egitea mugatuta bazaude ere, milaka gauza gelditzen dira oraindik! Behingoz, gauzak eskatzeari utzi eta dugunarekin konformatu eta jarraitu behar dugu. Hortxe dago gakoa…

Beti izan al dituzu familia eta lagunak zure ondoan? Nolako eragina izan du horrek?
Bai familia, baita lagunak ere, beti egon dira nire ondoan. Gaur egun ere lagun pila izaten jarraitzen dut. Horrek, noski, eragin positiboa izan du zentzu guztietan. Hau horrela bada ere, “propion” ez dut inor. Izan ere, bakarrik bizi naiz eta ni neu moldatu beharra daukat eguneroko “koxketan”. Eta aipatutakoek izugarri lagundu badidate ere, bizitzeko neureganatzen dudan indarra, Jaungoikoarengan dudan sinesmenari esker lortu dut. Hori da nire sekretua.

Esklerosia2Gizarteak laguntza eskaini al dizu arazoei aurrera egiteko orduan?
Tira, ba, batzuetan lagundu dit, bai. Hala eta guztiz ere, ezin izan du asko egin. Izan ere, lehen esan dudan bezala, nire gaitzak ez du berezko erremediorik. Noizbehinka, ahal izan duen neurrian lagundu dit, alegia.

Taxi-gidaria zinela jasan zenuen elbarritasuna. Lanbide hau baztertzera behartuta sentitzean, pentsatu al zenuen beste lanbideren bat bilatzea?
Beno, taxi gidaria izan aurretik beste lan batzuetan ere jardun nuen, “Kamarero” eta margoketako irakasle bezala, besteak beste. Era horretan, etxean ekonomikoki laguntzea lortzen nuen. Elbarri gelditu nintzenean, ordea, hau aldatu egin zen. Orain, beraz, nire denbora meza joateari – ze arraroa, e! (barre egiten du)- eta margotzeari eskaintzen diot. Bestalde, Donostian badago Fraternidad de Enfermos izeneko zentroa, non pertsona elbarrituak laguntza eskuratzeko aukera duten. Noizbait bertara joan banaiz ere, zaila da niretzat egunero Donostiarainoko bidaia egitea; zuek esaten duzuen bezala, “piparra” egiten dut!

Pintore amorratua zarela badakigu. Betidanik gustatu zaizu edo gaixotasuna izan da margotzeko zaletasunaren eragilea? Nola eragin du gaixotasunak marrazteko orduan?

Betidanik gustatu zait margotzea. Gaztea nintzenean ere, oso gustuko nuen. Hala eta guztiz ere, nire gaitza dela eta, orain denbora gehiago eskaintzen diot margotzeari. Ikusiko zenuen bezala, denbora asko pasatzen dut kalean Ordiziako paisaiak eta kaleak margotzen. Ez nuen esango gaixotasunak nire marrazteko eran eragina izan duenik. Denetatik marrazten jarraitzen dut: paisaiak, erretratuak, etab. Taktika aldetik, teknika berdina mantentzen jarraitzen dut, borragoma alde batera uzten duena, hain zuzen ere.

Marrazteak psikologikoki aurrera jarraitzen lagundu al dizu?
Margotzeak aurrera ateratzen lagundu badit ere, aurretik esan dudan bezala, erlijioa izan da benetan lagundu didana. Egunero errezatu dut (baina ez memoriaz, barrutik, BIHOTZEZ!), eta Jainkoak aurrera jarraitzeko indarra eman dit. Beti lagundu dit horrek, horregatik egunero mezatara joaten naiz, nire indarrari eusteko.

Honek guztiak psikologikoki eragin badizu ere, beti optimismoari eutsi diozula esan dezakegu. Zer esango zenioke antzeko arazoa duen pertsona bati bizitzeko itxaropena galdu ez dezan?
Ba, lehenik eta behin, ANIMO! Eta erraza ez bada ere, aurrera jarraitzeko indarra sekula ez galtzeko. Ezin dugu lehenaldian trabatu; momentuan duguna estimatzea eta gogoz aprobetxatzen saiatu behar dugu. Pozaz eta umorez, ametsak betetzeari ekin behar diogu, ahal den neurrian, behintzat. Hitz hauek esatea guztiontzat oso erraza bada ere, esandakoa BETE egin behar da; eta hortxe dago zailtasuna. Horretarako, ezinbestekoa da zure ilusioekin jarraitzea, hauetan oinarrituz, beti indarrez jarraitu ahal izateko. Hori da sekretua.

Benetan harrituta utzi ninduen Josetxoren borondateak eta, are gehiago, haren baikortasunak. Bere elbarritasuna dela eta, zenbait gauza egiteaz arnegatu behar izan bada ere, duenarekin konformatuz eta bere ilusioekin aurrera jarraituz, beste askok baino zoriontsuago bizi izatea lortu du. Hori da, hartan ere, pertsonaia hau hain goresgarri egiten duena. Garbi asko utzi digu Josetxok, bere kasuan, erlijioa eta pintura izan direla bere bizitzaren oinarri nagusiak, aurrera egiten lagundu dioten harroinak; eta horixe erakutsi zuen elkarrizketa bukatu eta “Coca-Cola” bat eskaini ondoren, zera esan zuenean: “Beno orain nirekin etorriko zarete 19.00etako mezatara, ezta?”

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/gnVotFh9JEA" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Comments { 4 }

Fernando, nora zoaz?

Alonso eta Ron DennisDenok dakigunez, aurtengo 1 Formula denboraldia zirku-ikuskizun baten antzekoa izan da. Denetik gertatu da eta, Alonsori dagokionez, McLarenekin izan duen erlazioa oso urrun gelditu da ona izatetik. Luzeegia litzateke denok dakiguna berriz ere hemen azaltzea, baina hainbat faktore medio, Fernandok McLarenekin zuen kontratua desegin du. Hasieran, Ron Dennisek ez zuen Fernando askatu nahi, baina azkenean akordio batera iritsi eta Alonsok badu baimena beste talde batera joateko. Oraintsu, 2008ko denboraldia zein taldetan egingo duen erabakitzear dago.

Aukera guztietatik onenak honako bi taldeak ziren: Ferrari edo BMW. Asturiarrak ezin izan zuen bi talde hauetara joan taldeek beraien pilotuekin aurtengo kontratua sinatua zutelako: Ferrarik, Kimi Raikkonen eta Felipe Massarekin; eta BMWek, berriz, Nick Heidfeld eta Robert Kubicarekin. Hau kontuan hartuta, begi bistakoa da Alonsoren aukerak erabat murriztu direla eta, gainera, gelditzen diren 1 Formula taldeak ez dira Ferrari eta BMW bezain lehiakorrak. Hori dela eta, Fernandok dituen irteera onenak (Ferrari eta BMW izan ezean) Renault, Red Bull, Williams eta Toyota dira. Orain dela lau aste, baina, Williamsek ofizialki deklaratu zuen zeintzuk izango ziren bere bi pilotuak: Nico Rosberg eta Kazuki Nakajima. Hau ikusita, Fernandoren aukerak are gehiago murriztu dira.

Ferrari kotxeaBMW kotxeaOraindik, dena den, hiru aukera ditu: Renault, Red Bull eta Toyota. Alonso Renaulten egona denez, asko gustatuko litzaioke hartara itzultzea dirudienez. Baina badago eragozpen handi bat horretarako: pilotuak urtebeteko kontratua nahi duen bitartean, Flavio Briatorek bikoa, hasieran,  eta, orain, hirukoa eskaini dio. Asturiarrak ez du kontratua onartu oraino, baina Renaultek ez du itxaropena galdu eta Alonso bereganatu nahian jarraitzen du.

                             Renault logoaRed Bull logoaWilliams logoaToyota logoa

Orain dela egun gutxi, Honda eskuderiak asturiarra fitxatu behar zuela esan zuen alemaniar aldizkari batek. Hala ere, dena zurrumurru bat izan dela diote beste aldizkariek eta, azkenean, Hondak aitortu du ez duela interesik Alonsorengan; izan ere, bere pilotuekin kontratua dauka eta ez ditu nahi kontratu hauek bertan behera utzi.

Honda kotxeaBestalde, Renaultek Ferrari taldea espiatu zutelako zurrumurruak zabaldu dira handik eta hemendik eta, horregatik, FIA hau ikertzen ari da. Aste honetan erabakiko da auzia eta, gauzak horrela, Renault erabakiaren zain omen dago Alonsorekin akordio batera iristeko. Badirudi, abenduaren 9 edo 10erako jakingo dugula honek guztiak nola amaitzen duen eta baita asturiarra nora joango den ere.

Bi aldiz txapeldun izandakoaren geroari buruzko informazioa zehazten den bitartean, AS aldizkariak inkesta bat egin du. Inkestan ikusten denez, jendeak Alonsok Renault taldea hautatuko duela uste du eta, bertara ez badoa, Toyotan jarraituko duela bere ibilbide profesional arrakastatsua. Nik ere Renaultera joango dela pentsatzen dut. Egoera dagoen bezala, ordea, batek daki!

 

Comments { 2 }

Maita nazazu gutxiago ta goza nazazu gehiago

Euskararen Nazioarteko eguna dela eta, euskaljakintzakook hitzetatik ekintzetara igarotzea pentsatu dugu, asmoetatik egitasmoetara eta dekalogo hau sortu dugu:

  1. ENEHizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik zioen Artzek; beraz, euskaraz dakienarekin euskaraz hitz egingo dut.
  2. Beste lurraldeetatik etorritakoak euskaraz mintza daitezen lagundu eta animatuko ditut.
  3. Euskaraz ikasteko eta mintzatzeko borondatea azaldu eta lehen urratsak ematen duen orori nire laguntza eskainiko diot.
  4. Euskaraz jakinda euskaraz mintzatzen ez denari bere jarrerak ekar ditzakeen ondorio lazgarriak ikusarazten ahaleginduko naiz.
  5. Sarean euskarazko presentzia eta oihartzuna hedatzen lagunduko dut.
  6. Euskarazko edukiak sortzen eta besteen eskura jartzen saiatuko naiz.
  7. Euskal kultura ezagutu eta ezagutzera emango dut lau haizeetara zabalduz.
  8. Euskal hedabideak sustatuko ditut. 
  9. Euskal literatura ezagutu eta irakurriko dut.
  10. Euskararen Eguna urteko 365 egunak izango dira niretzat.

Guk gurea osatu dugu eta betetzen saiatuko gara. Baina zer erantsiko zenuke zuk? Zer gehiago egiteko prest zeundeke? Bada, zuen ideien zain gelditzen gara euskarak bultzadatxo bat eta denon ekarpenak behar ditu eta…

Informazio gehiago: Euskararen Nazioarteko Eguna Euskosaren.

Comments { 1 }
-->