Arauak 16: izan ezik eta ez ezik.

JakintzaGaurko saioan izan ezik eta ez ezik bereizten saiatu behar dugu. Nik uste dut teorian denok dakigula adiera eta funtzio ezberdinak dituztela baina, antzekoak direlako edo, praktikara eramatean izugarrizko nahastea sorrarazten digu: Jon ez ezik, gainerakoak etorri dira ala Jon izan ezik gainerakoak etorri dira? Pasa gaitezen, bada, araua urratsez urrats azaltzera.

Hasteko, esan beharra dago ezik ezin dela inoiz bakarrik joan. Beraz, izan ezik edo ez ezik erabiliko da (esan nahi denaren baitan), eta ez ezik soilik.

Izan ezik

Salbu adiera eman nahi dugunean, izen-sintagmari izan ezik erantsiko zaio. Aurrean doan sintagmak dagokion kasu-marka eramango du:

Debekatuta dago autobusentzat eta taxientzat izan ezik.

Teologiaz izan ezik, beste edozertaz daki hitz egiten.

Hurrengo adibidean argi ikus daitekeen bezala, NORK kasuan, posible da NOR kasua erabiltzea izan ezik esapidearen aurrean:

Horixe egingo luke, zuk izan ezik, beste edozeinek, edo

Horixe egingo luke, zu izan ezik, beste edozeinek.

Ez ezik

Esapide honek beste adiera bat du: gehitu egiten du. (Gaztelaniazko: no sólo… sino también). Emendiozko esapide hau aurreko juntagaiaren atzean ez ezik eta bigarrenean ere lokailua gehituz eratzen da. Hona hemen zenbait adibide:

Ikusi duzu kamioi berri hori? Ikusi EZ EZIK, gidatu ERE egin dut.

Hau EZ EZIK, gainerakoak ERE ederto eginda daude.

Maite EZ EZIK, beste guztiak ERE etorri dira.

Gogoratu:

  • Izan ezik (=salbu) eta ez ezik desberdinak dira.
  • Ezik ezin da inoiz bakarrik joan.

– Teologiaz izan ezik (salbu), beste edozertaz daki hitz egiten. (Teologiaz ez daki.)

– Teologiaz ez ezik, beste edozertaz ere badaki hitz egiten. (Teologiaz badaki.)

Araua osorik.

Praktika

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->