Jostagarria, liluragarria…

faoZenbaitentzat gurari izango dira jostailu hauek; beste batzuentzat, bitxiak eta askorentzat, ametsa!!! Zenbat umek izan nahiko lukete gasolinaz dabilen benetako Mercedes-Benz bat esku artean ? BAI, BAI! Hauetako haurren baten guraso edo senitarteko eskuzabala bazara, New York edo beste estatubatuar hiriren batera bidaia besterik ez duzu egin behar!

New Yorkeko turisten bisita-gune bilakatu da dagoeneko, eta ume nahiz helduek amestu dezaketen jostailu denda izugarria da! Fao Schwarz du izena eta Frederick August Otto Schwarz-ek sortu zuen 1870ean. Geroztik zenbait gorabehera ekonomiko jasan arren, bizirik dihardu jostailuak baino dezente gehiago diren gauzak saltzen 5. hiribidean. Denda izugarri garestia ez bada ere, badaude gutxi batzuen eskura baino ez dauden pelutxeak, ilaunezko hartz izugarriak, hamaika panpina modelo ezberdin… Haur bakoitzaren estilo, ideia eta burutapenak eskainiko lizkigukeen aukera guztiak agortu ondoren aurkituko genukeen jostagarririk bitxiena ere bertan egongo da!

Hain famatua izatera eraman duen gertakarietako bat Tom Hanks-ek lan egin zuen Big filmean agertu izana da. Hau 1988an izan zen eta, harrezkero, bigarren solairuan dagoen 6,7 metroko pianoa dendako bisitarien derrigorrezko bilgune bihurtu da.

Askok, piano hori bera ukitu eta jo ahal izatea, film barnean sentitzearen antzekoa dela diote! Gainera, bisitarien atseginerako, erloju batek abestiak jotzen ditu, “ Ongi etorri gure jostailu mundura!� esanez… Hauek dendako zenbait sorpresa besterik ez dira… Beste adibide bat aipatzearren, sarreran Disneyren film ezagunenetako pertsonaiek zurekin hitz egin eta argazkiren bat etxera eramateko aukera luzatuko dizute. Dudarik gabe, kontsumitzaileak erakarri eta eguna ahalik eta errentagarriena izateko trikimailu ugari! Trikimailuak trikimailu, gustuko ditugun haurtzaroko jostailu eta burutapenez gozatzeko abagune aproposa da! Hau guztia uri horretako hiribide nagusian bildutako sentsazio goxoaz estalia…

Comments { 0 }

Arauak 16: izan ezik eta ez ezik.

JakintzaGaurko saioan izan ezik eta ez ezik bereizten saiatu behar dugu. Nik uste dut teorian denok dakigula adiera eta funtzio ezberdinak dituztela baina, antzekoak direlako edo, praktikara eramatean izugarrizko nahastea sorrarazten digu: Jon ez ezik, gainerakoak etorri dira ala Jon izan ezik gainerakoak etorri dira? Pasa gaitezen, bada, araua urratsez urrats azaltzera.

Hasteko, esan beharra dago ezik ezin dela inoiz bakarrik joan. Beraz, izan ezik edo ez ezik erabiliko da (esan nahi denaren baitan), eta ez ezik soilik.

Izan ezik

Salbu adiera eman nahi dugunean, izen-sintagmari izan ezik erantsiko zaio. Aurrean doan sintagmak dagokion kasu-marka eramango du:

Debekatuta dago autobusentzat eta taxientzat izan ezik.

Teologiaz izan ezik, beste edozertaz daki hitz egiten.

Hurrengo adibidean argi ikus daitekeen bezala, NORK kasuan, posible da NOR kasua erabiltzea izan ezik esapidearen aurrean:

Horixe egingo luke, zuk izan ezik, beste edozeinek, edo

Horixe egingo luke, zu izan ezik, beste edozeinek.

Ez ezik

Esapide honek beste adiera bat du: gehitu egiten du. (Gaztelaniazko: no sólo… sino también). Emendiozko esapide hau aurreko juntagaiaren atzean ez ezik eta bigarrenean ere lokailua gehituz eratzen da. Hona hemen zenbait adibide:

Ikusi duzu kamioi berri hori? Ikusi EZ EZIK, gidatu ERE egin dut.

Hau EZ EZIK, gainerakoak ERE ederto eginda daude.

Maite EZ EZIK, beste guztiak ERE etorri dira.

Gogoratu:

  • Izan ezik (=salbu) eta ez ezik desberdinak dira.
  • Ezik ezin da inoiz bakarrik joan.

– Teologiaz izan ezik (salbu), beste edozertaz daki hitz egiten. (Teologiaz ez daki.)

– Teologiaz ez ezik, beste edozertaz ere badaki hitz egiten. (Teologiaz badaki.)

Araua osorik.

Praktika

Comments { 0 }

Espainiakoa al da munduko ligarik onena?

lfp Azkenaldi honetan, gero eta gehiago entzun dut Espainiako futbol liga munduko ligarik hoberena dela. Baina egia al da? La Sexta katekoek behin eta berriz diote horrela dela baina, nire ustez, ez dago ligarik Ingalaterrakoa berdinduko duenik. Eta hori horrela dela uste dut hainbat arrazoirengatik.

Hasteko, Ingalaterran nola jokatzen duten ikustean eta Espainiarekin alderatzen denean, argi ikusten da hemen askoz ere pausatuagoa jolasten dutela, hau da, Premier League-ean askoz azkarrago mugitzen dute baloia eta, ondorioz, jokoaren dinamika ere izugarri handitzen da. Hori ez da guztia, Ingelesek jardunaldi bakoitzean Espainian gol gehiago sartzen dituzte jokoa gehiago animatuz.
Gainera, Ingalaterran eta hemen futbola bizitzeko era oso desberdina da. Hemen, partidu osoa jokalari edo arbitroaren amaz akordatzen pasatzen dugu, gure taldea animatu gabe eta han, berriz, 90 minutuak bere taldeari animatzen ematen dituzte. Hori gutxi balitz, hemen animatzean Erreala, Erreala… oihukatu besterik ez dugu egiten baina Britainia Handian ez da horrela. Esaterako, Liverpooleko zaleek beste abesti batzuen artean “You’ll Never Walk Aloneâ€? famatua abesten dute eta kanta honek jokalariei ematen dien bizia ez dago alderatzerik gure “Txuri Urdinâ€? kanta penagarriarekin.

Are gehiago, Erresuma Batuan dauden txapelketak Espainiako ligan daudenak baino askoz ere gehiago dira. Espainian, ligaz aparte, errege kopa eta Superkopa baino ez ditugu. Ingalaterran, aldiz, Community Shield, ligako kopa, FA kopa (munduko futbol txapelketarik zaharrena) eta Carling kopa jokatzen dituzte.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, nire iritziz, Premier League-a da munduko ligarik onena. Nirekin ados al zaudete?

Hementxe duzue You’ll Never Walk Alone kanta Liverpooleko zaleek abestua Juventusen aurka Anfield Road-en jokatu zutenean, Champions Leagueko partida batean. Hori bai afizioa!!!!:

Eta hemen Premierrean sarturiko gol onenetariko batzuk:

Comments { 2 }
-->