Ordiziako Su Eskola

su eskolaOrdizian Su Eskola izeneko su-eskola bat ireki berri da. Bertan, suaren aurka nola aritu irakatsiko dute. Eskola suhiltzaile izan nahi duenarentzat zein edozein herritarrentzat irekita dago, helburua sute egoeretan ondo maneiatzen irakastea baita.

Aurreikusita dago 4000 pertsona inguru bertaratuko direla maila ezberdinetako ikastaroak burutzera. Arestian aipatu dugun bezala, ez da profesionalentzat bakarrik, Su Eskolaren helburua etxeetan gertatu ohi diren egoera arrunt (zartaginak sua hartu…) nahiz tamaina handiagoko suteei (enpresa batean gerta daitezkeenak, eraikin handietan, itsasontzietan…) aurre egiteko prestakuntza eskaintzea baita.

Proiektu honen jatorria jendearen eskaeran dago. Jende dezente hurbiltzen zen Ordiziako suhiltzaileengana ikastaroren bat jaso nahian. Zegoen azpiegitura eskariak asetzeko nahikoa ez zela ohartuta, Foru Aldundian proiektua aurkeztea erabaki zen. Baita onartu ere.

Su Eskola Ordiziako suhiltzaileen ondoan kokatzen da, 1.117 metro karratu hartzen ditu eta, antza denez, oso ondo eraikita dago; dena den, izugarrizko lanak izan dituzte dena egokitzen eta 12 hilabetez egon dira lanean. 3.182.000 euro gastatu dituzte bertan.

Hiru eraikuntzez osatua dago eta eraikuntza bakoitza gauza baterako erabiltzen dute. Esaterako, horietako bat etxe bat bailitzan antolatuta dago baina altzairu guztiak horretarako aproposak direnez, sua itzali eta gero, behin eta berriz erabil daitezke. Beste biak beste zeregin batzuetarako egokitu dira.

Normalean, Su Eskolara joaten direnak taldeak izaten dira eta, lehenik eta behin, teoria laburki azaltzen zaie. Ondoren, teorian azaldutako hori praktikara eramaten dute. Horretarako, gela batera joaten dira (ikasitakoari egokitzen zaion kokagunera) eta, bertan, sutea gertatu ohi da. Ikasleen lana izango da, ikasitakoa kontuan izanik, sua itzaltzea.

Segurtasun handia dago instalazio eta langileen aldetik; izan ere, talde bakoitzarekin bi monitore egongo baitira momentu oro. Bata, taldearekin batera sartuko da gelara eta, bestea, kontrol-gelan geratuko da. Ezustekoren bat gertatuko balitz, hirugarren gela batetik sua itzaltzeko aukera egongo da.

Amaitzeko, aipatu beharra dago Su Eskola Frantziatik hartutako ideia bat dela eta Parisen eta Lyonen berdinak daudela. Agi denez, oso ondo funtzionatzen dute, gainera. Ea hemen ere ondo funtzionatzen duen! Badakizue, beraz, sutearen aurkako jokabidea ikasi nahi baduzue, ongi etorriak izango zarete Ordizian!

Informazio gehiago nahi baduzue, klikatu hemen eta hemen.

Comments { 0 }

Urduritasuna, lagun ala etsai?

urduritasunaAzterketa garaian gaudenez, gai ezin interesagarriago batekin nator: azterketan pasarazten dizkiguten urduritasunak, alegia. Izan ere, gu hain urduri ikusita, zergatik jarraitzen dute irakasleek azterketak jartzen? Ez al dago ikasitakoa ebaluatzeko beste modurik? Galdera hau askotan egiten diogu gure buruari.

Kontua da, jende askori gertatzen zaiola azterketa bezperan edo egunean bertan ohikoa ez den gorputzaldian egotea: buruko edo tripako mina, kontrola ezin daitekeen urduritasuna, kontzentratzeko arazoa… Asko dira azterketa modu erosoan egiten uzten ez diguten faktoreak. Baina, nik uste dut denoi gehien eragiten digun alderdia azken uneko presena dela. Orduan, etortzen zaizkigu aurretik egin ez izanaren damuak.

Azterketa gaizki aterako zaizulako ustean bazaude, urduritasuna areagotzea besterik ez duzu lortzen. Dena ahazten bazait? Azterketa uste baino zailagoa bada? Galdera hauek dira ekidin beharko genituzkeenak. Ahal den neurrian, ikasi eta ikasitakoa agertzen saiatu behar da. Dena den, batzuek berezkoa dute urduritasuna. Neurri txikian bada ere, ea laguntzen dizuedan aholku txiki hauez larritasuna saihesten:

  • Azterketako materiala ahalik eta ongien ikasita eraman, klasean arreta jarriz (hau datorrenenerako utziko dugu), zalantzak argituz…
  • Laguntza eskatu gurasoei edo lagunei gertatzen zaizuna normala dela ikusteko. Zuk pentsatu ez arren, asko egon daitezke egoera berean.
  • Azterketa ongi egingo duzula pentsatu. Nork bere buruan konfiantza izan behar du. Momentu horretan ideia edo pentsamendu negatiboak baztertzen saiatu.
  • Egindako akatsak onartu.
  • Zaindu eta lasaitzeko arnasketa ariketak egin.
Comments { 4 }

Azterketa bezpera: LENGUA.

Gaur atal berri bati ongietorria emango diogu: azterketa bezpera. Bertan, hainbat gaitan azterketa aurreko azken berrikusketa egiteko aukera izango dugu. Zalantzarik gabe, zuetako askok zuen kontura eginda izango dituzue gai bat edo bestea errepasatzeko eskemak, baina zer irudituko litzaizueke irakasleak egindakoa hemen jarriko bagenu? Bada, horixe izango da atal berri honen xedea.

Euskal Hizkuntza eta Literatura gaia lantzeko bloga dugu hau, dakizuen bezala, baina gustura hartzen ditugu lankidetza lanak datozela datozen esparrutik. Beraz, gaurkoan elkarlana Lengua Española-ko mintegiarekin egingo dugu, Elena Riaño irakaslearekin, hain zuzen ere. Elenak asteartean izango duzuen azterketa errepasatzeko eskema helarazi dit. Zuentzako baliagarria izateaz gain, beste guztioi ere ondo baino hobeto etorriko zaigu garai batean ikasitakoa freskatzeko. Beste irakasleak ere pixkanaka-pixkanaka animatzen joango direlako esperantzaz, hementxe duzue gure lehenengo eskema-aurkezpena.

Aurkezpena neurri handian ikusi nahi baduzue, klikatu hementxe eta full-i eman (aurkezpenaren behealdean, eskuinean). Zuentzat gorde nahi izanez gero, berriz, klikatu hemen eta gorde zuen ordenagailuan.

Comments { 5 }
-->