Guns N’ Roses, hilko ez den talde handietariko bat

Guns1Ba alda zerbait betiko irauten duena? Erantzuna normalean ezezkoa izaten da, baina nire iritziz badaude talde batzuk inoiz hilko ez direnak. Beno, egia esan, talde horien musika da beti adituko dena, abesti on bat aski baita denboran galduta geratzeko. Nork ez du ezagutzen berak aditzen duen musikatik urrun geratzen den abestiren bat? Batzuetan, irratian, tabernetan… besterik jartzen ez dutelako; besteetan, berriz, abestia ona delako izan ohi da. Azken hauek dira benetako abestiak, burutik kendu ezin ditugunak eta urteak igaro ahala, indar izpirik galtzen ez dutenak. Denborarekin beste talderen batek bertsionatuko dituenak, batzuentzat hobetzeko, beste batzuentzat izorratzeko, baina funtsean nik diodana, abestiek betiko iraungo dute eta ziurrenik noizbait guztiz desberdinak diren pertsonek ezagutu eta abestuko dituzte. Baina utz ditzagun alde batera pentsamenduak eta gatozen harira.

Herenegun, euskarako klasean ariketa batzuk egiten ari ginen tartean, Maitek musika jartzen utzi zigun eta baladak aditzen gustura geunden bitartean, diskoz beteriko karpeta batekin etorri zitzaigun. Handik rockeko baladekin eginiko bat atera eta entzuteko jarri zigun. Abesti zoragarriak zalantzarik gabe, gu gustura entzuten eta bat-batean… Galdera bat luzatu zigun Maitek: �Gustuko al duzue Guns N’ Roses?� Eta segidan hauen bi balada. Nola ez ditugu, bada, atsegin izango? Inoiz hilko ez den talde horietariko bat da nire iritziz edo, bestela esanda, musika ona, betiko iraungo duena. Beraz, zuei guztioi talde honen berri ematea erabaki dut, denok beraien musika zoragarriarekin disfrutatu ahal izateko.

Nik talde hau orain dela urte batzuk ezagutu nuen, irakurtzen dudan aldizkari baten eskutik. Beraien zenbait abesti lortu nituen eta izugarri gustatu zitzaizkidan. Azken aldian bideoklip ugari ikusten aritu naiz eta artikulu honen amaieran zuei zein eskaini pentsatzen buruari hainbat bira eman dizkiot. Baina lehendabizi talde polemiko honen nondik norakoak kontatuko dizkizuet ahalik eta laburren.

Guns21985. urtean Los Angelesen sortu zen hard rockeko talde bat da. Hasierako taldekideak ondorengoak ziren: abeslaria, Axl Roses (gaur egun ere bera da abeslaria eta lehenengo formaziotik geratzen den kide bakarra); bi gitarra-jole, Izzy Stradlin eta Tracii Guns; baxu-jolea, Ole Beich eta Rob Gardner bateria-jolea. Zenbait kontzertu eman ostean, beraien lehen managerra lortu zuten. Arazo ekonomiko batzuen ondorioz, managerra aldatzeko erabakia hartu zuten. Beraien lehen diskoa 1986an grabatu bazuten ere, 1987an izan zen kaleratua. Disko honen aurkezpen birako lehen kontzertura huts egin zuten Tracii , Robbie eta Sergio Stonek, beraz, ordezkatu egin zituzten, Slash gitarra- jole gisa eta Steven Adler bateria-jole modura sartu zirela. Ondorioz, 1986-1989 bitarteko formazioa ondorengoa izan zen: Axl Roses, abeslari; Izzy Stradin, gitarra erritmikoan; Saul “Slash� Hudson, gitarra bakarlaria; Duff McKagan, baxuan eta Steven Adler, baterian.

1987an kaleraturiko disko horrekin, Appetite For Destruction, izugarrizko arrakasta lortu zuten. Salduenen zerrendetan lehen postuak lortzeaz gain, lehen hamar abesti hauen artean beraien diskoko hiru egon ziren: “Welcome to the Jungleâ€?, “Sweet Child o’ Mineâ€? eta “Paradise Cityâ€?. Horren guztiaren ondorioz, CDa historiako estreinaldi-disko salduenetarikoa bilakatu zen.

Taldeak zenbait gorabehera izan zituen, drogekin loturiko iskanbilak tarteko. Hala ere, beraien diskoak izugarri saltzen ziren eta kontzertuak ikaragarriak ziren, batzuetan suspenditzen zituzten arren. Ondoren kaleratu zituzten lanak ere arrakastatsuak izan ziren, Use Your Illusion I eta Use Your Illusion II lanak, batik bat, 108 astez, munduko zerrendetan lehen bi postuak txandaka lortzen zituztela. Horrez gain, aldi berean AEBetako eta Ingalaterrako zerrendetan lehen postua izan zuten. Hori guztiz berria zen, aurrez inork lortu gabeko zerbait.

Taldeak izaniko gorabeheren ondorioz, formazioa aldatzen joan zen ondorengo urteetan eta gaur egun duen osaketa ondorengoa da: Axl Roses, ahotsa; Izzy Stradlin, gonbidatu gisa azkeneko disko eta biran; Tommy Stinson, baxuan; Robin Finck, Richard Fortus, Ron Thal, gitarretan; Brian Mantia, baterian eta, ordezko bezala, Frank Ferrer; Dizzy Reed, teklatuan eta Chris Pitman teklatu, programazio eta soinu-efektuetan.

Hori da talde zoragarri honen historia labur-labur kontaturik, zerbait gehiago jakin nahi duenak klika dezala hemen, eta beraien web orria bisitatu nahi duenak, berriz, hemen. Bestalde, partiturak, argazkiak, letrak… nahi badituzue, klikatu ondorengo zenbakietan: 1 eta 2.

Amaitzeko, zera esan nahi nuke, taldeak aldaketa asko eman dituela eta talde benetan polemikoa izan dela, baina, hala ere, izugarriak izan zirela eta izaten jarraitzen dutela, bai musika aldetik, baita beraien kontzertuetan ere. Eta nik, hemen bi bideo uzten dizkizuet ikusteko eta disfrutatzeko, bereziki Maite eta Eneritzentzat atsegin dutela dakidalako.

Don’t cry

November rain

Comments { 5 }

XXVIII. Koadrilen Arteko Futbol Txapelketa

txapelketaUrtero bezala, jada hasia da Ordiziako Koadrilen Arteko Futbol Txapelketa , aurtengoa hogeita zortzigarrena da. 11 talde daude guztira eta lehenengo zortziak final laurdenetara pasatuko dira. Ondoren, final erdiak izango dira eta, azkenik, final handia.

Urte honetan geuk ere atera dugu gure taldea bertan parte hartzeko. Izena Rockus jarri diogu (ez galdetu zergatik geuk ere ez dakigu eta). Aurrekoan, geure lehen partida jokatu genuen eta 15-0 galdu genuen; hori bai, txapelketako talde hoberenetariko baten aurka eta, gainera, gure taldean 9 bakarrik azaldu ginen. Umiliazio hori jasan ondoren, hurrengo partidan 4-1 irabazi genuen, emaitza horren ondorioz, txapelketako 7. postuan geldituz. Baina, gure zoritxarrerako, ondoren 2-0 galdu genuen, nahiz eta irabazteko aukera garbiak izan.

Hurrengo partidua talde okerrenetariko baten aurka dugunez, irabazteko esperantza handia dugu. Lortuko bagenu, jada final laurdenetan egongo ginateke. Gure lehen urtea dela kontuan hartuta, ez legoke gaizki final laurdenetara pasatzea nahiz eta bertatik hurrengo fasera pasatzeko aukerarik ez izan. Arrazoia zein den galdetuko diozue zuen buruei? Bada, ligan zortzigarrena bukatzen duenak, ondoren, final laurdenetan lehenengoa bukatu duen taldearekin topatu beharko luke. Beste era batera esanda, talde hoberenaren aurka jokatu beharko genuke, eta horiei irabaztea ezinezkoa litzateke!

Edonola bukatuta ere, txapelketa amaitzean, zatirik onena tokatzen da: talde guztien arteko bazkaria. Jokalari guztien %50ek gutxi gorabehera horrexegatik hartzen du parte bertan, egun horretan Ordiziako parrandarik handienetarikoa izaten baita.

Hemen duzue txapelketako web orria. Bertan, liga nola doan ikusteko aukera izango duzue beste zenbait datuen artean.

Comments { 5 }

ZORIONAK, GARAZI!

Gaur oso berandu nabil. Arrazoi oso desberdinengatik ez dut lortu orain arte ordenagailu aurrera iristea eta, beraz, ezin izan dut gaurko zorion mezua orain arte argitaratu. Berandu bada ere, hementxe dago: ZORIONAK, GARAZI!!!!!

Martxoak ia-ia bere azkena egin behar duenean, euskaljakintzako beste kide batek bere adin-nagusitasuna lortu du. Pixkanaka-pixkanaka denak zahartzen ari zaizkigu. Esan beharra daukagu gure gune honetan, ia denetik dugula. Batzuk literatura kontuetan onak diren bezala, besteak kirolari bikainak dira. Denetarik, esan bezala: saskibaloi jokalariak, futbolariak, dantzariak, zaldiz ederki ibiltzen direnak… Garazi igerilari aparta da; izan ere, hemendik gutxira Espainiako txapelketara joatekoa da. Baina gauzak bere garaian eta, iristen denean, emango dugu horren berri.:smile:

Ezagutzen ez duzuenok, hementxe duzue aukera berari buruz gehiago jakiteko (ez dakizue zein mezu interesgarriak grabatuak dituen bere Podomatic-en…). Dena den, harira joango naiz, bestela, eguna pasatu behar zait mezua argitaratu aurretik. Garazi, zuretzat muxu handi bat eta ondorengo bideo hau. Ea gustuko duzun:

Comments { 3 }
-->